Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Ziminoa bera mintzo

 

Gorago esan bezala, Txillardegik zenbaitetan mintzamena jo izan badu ere giza berezitasuntzat, hala ere, Mintzamena gizonetik at-en (UZEIren Hizkuntzalaritza hiztegiko artikulu bat da eta 1978an idatzi zuen Txillardegik) [87] auzia bere gordinean ekartzera ausartu da: mintzamena baldin bada gizatasunaren funtsa, gizaki ote dira gormutuak? Zeinuak darabiltzate. Baina gormutuen zeinu sistema hori hizkuntzatzat onartzen badugu, orduan ez dago ziminoaren eta gizakiaren arteko inongo alderik. Izan ere, ziminoek ausarki erabiltzen baitute «Ameslan» delakoa, «American sign language».

        Hasiera batean, primateei ahozko hizkera irakasten ahalegindu ziren Amerikako Estatu Batuetan. Baina 1916an orangutan eme bati papa eta cup esanaraztea baino ez zuten lortu, eta 1951n, Hayesek, sei urtez ahalegindu ondoren, Viki txinpantzeak mama, papa, cup eta up esatea besterik ez, eta gainera «with a heavy chinpanzee accent». [88]

        Porrot horretaz jabeturik, Gardner bikoteak ziminoei Ameslan edo gormutu amerikanoen hizkera irakasteari ekin zion, arrakasta deigarriz.

        Txinpantzeek ezetza, galdera, izena, aurrizki eta atzizkia eta baldintza erabiltzen erraz ikasten dute. Baita hitz berriak ere, gai dira ehunka hitz zuzen-zuzen erabiltzeko.

        Adibidez, Gardnertarrek izan zuten lehenbiziko txinpantzeak, Washoe emeak, 51 hilabete haiekin eman ondoren ehunka hitz ulertzen eta erabiltzen ikasi zuen. Halaber, garbi erakutsi zuen bere buruaz ohartzen zela. Susanek galdetu zion: «Nor da hori?» Erantzuna: «Ni»; eta geroxeago: «Ni Washoe».

        Hamar bat zeinu ikasi zituenerako, bi eta gehiago elkartzen hasi zen, testuinguru egokietan. Esate baterako, «tickle me» (egizkidazu kili-kiliak) edo «key open please blanket» (eman giltza irekitzeko eta tapakia hartzeko) edo «you me go-out there hurry» (eraman nazazu azkar kanpora).

        Bestalde, esanahia zabaltzeko gaitasuna ere erakutsi zuen. Gardnertarrek open hitza erakutsi zioten, ate, armairu, tiradera eta antzekoen irekitzea adierazteko. Baina Washoek bere kabuz «iturri irekitzea» adieraztera ere zabaldu zuen.

        Hasieran usaina adierazteko flower hitza baino ez zuen ezagutzen, eta edozein usain zen flower. Ordea, smell ikasi zuenez geroztik, flower lore usainentzat gorde zuen, eta smell beste guztientzat.

        Hitz berriak sortzeko ere gaitasun harrigarria erakutsi zuen Washoek. Esate baterako, ahateak ikusi zituenean, ahate hitza ezagutzen ez zuenez, water bird bataiatu zituen, hau da, ur-txori.

        Washoek, eta gerora Ameslan hizkera ikasi duten beste txinpantzeek ere, zein bere aldetik, inork zirikatu gabe, bakarka hitz egiten dute, oheratzerakoan esate baterako aldizkari bati begiratzen dioten bitartean. Gizakiei, zakurrei, katuei eta beste ziminoei ere hitz egiten diete.

        Washoe, dena den, ez da Gardnertarren lagun bakarra izan. Moja izeneko txinpantzeak oso gustuko du marraztea. Egun batean, zirriborro bitxi bat egin zuen. Gardner batek «Segi aurrera!» agindu zion. Mojak arrapostu «Bukatua». «Eta zer da?» «Txoria».

        Txillardegiren iritziz, Mojaren marrazkiak ez du txori-eite handirik, baina guk ikusi ez dugunez, Txillardegiren hitza dugu Mojaren hitzaren aurka. Edonola ere, Mojaren ziurtasuna gertatzen da deigarri, eta elkarrizketa bera.

        Mojak hiru urte zituelarik, Gardner batek galdetu zion, beste marrazki bati buruz: «Zer hori?» «Belarra». «Nork marraztu hori?» «Mojak».

        Bada beste ikerlari bat, Fouts izenekoa, txinpantzeek esaldiak itzul ote ditzaketen aztertzen ari dena, alegia, ingelesez entzun eta Ameslanez erantzun. Eta Ally txinpantze ar elebidunak oso itzultzaile dotorea dela frogatu dio. Lucy emeak, berriz, esaldi berriak asmatzeko orduan erakutsi du gaitasun berezia. Eta Booce eta Bruno arrak hasiak dira elkarrekin hizketan. Kasurako, Bruno jaten ari dela, Boocek diotso: «Egin kili-kili». Brunoren erantzuna: «Booce, nik jan».

        Bai Washoe bai Lucy txoil berritsuak dira. Foutsekin izan dituen 267 elkarrizketetatik % 77 Lucyk hasi ditu. Eta Washoek are gehiago: % 80.

        Txillardegik nabarmendu du datu hauek, Darwinen ikuspuntuen antzera, aurkako joera gaitza eragin dutela, gizakiari zaila egiten baitzaio jainkotiar, berezi eta guztien buru izateko eskubidea uztea. Erran gabe doa, Txillardegik egundo ez du kreazionismoa onartu.

 

        [87] Hizkuntzalaritza 1, UZEI, Elkar, Donostia, 1982, 315-323 orr.

 

        [88] Ibidem, 317 or.