Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

HITZAURREA

 

Bego Montorio

 

        Jaioterriko hondar-ale bakan batzuk kartoizko maleta zaharrean. Olibondoaren eta eguzkiaren oroitzapena buruan. Hirirantz abiatu da gizona, deserrirantz, bakarkako isolamendurantz. Eta bera bezain galdurik, bera bezain esku hutsik, sustraietatik erauzitako gainerako gizonekin murgildu da emigrazioaren itzaletan. Urtez urte errepikatzen diren bulego-tramitetan, itsasoaz bestaldeko lurralde urrunetara daramaten ontzi eta trenetako oholetan utzi dituzte larru puskak. Azken ilusioak, etxea izango duten kutxaren atarian.

        Lanerako onak dira, beharraren beharraz, eta ederto dakite zein garestia den bizimodua irabaztea eta zein merkea bizia galtzea. Etxekoak mantentzeko dirua emango dien lana baino ez dute eskatzen, bertakoek egin nahi ez dutena bada ere, eta existitzeko eskubidea. Herritik atera zirenean beren bekatua pobre izatea zela uste zuten, baina hirian, sortzezko bekatu guztien errudunak beraiek direla irakatsi diete»... Erruduna zara, eroturik zaudelako errudun, deliratu duzulako errudun, hizkuntza bereziaz mintzatzen zarelako errudun, besteak bezalakoa ez zarelako errudun»... Emigratua izateko hobena ordaindu beharko dute, larrutik, emigratua izatea beste irtenbiderik gabe.

        Horiexek dira Tahar Ben Jellounen liburuan agertzen zaizkigun pertsonaiak, Mendebaldeko gure ziudadeetako bazter-auzotan pilatzen diren itzal ilunak. Hormigoizko «kutxatan» bizi dira isolaturik, zokoraturik, gizarteak ukatzen dien bizi arnasari eutsi nahian. Batek eromenaren bidea hartuko du, beste batek ezin jotzearen desesperazioa ezagutuko edo komisaldegiko eskaileretan behera herioaz bilduko... eta beste batek andrazko baten kartelean, paperezko «irudian», aurkituko du bizirik irauteko indarra. Milaka aletan inprimaturiko andreak beteko dizkio gau desolatuak, zentzurik gabeko bizimodua.

        Hori dena eta askoz gauza gehiago agertzen dira Ben Jellounen nobela laburrean, «Bakarkako isolamendua» ez baita emigratu baten egunkaria. Ez eta grina asekaitz eta desesperatuen ixtorioa. Emigrazioaren gaineko gogoeta sakona dugu liburua; ahoan marjinazio, arrazakeria eta isolamenduaren zapore mingotsa uzten digun hondar alea.

        Oso hurbilekoa dugu euskaldunok erbestearen gaia, nork ez Ameriketako osabarik edo senide nahiz lagun errefuxiaturik? Jakin badaki gure memoria kolektiboak ihesa eta bizitza berria eraiki beharra zer den, badu kontsola ezineko herriminaren berri. Baina are gogorragoa da erbestea miseriak bultzatua denean, hartuko gaituen herriak ukatu egiten gaituenean, gure kultura, gure hizkuntza eta gure izakerari beldurrez eta gorrotoz begiratzen dionean. Ikusiezinezko burdinez hesiturik azken isolamendua da irtenbide bakarra, sarrailarik gabeko zeldetakoa.

        Liburu gogorra da «Bakarkako isolamendua», aipatu ere egiten ez ditugun errealitateak bezain gogorra, krudela, bizia. Hasi hasieratik, bidaia metalezko kutxan egiten dela gogoratzen digu Ben Jellounek, pasillo ilunek eta usteldutako desioek ez gaitzaten ustekabean harrapa. Ez da bidaia lineala, pintzelkada agertzen zaigun mundurako sarbidea baino. Elkarrizketa-apurrak, ametsak, eskutitzen bat... galdutako olibondoaren itzala eta andrazkoaren irudia. Magrebeko —sorterriko— usainek, paisaiek eta koloreek inguratuko gaituzte semeez hustutako herriaren sufrimendua senti dezagun: kolonialismoa, zapalketa, gosea... Transistoreko pilak erabiltzen dituen kurandero batek irekiko digu Parisen sexuko ileak mozturik dituen neska bakarraren gelarako atea... Eta horrela zabalduko ditu Ben Jellounek hainbat ate, hainbat leiho, begiratzen ausart gaitezen.

        Marokoko Fez herrian jaio zen Tahar Ben Jelloun 1944. urtean. Ikasketak frantsesez burutu eta frantsesez eman ditu bere literatur lan guztiak. Horren guztiaren arrazoia Maroko hizkuntz eta kultur anitzeko herria izatea da. Kolonialismoak esportaturiko frantsez hizkuntza, kaleko jendeak erabiltzen duen arabiera, arabiera klasikoa eta tribuetako tamazighera («bereber» deitutakoen hizkuntza) nahasten dira bertan, hizkuntza bakoitzarekin kultura-modu desberdinak sortuz. Egoera, beraz, nahitaez dugu konplexua, indar korrelazioen arabera aldakorra. Testuinguru horretan «Souffles» izan da azken urteotako mugimendu kultural garrantzitsuena. Izen bereko aldizkariaren inguruan sortu zen, kultura nazionalak zituen arazoen aurrean jarrera argi eta irmoa agertuz. Elebiduna zen eta 1966tik 1972ra bitartean argitaratu zen, Magreb osoko arte-bilgunea izateko xedeaz. Ben Jelloun talde horretako partaide izan zen, eta «Souffles» aldizkariaren bidez plazaratu zituen bere idazketak.

        Harrezkero hainbat lan argitaratu ditu eta jendaurreko arrakastarik handiena nobelarekin lortu duen arren, jenero desberdinak landu ditu Ben Jellounek: poesia («Les amandiers son morts de leurs blessures», «A l'insu du souvenir»), antzerkia («La Fiancée de l'eau») eta entsaioa («La plus haute des solitudes, Misère affective et sexuelle d'émigrés nord africains», psikologia sozialeko tesia). «Goncourt» saria lortu zuen 1987. urtean «La nuit sacrée» nobelarekin eta duela oso gutxi «Jour de silence à Tanger» nobela eman du argitara.

        Lan desberdin horiek guztiek badituzte, nolanahi ere, ezaugarri komunik. Lehendabizikoa Ben Jellounen idazkera poetikoa da bai poemetan bai prosan. Bai putetxeko ilaran zain, garbitu berria, dagoen gizona marrazteko, bai eromenaren mugak izendatzeko. Bigarrena gizakion sakoneko grinak, eromenak eta miseriak papereztatzeko abilezia. Eta azkenik, mendebaldeko kultur estereotipoetatik ihes ezinik ibiltzen garenontzat aparteko sentsibilatea du arabiarren mundu ikuskera hurbilarazteko, duela gutxiko agerpen batzuetan berak aipatu zuenez: «Badut sentsibilitate berezia, sentsibilitate mediterraneo eta arabiarra. Desberdintasunak, kulturak, nahasturik daude nire baitan... eta zentzu horretan mundu arabiar eta magrebiarraren ikuspegi europearra eskain dezaket, ikuspuntu sentsiblea, kritikoa, azpiko intentziorik gabekoa».

        Zoritxarrez, egokiegia izan daiteke liburu hau argitaratzeko unea. Zoritxarrez bai, Pirinioen alde bietan bortxakeriaz hil edo jipoitutako magrebiarrek sortzen dutelako berria. Arrazakeriaren biktima ez dira bakarrik Amerika urruneko beltzak, gure ondo ondoko «morenoxkak» baizik. Espaloi ertzean gurutzatzen ditugun horiek, noizean behin «argitu gabeko» liskarretan hiltzen diren «azal iluneko» gazteak.

        Eta mundu horretara garamatza Ben Jellounek baldintza egokienetan. Batetik distantzia dago —ez urruntasuna—, gauzak argi ikusi eta kritikoa izateko behar den distantzia. Eta bestetik maitasuna, bere herrikideenganako maitasuna, elkartasuna. Horrela, gordintasun eta goxotasun osoaz mintzatzen da, bere herria bizirik nahi duenaren grinaz»... Zure bakarkako isolamenduaren ixtorioa, gehiago edo gutxiago denok kondenatuta gauden isolamendua, benetakoa da, hau da, nik ulertu egiten dut, baina indibiduoari mugaturik gelditzen da; ez du herri batentzat balio. Ezin baitaiteke herri bat suntsitu».

        Bestelako hitzak ekarri nahi izan ditugu, berriz ere, euskarara. Mila modutan eta mila tokitan berba debekaturik duten horien hitzak. Oraingo honetan kantatzea, pentsatzea, larrutan egitea, hiltzea... dena debekaturik duten magrebiarrena izan da. Tahar Ben Jelloun izan da Susako «Erreferentziak» sailera heldu den lehen ordezkaria, ez bedi azkena izan.