Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Parietatearen amiltzea

 

Ongi eginaren neurria da simetria, perfekzioaren pareko. Eta ederra, oso ederra. Izatez, edertasun kontzeptuaren beraren formarik primitiboena da, objektuen estetika epaitzeko irizpiderik baliatuena, zenbaitetan oharkabekoa bezain dramatikoa izan badaiteke ere [21]. Haren bila aritzen gara eraikinei, etxe-tresnei, platerak bezalako gauza arruntei, bereziki gorputzei eta aurpegiei aurrez aurre erreparatzen diegunean, simetria espekularraren edo bilateralaren bila. Ezker-eskuin simetria ere deitzen den horren atzetik, hain justu.

        Antzinako greziarren aburuz, esate batera, zirkulua eta esfera ziren objekturik perfektuenak, erdigunetik pasatzen den edozein lerrorekiko —bi dimentsiokoen kasuan— edo planorekiko —hiru dimentsiokoen kasuan— simetrikoak baitira. Zeruko elementuak ere, jainkotiarrak izaki, perfektutzat zeuzkaten. Guztiz biribil, Lurraren inguruan mugimendu zirkularretan biraka irudikatzen zituzten.

        Irmoki eutsi izan dio zientziak ere perfekzioaren premisa horri, nahiz eta simetriaren baitan batzen diren kontzeptuak ideia geometriko horiek baino zabalagoak eta abstraktuagoak izan. Naturaren legeren bat irudikatu nahi denean, lortzen den ekuazioak, ederra bada, zuzena izan behar duela esaten zuen Paul A.M. Dirac [22] fisikari teoriko britainiarrak. Izan ere, simetria ardatz inportantea da oraindik ere, mota horretako modelo matematikoak garatzen aritzen direnentzat.

        Baina gu inperfektuak gara, Isaac Asimovek Ni, robot (1950) istorio-bilduman gogoratu zigunez. Giza itxura hartu behar zuen robot hotz-mekanikoari akats txikiak eta asimetriak egin behar izan zizkioten aurpegian, sinesgarri gerta zedin.

        Akastunak eta asimetrikoak gara, beraz, edertasunaren kontzeptu horri kostata lotzen gatzaizkionak. Gure burmuina, hemisferio bakoitzak gobernatzen dituen funtzioei dagokienez bereziki, asimetrikoa da. Eta erraiak eta eskuak eta belarriak eta oinak irudi espekular desberdinekoak edo enantioformoak ditugu. Alegia, torlojuei edo helize itxurako zernahiri ispiluko imajinarekin gertatzen zaion bezala, bata eta bestea ezin dira molde berean gainjarri, eskuina ezker eta ezkerra eskuin bilakatzen baitira islatzean. Eta bitxia da. Konparaketak egiten hasita, unibertsoa bera da asimetrikoa. Bizitza bera da asimetrikoa. Mundu makroskopikotik hasi eta mikroskopikoraino, naturaren maila guztietan aurkitzen da asimetria eta albotasuna.

        Galaxy Zoo proiektuak [23] milioi bat galaxia sailkatzeko ahalegina egin zuen orain dela gutxi. Behatutako galaxiak formaz espiralak edo eliptikoak ote diren eta beso espiralen kasuan errotazioa nolakoa duten aztertu ostean, sorpresa handi batekin egin zuten topo ikerlariek. Uste ez bezala, ordulari-orratzen kontrako norantzan higitzen baitira gehienak. Bestela esanda, ezker joera aurkitu dute nagusi, banaketa aleatorio baten ordez.

        Konposatu kimikoen kasuan, gure eskuen antzean berdintsuak baina asimetrikoak edo gainjarriezinak diren molekulei enantiomero deitzen zaie. Formula molekular berberak balio izaten du bientzat, baina argi polarizatuaren planoa desberdin biratzen dutelako, batzuk ezkerrak edo Laevoak (L) eta besteak eskuinak edo Destroak (D) direla esaten da. Bi molekulok, propietate fisiko-kimiko igualak dauzkaten arren, desberdin jokatzen dute, eta hainbat kasutan, usainagatik, zaporeagatik edo desberdin metabolizatzen direlako bereizi ahal izango ditugu.

        Albotasun hori oso kontuan hartu beharreko ezaugarria da farmakologian. Prozesu biologikoetan ez bezala, asimetria espekularra erakusten duten konposatuak laborategian sintetizatzen direnean, proportzio berean sortzen dira molekula ezkerrak eta eskuinak. Eta okerrik eragin nahi ez bada behintzat, bereizi egin behar izaten dira kasu askotan. Pare bat adibide aski ezagun:

        Talidomidaren kasuan —lasaigarririk erabilienetakoa 1950eko hamarkadan—, L-molekulak kaltegarriak dira haurdun diren emakumeentzat eta bereziki haien umekientzat, D-molekulek ez bezala, malformazioak eragiten baitituzte. Fenilaninaren molekula ezkerrak irentsita, berriz, Fenilzetonuria gaitzak jotzen gaitu eta jasango ditugun ondorioen artean amnesia izango da esanguratsuena.

        Askoz ere nabarmenagoa eta selektiboagoa da prozesua izaki bizidunengan aurkitzen diren molekulei dagokienez. Proteina guztien konposaketan aurkituko ditugun aminoazidoak, konkretuki, ezkerrak dira. Denak, salbuespenik gabe, eskuinik ez baitugu fabrikatzen. ADNaren helizeak, berriz, eskuinerantz kiribiltzen dira.

        Azukre naturalak edo monosakaridoak, bestalde, Destroak dira, eta oso kalorikoak. Sintetizatutako Laevoek azukre naturalek bezala gozatzen dute jakia, baina ez dira kalorikoak, molekulok digeritzeko behar ditugun enzimek konposatu enantiomero eskuina besterik ezin baitute metabolizatu.

        Albotasun biologiko markatu hori "istriputzat" jo izan da orain arte. Funtsezko arazoa baino gehiago, izaki bizidunen eboluzioaren ondorio dela pentsatu izan da beti, laborategietako sintesietan erakusten denez, naturak ez duela bataren edo bestearen aldeko preferentziarik erakusten.

        Oinarrizko partikulen edo subatomikoen munduan, parietate kontzeptuak ordezkatzen du ezker-eskuin simetria, eta propietate matematikoa da guztiz. Prozesu fisiko batean parietatea gordetzen dela esaten da zuzenki behatutako fenomenoa fenomeno horren ispiluko imajina bezain sarri azaltzen bada.

        Fisika klasikoak parietate lege horren aldeko apustua egin zuen Galileorekin edota Newtonekin. Oinetako eskuin bat aurkituz gero, ezkerrekoak ere hor nonbait izan behar zuela aldarrikatzen du, beraz.

        Gainera, eskuina eta ezkerra baliokidetzat jotzen direlako, mundua zuzenki behatuta ikusten dena eta haren isla ezin dira esperimentalki desberdindu, ezerk ez digu bataren edo bestearen aldeko frogarik erakutsiko. Billar bolen talka esplikatzeko, kasura, berdin da zuzenekoa deskribatzen den ala ispiluan ikusten dena azaltzen den. Mekanika legeak aplikatuta, emaitza berbera izango da bi kasuentzat. Lewis Carrollen obran, adibide literario bat ipintzearren, Aliziak errekonozitu egiten du bere gela ispilua zeharkatzen duenean. Alderantzikatuta ikusten dituen bere gauzek emango diote gertatutakoaz jabetzeko bidea. Aurretik ezagutu gabeko inguru batean, ordea, ezingo zituzkeen erreala eta isla berezi. Inongo esperimentu fisikok ezingo ziokeen horretan lagundu.

        Tsung-Dao Lee eta Chen Ning Yang txinatar jatorriko ikerlari estatubatuarrek, alabaina, fisika modernoan jo den hordagorik politenetako bat jo zuten 1956an, Teta-Tau deituriko enigmari erantzuna ematen saiatu zirenean. Teta eta Tau deituriko bi partikulak berdinak ziren gauza guztietan, salbu eta desintegratzean, batek hiru pioi [24] emititzen zituelako eta besteak bi. Baina berdintasunak berdintasun, eta parietate legea beti aplikatzen zelako, diferenteak zirela ondorioztatu beharra zegoen.

        Leek eta Yangek irauli egin zuten arrazonamendua. Partikulen arteko lau interakzioak, esan nahi baita indar nuklear edo fuertea, grabitazionala, elektromagnetikoa eta ahula kontuan hartuta, azkenak parietate legea hausten zuela argudiatu zuten. Hain zuzen horregatik, aukeran elektroi ezkerrak emititzen zirela eskuinak baino errazago.

        «Ezinezkoa da, Jainkoa ez da ezkerra» ihardetsi zuen Wolfgang Pauli fisikari teoriko ospetsuak [25] hipotesia frogatzeko lanak abian jarri zirenean. Ezker-eskuin simetria errespetatu egiten dela zalantza izpirik ez zuen Paulik eta alferrikakoa iruditzen zitzaion ahalegina.

        Baina hordagoa bota eta gainera irabazi. Chien-Shiung Wu ikerlariak [26], naturak ezkerra eta eskuina bereizi egiten dituela eta beraz, Lee eta Yang zuzen zeudela frogatu zuen horretarako espresuki diseinatutako esperimentu baten bidez. «Tira, Jainkoak akats bat egin du» bota zuen haren ostean, Pauli handiak.

 

 

        [21] Bruselasko Udaletxea eraikinik ikusgarrienetakoa da hirian, Grand Placeko elementurik ederretsienetakoa eta Erdi Aroko lekuko bakarra, arkitekturari dagokionez. Jacob Van Thienenek diseinatua dela uste da. 96 metro luze den dorre gotikoak bitan banatzen du eraikina, baina ez zehazki erditik, lehen kolpean hala dirudien arren. Ezkerraldearen eta eskuinaldearen arteko asimetriaz beranduegi jabeturik, arkitektoak bere buruaz beste egin zuela dio bertako elezaharrak, «okerra» ezin eramanik, dorretik behera jauzi egin zuela.

 

        [22] Paul Adrien Maurice Dirac (1902-1984), Bristolen sortutako fisikari teorikoa, Cambridge Unibertsitateko katedratikoa. Mekanika eta elektrodinamika kuantikoaren garapenari funtsezko ekarpenak egin zizkion. Dirac ekuazioaren bidez antimateriaren existentzia iragarri zuen.

 

        [23] Erresuma Batuko Oxford eta Portsmouth eta AEBetako Johns Hopkins unibertsitateetako ikerlariek garapen galaktikoa eta estruktura kosmikoa aztertzeko helburuz antolatutako ekimena. Sloan Digital Sky Surveyk emandako milioika irudi eta milaka astronomo zaleturen laguntza baliatu zuten.

 

        [24] Pioia hiru partikula subatomikoen izen arrunta da. 1947an deskubritu zen.

 

        [25] Wolfgang Ernst Pauli (1900-1958) Vienan sortutako fisikaria, mekanika kuantikoaren fundatzaileetako bat izan zen. Harena da esklusioaren printzipioa.

 

        [26] Chien-Shiung Wu, txinatar jatorriko fisikari nuklearra, elektroien gainbeheran aditua, Amerikako Fisikari Elkarteko presidentziara heldutako lehen emakume hautatua izan zen. Kobalto 60aren deskonposizioan oinarritutako bere esperimentua erabakigarria izan zen arren, Suediako akademiak Nobelik gabe utzi zuen parietate legearen amiltzea saritu zuenean.