Bakarkako isolamendua
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

Gela.

 

        Nekaturik daukat bizkarra.

        Astuna zait zerua giltzurrunetan. Gaizki hartzen dut arnasa. Keak inguratzen nau. Beroak nago. Horman, arraildura. Horman, zelaia. Txabolatxo bat. Arbola. Oihal gainean jezarrita gaude, gure begiradak elkarren bila.

 

        Badakik, ez duk erraza kaletar batentzat nekazarien artera agertzea eta iraultza egin nahi izatea. Ez duk agitazio hutsa. Haiekin bizitzea duk, benetan euretakoa izatea. Hasieran apaltasuna falta nian: arrotzarena huen nire hizkera (zuek hirian, fakultatean, burges-ttipi baten hizkera, esango duzue). Ez nian hitzik egiten. Ikasi egiten nian. Aldi berean garbitu egin behar nitian burmuina eta oroimena, liburuak zeudean han pilaturik, gaizki irakurriak, gaizki dijerituak. Lehenago, idazten saiatzen ninduan, heu bezala. Hura amarrua!

        Biolentziak nazka ematen zidak. Burruka indarkeriarik gabe egitea nahi nian. Aldi berean besteen biolentzia jasaten genian, jabetzak dituztenena, jan, korroska egin eta villa gorriak eraikitzen dituztenena. Ez nauk poliziaren biolentziaz ari. Hori teknikoa duk, normala dela ere esango nikek. Torturak heriotzarekin adiskidetu naik. Arnasa hartu gabe egoten ninduan ahalik eta luzeen, arnastu ahal izatearen zorion betea berriro aurkitzeko. Liburu batean irakurri nian hori. Bigarren mailako minak min handiago batek bare zitzakek. Konortea galtzen nuenean heriotzaren ikasketa egiten nuela uste nian. Beldur izan nauk. Ez nian gorputzetik askatzea lortzen. Torturatzen ninduten gizonekin hitz egiten saiatzen ninduan, zerbaitetaz konbenziarazten; euren haurrez hitz egiten niean, euren familiaz, eskolaz, injustizia sozialaz...

 

        Haize leunak lur horia harrotzen du. Tea epel dago. Eguzkiak gariaren gainetik pasatzen du eskua. Berriz ere horma. Arraildura urruntzen da. Gela hotz dago. Herrikideak zurrunka.

        Gaur ez noa lanera.

        Garbi nago. Besape eta sabeleko ileak moztu ditut. Libre daukat sexua. Emakumeengana noa.

        Berrogeita bian, kola egin behar da. Ez nago jada lotsaturik; hainbeste denbora da ipurdia kale honetatik gora eta behera darabildala! Lagunak aurkitzen ditut, bezeroak.

        Garbi nago. Ortzak garbitu ditut. Mingotsa da zerua. Eskuek poltsikoetan sexuari eusten diote. Katu antzeko zerbait dut bularrean. Bakardadea eztarrian artekatzen dut. Eskilarak igotzen ditut.

        Zein desio?

        Titiak jausten zaizkio. Ez du irudikoaren antzik. Bere eskuek penatu dute. Beste norabaitera begira zabaltzen ditu hankak. Berrogeita hamar libera. Hamabost libera gelarena eta hogeita hamabost joaldiarena. Arin bukatu behar da.

        Han, arbola eta haurra. Muino berdeak ditut saltoka eskuetan. Bero daukat odola. Bihotza baino arinago dago taupadaka. Eutsi egin behar diot. Emakumearen hanka artean sartzen naiz. Nire sexuak esne zuria isurtzen du bere sabel gainean eta nire atzamar artean.

 

        Jantzi egiten naiz.

        Kalera irteten dut.

        Zoriontsua naiz.

        Amodioa egin dut.

 

        Gelan, inolako mezurik ez horman. Agian baten bati hitz egiteko beharra. Ixtorio bat kontatzekoa, sinesgaitza baina polita. Gauean agian....

        Metroan.

        Begiratua nire betazalen gainean kokatu zuen. Ilea tintaturik zuen gizonak eta atzamarrean eraztun lodi bat.

        Nigana etorri zen eta eskua txarrateraren gainean jarri zidan. Ordu punta. Jendea elkarren gainean zegoen: baten batek ipurdia dantzatuko zuen. Barrabilak estutzen zizkidan. Oihu egin nuen. Gorritu egin zen eta eskua erretiratu zuen. Ipur masail bigunak jarri zizkidan gero zakilaren kontra.

        Berari jarraitzeko esan zidan.

        Alkohola edan nuen bere etxean. Etxea guztiz kristalezkoa zen. Alfonbrak. Estatuatxoak. Nire herriko objektuak.

        Ez zitzaidan sexua altxatu. Hotz eta bigun zegoen.

        Haserretu egin zen. Masturbatzen hasi zen ipurdian ez dakit zer sartzen zuelarik. Barreari eman nion. Kanpora bota ninduen eta hutsaren ondorengoa nintzela esan zidan.

 

        Distira egiten zuen karteletan euri mehe eta zikinak.

 

        Gaua.

        Gela

        Andre atzerritarrari gutuna.

 

        Desioaren apar urdinetik sortutako zure biloetan altxa zait eskua, zu gazela umezurtza, zu zabiltza korrika nire pentsamenduetako hareetan. Eta zure irria zeruari dario, haurraren ezpainetara titia bezala. Uhin irauliaren gainean naiz etorria, bekokian perlak, arbola eta haur bat ahotsean. Gordetzen zaituen egunaren auzoa naiz; begizkotik babesten zaituen eguzkikoa naiz. Zure herrira noa bakardadea engainatzeko kantu batekin. Nire gorputzak, kutxan lo dagoela, leihoak irekitzen ditu zeruan eta alde egiten du hodei urdinaren gainean, korridore batetik korridore batera pasa eta zure bularren artera dator kiribilkatzera. Ahanztura eta izar itzalia esaten dizkidazu. Pilatu egiten dira kutxan egunak. Estatuak mugitzen ditut zure bidea aurkitzeko. Astunak dira nire ametsak hodeien urdinean: biluzik dibujatu dut ilargia zure gorputz hauskorrean. A zelako ametsa! Odolari arrastaka segitzen dion desioa. Gorputzean barrena dabilkit.

        Atzerritarra.

        Hogeita sei urte ditut. Bizitzaz mozkorturik nago. Baina umezurtza da nire gorputza. Pasatzen diren hodeietatik zintzilik, bulego eta bizitzaren artean.

        Desberdintasuna da ene larrua.

        Kutxak hiria utzi du.

        Argi izpia eta ausentzia zilarrezko begian.

        Lo egiten dut edo amets. Mintzatu edo izarak urratzen ditut.

        Hil egiten naiz eta herrikide baten kutxan lurperatzen naute.

 

        Urruntasunean fanfarrea. Arbola eta haurra. Nire herria trabestiturik eta makilaturik eskaintzen zaiela turistei esaten didate. Kantu batek biltzen ditu haurra eta olibondoa. Zerua zarramazkatzen dut atzamarrez. Zugana hurbildu nahiko nuke: gaztea eta ederra zara, kartzelatua. Zapalak dituzu silabak. Zure eskuak gaur gauean. Errebolta eta ortzadarra. Zure isiltasunek harria zulatzen dute. Haziko zaizu umea, zure ausentziari lotua. Basoa husten da. Zerua hurbildu egiten da, bekokia loretan, atzamarretan urre eta zilarrezko eraztunak. Atzeratu egin da harriarekiko ezkontza: hauskorrak dituzu oinak; itsasoa eta hareak nahiko zenituzke gehiagorik ez mugitzeko, denbora aldendu dadin, horma zure esku delikatuetara zabal dadin.

 

        Gelan, murmurioa.

        Harria karrakatzen dute.

 

        Egunkaria.

        Elementu ezkertiar eta arduragabekoen prozesua lasaitasunez hasi da.

        Ideologia inportatuek ez dute aurrera egingo.

 

        Zaurituriko astoak, zamaturiko astoak zeharkatzen du herria. Zauri bakoitzean ttu pixka bat jartzen du. Sarale eta isiltasunezko azaoan lurperatzen du atsekabea.

 

        Egunkaria.

        Elementu ezkertiar eta arduragabekoen prozesua lasaitasunez bukatu da.

 

        Kartzela zigor larriak eman dizkiete akusatuei.

 

        Lurrez beteriko pentsamendua gorputz batean, lagun baten gorputzean, kamarada baten gorputzean, hormaren atzean, harriaren azpian lurperatzeko. Denbora. Egunsentia ala eguerdia. Arratsa ala gaua. Sotiltasunak dira horiek, birrindu egiten dira odol leherketan, oihu geldo eta sakonean, azken deia. Loa. Esnatzea. Arraildutako gorputzarentzat, zauritutako arimarentzat, zentzurik ez du horrek. Zimentuzko lauza gainera abailtzen da ahotsa. Urruntzen da zerua. Aurreratu egiten dira hormak. Harria hotz dago. Urruntasunean maitearen kantua. Begiek, eskuek eta biloek zelula argitzen dute bat-batean.