Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Human Nature

 

Max, mon amour filmean bezala, beste askotan ere dialektoek eta behe mailakotzat joriko hizkuntzek lagundu dute ziminoaren mintzoaren arazoa konpontzen.

        Michel Gondry zinemagilearen Human Nature-n, kasurako, Puff pertsonaia bonobo gisa hezia izan da mendian. Gerora ikasiko du ingelesez. Filmaren egileei zimino ohiaren hizkeraren arazoa agertu zitzaienean, Puffen rola egiteko Rhys Ifans aktorea hobetsi zuten dudarik gabe. Nolatan? Galestarra baita. Burutik pasatu ere ez zitzaien egin, gizatasunera etorri berri batek Oxfordeko edota New Yorkeko azentuz hitz egitea. Galeserak hobeki gordetzen du zimino jatorriaren oihartzuna. Edozein periferikok emango zukeen ondo primate aire hori.

        Gogora dezagun zehaztasun apur batez 2002an atera zen Human Nature hori, bat baitator hainbat kontutan Txillardegiren ikuspuntuekin.

 

        1.— Nathan umea, zooan ziminoaren kaiolara hurbildu eta txinpantzea imitatzeari ekin orduko, gurasoek moztu eta amaren aginduz aitak gogor leziatu zuen: zibilizazioari esker ez gara zimino, ez dugu gure kaka jaurtitzen, ez gara jendaurrean amorruz masturbatzen, emeen uzki gorri hanpatuak usaintzen...

        Nathanen aitari, zibilizazio ezaren ezaugarriak aipatzean, lilura grinatsu zapaldu bat nabari zitzaion. Emaztea berehala ohartu zen eta isilarazi egin zuen.

        Gurasoek Nathani kultura eta zibilizazioa oroz lehen ziminotik urrutiratzea eta natura espetxeratzea dela erakutsi zioten. Nathanen heziera zorrotza jateko ohituretan zentratu zen batez ere.

        Helduaroan Nathanek ziminoa gorroto izango du.

        Ondorioz, alde batetik Nathan psikologo behaviorista izango da eta saguei txukun jaten erakutsiko die, sardexkak-eta erabiltzen, amak berari bezala. Elektrizitate deskargaz zigortuko ditu saguak. Bestetik, oso zakil txikia du.

        Hogeita hamabost urte beteak baina artean birxina, bere psikoanalistaren bidez Lilarekin elkartuko da.

 

        2.— Zooan gurasoek Nathan leziatzen zuten bitartean, zalaparta beren atzean: beste protagonista baten aita, Nathanen oso hurbileko izango zen Puffena, eroetxera baitzeramaten. Nathanen amaren kontrafigura da Puffen aita, erotzeraino lotsatzen baitu gizakiak.

        Puffen aitak ziminotzat zuen bere burua. Gizatasunak amorratzen zuen. Dena utzi eta zooan bizitzen ahalegindu zen, ziminoen kaiolan.

        Bertatik eroetxera eraman eta bergizarteratzen hasi zen, harik eta egunkari batean Kennedy hil zutela irakurri zuen arte. Bere seme Puffek AEBetako kongresukide lotsatuei oroitaraziko dienez, «jaun-andreak, ziminoek ez dute beren presidentea hiltzen!»

        Berrizkatura txarra Puffen aitarena. Semea bahitu eta aurrerantzean oihanean heziko zuen, maitasunez, begirunez eta goxo, bonobo gisa.

        Aita hil ondoren, Puffen bakardade lasaia basoan.

        Gero Nathanek eta Lilak harrapatu zuten.

 

        3.— Hamabi urte bete zituenean, Lilari izugarri hasi zitzaion ilea edonon hazten. Natura konplexua baita, eta apetatsua. Umeentzako ikuskizun batean ziminoarena egiten jardun ostean, bere burua hil behar zuelarik, sagu bi ikusi, sagu iletsu bi berari eta bere ile matazari espanturik batere gabe so, eta oihanean bizitzea erabaki zuen. Mendian idatzi zituen hirian arrakasta handia izan zuten liburuak, naturaren alde eta gizadiaren aurkakoak, besteak beste Fuck humanity. Baina hogeita hamar urte betetzean beroegi dabil, gizon baten beharrean, eta Nathanekin elkartuko da.

 

        4.— Lilari hasieran zoragarria irudituko zaio Nathan, bere zakiltxoa barne, «txerritxo-zakiltxo». Baina berehala agertuko dira desadostasunak: Nathanek eta Lilak oihanean Puff basatia aurkitutakoan, Lilak zibilizazioak zikindu gabeko harribitxi bat ikusiko du. Nathanek, aldiz, ospea lortzeko bide ziurra: amorfoa zuzendu, basatia gizarteratu, zientziaren bidez behekoa goititu. Lilak uste du helburu hori ez dela ona, Puff zoriontsu dela oihanean.

        Gertatu behar zuen: gau batean, Nathan bat-batean komunean sartu eta Lila bere gorputz osoa afeitatzen aurkituko du.

        «Ziminoek bezala afeitatu behar duzu?»

        «Ziminoak ez dira afeitatzen, putakume alaena!»

        Lilak, krisitik irtetearren, haur bat izatea proposatuko dio Nathani. Orduz geroztik, honek maiz amets egingo du Lilak haur jaio berria eskaintzen diola. Nathanek poliki-poliki zapiak altxatu eta... tximino bat dela ikusiko du. Nazka handiz, noski.

 

        5.— Nathanek, orduan, laborategiko laguntzaile duen Gabrielleren maitasuna bilatuko du. Gabrielle frantziar azentuz mintzo da, delikatuarena egiten du, nahiz frantsesez batere ez dakien amerikar oportunista zakar bat den. Larrua jotzean Nathani «domestika nazazu, domestika ezazu amodioaren zeure tximinoa!» garrasi egingo dio.

 

        6.— Gabrielleren eta elektrizitate deskargen laguntzaz, Nathanek arrakasta handiz hezi du itxuraz Puff. Zientzialarien komiteen aurrean Puffen gorabidea aurkezten dute: bere mokordoekin jolastu eta konpultsioz masturbatzetik, Moby Dick eta opera delikatua gozatzera, Marcel Duchamp eta Joseph Beuys... Sari garrantzitsuak emango dizkiote, Honoris Causa eta abar. Egunez.

        Gauez, ordea, Puff pornoadikto eta putazale bilakatuko da.

 

        7.— Egun batean Lila laborategian oldarka sartuko da. Nathan eta Gabrielle kaiolatuko ditu. Gainera, Puff eta saguak eraman eta askatu egingo ditu oihanean. Puffi Nathanek irakatsirikoa ezabatuko dio eta berriro zimino bilakarazi. Naturara itzuliko dira biak eta elkar maiteminduko.

        Baina bat-batean Nathan oihanean azalduko da, Lila berreskuratzeko asmoz, pistola batekin. Lilari:

        «Erakutsi zimino bat izaten. Praktikatzen ibili naiz. Begira».

        Negargarri gertatzen da ordea.

        Eta Puffek, jelosiak nahasirik, tiro batez hilko du.

        «Ez naiz zimino bat» izango dira Nathanen azkenaurreko hitzak.

 

        8.— Lilak bere gain hartuko du hilketa. Bizi osorako espetxeratuko dute. Ordainez, Puffi eskatuko dio, basapiztiarik libreena izatera, betirako itzuli baino lehen AEBetako Kongresuaren eta telebisten aurrean bere bizitza konta dezan, Kafkaren zimino-ohiak Akademiari txostena idatzi zion bezala.

        Espetxezulotik, Lilak, Kongresuaren aurreko Puffen diskurtso ekologista kongresukideek bezain hunkiturik entzungo du. Ondoren Puff biluztu eta, Lilari agindu bezala, ama naturaren altzora itzuliko da, askatasunera.

 

        9.— Human Nature-ren ikuspuntua eta Txillardegirena bat datoz: alde batetik, Nathan bezalako animaliaren etsai garbiak ez dabiltza erabateko ergelkeriatik urruti eta bizi hilak dira. Bestetik, bere baitako animaliatasuna garbi aldarrikatzen duenak espetxean amaituko du, Lilak bezala, edo are okerrago.

        Puffen eta Gabrielleren gisakoek egingo dute gure gizarte moldean aurrera, trikimailuen bidez barruko zimino lizuna zibilizazioak eskatu heinean disimulatzen asmatzen dutenek.

 

        10.— Zeren Puffek bizpahiru minutu baino ez baitu agoantatuko ama naturaren altzoan.

        Behin kazetariek eta kameralariek basoaren sarbidetik alde egin ondoren, Puff auto batean zain duen Gabriellerengana itzuliko da. Frantziar jatetxe batera joango dira. Lilak askaturiko bi saguak autostop egiten daude bide ertzean, New Yorkerantz.

        Edozein gisaz, Puffek Lilaren eta bere maitasunaren lekuko izan zen zuhaitza ikusten duelarik, nolabaiteko nostalgia eta ezinegona ere sentituko du.

 

        Txillardegiren eleberrietan halaber, natura eta kultura ez dira esparru aratzak. Gizakiari ihes egiten diote beti nola naturak hala kulturak. Orobat haize zirtolariak: hostoa, orria edo papera harrapatzea behin eta berriz eragozten dizu. Gizatasuna naturaren nostalgia da gizartean zaudenean, eta alderantziz; kultura-gabeziatik natura-gabeziarako etengabeko bidaia urduria, eta buelta.