Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
Kanpotarrak maisu - Kultur Ministrariak ez digu errukirik
1987, antzerkia
112 orrialde
84-398-5686-5
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
2002, narrazioak
1992, ipuinak
 

 

1. EKITALDIA

 

 

I. agerraldia

 

(Walinbania, Ertaroko balizko herri txiki bateko Gortean, ERREGE eta kontseilariak bildurik; ERREGE alde batetik bestera dabil pausu handiz, eta atzetik doazkio kapa eusten dion ezkutaria eta kontseilari arduratuak).

 

ERREGE: (beti tulipan bat duela eskuan). Ez, ez eta ez. Hau ez da posible, ezin da jasan.

TXORDON: Baina Maiestate....

ERREGE: Egoera honekin bukatu beharra dago: azkar, behingoz eta betiko. Baina nola liteke halakorik gertatzea? Ene, ene, ene....

TXORDON: Jauna, lasai bedi.

ERREGE: Maltzur alaenok, putre likitsok, lotsagabe madarikatuok...! Lasaitu? Nola lasaituko naiz bada, hirugarren aldia izan da eta aste honetan bertan?

 

 

II. agerraldia

 

(MEZULARI bat sartzen da albotik, goibel).

 

MEZULARIA: Maiestate Txit Gorena...

ERREGE: Zer?

MEZULARIA: Berri txar bat dakarkiot gure Jaun horri...

ERREGE: Ai ene oinok...!

MEZULARIA: Gaur goizean (guzti hauek esaten dituen bitartean ERREGE larri eta dardarka), Haramendiko herrixkan, inork usteko ez zuenean, bertan Maiestate horrek dauzkan tulipan lorategiak oro, txiki txiki eginda agertu dira.

TXORDON: Berriz!

ERREGE: Aaaaah! (oihu egin eta korderik gabe geratzen da; ezkutari eta kontseilariek lagundu egiten diote eta besoetatik helduta tronuraino daramate bertan eser erazten dutela)

ERREGE: (oso abots apalez mezulariari, honek entzuten ez duelarik) Hoa, hoa... (garraisiz) Joateko esan diat! (badoa)

 

 

III. agerraldia

 

ERREGE: (ahapeka, bere buruari mintzo balitzaio bezala, eta histeriko samar) Ai ene, zer egin didate, ai ene tulipanak, zerri maltzurrak! Ai Aritzetako Ama Birjina, ai San Mixel ezpatadunen patroia, ai Done Sebastian geziz josia, ai Don Sigmund konprenitu gabekoen laguntzaile eta sostengu, ai Ama Doloretakoa!....

TXORDON: Jauna, lasai bedi, arren.

TXERRAN: Ez da negar egitea gizasemeen itxura, are gutxiago erregeena, gure Ezelentzia.

TXARLOT: Maiestate, arrenkurak baino hobe, zerbait egingo bagenu.

ERREGE: (biztuz, eta aluzinatuta bezala) Bai, hori, zerbati egin behar dugu; datozela soldadu guztiak, jo dezatela turuta herriska txikienetan ere gerlara goazela adierazteko, bil ditzatela hona Erresumako zakur guztiak eta abia gaitezen mendiak arakatzera dragoi mixerableak aurkitu eta bertan behera apurtzeko, txikitzeko.

TXORDON: Baina Maiestate, Erresumak ez du nahikoa soldadurik.

TXERRAN: Eta Walinbaniako herriak, Jauna, ez luke horrelako ekintza batean parte hartu nahiko.

TXARLOT: Eta ba al dakigu, Ezelentzia, mendietan izkutatzen diren?

ERREGE: Orduan, zer egin genezake? (ixilunea) Esan, kontseilariok, zer egin dezakegu?

TXORDON: Ez dakit, Ezelentzia bikain hori.

ERREGE: Nola egin aurre erasaten ari zaigun izurrite honi?

TXERRAN: Ez dut uste, Jauna, horren grabea denik...

ERREGE: Ezetz? Ez dela grabea? Nola ez da izango bada? (oso esajeratua, keinu eta ahots aldaketa handiz; esate baterako, tulipan zapalketak aipatzean zoru gainean jauzika arituko da; gero eta urduriago) Dragoi zikin horiek ene tulipan jardin guzti guztiak zapaldu, loreak jan eta lehen begi-sudurrentzako ikuskizun zoragarria zena mortu hotz eta zimaurtegi bihurturik uzten didate; horrez gainera lehen erromesen bidegurutze, bidaiarien atsedenleku eta nazio guztiek maite zuten bigarren etxe genuen herri hau, arrotz bilakatu da kanpotarrentzat, Walinbaniaren izen eta ospe txarra barreiatua da munduan barrena, gutxi dira gure bideetan barneratzen ausartzen diren atzerritarrak, eta hori gutxi balitz, horren ondorioz azken urteotan apenas hurbildu den merkataririk gure herrira: ezin jakin munduan zehar zer gertatzen den, ezin ezagutu egin diren aurrerapenak; aspaldiko arropa zaharrez jazten gara, gure belarri goibelduak alaituko lituzkeen musikaririk ere ez dugu aspaldi honetan ikusi. (hunkiturik) Ez al da bada nahikoa? Ez ote da negargarria egoera hau? Nola biziko naiz ba horrela? Ai ene, ez dago ni baino errege urrikalgarriagorik...! Uaaaa! Meee! (negar zotinka)

TXORDON: Ez beza negarrik egin, gure Jaun guztiz maite eta preziatu horrek. (kontsolatzen saiatzen dira berau eta zenbait ezkutari) Horixe akabatuko ditugula gure Errege atsekabetzen duten dragoi doilorkume horiek, eta Walinbaniatik deserrira eta behin betiko bidali.

TXERRAN: (serioski eta dignitate handiegiz, erridikulo samar geratzeraino) Maiestate, berorren menpeko naizen aldetik berorri zor diodan errespetu eta begiramen guztiarekin zera behar diot adierazi: Walinbaniako herriaren errege bada, herriari behar diola zerbitzatu eta bere ongi izatea bilatu; ene ahotik herritarrak mintzo dira, jakin behar baitu Jaun horrek herri xeheak zer dioen: hasteko, tulipanak landatzea beharbada oso polita izango dela, baita usaintsu eta luruntsua ere, baina jendeak porruak eta babarrunak jan behar ditu, goseak hilko ez badu, eta horrela, zenbat eta tulipan landa gehiago janari gutxiago umeei emateko. Gainera, dragoiek uzten dituzten gorotzak berorren sudur sentiberarentzat gogaikarri eta nazkagarri badira ere, guztiz estimagarriak dituzte gure laborari eta nekazariek, bertatik lurlangintzan beharrezko eta onuragarri duten ongarria ateratzen baitute, zimaurra bestela esateko. (haizea hartzen du) Bestetik, Erresumako bide eta errepideetan bisitari eta merkatari gutxi dugula dio Jaun horrek eta ez diot nik ukatuko baina era berean lapurrez ere ia hustu egin zaizkigu gure bide eta mendiak, eta herriarentzat eta koroarentzat horren kaltegarri diren horiek dragoiek uxatu dituzte uxatu ere. Kanpotarrak gainera, ez ditugu horren beharrezko, pozik eta lasai bizi baikara gu geu inoren laguntzaren beharrik gabe. (berriro hartzen du haizea) Azkenik, eta barkatuko al dit mesede horrek hau esatera ausartu izana, herritarren ahotan dabil Erregeren haserreak baduela beste arrazoi bat ere, (bekaizti begiratzen diote besteek) alegia, egoera honek Esloveniako printzesarekin zituen elkarrikusteak, solasak eta laztan eztiak galerazi dizkiola Erregeri eta...

ERREGE: (haserre) Hori gezur hutsa duk! Eta hi txilibitu galanta!.

TXERRAN: Barkatu arren jauna baina herritarren hitzak ziren.

ERREGE: Eta zer ari behar dute herritarrek hau eta hura esaka? Eta egia balitz ere ni errege atsolutua nauk eta nahi dudana egiten diat eta nahi dudanarekin egongo nauk eta ez hik ez herriak duzue zer esanik.

TXORDON: Hori ez da herriaren ustea, Txerran eta beste nahastaile zenbaitena baizik, Walinbaniarrek konfidantza osoa dugu Erregerengan.

ERREGE: Berdin zait, izan edo ez izan! Nik nahi izatea nahikoa arrazoi duk dragoiekin bukatzeko.

TXORDON: Horixe baietz!

TXERRAN: Horixe ezetz!

TXARLOT: (ordura arte begira, isilik eta irrifarrez aritua, hizketan hasten da, zuri-zuri, kardinal baten trazak eskuen mugimenduetan, doinu leunean..) Barkatuko nauzue zuen eztabaida sutsu eta gori honetan sartzen banaiz, baina argi piska bat ekarri nahi nuke arazo honetara, ilunpean elkarri muturrekoak ematea besterik ez baitugu lortuko. Azter dezagun patxaraz bada, dragoien arazo hau.

TXORDON: Aski hitz egin dugu lehen ere.

TXARLOT: Ez zaitez haserra Txordon jauna, baina aharrantzaka eta eihagoraka aritzea ez da hitz egitea. Garbi dago ez gatozela denok bat. Gure Errrege guztiz jakitunak arrazoi osoa du merkatari eta bidaiarien izua aipatzean, eta ez du inork nahiko Walinbania basapiztien Barbaria bihurtzea ezta? Bestalde Txerran gazte gartsuak ere ederki asko adierazi digu dragoiek badutela halako oneritzi modukoa herritar askoren artean eta gaizkileak uxatzen ere izan dutela, neurri batean bederen, zerikusirik, baina ez du esan tulipan lorategiak zapaltzeaz gain, baserritarren soroetan ere sartzen direla noizbehinka gero inork konponduko ez dituen txikizioak egiteko. Eta dudarik ere ez dago bide honetatik jarraituz gero, Walinbania Kristau Herriko naziorik isolatuena eta atzeratuena izango dela eta horrek, luzarora, kaltea besterik ezin diezaguke ekar. (geldiunea) Ikusitakoak ikusita, ondorio hauek atera genitzake: bata, etxean inork ez dakiela azken batean dragoien prolema hotz hotzean aztertzen, batzuek eta besteek bere ikuspegi partikular eta partzialetik begiratzen baitiote eta alderdikeria horiekin ez goaz inora. Biga: ondo aztertuko bagenu ere, dragoiekin bukatu egin behar dugula erabakirik ere, erabaki hori burura eramango lukeen gizonik ez dagoela bat ere Walinbania eta inguruko herrietan, orain artean ez baitugu inoiz holakorik izan gure artean; eta horrek aditua eta aritua izatea, eskarmentu ederra eta zientzia berezia eskatzen ditu. (geldiunea) Hirugarren eta azkena: esandakoak kontutan harturik, behin betiko zartadako neurria ez bada ere ene ustez oraingoz egin daitekeen gauzarik onena delakoan, zera proposatzen dizuet: ekar ditzagula atzerritik dragoi kontuetan dauden gizonik jakitun eta jantzienak, gure herriko egoera azter dezaten eta aurrerantzean hori konpontzeko zer egin dezakegun esan diezaguten.

TXERRAN: Hori txorakeria! (harriturik eta barrezka)

TXORDON: Kanpotik etorri guri erakustera! (berdin)

TXERRAN: Bai galanta kirtenkeria!

TXORDON: Halakorik egundaino!

TXARLOT: Bai, esan, esan... (ironikoki) Nereak kaikukeriak bai, baina zuek zer egingo zenukete? Zer egin duzue orain artean? Urte mordoxka daramagu horrela eta ezin izan dugu ezer konpondu; nik proposatutakoa benetako urrats sendoak ematen hastea da.

TXERRAN: Egin behar duguna, dragoiekiko elkarkidetza lortzea da.

TXORDON: Animalia horiekin?

TXERRAN: Zer bada? Zer bestela?

TXORDON: Nik herbesteratu egingo nituzke.

TXERRAN: Eta obedituko al lizukete?

TXARLOT: Ikusten? Ezin ados jarri, guk baino gehiago dakien norbaitek argitu beharko gaitu.

TXERRAN: Baina nork ezagutuko du Walinbania walinbaniarrok baino hobeto?

TXORDON: Eta gainera, nondik aterako genuke kanportar horri ordaintzeko beste diru?

TXARLOT: (ERREGEri begira) Gure Ezelentzia txit Goren eta Subiranoa isilik dugu. Zer deritzo Jaun horrek bere zerbitzari ttipi eta apal honek Erresuma eta koroaren aintza eta gorespenerako egindako proposizioari?

ERREGE: (hasiera batean isilik; pentsati) Bada.. ez dakit.. arretaz ari naiz pentsatzen eta hausnartzen zuen esanak, eta gure kinka larri honetan behar bada bidezkoena situazioa patxaraz aztertzetik hastea litzateke eta beraz nahiko egokia deritzot Txarlortek egindako proposamenari...

TXERRAN: Baina jauna, hori burugabekeria litzateke!

ERREGE: Ixo; nik agintzen diat hemen eta ene esana beteko duk.

TXORDON: Maiestate guztiz Agurgarria, berorren borondate hutsa, zerutikako agindua dut, eta beraz berorren oinetara noakio, baina geure ondasunak eta diru kutxak urri eta eskas dabiltza azken honetan, batez ere dragoiek sortutako arazoengatik. Pentsatu al du Jaun horrek nondik atera genezakeen kanpotar hori etor erazteko beharko genukeen dirutza?

TXARLOT: Ez dut uste horrenbesterako denik, den dena kalkulatua dut, eta gainera ez litzateke alferrikako diruxahutzea izango, baizik eta gerora atzera beste horrenbeste eta diru gehiago ekarriko ligukeen inbertsioa: merkatariak berriz etorriko litzaizkiguke, beste herriekiko harremanak eduki ahal izango genituzke...

ERREGE: Eta pentsatu al duzu Txarlot, non egon daitezkeen zuk esandako jakitun horiek?

TXARLOT: Bai Jauna. Badaki Merzede horrek bestelako zereginek uzten dizkidaten tarteak liburuak eta ikasten ematen ditudala, eta horrela jakin ahal izan dut dragoiak menderatzea lortu zuen mago handi bat izan zela, Merlinus zeritzana, zeina Ingalaterra urrunean bizi baitzen.

TXORDON: Baina bizirik izango al da oraindik?

TXARLOT: Seguru baietz, mago horiek bizitza ehundaka urtetan luzatzen dieten ukendu eta sendabelar bereziak ezagutzen baitituzte.

TXERRAN: Entzun beharrekoak: mago berritsu bat gure arteko arazoak konpontzera! Jauna, ni ez nago inondik inora ere konforme Txarlotek dioenarekin, ez buru ez ipurdi duen zentzugabekeria horrekin.

ERREGE: Ni bai ordea! Eta errege ahaltsu eta atsolutua naizenez, hala egin bedi, ene nahia beteraziz. Zu Txarlot, Ingalaterrara abiatuko zara Merlinus delako horrekin hitz egitera, Walinbaniara etorri nahi duen galdetzeko eta beharrezko xehetasunak zehazteko; eta zu, Txordon leiala, bere laguntzaile izango zara, eta ongi aski egiten dakizun bezala, egizu kontu diru gehiegi ez gastatzen.

TXARLOT: Bai Jauna.

TXORDON: Maiestate horrek agintzen duen bezalaxe egingo dut.

TXERRAN: Ni ez nago bada bat ere konforme. Hau burugabekeria!.

 

OIHALA