Bakarkako isolamendua
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

Begi marroietako rubioa, gutxi hitz egiten zuen hura, bila etorri zitzaidan igande batez eta berarekin trago bat hartzera gonbidatu ninduen Gare du Nord-eko kafe batean. Bidean ea «gizon artean» hitz egin zezakeen galdetu zidan. Geratu egin zen eta esan zidan!

        — Kemena... bukatu zaidak!

        — Zer? Jada ezin duk?

        — Ez. Izotza bezain hotza zegok. Hilik.

        — Noiztik?

        — Duela sei hilabetetik. Emakume haren etxetik irteterakoan banekien... Banekien betirako jota nengoela... eztula egiten zian; gogor egiten zian eztula eta nigan estutzen huen; zurbil zegoan, gaitz ezezagun batek jota. Irteterakoan goitika egin nian. Lotsa pixkat banian eta errukia ugari emakume gaxo horrekiko. Beti hartaz pentsatzen diat. Ez zekiat oraindik bizirik egongo den. Baina harrezkero ez negok ondo... ezer ere ez hanka tartean... eta gainera eztul hori; oraindik entzuten diat... eta zera bakoitzeko hogeita hamar liberatako gela hori...

        — Medikurik ikusi al duk?

        — Medikuak. Ezer ere ez. Konponbiderik ez. Beti zegok hotz. Dagoeneko ez diat indarrik. Mina zeukaat bizkarrean. Mina zeukaat bizitzan. Gaur petrikilo batengana joango nauk. Gure herriko judu bat duk. Gare du Nord-eko kafe batean zegok.

        Benetan zen gure herrikoa. Arabieraz ederto hitz egiten zuen, esakerak eta sinboloak erabiliz, Koraneko bertsetak aipatzeraino iritsiz. Atsegina zen eta bazekien giro lasaia sortzen.

 

        — Bere belztasunean jotako armiarmaren kontua da. Belztasun berarekin eta batez ere bortxa berarekin erantzun behar zaio. Zure bizitza kateatu ahal izan badu (bihotza eta sexua seinalatuz) herriko garaietatik zuri kalte egiteko agindua jaso duelako da. Zure-gorputz-zure-arimatik erauzi behar ditugu zure ar-indarra lotzen duten ilunbeak. Hemen ez gaude herrian, marabut edo isats baten ondoan. Beraz, ditugun bitartekoekin moldatuko gara (transistoreko pilak atera pardeletik, pila gastatuak, eta gainetik idazten hasi zen). Tori; idazketa hauek edan behar dituzu. Herrian suge arrautzekin egiten nuen lana. Hemen, dena da teknika, beraz ez zaio teknikari bizkarra eman behar. Segituko dut: idazketa hauek ur epeletan urtu ondoren garbitu egingo zara, eta batez ere besapetako eta sabelpeko ilea moztuko duzu; ondoren Place Clichy-ra joango zara; han taberna marrokoarra aurkituko duzu; jabea laguna da, Mokhtar du izena (Jainkoak eta armiarmak aukeratua!). Ogi borobila eskatuko diozu, oliba beltzak eta isatsezko olioa. Guzti hori emango dizu eta presarik ez izan. Kontua ordaintzerakoan mila erreal emango dizkiozu, bost mila libera zahar. Itxaroteko esango dizu eta Habiba-rengana eramango zaitu. Horrek dohaina du, benetako dohaina, ikusiko duzu; arimarik gogortuena, sexurik lokartuena esnatu du. Badu zerbait atzamarretan eta begiratuan. Ez da polita baina gaztea da eta samurra. Ikusiko duzu, sabelpeko ileak mozturik dituen Pariseko neska bakarra da! Ondoren berriro etorriko zara ni ikustera. Ez ordaindu orain, gero... gero...

 

        Txunditurik geunden. Xarmaturik eta aldi berean nahasirik. Hurrengo igandean lagunarekin joan nintzen Mokhtar-en tabernara. Dena ondo atera zen. Kafean giro magrebiar nahiko alaia zegoen. Ordu bi baino luzeago egon nintzen lagunaren zai. Agertu zenean, arraro zegoen, sorgindurik esan liteke, baina ez txarto, ez dezepzionaturik...

 

        — Ez duk polita, egia duk; urrezko haginak ditik eta titiak ttiki ttikiak; mendazko tea egin zidak eta eskua hartu zidak. Erdi biluzirik zegoan eta ni jantzirik gelditu nauk. Bereberez bakarrik hitz egiten zian eta kontu kontari egon duk txikitan bezala... Tearen ondoren argia moteldu dik, biluztu duk eta luzaro laztandu naik, sexua inoiz ikutu gabe; ni ondo nengoan, igartzen nian altxatzen zela, pixka bat, ez asko, ez lehen bezala. Atzamarrekin zerbait idazten zian nire bular biluziaren gainean. Argia itzali dik eta bular gainean jarri zidak sexua. Arraroa duk. Irteterakoan, lotarakoan ur beroaz edan beharreko bedar morea eta intzensu pixkat eman zidak. Bi aste barru itzuli behar diat.

 

        Lehen harreman honek ondo egin zion. Bidean irudiaz hitz egin nion.

        — Eta herrira itzultzen haizenean, hirekin eramaten al duk?

        — Ez, han ez diat horren beharrik; gainera ez dik bidaia ondo agoantatzen... nire maleta ez duk aski polita berarentzat; kutxan uzten diat.

        — Eta hitz egiten al diok?

        — Elkarrekin hitz egiten diagu...

        — Baina berarentzat hi ez haiz irudi bat...

        — Bere laguna eta bere maitea nauk.

        — Ez duk inoiz arazorik izan berarekin?

        — Ez naik inoiz uzten; hortxe zegok bera, nire gorputz barruan, nire arimaren sakonean; bidaiak egitean, hemen uzten diat ez itotzeko. Maite denean jakin egin behar duk tartean behin denbora batez banatzen, jasanezina duk bestela.

        — Baina bera hor zegok hik nahi duan guztietan?

        — Batzuetan ez ziek nire deiei erantzuten.... neu nauk une horretan ondoezik dagoena; badakik, irudia irudi duk; herorrek eman behar diok arima, bizitza; gaizki egiten baduk orduan beti irudia izango duk, hots, paper puska...

        — Hik uste Habiba irudi bat dela?

        — Balitekek...

        — Medikuek parre egingo diate magia beren tramankuluak baino eraginkorragoa dela esaten diedanean.

        — Medikuek... ez zeukatek exilioaren, bakardadearen kontrako erremediorik... Gure bakardadea berezia dela esan beharra zegok, astuna eta arrotza...

        — Aizak eta, hik non aurkitu duk irudi hori?

        — Ba, jadanik ez zekiat nork aurkitu duen nor...

 

        Begi marroietako lagun rubioa lasaiturik eta pozik zegoela ematen zuen.