Ez da pale egiteko oldua
Ez da pale egiteko oldua
Alfonso Sastre
taldea: Goaz
1986, antzerkia
56 orrialde
84-398-6302-0
Alfonso Sastre
1926
 
 

 

4.— Txinoak askatasuna aukeratu zuen

 

(Idazkun bati argia: “Estacion da Sta. Clara”.
Geltokiko buruzagia hoska:
“Hemen da,
Kubako Santiagotik datorren trena.
Ordubeteko geldialdia, bazkaltzeko.
Jaun-andre bidaiariak pasa daitezke jangelara”.
Eszenari argia.
Rinconete eta Cortadillo txinoari esposatuak
daude eta jaten, mahai baten aurrean eseririk.
Geltoki-giro ozentsua)

 

CORTADILLO: (Bere eskuinez jaten). Bai india-baba gozoak.

RINCONETE: (Ezkerrez baliatu ezinik, ahopean) exkertia banintz beste oilar batek joko zidaan kukurruku.

CORTADILLO: Ze errezo ari duk hor?

RINCONETE: Ea hik bukatzen duanean tokiz aldatzen naizen, eta, orduan erabili ahal izango diat kutxara behar den bezala, ezkerrez ezin tajutu bait nauk.

CORTADILLO: Ez gaituk hemen aldaketan hasiko, jendea guri begira jar arazteko, ez? Ez al dituk ikusten dagoeneko mahaietatik hona begira? (gozoro jaten). Egin dezagun egitekoa, Jainkoak nahi duen bezala.

RINCONETE: Eta txinoa alde honetatik askatuko banu? Horrela honi ere jateko apur bat bota niezaiokek. Ez al zegok hau mantentzeko asmorik ala? Geroz eta argalago aurkitzen diat. Gainera berde itxura hartzen zihoak.

CORTADILLO: Iristen denean jatekotan izango duk.

RINCONETE: Trenaren geldialdiak eta Santispirituko gaua direla medio, bazeramatzak hiru egun gizontxoak, ura eta, arnasan hartzen duen haizea besterik hartu gabe.

CORTADILLO: Zer egingo zioat? Ez zeukat presupuestorik. (Eskumuturretik esposa askatzen du). Zerbait egin ezak, nik moro eta kristau hauekikoa egiten diadan bitartean; atera ezak pixa egitera, atzo bezala, ez eskatzeagatik, zerri egina jar ez dakigun.

RINCONETE: Eta, gero, hau bizibidea dela esango duk! Nik behintzat ahalik eta lehenen alde egingo diat exerzitotik.

CORTADILLO: Bueltan dakarkenean, neurekin hartuko diat. Ez hadi larritu. Gero hausnartuko duk lasai.

 

(Rinconete badoa kanpora, txinoa tiraka daramala.
Kortadillok, bazkaria bukaturik, purua pizten du).

 

 

 

4.1.— Itsua eta itsumutila

 

ITSUMUTILA: (Erromantze batzu daramatza eskuan). Erosi bi sosean: «Horma Arteko Neskatilaren Erromantzea»; «Itsasuntzi Izugarria»; «Melkiades, beste munduren batetik etorritako ijitoa: beharbada noizpait ulertu ahal izango dugun, istorio bat kontatzen zuena»; «Txino Kriminal baten istorioa»; e.a.

CORTADILLO: Hi, mutiko! Hator hona! Nola esan duk duela izena azkenengo erromantzeak?

ITSUMUTILA: «Txino Kriminal baten istorioa».

CORTADILLO: Santiagokoarena ote duk?

ITSUMUTILA: Berbera.

CORTADILLO: Har itzak (Txanpon batzu emanaz). Esan iezaiok gizontxoari jende honi kantatzeko. Menda honek ordaintzen dik eta.

ITSUMUTILA: Osaba, Txinoaren hori kantatzeko. (Bemaio txanpon bat).

ITSUA: Txinoarena eskatzen al zigutek?

ITSUMUTILA: Harako gizon, militar, haren izenean.

ITSUA: Bota hona beste txanponak ere, ikusi haut eta, makako hori.

CORTADILLO: Zaudete adi, jaun andreok. Bizitza bera bezalako historioa da, benetan.

 

 

4.1.1.— Krimen-en zerrenda

 

            «Txino kriminal baten istorioa»

 

            Ekialdeko probintzian,

            eguzki galda bizian.

 

            Gertatu zen krimen fina

            txinotxo batek egina.

 

            Behin etxera itzuli zen

            galdezka: — Zer da gaur hemen?

 

            Bere emaztea bait zetzan

            gozo-gozo plazeretan.

 

            Mulato bat zuen lagun,

            Txinoak hura ez-ezagun.

 

            Mulatoa akabatzen du,

            senti gabe barkamendu.

 

            Sei puinalada bikainez

            hil zuen bizkor eta artez.

 

            Zerraldo lurrera doa,

            hilotz, ziplo, mulatoa.

 

            Gero, amorruz beterik,

            emaztea uzten du hilik:

 

            Ohean bertan gajoa,

            gogor estutuz lepoa.

 

            Mulatoari, ondoren:

            burua gorputzetik ken,

 

            sakelan ostean zeraman

            kutxiloz, kolpe batean.

 

            Bildu zuen pardelean

            eta gorde Komunean.

 

            Gau batez, estu eta larri

            zabortegian ezarri.

 

            Txinoak, dudarik gabe,

            dira bihotz banan jabe.

 

            Andre txinoa, «Barkatu»

            hoska, alperrik zen makurtu.

 

            Txinoak mengatu ohore,

            hobeto ez kubarrek ere.

 

            Zain La Habanan borreroa

            urkamendira igoa.

 

            Animak zerua dezan

            zuk ere otoitz bat esan.

 

 

 

4.2.— Trena heldu denean

 

(Erromantzea bukatzearekin batera, hots hau entzuten da:
“La Habanarako trena irtetzera doa”)

 

CORTADILLO: Madarikatua! Badihoakigula trena! Hi, kamareroa! Non zegok komuna? Ikusi al duk infanteriako soldadurik, txino bat berekin zeramala? Nondik habil, Rinconete? (Karra batek kaseta bat dakar, eta, han idatzirik:Gizonezkoak”. Cortadillok jo beza atea). Hor al hago, alu hori? Zergatik ez hator kanpora? Bazihoakiguk trena! Ai, hik galduko nauk! Garaiz joaten ez bagaituk, ez diat gauza onik! Trena oihuka dagoela! (Golpeka ari zaiola, irekitzen zaio atea. Rinconete lurrean dago. Txinoaren arrastorik ez. Aurrez ageri den pareta, leiho ireki bat da). Madarikazioa! Ihes egin txinoak! Baina, nola izan zitekeen?.

RINCONETE: (Jeikitzen da. Betondoak ubelduak dauzka). Putakume horrek xo egin natxiok.

CORTADILLO: Goakioan harrapatzera. Hator atzetik! (Leihotik salto egin eta ezkutatzen da).

RINCONETE: (Begiak haziduraz hertsiak ditu). Bi ukabilkada bakarrik eman dizkit, nik dakidala; eta, bien bitartean, gaua etorri da nonbait. Ez dut izpirik ere ikusten gau ilun honetan. (Miatzen). Ikusten dudanez giltza lapurtu dit, gainera. Fia zaitez txinoekin! (Cortadillo hats-gabetua dator bueltan).

CORTADILLO: Jeiki hadi, alu hori. (Rinconete jeikitzen da). Egiten dik ihes, eta, harrapatu eta lotzen, ez duk laguntzen ere.

RINCONETE: Aurkitu al duk?.

CORTADILLO: Ez. Han bazegok, ba, kainaberadi bat, handik barrena joan duk nonbait ihes.

RINCONETE: Eraman nazak, ez diat ezer ikusten.

CORTADILLO: Penagarri utzi hau.

RINCONETE: Ezar iezadak xerra bat zaurietan.

CORTADILLO: Nondik ateratzea nahi duk nik xerra bat?.

RINCONETE: Kantinan gintxegoan, nik gogoan diadanez. Hazidura hau laburtzeko duk. (Cortadillok, haserre, ukabilkada bat ematen dio sudurrean. Rinconetek bere gisara). Hau ukabilkada! Ez dago eskubiderik. (Sudurra gorritzen eta hazitzen zaio, zirkoko pailasoena dirudiela. Maskara hau erabiliko du zatia bukatu arte. Nigarrez). Ez nazak honela tratatu. Nahi gabeko erru bat izan duk.

CORTADILLO: Ba al hoa hobeto ikusten?.

RINCONETE: Hala zirudik begiei dagokienean. Sudurrean diat orain minik haundixena.

CORTADILLO: Goazik, orduan, txinoaren bila. Hi handik eta ni hemendik. Ez duk ibiliko urrutixan, beno, urrutian, koino!

 

(Ilun)