Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Proposamen bat, iraun dezagun

 

Arazoa da jendeak ez duela euskaraz espero adina ikasten. Estatistikek gora egiten dutenean, pixka bat baino ez dute egiten; behera, aitzitik, ezin biziago.

        Kontua da gizakiei onartzen diegula hiritartasuna, gizakiak baino ez ditugula zenbatzen estatistiketan.

        Eta gizaki hutsekin, dirudienez, ez dago zereginik, pikutara doake euskara. Ikaragarria da, kasurako, erdararen nagusitasuna hedabideetan.

        Dena den, Txillardegiren gogoetek bestelako ate bat ireki diote esperantzari.

        Gaurdaino, erdi onartutzat-edo jo dugu gizakia gainerako animaliengandik bereizten duena teknologia eta kultura dela, eta bion oinarrian mintzamena dagoela.

        Mintzodunei ematen diegu hiritartasuna, mintzodunak sartzen ditugu estatistiketan.

        Gormutuak barne, jakina. Ahozko hizkerari ez diogu ezein gailentasunik aitortzen.

        Horra hor gakoa. Txillardegik usu nabaritu du, batetik, gizakion funtsezko aberetasuna; bestetik, ziminoen gaitasuna gormutuen zeinu hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko, gorago aipaturiko Washoe, Moja, Lucy, Bruno eta Koko primateak bezala, Ameslan-ez mintzo, ehunka hitz erabiliz, hitz berriak sortuz, txinpantze elebidunak ahozko ingelesa entzun eta Ameslan-era itzuliz...

        Alegia, gizakion eta ziminoen artean ez dago funtsezko alderik. Mintzamenaren aitzakiarenarekin batera, gure berezitasunarenak ere egin du.

        Garbi aldarrikatu baitu Monakoko printzesa Stephaniek: «Animaliak gizakiak dira, beste gizakiak bezalaxe». [90]

        Zeregin garrantzitsu bat dugu aurrerantzean euskaltzaleok: milaka zimino erosi, Ameslan-en pareko «Euzehizk» (Euskarazko zeinu-hizkuntza) bat sortu (konplikatuagoa izan zen euskara batua), ziminoei irakatsi eta ondoren zimino euskaldunok ere estatistiketan zenbatuak izan daitezen erdietsi, hedabide erdaldunek arroztu ditzaten baino lehen. Gainera, auskalo, baliteke gizakiok bezain traidoreak ez izatea hedabide arrotzetara lerratzeko orduan.

        Txillardegiri eskertu behar diogu aukera itxaropentsu honi ere bide teorikoa zabaldu izana.

        Ziminoei euskaraz irakastea ez zaigu oso zaila egingo, baditugu aurrekariak eta zubiak.

        Barandiaranen ustez, Cro-Magnon gizakiak bazter hauetan ekin zion euskaraz mintzatzeari, eta gainera euskara izan zen erabili zuen lehenbiziko hizkuntza.

        Ordea, ez ote da euskara askoz ere lehenagokoa?

        Euskaldunok zein bereziak garen geure hitzek erakusten dute besteak beste. Behatz hitzaren erabilera erdialde eta ekialdekoak, esaterako, frogatzen du ziminoa euskaraz hasi zela artean lau hankan zebilelarik, zutitu eta gizaki bilakatu baino lehen beraz.

        Aspaldi hartan ziur aski bizkarretik beso bat erneko zitzaion gorantz, ortzirantz, zimino euskaldunari, gero galduko genuena, eta beso horren eskukoei deituko genien hatz.

        Ezohiko jarraitutasunaz egin du euskarak ziminoarengandik gizakiarengana, jauzi kualitatiborik batere gabe, eta horregatik izango gara agian hain naturalak.

 

        [90] Clément Rosset, Lettre sur les chimpanzés, Gallimard, Paris, 1965, 14. or.