Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

The others

 

Albisteek beltzera jotzen duten egun horietako bat. Argazki nagusian, lau neska-mutil goibel, nahigabea lore, baldosa zuriko ikastolan. Azpian, titulua: «Lantziegon ikastolako hiru andereño hil dira auto istripu batean». Ondoan, beste argazki bat, txikiegia ezertan erreparatzeko. Suhiltzaileen kamioi bat, etxe kanpoak argi gorriz erretako hiri eder batean. Kamioi gainean, ponpierra, lankide bati ume bat besoz beso uzten. Haurra oinutsik dago eta pijama darama. Zalantza barik, herioan atera dute ohetik, baina ezin ikara zeinurik ikusi. Aurpegia ordenagailuz desitxuratua du, nor den ez ezagutzeko moduan babestua. Eta azpian; «Hogei lagun hil dira Parisko hotel batean izaniko sutean, erdiak haurrak».

        Baina horra non, El Correo Español hartu, eta azalean, handi, garbi, Parisko argazki bera agertzen zaigun. Hemen aurpegia du: umea izutua dago. Ezagutuko nuke ezagutuko banu, erredakzioan ez baitira ezkutatzen saiatu. Argazkia, ez dut esan, Efe agentziarena da. Eta irakurleari berehala zalantza: nork manipulatu du fotoa, agentziak ala egunkariak? Zein irizpideren arabera?

        Itxura batera, ez du erantzun zaila: Berria-k, El Correo Español-ek ez bezala, zain gizatiarragoa erakutsi du zoritxarraren aurrean, horregatik babestu du umea. Benetako erantzuna, gaitzagoa da asmatzen: Parisko sutea gertatu zen egunean, atera eta batera bidali zuen Efe agentziak bi suhiltzaileen eta haurraren argazkia egunkarietara, ukitu gabe. Handik tarte batera, berriro igorri zuen fotoa, aldaketa txiki bat zuela. Ume salbatuaren aurpegia pixeldurik ageri zen, «Frantziako legeak honelako kasuetan adin txikikoak babesten dituelako». El Correo-k aurrenekoa editatu zuen; Berria-k, irizpidearekin ados, eta gainera «Frantzian ere saltzen delako», bigarrena.

        Zer pentsa ematen duen gertaera Parisko umearena. Nahi gabetanik, agerian utzi gaituen neurrian, luze hitz egitekoa. Izan ere, agentziatik horrela heldu delako babestu da haurra, ez erredakzioan erabakirik hartu delako. Esate baterako, hitzartua dago ez dela auto istripuetan hildakoen aurpegirik eman behar. Duintasuna datorkigu aho betera, familia, sentiberatasuna. Baina Europara pateran hotzez ebakita iritsitakoena bai? Egon liteke artea batean eta morbositate gaixoa bestean? Eman dezagun ez gaudela Parisen, Paris Txikin baizik, eta argazkikoa, ume beltza beharrean, auto kontzesionario bateko zuzendaria dela. Argitaratuko litzateke? Gau erdian, oinutsik eta galtzontzilotan, begiak izu koloreko?

        Parisko erabakien zain egoteke, behartuta gaude argazkiez mintzatzera. Kasuak aurreikusi, duintasuna noiz urratzen den ebatzi, zorrozten joan, azken batean, irudien gaineko sistema morala adostu ahal izateko. Hori baita, azken beltzean, hedabide bat, sistema morala. Gidaria mendibide ezezagun batean nola, hala moldatu behar du kazetariak eguneroko martxak dakarzkion bihurguneetara, gutxien espero duenean baitu luizia errepide erdira etorria.

        Gutxien espero duenean, hortxe. Ekuadorko gertaerak direla-eta, aipatu gabe utzi ez den terminoa izan da indigenena. Hedabide gehienek ekarri dituzte albisteetara, inork gutxik azaldu badigu ere, benetan, zer gertatu zen Gutierrezekin. Asteazkenean, interesgarri zetorren Berria. Bi orrialde bete Ekuadorren gainean. Tartean, Luis Macas-i elkarrizketa: «Presidentea traidorea da indigenekin adostutakoa alboratu duelako». Conaie Ekuadorko Nazio Indigenen Konfederazioko presidentea da Macas. Berak darabil indigena hitza, entzundakoa jaso baino ez du egiten kazetariak.

        Indigenen gaiaz aski ardura erakutsi duen egunkaria da Berria, uste honetan bizi naiz behintzat. Apirilaren 3an, Amnesty International-ek Lularen gobernuaren kontra egin salaketaren berri ematen zuen: «Indigenak arriskuan». Martxoaren 30ean, Argentinakoak izan ziren albiste, gasa ateratzeko enpresek lurra kutsatzen ari zirela-eta. Martxoaren 23an, AEBetako Minnesotakoak, otsailaren 15ean Alaskakoak, eta 13an, maputxeak. 2004ko azaroaren 13an, Mexikokoak, eta 3an, Botswanakoak... Hemengo edo hango, guztiak indigena, oro senide. Hondamendiak berdintzen ditu, antza, hitzaren motzean.

        Kontua horixe da, hain zuen. Indigenismoa, hatz muturretan eramandako gaia izanik ere, zer den sarritan, aparteko karpeta bat besterik. Alegia, indigena ez da berez ezer, ezta pertsona ere. Antz handiagoa du Amazoniako oihanarena, Antartikako izotz geruzarena edota Txinako pandarena. Indigenez ari garelarik ez gara politikaz ari, antropologiaz baizik. Ekuador gauza bat da eta indigenak bestea, abantzu Ekuador guztia indigena den arren. Eta horrela, argi-itzalez eta errukiz jantzitako mundu baten aldeko solidario bihurtzen gara. Maite ditugu, baina ez dira gu. Ezin dute gu izan: sistema bihurtzen baditugu, akabo mundua ulertzeko gure logika kartesiarra. Horregatik ditugu objektu, eta ez subjektu. Denontzat errazago horrela.

        Guk geuk jakin beharko genuke zerbait honetaz. Bizi izan «gaituzte» koadro kostunbristetan, Albert Camus-ek bere eleberrietan arabiarrak bezalaxe. Horixe da Edward W. Said-ek barkatzen ez diona: «Izurria eta Arrotza-ko arabiarrak Camusek azterkatutako europar metafisika miragarri horretako izaki anonimoak baino ez dira, atzeko oihal legez erabiltzen direnak».

        Ez Parisko haurraren argazkiak ez indigenarenak, ez du konponbide errazik. Zerbait ikusi, ikusten dugu, koherentziara ezin ekarri dugun halako laino bat. Euri zirina Chiapasen bezain zarratu datorkigularik, bidean elkarren ondoan datozen bi irudi eurizko dira.

        Gu ez diren irudi bi. The Others.

(2005-04-24)