Saizarbitoria eta iragana
Saizarbitoria eta iragana
2015, saiakera
248 orrialde
978-84-92468-71-3
azala: Oihana Leunda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2007, saiakera
 

 

8

Aita: «Asaba zaharren baratza»

 

        Iraganaren beruna gainetik kentzeko ezina nabarmen ageri da, halaber, Asaba zaharren baratza-n, Polikarporen aitaren heriotzaren kontakizunean. Polikarporen aita 52 urte lehenago gertatutakoak itotzen du, erru sentimendua ezin du arindu, bere heriotzaren unean ere iraganak kateatuta dauka.

        Gudari zaharraren gerra galdua-n ulergarria da oroitzapenen zamak biktima itotzea, hain izan baitziren lazgarriak gertaerak eta ondorioak; aldiz, Polikarporen aitaren uztarriak arinagoa dirudi, ez izaera eta bizialdi oso bat hondatzeko bezain astuna bederen, eta horretxegatik da esanguratsuagoa gudari zaharrarena baino, aztertzeko orduan iraganetik datozkigun erruak eta damuak nola hausten diguten bizitza, alegia, oraina. Geroari beldurrak ere, are itxaropenak, irudimena darabiltenak, oraina honda diezagukete; baina oroimenak du oroz gain Saizarbitoria kezkatzen, memoriak elikatzen baitu irudimena.

        Bestalde, Ehun metro-n bezala Asaba zaharren baratza-n ere, semeak, narrazioko protagonistak, aitaren heriotzaren kontakizunaren bitartez adieraziko du batez ere aitarenganako sentimenduen anbibalentzia eta nahastea.

        Asaba zaharren baratza-n aitaren heriotza sentimendu bakar batera ez murrizteko Saizarbitoriaren borondatea eta ahalegina igartzen da. Hunkimendu triste bat izaten bada ere nagusi ataka horren berri emateko orduan, Saizarbitoriak mihian bilorik gabe darakuski heriotzaren alde barregarri, gogaikarri eta higuingarriak (aitaren karkaxak etengabe garbitu behar hori). Are gehiago, Polikarpok aita hil dadin desiratu izana ere aitortzen du. Sentimenduen ugaritasun durduzatu horrek aita bizi bitartean harengandik jasotako zamatik ezin askatzea du euskarri. Askatzailea ere baitzaio Polikarpori aitaren heriotza.

        Polikarporen aitaren bizitza debozio politiko handi batek eraginiko bihurrikeria etikoak erabaki du. Sabino Arana beneratu izan du beti.

        Sabino jarri nahi zion semeari, baina placenta praevia-ren erruz jaiotzean ia hil egin zen, hildakotzat jo zuten, Saizarbitoria bera bezala, bestalde. Moja batek salbatu zuen, eta, San Polikarpo zenez haren kongregazioaren patroia, amak Polikarpo bataiatzea erabaki zuen, eta aitak onartu. Besteak beste, aitak beretzat nahi zuen izena ez eramateagatik izan du protagonistak bizialdi osoan semerik maitatuena ez izateko sentsazioa, bakarra izan arren. Dena den, seme Polikarpok itxuraz ez dakien arren, aitak bai, bazekikeen Sabino Aranaren bigarren izena Polikarpo zela.

        Sabino Sukarrietan lurperatu zuten. Faxistak eskualdera hurbildu ahala, fundatzailearen hezurrak profanatuak izateko arriskua larrituz zihoalarik, buruzagi jeltzaleek hezur horiek beste nonbait ezkutatzea erabaki zuten. Polikarporen aita, gerran taxilari lanetan zebilena, desehorzketan egon zen, jazoera historikoaren lekuko; eta berak eraman zituen erlikiak aurrena Bilbora eta hurrena Zallara, non sekretu handiz berrehortzi baitzituzten.

        Polikarporen aitak, garraio lan hura baliaturik, Sabinoren hezurtxo bat ebatsi zuen, eta Felipe adiskide orobat taxilariak beste bat; falange bana. 37an gertatu zen lapurreta eta berrogeita hamabi urtez lepotik zintzilikaturiko zilindro txiki baten barruan eraman du. 52 urte ezkutaketa urdurian errudun.

        Polikarporen aitaren heriotza akuilu bik azkartuko dute: batetik, Deia egunkariak, maisuaren erlikiak Zallatik ostera Sukarrietara ekarri dituztela kontatzeaz batera, jeltzaleen dokumentu bat eransten du, 37ko desehorzketaren berri ematen duena, orduan bertan idatzia, zeremonian egon zirenak zerrendatzen dituena; eta Polikarporen aita ahaztu. Itzela izan arren disgustua, koitadutxoa denez, zuritu egiten du: «Ni txoferra besterik ez bainintzen».

        Eta, bestetik, errematatuko duena: urte bi daramatzalarik ohean eri, apaiz jeltzale bat datorkio azken aitortza egin behar duela aginduz. Polikarporen aitari otu ere ez gezurra esateko aukera, eta Sabinoren hezurra ebatsi izana aitortu beharrak larritasuna eta izua eragiten dizkio. Polikarpok, aita kontsolatzearren, jakinarazten dio azken aitortza ez duela zertan apaiz jeltzalearekin egin derrigorrez, ekarriko diola apaiz erdaldun bat. Horretan dabilelarik hiltzen zaio aita.

 

 

POLITIKARIA ETA KULTUR GIZONA

 

        Apika baten batek inoiz sinetsiko zuen «kulturak askatuko zaitu» eta gisakoetan. Politikariak sarritan berritsu ganorabakotzat dauka idazlea, artista, ospetsua; hauteskunde kanpainan apaingarri gisa ondo eman dezakeena, baina erabaki serioak hartzeko orduan hobe ahal bezain urruti.

        Berezkoa da tentsioa politikaren eta egian oinarritutako pedagogia baten artean. Iraganari gagozkiola, Saizarbitoriaren gaztigua: «Iragana ahaztea ez da komeni —iragana deuseztatuz etorkizuna deuseztatzen dela esan du norbaitek, eta ongi esana ematen du—, besterik ez bada ere, beren jarrerak Historiaren zentzua okertuz oinarritzen dituzten politikoek engaina ez gaitzaten». Saizarbitoriaren ustez, garrantzitsuegia da politika politikarien esku uzteko; eta kultur jendeak gehiago arduratu beharko zukeen politikaz. Dena den, ohi bezala, badaezpada ere, garbiegi gera ez dadin, emendatuko du ezen «ezagutzen ditudan politikoak nobleago dira, orokorrean, ene lagun poetak, artistak eta intelektualak baino. Gehiago oraindik, tratatu ditudan pertsonen artean, intelektualak, artistak eta poetak dira makurrenetakoak eta, bide batez, beren buruaz iritzirik hoberena —ezin hobeagoa— izan ohi dutenak».

        Juan Ajuriagerra politikari petoa zen, eta Asaba zaharren baratza-k ederki kontatzen du nola erabili zuen kultur jendea Sabino Aranaren hezurrak desehorzteko tenorean: Ajuriagerrak Euzkadi Buru Batzarreko buruzagi Doroteo Ziaurritzi kutxa bat eman zion, Sabinoren hezurrak zituela esanez. Handik pixka batera, Ajuriagerrak kutxa hori Lapurdiko Betharramera garraiatu zuen, fundatzailearen hezurrei lur emateko, Isaac Lopez Mendizabal, aita Donostia eta Alberto Onaindia artistak lagun zituela. Ajuriagerrak maiz errepikatu zuen Mixel Garikoitz Donearen hezurrak hango elizan daudelako lurperatu zituztela bertan Sabinorenak ere. EBBren bileretan eta kulturgile askoren aurrean behin baino gehiagotan aldarrikatu zuen oso pozik zegoela azkenean lortu zuelako Sabinoren hezurrak Lapurdin leku seguruan ehorztea.

        Baina ez zeuden Lapurdin. Ajuriagerraren jukutriak egiazko arrastoa galaraztea zuen helburu. Horregatik, lagun bakan batzuk izan ezik (eta horien artean ez zegoen artistarik, politikari serioentzat kuxkuxero berrilapiko hutsak, berez eta definizioz), berrogeita hamabi urtez mundu guztiak uste izan zuen erlikiak mugaz bestaldean zeudela gordeta (Lopez Mendizabal, aita Donostia eta Alberto Onaindia kulturgile jeltzaleak barne, jakina), eta ez Zallan.

 

 

ZU ZARA NIRE ABERRIA

 

        Gurasoengandik jasoriko tradizio makurrarekin zer egin: Asaba zaharren baratza-k konponbide bat iradokitzen du, transmisioari ukoa. Polikarporen aitak, hil zorian dela, semeari eskatu dio Felipe adiskide hil berriaren alaba bilatu eta Sabinoren bi hexurrak Sukarrietako hilobian berrehorzteko, gainerako hezurrekin batera. Orduantxe deitzen dio lehenbiziko aldiz aitak semeari Sabino, eta hau hunkitu egiten da. Behin aita hilda, eta Donostian alferrik bilatu ondoren, Sukarrietan bertan aurkituko du Polikarpok Sabine, Felipek ostutako falangea Sabino Aranaren hilobian sartzeko ahaleginetan. Bizkarrez dakusa Sabine eta honen besoaren mugimendu erritmikoak pentsamendu aitorrezinak eragiten dizkio. Dena den, ezin berrehortzi. Sabinek kontatzen dio aitak ezarri ziola izena, amak Bioleta nahiago zuen arren. Bioletak atsegin du Poli izena. Falangeak Urdaibain urperatzea erabakiko dute, aranatarrek ikurrina asmatu zuten Kanalaren aurrean. Sabinoren hezurrak papertxo banatan elkarri idatziko dizkioten esaldiek ordeztuko dituzte. Polikarpok «zu zara nire aberria» idazten dio Bioletari, eta, Sukarrietatik Donostiara itzultzeko bereizten direnean, Bioletak deitu egingo diola agintzen dio. Saizarbitoriaren protagonista ez da kosmopolita izaten, Euskadi zehatzetik Bioleta zehatzarengana doa, ez du aberritzat, Flaubertek bezala, bihotzean noizbehinka senti litekeen infinitua. Flauberten esaldi hau dakar Martutene-k: «Aberria Lurra da, Unibertsoa, izarrak dira, airea, pentsamendua bera, hots, infinitua gure bularrean». Saizarbitoriaren pertsonaiek ez dute ukitu mistiko txikienik ere.

        Asaba zaharren baratzeko fruituak pozoitsu gertatu zaizkie Poliri zein Bioletari, eta dirudienez bizimodu berri bati ekiteko prest daude, iragana urperatu eta etorkizunera zabaldutako oraingo maitasuna hartuta jarrera berriaren oinarritzat.

        Edozein gisaz, Asaba zaharren baratza-ko bukaera hori dela onartuta ere, nahiz berez anbiguoagoa izan, ez baitakigu Bioletak zer idatzi dion Poliri, ezta deituko ote dion ere, Saizarbitoriaren gainerako bikoteen bilakaeraren azterketak ez digu baikorrak izaten uzten.

        Saizarbitoriak batzuetan kalbarioak ez diruditen maitasun harremanak erakusten dizkigu, baina bietako bat: edo ez dira bikote izatera iristen, bikotekideetako bat lehenago hiltzen delako; edo bestela bikote bizitzaren hasiera baino ez digu kontatzen. Ez dute putzuan erortzeko astirik. Hain zuzen, balirudike kontakizuna hasiera horretan ebakitzen duela, berehala etorriko den katastrofearen berri ez eman behar izateko, gomuta polita eta ilusioa babesteko. Hasten zara irudikatzen zer izan daitekeen Polikarporen eta Sabineren arteko elkarbizitza Urdaibaiko txangoa eta bi asteren buruan, eta negargura datorkizu.