Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Periferiak

 

Periferia hiria biltzen duen inguru habitatua da, nolabait esateko, ziutatearen alderdi amaitugabea. Gero, arlo semantikoa zabaldu eta kolonia hitzari itsusiegi iritzita, periferia metropolia ez den lurralde hori guztia ere bada. Eta hala, elkarrekin zerikusi zuzenik ez duen lurralde multzo hori da periferia, metropoliarekiko baino ez diren eremuak, deszibilizazioa. Beste era batera esateko: gu izan behar duzue baina ez zarete gu.

        Mendeetan, periferiaz egon den ustea, ondikotz, aski unibertsala izan da. Kabalekin etzaten ginela dioen Aymeric Picaud-en kroniketarik Sanchez Albornoz-en teoria historizistetara, erromanizazioa, hispanitatea eta kultura ulertzeko hari bera. Maiz, metropoliaren hizkuntzan ez mintzatzea izan da periferikoa menostearen arrazoi nagusia.

        Bretainian, eraman ezina zaie gure idazle jantziei frantsesez ulertu ezin izana. Gugatik esan dituztenak esango dituzte Armoricako biztanleengatik ere. Prosper Merimee-k, bere onetik aterata 1835ean: «Deabruak asmatutako hizkuntza hau! Lavarèt din pélèc'h azo unenbennak ago zéfé gâllec? Hona hemen, eztarria urratuta esaten ikasi dudan guztia: esadazu, non aurki dezaket frantsesez egiten duen norbait?». Gustave Flaubert-ek eta Maxime Du Camp-ek, hamar bat urte geroago Pointe du Raz-en: «Hemen gaude, elkarri begira, erdi irribarretsu, erdi haserre, inork ulertzen ez gaituela, samien edo algonkinen artean baino galduago». Guy de Maupassant-ek, 1882an: «Herriz herri astebete pasa, eta ez da frantsesez hitz bakar bat dakien inor».

        Nola ez dira haserretuko, Frantzian egon eta Bretainian ez bada frantsesik!

        Eta periferiaren estereotipoak, halaxe dira hedatzen, kulturaren bidez beti. Galegoak ere ez dira libratuko espainiarren urrezko lumen gutxiespenetik. Gracian-ek: «Gizajo bat ikusi eta galego bat ikusten da». Lope de Vega-k: «Ez zakur beltzik eta ez morroi galegorik». Tirso de Molina-k: «Atsotitzari erreparatu: 'lehenago moro galego baino'». Eta eman diezaion agurra Estebanillo Gonzalez-ek: «Lehenago puto, galego baino».

        Galego, irlandar, korsikar... osoro bete daiteke kazeta hau, burutik burura, antzerakoez. Gero, denborarekin, gauzak sano gozotu dira, itxuraz. Beste garai batzuk bizi ditugu, beste sentsibilitate bat dago, polit geratzen da, «diferentziarekiko». Irainak luma barnean gorde dira, baina arazoa ez da funtsean konpondu. Periferia urrun dago beti. Baita Katalunia ere, katalanez den bitartean.

        Lehengo astean gertatu da. Har dezagun «batere susmagarria» ez den egunkari bat, sortu zela mende eta laurden betetzen dela-eta, Espainiako errege-erreginak ere gonbidatzen dituena ekitaldi ofizialetara. Hala eman zuen albistea La Vanguardia-k berak: «Antes de asistir a la cena, los Reyes, junto con el editor Javier Godó y el director José Antich, entre otras personalidades, visitaron en el Centre de Cultura Contemporània la exposición 'El pols dels dies. 125 anys de La Vanguardia'».

        Bartzelonako La Vanguardia, ez dugu esan, baina Què fem gehigarria izan ezik, gazteleraz ateratzen da osorik. Uler dezagun keinu gisa, bada, erakusketa katalanez bataiatu izana. Periferiena zer egoeratan dagoen, teorian hauekiko sentsibilitate handiena duen egunkarian irakurtzen dugu. El País-ek honela eman zuen albistea: «Los 125 años de historia de 'La Vanguardia' sirven al Centro de Cultura Contemporánea de Barcelona (CCCB) para repasar más de un siglo de ejercicio del periodismo a través de la exposición 'El polvo de los días. 125 años de La Vanguardia', inaugurada anoche por los Reyes, que presidieron, acompañados por el editor Javier Godó y los duques de Palma, la cena de aniversario del diario».

        Itzulpen okerrak, el pols, hots, pultsua, la pols bihurtu du, hautsa. Katalanetik gaztelerara hori. Txikikeria dela? Bai, noski. Hala litzateke bakarra balitz, baina zoritxarrez, norma da periferiako hizkuntzetan idatzia dagoena edonola ematea. Handik hiru egunera, hilaren 24an, eta El País-etik atera gabe, berriro: «El folleto que está repartiendo la Generalitat, titulado 'Nou Estatut d'ara endavant'... (Nuestro Estatuto de ahora en adelante)».

        Susmoa, mortala da: katalanarekin hau gertatzen bada, zer ez ote da gertatuko besteekin? Eta galdera gisa, ez dago gaizki: zer ematen digute jaten? Zerri pentsua. Ahoa zabal dugula koilarari eusten dion eskuari begira-begira egon beharra, besterik ez. Baina gogo-zaputz joan ez zaitezen, eta zerriak agertu direnez, hona beste ale bat, periferian zer egiten dugun ikusita, irribarrea behintzat ebats dakizun.

        1999an, Joseba Tapia eta Koldo Izagirre Apoaren edertasuna lana herriz herri ematen ari zirela, artikulu hau sinatu zuen Javier Urrozek El Mundo-n: «Apoaren edertasuna (La belleza del verraco) es un trabajo original de diversos autores que esta tarde presentan en el Koldo Mitxelena (...) Un formato que engloba las historias creadas por Koldo Izaguirre (sic) con un cerdo como protagonista, musicada por Joseba Tapia y la triki como paisaje musical al universo cerdil y los dibujos y el diseño de Pablo Galarraga. Las mezclas de narraciones y la música de Joseba Tapia mestizan —palabra de moda— en una original función los sentimientos con la triki para darnos diferentes visiones de nuestro entorno desde las historias que el verraco protagoniza».

        Orrialde laurdena betetzen duen kritika argia da, zorrotza, jantzia. Diskoa ulertzeko giltzak ematen ditu, modako kontzeptuekin: mestizajea, ikuspegi diferenteak. Apara egiten du, bete-betean asmatzen du Urrozen begi zoliak. Zaldartxo bat izatea. Tapiaren eta Izagirreren apoa ez da txerrikortako ordotsa, putzuetako zapoa baizik. Hiztegia dantzatuta itzuli zuen titulua kazetariak, eta hala asmatu guztia. Agerian geratu da: ez zuen aurkezten zuen lana ikusi. Areago, ezta diskoa bera ere, zapoaren marrazki eder bat azalean.

        Baina beti dago azalpenik metropolian behatuz gero: «El universo cerdil» bizi-bizi zegoen garai hartan. Marie Darrieussecq baionarraren Ahardikeriak eleberriaren itzala luzea zen, eta zer esanik ez Raymond Cousse-ren Zerria antzezlanarekin Juan Echanove lortzen ari zena. Esan beharrik ez dago. Hurrengo egunetan ez zen zuzenketarik egin. Zertarako, periferian ozala eta basa bada nagusi, gorotz-lokatzez baditugu begi-belarriak.

        Eta irri eta mirri gabiltzanez, edan dezagun etxekotik. Asteartean: «Vatikanoak eritasun kasuetan kondoia nola erabili arautuko du idatzi batean». Ostiralean, Ternuara doazen arraunlariez, beste perla batzuen artean: «XVI. mendean pizzarik eta antzekorik ez zegoenez, tokian-tokian ehizatzen dutenarekin konpondu beharko dute zazpi tripulatzaileak». Eta atzokoan: «Bermeon 3 gizon atzeman dituzte baimen barik lurra hartzen saiatu direnean». Metropoliak basa deitzen digunean, seguru ez dela egia? Homologatu, zertan, zerrien unibertsoan?

        Eta nahiago nuke hizkuntzarena bakarrik balitz.

(2006-04-30)