Errotarria
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
azala: Vincent van Gogh
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2000, kronika
Errotarria
2006, kronika
208 orrialde
84-95511-85-1
aurkibidea
 

 

Egun batzuetarako ustean

 

Ebakuazio eremu eta udaleku urrunenetan ere andereñoak, elizgizonak, arduradunak bazirenez, etxeko ohiturei eusten ahalegindu ziren kolonia haietan (eskolak, euskal dantzak, erlijioa...), gerraren oldarrak erroak suntsi ez ziezazkien. Urruti bizi beharrak, hala ere, nahitaezkoa izango du nolabaiteko deserrotzea.

        «Arreba eta biok 1937ko maiatzaren 21ean atera gintuzten La Habana itsasontzian» dio Ernesto Grijalbok, orduan hamalau urte zituenak. «4.000 ume joan ginen, gurasorik eta nagusirik gabe». Ingalaterrako Southamptongo portutik gertu egon ziren pilatuta uda hasiera hartan. «Beti kolonietan egon ginen, ez ziguten familietan egoten utzi, beti udalekuetan. Futbolean jolasten ginen, eta antzerkia egiten genuen herriz herri dirua ateratzeko». Ernestok bi urte egin zituen Londresen. «Nik ez nuen itzuli nahi; konbentzitu egin ninduten, diru laguntzetatik bizi ginelako. Gure aita preso egon zen Donostiako Infernuan, gero Extremadurako herri batera desterratu zuten... Hori abisatu izan balidate Ingalaterran geratuko nintzatekeen».

        Egun batzuetarako ustean irten etxetik eta hogei urtera arte luzatu zen Sobietar Batasunera joan ziren umeen erbestealdia: «Bakoitzak nahi zuen tokira eman zezakeen izena, baina Ingalaterra eta Frantzia lehenago bete zirenez, Errusia geratu zen», dio Alberto Lizarraldek. «Gerra amaitu arte joango ginelako ideiarekin irten genuen arratsalde hartan etxetik» esaten du Jose Okamikak. Hamar eta hamaika urte zeuzkaten ebakuatu zituztenean. Sobietar Batasunean taldeka banatu zituzten: Okamika Odessara, Ukrainara; Lizarralde Pravdara... Heziketa gaztelaniaz jaso zuten, espainiar haurrekin batera, eta euskara galdu egin zuten hara joandako gehienek.

        Itzultzeko orduan, bi urteko epea eskaini zitzaien, jaioterrira moldatu ezean ostera Sobietar Batasunera bueltatzeko. Halaxe egin zuten batzuek. Hogei urteko tartea betetzeko gehiegizko zuloa izango da umetan joandakoentzat.

        Haurrak leku guztietan izaten dira gerrako bahituri, truke edo erabilpen ankerretarako gai preziatu. Naziek ere, arraza garbiaren paranoia hartan, Polonian-eta bahitzen zituzten haurrak, germaniartzeko. Izen-abizenak alemaniar erara moldatu eta guraso alemanei entregatzen zizkieten; polonieraz hitz egitea debekatu eta alemanez hitz egitera behartu. Bigarren Mundu Gerraren ostean haur haiek euren etxeetara itzuli zirenean, gurasoekiko atxikimendu eta maitasunik eza aitortzen dute. Guraso-orde alemaniarrek ondo tratatzen zituztela diote gaur zahartuak dauden orduko haurrek.

        Euskal Herritik ebakuatu zituzten haur gehienek ere onartzen dute adoptatu zituzten guraso-ordeek ongi hartu zituztela, benetako guraso bezala maite izan zituztela, baita egoera larriak jasan behar izan zituztenean ere. Gerra amaitu ondoren etxera itzuli ziren haietako asko, baina gauzarik ederrena behar lukeena, gertaera mikatza da hainbaten oroimenean.

        Kepa Larrea Garai hamabost urterekin eraman zuten Donibane Garazira. «Frantziako Armadak gotorlekua behar zuelako beste kolonietara eraman gintuen. Ni Cagnottera, beste batzuk Donibane Lohizunera. Zenbaitek Ameriketara jo zuten. Gutxira, etxeko bidea hartu behar izan genuen. Mugara iritsi ginelarik, nire bizitzako tristura handiena izan nuen; andere falangista batek Gurutze Santuarena egitea eskatu zigun; gu euskaraz hasi ginenean, bera oihuka hasi zen, ez zuela ulertzen! Guk egunero jaunartzea eta «aitarena» egin behar! Irunen sartu eta... hor zegoen kalapita, zikinkeria... izugarria zen. Gero ogi beltza eta ogi beltza, besterik ez. Garazin jaten genuen ogiarekin alderatuta... Sondikara helduta, berdintsu: etxeak botata, dena suntsituta. Ikaragarria zen. Badut lagun bat, berriro Frantziara itzuli zena. Egundoko txokea izan genuen».