Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea
 

 

BELDURREZ ETA HERRAZ

 

        Asko dira Estatu Batuetako hegoaldeak literaturari emandako idazleak. Asko eta ez nolanahikoak. Hegoaldea aipatu eta, berehala, izen anitz etorriko zaizkigu gogora: William Faulkner, Flannery O'Connor, Eudora Welty eta abar luzea. Zaila da idazle guzti horiek amankomunean omen daukatena zehaztea. Lehenik eta behin, eurak izan dira talde bat osatzen duteneko ideiari etengabe uko egin diotenak. Dena den, idazle hauek ahotan erabili eta nekeza egingo zaio edonori hegoaldetasun kontzeptu lauso horri itzuri egitea. Zertan datzan doi-doi jakin gabe ere, idazleok biltzen dituen laino antzeko bat jabetzen da irakurleaz. Haien liburu bat eskuartean hartu eta gizarte baten hondamenaren lekuko dela maiz irudituko zaio irakurleari. Beltz eta zurien arteko tirabirak, nekazari txiroen iraunbizitzeko burrukak eta erlijiokeriak izango ditu irakurgai. Munstroez beteko zaizkio begiak.

        Eta horixe bera aurkituko du Harry Crews-en liburuetan ere. Horixe bera baina areago eramana, muturreraino. Crewsek ez ditu-eta hitz erdiak maite. Esan beharrekoa argi eta garbi, horra bere leloa. Bere pertsonaiei bezalaxe, Crewsi gordina gustatzen zaio haragia.

        All we need of hell deritzan bere nobela batean, honako hau dio pertsonaia nagusiak: «Jakiteak, pentsatzeak bezala, ez zuen ezertarako balio. Pentsatzeak, zeunden toki berean uzten zintuen beti. Ezin zenuen pentsamenduaren bidez gas kamaratik irten edo burdin hesia zeharkatu. Ekintza zen dena.» Eta bere liburuetan ez da sekula ekintzarik falta, Autoa honetan bertan ikusi ahal izango duzuenez.

        Ekintzaren beharrean daude Crewsen pertsonaiak salbatuko badira. Salbazioa ordea, garestia izango zaie beti. Oinazea edota heriotza izango dute ordainean, irtenbide bakarra. Autoa jaten saiatzeaz gain, zer geratzen ote zaio bestela Herman Mack-i?

        A childhood izeneko autobiografian bere haurtzaroaren berri ematerakoan —bere gainerako liburuetan inoiz erabiltzen ez duen samurtasunez—, bere familia baserritarraren historia kondatzen digu. Zorren itomenez, uzten eskasiaz, lehorteaz, aitaren mozkorkeriaz eta aldarte bortitzaz, Georgiako laborari pobreen bizimodu petralaz mintzo zaigu. Urteetan bere horretan jarraitu duen bizimoduaz. Belaunaldiz belaunaldi, aldakaitz. «Idatzi dudan oro, zer nintzen eta nor nintzenaren beldurrez eta herraz idatzi izan dut» dio Blood and Grits saio bilduman. Lojika beraren menpeko dira bere pertsonaiak ere. Direnaz salbatuko dituen zerbaiten premian daude eta edozer egingo dute horren alde. Asko eta asko munstroak izanik gainera, badute zertaz salbatu.

        Izan ere, Crewsen nobela gehienetan, protagonista ez ezik, ugari dira munstrotzat har daitezkeen pertsonaiak. Bere burua K.O. ipintzen duen boxealaria (The Knockout Artist), Shereel kulturista (Body), edo lehendabiziko nobelako gospel kantaria (The Gospel Singer) bete-betean sartuko lirateke sail horretan. Faulkner edo O'Connor-en beste zenbait sartu ahal izango genituzkeen bezala, jakina. Arestian aipatu dugunez, Crews irakurtzerakoan, behingoan burura datozkigu hegoaldeko idazle guzti horiek, bere aurrekoak, bere maisuak sarritan. Badago aitzitik, ezberdintasunik Crews eta beste literaturgile horien artean. Haiek ez bezala, gure idazlearen heroiek baserria laga eta kalera aldegingo dute, herritik hirira.

        Harry Crews hirurogeietan idazten hasi zen. Hirurogeita zortzian plazaratu zuen bere estreinako liburua. Hurrengo hamar urteetan beste hainbeste nobela, oroimen liburu bat eta testu labur eta saioak biltzen dituen liburu pare bat eman zituen argitara. Ondoren, tutik idatzi gabe igaro zituen ia hamar urte. Zurrutean pasa omen zituen. Duela bost urte berriro ekin zionetik, lau nobela gehiago jarri ditu kalean bere jarraitzaile urri baina leial eta sutsuen gozamenerako.

        Hainbat liburu eta hainbat urteren buruan oraindik nahiko ezezaguna da Harry Crews. Eta ez Europan soilik. Estatu Batuetan bertan, itzal handia izan arren bere zaletuen artean, ez dira asko idazle honen berri daukatenak. Nahiko lan ezezagutza horren zioa zein izan daitekeen asmatzeko. Beharbada, Crews talde edo belaunaldi konkretu batean sailkatzeko zailtasuna jo dezakegu arrazoitzat. Crews ez da saltzeko erraza. Berak aitortzen zuen elkarrizketa batean, argitaletxeko promozio sailak berarekin zituen buruhausteak aipatzean. Crews ez baita ez errealismo zikinenekoa ez formalista edo postmodernisten taldekoa (postmodernista zentzu amerikarrean, ez europarrean noski).

        Hala ere, Crews ez da kasu bakarra. Makina bat dira antzeko egoeran daudenak. Literatura amerikarrean betidanik izan da horrelako idazlerik, urteetan baztertua. Herman Melville, letra amerikarren aita kasu. Edo John Fante, euskal irakurleak dagoeneko ezagutzen duena. Egoera berean egon izan da luzaroan orain hainbeste famatu duten Charles Bukowski. Espero dezagun, Harry Crewsekin ere noizbait gertatuko dela azken hilabeteetan Cormac McCarthy-rekin, hegoaldeko beste idazle handi batekin gertatzen ari dena. Azkenean bere balioa aitortu eta aspaldidanik agorturik dauden liburuak irakurlearen esku ipiniko direla ostera.

        Bitartean, Floridako bere txokoan segituko du Crewsek, betiko langintzan apal bezain trinko eta, horretan ari ez denean, hango unibertsitatean idazketa eskolak ematen. Zuk, irakurle, ez duzu ezeren zain egon beharrik, eskuartean daukazularik Car hau. Autoan sartu eta aurrera.

 

Xabier Montoia. Iurretan, 1993ko irailaren 24an.