Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Euskal espazioaz

 

Hurbilagoa zaigun beste jenio batek, Jorge Oteizak, Hutsaren antropologian ipini zuen euskal kulturaren hastapena. Eta Zeruaren seme-alabak bailiran irudikatu zizkigun Neolito garaiko gure lehen arbaso ofizioz ehiztariak, gaueko Huts Konkabo Handiaren magalean babestuta bezala.

        Hutsak edo tranpak dira lehen euskaldun horren biziraupenaren gakoa; tranpa fisikoak, ehizatzeko erabiltzen dituenak, eta tranpa metafisikoak —estetikoak, linguistikoak...—, segurtasuna, kultur identitatea edota independentzia bezalako balioak bereganatzeko behar dituenak.

        Munduko tranpan erorita, labirintoan mugitu beharra dauka ehiztariak. Ihes egitea du helburu, atzaparretan ez erortzea, bazka ez izatea. Ehizatzen badu, gizakiak irabazten du. Galtzen badu, piztia da garaile.

        Bi modu ditu harrapakina oratzeko: mugimenduaren bidez, arerioaren eremuan ari bada, edota higiezintasunaren bidez, espazioaren alde eta denboraren kontra eginez, gizakiarenean baldin badago. Eta berdin artistak ere, artea ehiztari honen beraren ofizioa izaki. «Margolariaren murruaren ondoan nago. Paretaren plano fisikoa bigarren mailakoa da, ez da garrantzitsua. Gaueko huts sakratu eta konkaboa da pareta. Irudiak airean konposatzen ditu margolariak».

        Geroztik euskaldunek espazio hutsetarako sentsibilitate berezia ukan dutela azaltzen digu Oteizak. Zeruko Ama Hutsaren sentimendutik sortua, tranpen perifrasietan konposatua, Neolito garaiko cromlech sakratuetan kulturalki politikoki garatua. Horra, espazioarekiko gure kontzientzia metafisikoa deskubritzeko giltzak. Horra, euskal Espazioa.

        Jatorrizko kultura ahantzi horren aztarnak euskararen joskeran edota hitzen erroetan ez ezik, euskal frontoietan aurkitu zituen gure jenio pentsalariak eta Miguel Pelai Orozkok ondutako Pelota, Pelotari, Frontón obraren hitzaurrean eman zigun bere errebelazio horren berri.

        Bertan argitaratu zuen hausnarketaren mesedean, XIX. mendean kokatuko gaitu ezinbestean, pilotan landa irekian aritzen zireneko hartan, «eremua hesituko zuen pareta bakarra zeru-sabaian aurkitzen zen garaian». Aurreko pareta handia eta atzeko txikixeagoa heldu ziren gero, frontisa, kautxuzko pilotak, zumez eginiko propultsagailuak, larrua atzean utziko zuten tresnak, errebotea. Huraxe da Oteizaren une magikoa: «Orduantxe, hain justu, azaleratuko da gure jokalarien intuizioa. Paretari begiratu diote, deskubritu egin dute eta erabili egingo dute. Haren kontra jokatuko dute denek. Frontoia asmatzen ari dira».

        Badu paretaren kontrako gure jokamoldeak desberdintasun garrantzitsu eta bitxi bat Jorge Oteiza aho bete gozo uzten duena. Norgehiagoka zuzenagoa da beste herrietan, kolpez kolpekoa, aurkariak aurrez aurre dituena, tenisaren gisakoa. «Gurean, aldiz —dio—, distantziatik egiten da lehia, eta goi-espazioa dago tartean. Paretaren eta hutsaren arteko parekotasuna egiaztatzen da. Historiaurreko margolariaren horma zeruaren hutsa dela diogu, airean pintatzen duela. Eta horixe bera egin du euskaldunak pilota modalitate berri honetan jokatzen hasi denean ere: inkontzientetik jatorrizko tradizioa atera eta frontoiko pareta zeru bihurtu, Zeruko Huts Handiarekin jokatu».

        Azalpen poetiko eder honekin jantzi zuen Oteizak pilotaren historian ezagututako iraultzarik garrantzitsu eta halaber eztabaidatuenetako bat: horma, errebotatzeko toki huts izateari utziz, jokoan funtsezko bilakatu zenekoa. Garaikide batzuei, Urtxalle [9] handia kasura, erabateko gainbehera iruditzen zitzaien modalitate hura, errazkeriara makurtzea. Zalaparta nahiz arbuio-hots artean sortutakoak, haatik, nagusitze bidea egin zuen berehala. Eta baita itzelagoa bultzatu ere, konturatu orduko. Iraultzak iraultzaren iraultza ahalbidetuko zuen asmamena ekarri baitzuen ordainetan, huts bidezko ehiza dimentsio berri batera eramango zuen elementua. Ezker paretaz ari gara, jakina.

        Labirinto sofistikatua da geroztik, pilotalekua. Lehengo plazaren neurria txikituta, kutxa itxuran bilduta, eremu bihurrago batean lehiatzen dira harrapari eta harrapakina. Norgehiagoka bizi-bizia da orain. Frontisari ezker pareta batzen zaion tokian bilatzen dira aurkaria menderatzeko tranpa gehienak, bi pareten elkarketak sortzen duen triedroan, hain justu. Nagusiki figura geometrikoaren magia engainaria baliatuz lantzen baitu pilotariak, finean, espazioa.

        Hala, konpresiora joko du batzuetan. Pilota behetik eta indarrez joz, esate baterako, atzerago utzi duen aurkaria jokaldiari eustera garaiz hel ez dadin. Beste batzuetan, espazioa trinkotzea izango du helburu. Pilota gorantz botata, adibidez, eta efektuz, atzealdean jaisten ari den heinean paretan kontra sartuz, aurkaria ezkerrez ere erantzuteko lekurik gabe uztearren.

        Espazioaren lekualdatzea aprobetxatuko du sarritan, desplazamendu espaziala. Bi paretak jo eta pilota espero ez den tokira bidalita, esate baterako. Edota ezkerraldeko triedrotik eskuinaldeko hutsunea sortuz, aurkaria kantxatik kanporatzea bultzatuz. Baita alderantzizko prozesuan ere, askotan sinesgaitza irudi dezakeen arren. Pilotaren atzetik, eremuaren mugetara doa korrika jokalaria, dena hiltzen den tokira. Tranpan ez erortzearren, gorputz osoz botako da lurrera, Titinek ipinitako modari segika. Guztien sorpresarako, berreskuratu egingo du pilota, eta triedrora itzuliko du kolpe batez. Lurretik altxatuta, berak agintzen du orain. Harraparia harrapakin bihurtu du.

        Unibertso liluragarria da pilota, zalantzarik gabe. Kirolari eta apustuzaleak ez ezik, eskultoreak, pintoreak, zinemagileak, hainbat alorretako artistak, letretako sortzaileak, zientzialariak eta beste lotu ditu bere plastizitateak, bere estetikak, bere eboluzioak, espazioa etengabe berritzeko bere ahalmenak. Alberto eta Ramiro Arrue, Pablo Tillac, Sigfrido Koch, Agustin Ibarrola edota Julio Medem beharko genituzke, besteak beste, aipatu. Eta Anton Mendizabal, jakina, pilota munduaz egin den azterketa espazial-sinboliko sakonenaren egilea. [10]

        Eta ekidinezina zaigu, honenbestez, galdera. Zergatik da ezker pareta? Zergatik dago triedroa alde horretan eta ez bestean? Edo zergatik ez daude bi, albo banatan? Azken mende pasatsuan jokoaren eremuari atzeko, aurreko, ezkerreko eta gaineko hormak erantsi bazaizkio, zergatik ez da eskuinetik ere itxi? Harmailentzako lekurik pribilegiatuena delako, akaso?

        Gure asimetriaren metafora bezalakoxea da gaurko frontoia: eskuinaren legeari egiten dio jokoa, gehiengoak hobesten duten besoaren birabide naturalari; hamarretik zortzi-bederatziri espazioa barnerantz biltzea erraztuz, itxitura irekitzeko esku traketsena, erabiltzera behartuz.

        Eskultura perfektuena omen da pilotalekua. Oteizak berak esana da. Eta pentsatzen hasita, gaitza egiten zaigu jokalariak beste sistema batean kokatzea. Ez ditugu, esate batera, bi triedroz osatutako simetria batean imajinatzen, nahiz eta joko espazial are aberatsagoa lortu, trinketean ikusten den gisan. Askoz interesgarriagoa da ezkerreko paretaren eta eskuineko hutsaren artean dagoen desberdintasun itzela. Zirraragarriagoa da desoreka.

        Nekez imajinatzen ditugu, halaber, eskuin pareta batean, oraingo frontoiaren ispiluan, arrunt bestela funtzionatuko lukeen triedroan jokaldiak biribiltzeko ahaleginean. Oro har, bihurregiak lirateke partidak, zapuzgarriagoak.

        Eta hortxe defenditzen da ezker jokalaria ere, ehizarako tranpak berera moldatuz, eskuinari kontrako zaizkion egoerak bere alde jarriz, eragozpenak zientifikoki aitortzen zaizkion abantailekin [11] orekatuz, ezustea inoiz baino gehiago baliatuz. Eta kantxan asko okupatuz, eskuinak esan izan duen gisan, askotan traban jarriz, berau ere tranpa bihurtuz.

 

 

        [9] XIX. mendeko pilotari handienetakoa izan zen Urtxalle, plaza libreko joko zuzenean parerik izan ez zuena. Gozogile, bertsolari eta plazetako showmana, halaber, norgehiagoka xelebreak eta ikuskizun aipagarriak antolatzen zituena, desafioetan irabazitako dirua gainontzekoekin gastatzea gogoko zuena. Oiartzunen 1828an sortua, Manuel Francisco Lekuona zuen jaiotze izena. Agur jaunak abesti ospetsuaren egilea dela uste da. Hari buruzko artikulu luze-zabala argitaratu zuen Mikel Garcia kazetariak 2008ko otsailean, Argia aldizkariko 2.122 zenbakian.

 

        [10] Hamar urtetako ahaleginaren ondorio da Anton Mendizabalen "Pilotaz" egitasmoa, berrogeita bat eskulturaz osatutako bilduma, Kutxa Fundazioaren esku dagoena. 1990ean ekin zion lanari, pilotaren aldeko mugimendua indartsu plazaratu zen garaian. Ordukoak ditugu, hain zuzen, Ikas Pilotaren sorrera edota kirol hau kultura ere badela dioten tesiak. Gai honen inguruko hausnarketa sakona, ordea, askoz lehenagokoa du Mendizabalek. Espazioarekiko kezka bezala, oso umetatik datorkio kirol honekiko atxikimendua. Pala jokalari baten seme eta erremontista profesional baten iloba izateak, frontoiak lau urte zituenetik ezagutu izanak, aitarekin bikotea osatuz txapelketaz txapelketa ibili izanak prisma bikaina emango zion eskultore honi; dudarik gabe, artista gutxik izan duen ikuspegi pribilegiatua. Hari zor dizkiogu, besteak beste, atal honetan aipatzen diren hainbat ideia. Bereziki, hiru pareten elkargunean sortzen den triedroari buruzkoak, ezker paretak espazioa lantzeko ematen dituen aukerei buruzkoak.

 

        [11] Neurozientzialariek pilota edo tenisa bezalako kiroletarako sortzetiko abildade naturalak aitortzen dizkiete ezkerrei. Alegia, funtzio motore hobeak, bista eta gorputz adarren bat (beso nahiz hanka) fite uztartzea eskatzen den ekintzetarako erreflexu bizkorragoak eta, gehienen kasuan eskuin hemisferioa garatuago izaki, espazioaz ohartzeko erraztasun handiagoa. Harvard Unibertsitateko Holtzen doktoreak ikerketa mardula plazaratu zuen mundu osoko tenislariak, bereziki 1968tik 1999ra bitarteko super izarrak, aztergaitzat hartuta. Denbora epe horretan tenisaren maila gorenera heldu ziren jokalarien artetik, ezkerrak %28ra heltzen direla nabarmentzen du International Journal of Neuroscience aldizkarian argitaratutako lan honek. Zifra esanguratsua da, urte tarte horretan arrunki aurki zitekeen ezker kopurua %8,1ean finkatu zuela kontuan hartzen bada.