Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
1987, antzerkia
112 orrialde
84-398-5686-5
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
2002, narrazioak
1992, ipuinak
 

 

1. EKITALDIA

 

 

I. agerraldia

 

(Musika alaia entzuten da, martzial samarra, hala nola Marseilesa, Internazionala, USAko himnoa eta antzekoak; isilduz doa eta irratiko berriemalea entzungo dugu, ohizko albistarien gisan).

 

OFF: Gobernuburu berriak erabakia du nor izango den hauteskundeetatik sortuko den bere lehen gobernu honetako kultur ministraria; oraindik haren izena aditzera eman ez badu ere, gaur arratsean jakin eraziko zaie komunikabide guztiei; aldez aurretik esan dezakegu iturri fidagarriek diotenez kultur ministrari berria kultur munduan eskarmentu haundikoa dugula, kulturaren alor zenbaitetan luzaro aritutakoa eta hainbat eta hainbat idazle, musikari, pintore, zinemagile, eskultore, aktore eta abarrekoak lagun dituena; beraz ez dago dudarik kulturaren inguruan mugitzen diren guztiak zorionekoak direla gaurkoan, beren kezka, amets, asmo eta helburuekin bat egiten jakin eta horixe bera nahi duen ministraria topatuko baitute gobernu berrian....

 

(Iratiaren abotsa apalduz doa eta berriz ere entzungo dugu jai giroko musika ozen eta martzial samar hori. Hau ere apalduz joango da, oihala zabaldu eta eskenategia argituz doan neurrian. Oso dekoratu gutxi behar da, ia hutsik ageri baita: zenbait tresna eta ofizinetako gai han hemenka sakabanaturik; paretetan turismoko edo kultur ekitaldi batzutako txartel eta iragarkiak. Bi langile sartzen dira, txistuka, eskilarak, kableak, mailuak eta bestelako tresneria daramate; buzoz jantzita, zigarroa ezpainetan, lanerako asmotan datoz baina patxaran, presarik gabe, berriketan ari diren bitartean).

 

B (LANGILEA): Hau al duk konpondu behar duguna?

A (LANGILEA): Konpondu edo, txukundu egin behar behintzat.

B (LANGILEA): Ez zegok lan makala. Hau duk kuxidadea hau. (Erreminta kaxa gainean eseriz).

A (LANGILEA): (Hau ere eseri eta zigarroa piztuz). Gero etorriko dituk señorito horiek eta dena pronto, garbi eta txukun nahiko diate gainera!

B (LANGILEA): Txukuntzea asko diate haiek. Ez dituk berehala hasiko, ez!

A (LANGILEA): Eskuak zikintzeko bildurra diate nonbait.

A (LANGILEA): (Ixilune baten ondoren). Ta, zein diagu despatxo honen inkilino berria?

B (LANGILEA): Ez zekiat ba. Harako ez dakit ze ministro edo arraio.

A (LANGILEA): Horiek bizi dituk horiek! Ni ere jarriko nintzateke siloi zabal horretan (besaulkian eseriz), jantzi antiajuak, jarri betoskoa eta hala! a despachar asuntos! (euskal doinuaz)

B (LANGILEA): (pantomimaz) Ministro jauna, berorrek badaki ondo asko nolako estuasunean nagoen eta eskatu nahi nioke arren gehiegikeria ez bada...

A (LANGILEA): (besteari jarraiki) Alde hemendik, alfer zikina! Hurrengoa!

B (LANGILEA): (beste ahots batez) Mesedez jauna, bost seme-alabaren aita nauzu eta ez dut haientzako ogirik eta horregatik...

A (LANGILEA): (bultzaka eta oldarka) Fuera nere begi bistatik alproja alaena. Ez diozue bati lasai lan egiten uzten, fu!

B (LANGILEA): (emakume baten trazak hartuz) Egunon ministro jauna; hemen dakarzkizut zuk eskatutako informeak. Ui! (markurtuz) zein korbata polita!

A (LANGILEA): (estiki, txantxetako xerak eginez) Zu bezalakoxea, poxpolina nerea. Hau sekretaria efizientea! Zatoz hona eta hitz egingo dinagu soldata igoeraren gainean.

B (LANGILEA): Zure gainean?

A (LANGILEA): Bai horixe!

 

(Une horretantxe sartzen da IDAZKARIA, haserre antzean).

 

IDAZKARIA: Zertan ari zarete hor, alfer halakoak? Altxa itzazue berehalakoan zuen ipurdiak hortik neronek emango dizkizuet bestela eta, ipurdiko galantak.

A (LANGILEA): Barkatu, señorita, zera...

IDAZKARIA: Ez etorri neri zera eta zera ondokoekin. Gela honek listo egon behar du hemendik ordubetera, kultur ministrari jaunak bere sarrerako hitzaldia egin dezan. Zuena izango da erantzukizuna den dena prest ez badago, eta larrutik pagatuko duzue ezer gaizki ateratzen bada. (Jiratu eta badoa).

A (LANGILEA): Gozoa jarri duk señorita... Jodo!

B (LANGILEA): Atso muturbeltza halakoa! Redios. Horrek zeuzkak biboteak, horrek dauzkanez.

A (LANGILEA): Bueno ba, lanean hasi beharko diagu! (imintzioz) Kultur ministrari jaunak bere hitzaldia egin dezan. (normalki) Hitz egin bai, hori behintzat egongo diate gogotik, besterik ez bada ere.

 

(Lanean hasten dira: traste zaharrak baztertu, hitz egiteko tribuna moduko bat ipini, mikrofonoak eta fokoak ezarri, bazterrak txukundu, eskobatu eta beste hainbat xehetasun, beti ere hitz egiteari jarraikiz eta noizbehinkako atsedenaldietan geldituz; mailu hotsa eta egingo dute; hizketaldiak etenaz kantaren bat txistuka edo marmaka abestu...).

 

B (LANGILEA): Ta guk bitartean, lana. Lan eta lan, beti lan. Lau urtetik behin gainera gauza bera gertatzen duk. Elezioak etorri eta katapun! Lehen Santo Kristo zela uste zuena hor zihoak popatik hartzena.

A (LANGILEA): Baita berri bat harro asko sartu ere. Gero eta haundi uste gehiago dutela ematen dik gainena.

B (LANGILEA): Ta, lehenaz gainera atso maripurtzil hori bezalakoak etorriko zaizkik, hemen bere etxean dabiltzala uste dutenetakoak. Hamaika ikusteko jaioak gaituk, eta hamaika sufritzeko. Badakik, guk kulturatik ez dugula eta, lanean aritu behar.

A (LANGILEA): Bai, eta ezin kejatu gainera, orain datozenek lanik ere ez dute izango eta. Gure Ferminek ere, ez zekiat zer egingo duen: eskolan parregarri zebilek; maistrak behin baino gehiagotan deitu izan ziguk, hola segituz gero bota egin beharko dutela. Nik esaten zioat horratio, Fermin! mundu honetan aurrera egiteko kultura behar dela, kultura!. Baina hark kasurik ere ez zidak egiten bere musika eta komeria horiekin.

B (LANGILEA): Badakik, gaurko gazteak...

A (LANGILEA): Txatxu alaenak! Dena eginda eman eta aprobetxatzen jakin ez. Manodura behar diate horiek, manodura.

B (LANGILEA): Horrenbesterako ere ez duk gero, eh!

A (LANGILEA): Bai; hi ere gaztea haiz oraindik eta defenditu egiten dituk; baina gu bezala bizi izan bazinete! Guk ez genian izan holako aukerarik. Hamalau urterekin hasi ninduan lanean ni, hamalau urterekin! Beharko gainera, etxean ere ogia sartu beharra zegoan eta. Orain berriz, droga dela, neskak direla, musika dela, alferkeria ederrean bizi dituk horiek. Nahiko nuke nik ere, nahiko nukeenez!

B (LANGILEA): Kristorenak bota eta azkenean inbiria besterik ez al zaik geratu? He, he, he.

 

(Lana buhatuz doaz eta beren erreminta eta lanabesak gordetzen hasiko dira).

 

B (LANGILEA): Bueno ba! Hau behintzat eginda zegok. Elegante utzi diagu gainera. Ez dituk kejatuko gero!

A (LANGILEA): Emango nioke nik ere galanta aurreko atso txepel horri, alajainkoa!

 

(Badoaz hizketan; eskenategia ilunxeago geratzen da).

 

 

II. agerraldia

 

(Argi gehixeago; kultur MINISTRARI Jauna eta IDAZKARIA sartzen dira).

 

IDAZKARIA: Sikiera ere! Egin dute azkenik bere lana alproja zikin horiek. Ez da horren gaizki geratu. (behatzez tribuna-pulpitoan hautsik badagoen egiaztatzen du; poltsotik zapitxo bat atera eta azken pasara egiten dio) hara bada. Ministrari jauna, ia dena prest dago, nahi duzunean hasteko; telebistakoak bakarrik falta dira. Errepasatuko al dugu piska bat diskurtsoa?

MINISTRARIA: (urduri samar) Bueno ba; honez gero ia ia buruz ikasia dut, baina beste behin entsaiatuko dugu, hala nahi baduzu.

IDAZKARIA: Txaloak eta egin behar ditugun uneak zehaztuko ditugu.

 

(TEKNIKARIAK sartzen dira: A (teknikaria) mikrofonoek funtzionatzen duten egiaztatzen arituko da eta B (teknikaria)-k Telebistako kamarak instalatuko ditu. Hauek lanean ari diren bitartean IDAZKARIAK eta MINISTRARIAK ahapeka hitz egiten dute, diskurtsoa idatzita dagoen paperei begira, hari buruzko xehetasunez eztabaidan, zenbait pasarte errezitatuz eta txaloak entsaiatuz)

 

MINISTRARIA: Esate batera, estraineko txaloak hementxe izan daitezke: nik zera esaten dudanean «baina ni aukeratu nautenez, ene apaltasunetik zin degizuet ahal dudan guztia egingo dudala gure kultur ondarea zabaltzeko lanean». Orduan zuk plas, plas, plas, egin eta...

IDAZKARIA: Ez baina, zera, nere ustez egokiago litzateke geroxeago egitea txaloak: begira, hemen, beti izango baitituzte ateak zabalik esatean.

MINISTRARIA: Aber,aber: «Ez dut sekulan ideologiarengatiko bazterketarik egingo, etxe honetan benetako kultura hedatu nahi dutenek beti izango baitituzte ateak zabalik» (plas, plas, plas, plas) Bai, bale, ez da gaizki geratzen. Eta gero hemen? «Zuekiko elkarlanean saiatuko den lankidea baizik» esaten dudanean?

IDAZKARIA: Bai, ondo dago, baina aurrekoa gertuegi du. Hobe beharbada hor baso bat ur edaten baduzu.

MINISTRARIA: Konforme (paperean apuntatuz) Hor, baso bat... ur.

IDAZKARIA: Hurrengo txaloak Europarena aitatzean egingo ditugu. Europa beti izan da gai erakargarria.

MINISTRARIA: Bai, bai, ea nola geratzen den: «eta munduan barrena egiten diren aurrenapenetan ezin gaitezke atzean gera, gu ere Europa baikara»

IDAZKARIA: Hor doaz txaloak. Eta gero, «gure kultura aurrerabidean jartzeko» esaterakoan beste ur tragoskada bat edan zenezake.

MINISTRARIA: Ederki, ederki. (apuntatuz) Aurrerabidean jartzeko... ur tragoskada. Eta hurrena, horko zerean, «kulturaren alorrean mugitzen zareten bestelako langile guztiak» esaten dudanean izan daitezke txaloak.

IDAZKARIA: Beharbada bai, baina txalo txiki batzu besterik ez, askozez esaldi biribilagoa baita ondokoa, arnasaren hori.

MINISTRARIA: Aber, utzi ikusten... «kultura herrikoia zuzpertu beharra dago, eta orain dagoen zulo horretatik atera, (ozenki oso) kultura herriaren arnasa baita!»

 

(Teknikariek txalo egiten dute beren lana utzita, eta MINISTRARIAk eskerrak ematen dizkie, kokildu samartuta eta keinuka)

 

IDAZKARIA: Segi dezagun aurrera. Geroxeago artistak aitatu behar dituzu.

MINISTRARIA: Bai, hemen: «artistak baitira herriaren arima».

IDAZKARIA: Bueno ba hor, txalo batzu izango dira baina zuk ixil eraziko bazenitu bezala egin beharko duzu eta atzetik datorren esaldian etorriko dira benetako txaloak.

MINISTRARIA: Non, non?

IDAZKARIA: Hemen, begira: sentikortasun berezi baten jabe...

MINISTRARIA: Bai, bai...«Sentikortasun berezi baten jabe diren gizon eta emakumeak», ezta?

IDAZKARIA: Holaxe; eta bidebatez azken zurrutada emango diozu basoari, diskurtsoaren azken ahapaldiarekin hasi aurretik. Eta bukaeran, txalo haundiak.

MINISTRARIA: Primeran; nik esango dut «gogora dezagun beste behin kultura dela herri bat irekiago, eskuzabalago, maitekorrago, bizigarriago eta batez ere zoriontsuago egiten duena».

 

(TEKNIKARIAk berriro hasten dira txalo zartaka, bukatua baitute lana)

 

IDAZKARIA: (MINISTRARIAri) Ondo dago, nahikoa dugula uste dut, zuk besterik ez badiozu. (TEKNIKARIEI) Eta zuek, zertan zarete? Bukatu al duzue lana?

A (TEKNIKARIA): Bai jauna; barkatu, andrea.

IDAZKARIA: Andeneño, ajola ez bazaizu. Eta bukatu baduzue, joan zaitezkete. Ala, ala! (badoaz) (MINISTRARIAri) Hasiko al gara?

MINISTRARIA: (Paperak hartu, aitaren egin, ispilu batean bere burari begiratu eta azken orduko apainketak egin ondoren). Bueno ba; ea dena ongi ateratzen zaigun.

IDAZKARIA: Lasai egon; ongi aterako da.

 

 

III. agerraldia

 

(MINISTRARIA pulpitora igo eta argiak erabat aldatzen dira: eskenategia argitzen zutenak itzali eta TEKNIKARI eta LANGILEEk instalatutakoak pizten dira, MINISTRARIA argituz, eta oso zeharka IDAZKARIA. MINISTRARIAk urruma egin eta ahots engolatu samarrez hasten da bere saioarekin. Txalo uneak datozenean ixilik geratuko da nabarmenegi, eta IDAZKARIAk aparailu bati eragingo dio, zeinaren bidez txaloak entzuten diren. A eta B (FOTOGRAFOAK) sartuko dira eta flashkadaka arituko dira argazkiak egiten).

 

MINISTRARIA: Jaun andereok, aldez aurretik, arratsaldeon guztioi; saiatuko naiz llabur izaten, ikusentzule zaituztedanok ez aspertzearren. Ni nauzue kultur ministrari berria.

      Gure gobernu buruak aukeratu nau eginkizun zail eta sarritan eskergaitz honetarako. Benetan diotsuet nere aldetik gustorago nengokeela etxeko sutondo epelean eta agintearen irrika eta goseak ez didala kilikarik egiten. Aitortu behar dizuet halaber, ez dudala inondik ere uste betebehar honetarako dagoen pertsonarik egokiena naizenik; bada gure herrian hamaika gizon eta emakume dudarik gabe nik baino prestakuntza osatuagoa, jakituria zabalagoa eta dohai haundiagoak dituztenak; baina ni aukeratu nautenez, ene apaltasunetik zin degizuet ahal dudan guztia egingo dudala gure kultur ondarea zabaltzeko lanean. Nigan beti izango duzue elkarrizketarako prest dagoen lagun bat; hori nahi nuke bederen. Ez dut sekulan ideologiarengatiko bazterketarik egingo, etxe honetan benetako kultura hedatu nahi dutenek beti izango baitituzte ateak zabalik. (txaloak) Ez nuke inoren nagusi izan nahi, zuekiko elkar lanean saiatuko den lankidea baizik. (baso bat ur edaten du; IDAZKARIAk berriro betetzen diona) Edozein projektu edo egitasmo bultzatzeko eta behar den diruaz hornitzeko asmo sendoa dugu, eta laguntza horiek erabakitzeko garaian erabiliko dugun erizpide bakarra aurkeztutako lanen kalitatea izango da; kalitatea, eta honekin batera gure herriaren sustraiekiko atxikimendua, ez baitugu inoiz eta inolaz ere gure lurra, gure herria ahaztu behar. Baina ez dezala inork pentsa iraganean, arbasoen garaiko lilurari lotuta eta aingira botata gaudenik, aurrera doan herria baikara; gure irudia, gure oraina eta errealitatea munduaren aurrean erakutsi behar ditugu, eta munduan barrena egiten diren aurrerapenetan ezin gaitezke atzean gera, gu ere Europa baikara (txaloak). Horregatik, kultura berriaren gizalegearen eta aurrerapenaren erakusgarri eta ispilu denez, ahaleginak egingo ditugu, eta ziur naiz zuek ere egingo dituzuela, gure kultura aurrerabidean jartzeko (ur tragoskada). Denok elkar hartuta abiatu behar dugu gure eginkizun honetan, praka bete lan baitago; horrexegatik zaituztegu beharrezko pintore, eskultore, idazle, zinegile, antzezle eta kulturaren alorrean mugitzen zareten bestelako langile guztiak (txaloak, baina gutxi). Kultura herrikoia zuzpertu beharra dago, eta orain dagoen zulo horretatik atera, kultura herriaren arnasa baita (txaloak). Gure artisten lana bultzatu beharrean gaude, ez daitezen izan beti mixerian eta eskean aritu behar izaten duten buhameak; artistak baitira herriaren arima, (txalo ixileraziak) gure nahi, irrika, atsekabe eta bizipozak arte bihurturik agertzen dakiten eta sentikortasun berezi baten jabe diren gizon eta emakumeak (txaloak eta ur zurruta). Bukatu egin behar dut, esaera zaharrak dioen legez hitzetan motz eta ekintzetan luze izan nahi bainuke; eta diskurtso baino gehiago zuentzako agur bero izan nahi lukeen honi amaiera emateko, gogora dezagun beste behin kultura dela herri bat irekiago, eskuzabalago, maitekorrago, bizigarriago eta batez ere zoriontsuago egiten duena. (txalo haundiak) Besterik ez; agur t'erdi (txaloak).

 

(Txalo artean eta hasierako musika berarekin, argiak apalduz doazela,

OIHALA)