Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Gerra klandestinoa

 

Aurreko urteetan iheslarien eta ezker abertzaleko militanteen aurka kalean erabilitako «tresna baliagarriak» kartzeletara txertatzen saiatu ziren berriz 1990-1992ko tartean. Egia da lehenago ere ezagun zirela preso arruntak preso politikoen aurka xaxatzeko kartzeletako arduradunen beste ahalegin batzuk, bai 36-39ko gerrako presoen garaian, eta baita 60ko hamarkadan eta ondorengo urteetan ere. Oraingoan ordea, era antolatuagoan egin zuten zenbait preso arrunt euskal presoei erasotzera bultzatzeko saioa. Kondenak arintzea edo bestelako mesedeak eskaini zizkieten euskal preso politiko jakin batzuk hiltzearren.

        Honela dio Luis Rivas Davila presoak:

        «1990eko abenduaren 21ean Alcala Mecotik irtetean, lau guardia sartu zitzaizkidan: Valeriano deitzen den zerbitzuburua, Miguel deitzen den funtzionario bat, Isidoro izena duen eta gaitzizenez Estefania den funtzionarioa, eta Julian Manuel Hernandez Huarte funtzionarioa. Guztiak ere guardian zeuden egun horretan, eta hauek izen ziren beren hitzak:

        «— Tontoa zara, Davila; hainbeste borroka, ezer ere ez lortzeko. Guk lagun diezazukegu zuk DGIPekin (Dirección General de Instituciones Peninteciarias) kolaboratzen baduzu.

        «Bahiketaren bat egin nahi nuenean, giltzak eurek emango zizkidatela esan zidaten, Erakundean eraginkorrenak ziren ETAko presoak hiltzeko baldintzarekin. Niri ez zitzaidala ezer gertatuko, eta DGIPek emango zidala eskatzen nuen guztia. ETAkoak kaleratu egingo zituztela, eta arruntak ez.

        «Uko egin nien, esanez nik ez nuela egundo GALeko talderik osatuko. Pentsa nezala esan zidaten; ados banintzen abisatzeko Herrerako zuzendariari (Jesus Rey Requillo).

        «Neure bizia arriskuan ikusten dut eta hau publiko egitea nahi nuke. Nik ez dut egundo neure burua urkatu edo antzekorik egingo, eta are gutxiago hori. Inoiz ez nioke ETAko inori minik egingo.

        «Kontuz ibili, GALeko taldeak sortu nahi dituzte kartzeletan. Gurekin ezin izan dute, baina jende asko dago egingo lukeena».

        Herreran, Valladoliden eta Badajozen dauden APREko (Asociación de Presos en Régimen Especial) presoek ere salatuko dute Rivas Davilak salatzen duen arriskua: «Preso talde bat preso guztien ahotsa dela esanez, ETAko presoen aurka mehatxuak aldarrikatzen ari da».

        Manuel Cabello Martinez presoak 91/08/04an Puerton sinatutako idatzian, honela dio: «Estatu espainiarreko suntsipen kartzeletan dauden ETAko preso ezagunenen biziaren aurka erasotzeko erabili nahi gaituzte.

        «Ekainaren erdi aldean ginen Jose Ocaña deituriko departamentuburua etorri zitzaidanean ziegara. Kontu delikatu batez nirekin hitz egin nahi duela esaten dit, zerbait gertatuz gero kostu politiko handia ordainduko lukeela Estatuak, eta horregatik dela kontu handiz tratatu beharreko gauza.

        «Esaten dit kaka honetatik lehenbailehen ateratzea dela egin dezakedan onena, hemen hil nahi ez badut, baina, jakina, gauza guztiek dutela beren prezioa, eta nire askatasunarena, aukeratutako pertsona bati etorkizuna kentzea dela...

        «Helburua Henri Parot dela esaten dit; egun gutxi barru bigarren fasera pasako dutela gauzak errazteko, eta uztailaren lehen hamabostaldian egin behar dudala. Pakete bat ematen dit labana bat eta moduluko giltzarekin.

        «Uztaila iristen da... Tentsio egoerak sortzen hasten dira. Giroa berotzen hasten dira kartzeleroak, patioko txanda berean ateratzen dituzte preso aurkariak: motina probokatzen ari dira...».

        Modu honetako salaketak izan ziren gehiago ere, eta pentsatzekoa da horrelako proposamenak jaso zituzten batzuek isilik gordeko zutela. Gisako tratu proposamenak salatzea ez baita dohainik izaten kartzeletan.

        Beste kasu batzuetan kartzeleroek proposatutakoa presoren batzuek onartu egin zutela agerian dago. Iñaki de Juanari eraso larria egin zion preso batek Alcala Mecoko kartzelan; beste horrenbeste gertatu zitzaion Juantxo Lasa Txikierdi-ri Frantzian preso zegoela...

        Aspalditik datorren pentsamolde eta jokabide baten emaitzak dira. «ETAren berezitasunak, erakundearen aurkako errepresio etengabea eskatzen du Estatu arrazoiengatik, eta kartzela barruan eta kanpoan egin behar da errepresio hori». Martin Villa Barne ministro espainiarrak 1980an egindako hitz horien lagun eta indargarri hartu daitezke urte berean EAJko senatari zen Julio Jauregik egin zituen adierazpenok: «Gerra iraultzaile marxista-leninista bat dago Euskal Herrian; gerra klandestinoa da, Estatuak Estatutik zuzendutako beste gerra klandestino batekin soilik borrokatu daitekeena».