Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Itunak: lankidetza ilunak

 

PSOEren eta EAJren arteko elkarlana eta adiskidantza ituna burutu aurretik ere nabarmena zen arren (Jaurlaritzak eta bere Ertzaintzak, erreintserzio politika bultzatuz, eta PSOErekiko eta GAL erakunde parapoliziarekiko izan zuten jokabidea dago horren erakusgarri), 1985ean sinatu zuten Gasteizen agintealdirako gobernu ituna. Zeinuak berritzeko garaia ere heldu zen nonbait. Negoziazioetan ari ziren bitartean, piperpotoa ipini zuten Ajuria Eneko balkoian.

        «Euskadiko elkarbizitzaren normalizazioa errazteko, beharrezkoa da bortxakeriaren erabilpena baztertzen dutenentzat bergizarteratze neurriak sakontzea», euskaratu dugu puntu batean itun berriak erdaraz zioena. Etekin paregabeak emango zituen itun berriak.

        1985ean zehar 1.200 pertsona inguru atxilotu zituzten. Azaroan, Mikel Zabalza orbaiztarra atxilotu eta, Intxaurrondoko kuartelera eraman ondoren, Endarlatsa inguruan ihes egin ziela esan zuen Guardia Zibilak. Handik egun batzuetara eskuak atzean lotuta eta hilik agertu zen Bidasoako uretan. Ondorioz izan ziren protesta eta tortura susmo nabarmenen gainetik pitzadurarik gabe eutsi zion EAJren eta PSOEren arteko itunak. Iparraldean 10 pertsona hil zituen GALek; Alcalako kartzelan bere buruaz beste egin zuen Jose Ramon Goikoetxea presoak... baina gobernu itunak sendo eutsi zion elkarlanari.

        Bi pertsona hil zituen GALek 1986an, baigorriarra bata eta paristarra bestea. 1987an errefuxiatu bat hil zuen Hendaian GALek. Kartzelei dagokienez, Joseba Retolaza eibartarra hil zen, gaixotasun larri batekin kaleratu ondoren. Herreran, ikusi dugunez, Joseba Asensio tuberkulosiaz hil zen 1986an, 1988ko martxoan bere buruaz beste egin zuen Mikel Lopetegik, eta ekainean Juan Karlos Alberdi Krakas bihotzekoak emanda hil zen.

        1985a amaitzerako 370 badira euskal preso politikoak, Herrera, Alcala, Carabanchel eta Langraitzen banatuta.1988an, sakabanaketa orokor egin zenean, bostehun eta hirurogeita hamar inguru ziren, hogeitik gora kartzeletan sakabanatuak. Urtarrilean sinatu zuten Ajuria Eneko ituna.

        Orduko kontu horiek entzun, ordukoaz idatzitako gogoeta eta apunte maiztuak irakurriz isilik sumatzen dut Mario nire ondoan batzuetan, pentsakor, bestek bizi izandakoa eta berari egokitu zaiona mataza berean bereizi nahian bezala. Imajina dezaket haren ziegako leihotik ikusten den ortzi puska.