Ezezagun baten koaderno ahaztua (artikulu-edo interaktiboa)
Gerardo Markuleta
"Ezezagun baten kuadernoa"
Maria Jose Kerejeta
Gipuzkoako Kutxa, 1988
Bibliofiliak jota
Bere garaian aipamen handirik gabe joan zen eta orriotan aspaldi aipatzeko gogo nuen liburu honek arrazoi ugari ditu gordean aipagarri izateko, baina beste ezer baino lehenago, bibliofiloentzako harribitxi gisa ikusten dut.
Halaxe definitu dute bibliofilia: Liburuetarako zaletasuna, zeinahi eduki- edo forma-meriturik dutelako, edota bakan eta bitxi direlako. Lerroon zirriborratzailea bibliofiliak jota dago, aitortuta gera dadin lehenbailehen, eta bibliofiloak urrutitik usnatu ohi ditu gaitzkideak: makinatxo bat bibliofilo fortunatu zait parean euskal letren esparrutxoan; baina gehientsuenak argitalpen zahar-zaharren xerka somatu ditut: katexima, mezaliburu edota bertsopaperen atzetik, alegia. Orrion prestatzaileak nekrofilia moeta horren kontra ez du deus ere, jakina, eta berak ere gura luke Donostiako Manterola etxeko zenbait apalategi hustutzeko beharko litzatekeen xoxa pila, baina haren bibliofiliak gehienbat fotokopietara, facsimil merkeetara eta euskal literatura garaikideko harribitxietara mugatu behar izaten du.
Zabaltzenekoek azokaz azoka paseatzen duten Zaitegiren Goldaketan eta era horretako salbuespenak salbu, haren liburuzaletasunaren esparrua Atxagaren Etiopiako lehen edizioarekin hasten da, edo Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena-ren edizio bakarrarekin; Pott eta Panpina Ustela aldizkarien fotokopiekin segi milesker Mikel eta Jerardo; eta Susako edo Maiatzeko rockero zaharrenekin, edota Auspoa saileko zenbait alerekin, eta halakoxeko kontuekin sekulan amaitu ez haren bibliofiliaren gudu-zelaia.
Literatura garaikideari begira dagoen bibliofilia horretan, sarituak izan zirela-eta bazterretan argitaratutako liburu asko izan ohi da ehizakin: aurreko batean, nork esango, Xabier Leteren lau poema solte aurkitu nituen udal batek aspaldian antolatutako sari bat zela medio beste lan batzuekin batera kaleratutakoak. Sarri kexatu gara halako argitalpen esoterikoen alde makurrak direla eta: ez dugu geure kexu betikoa hemen berrituko. Baina bai artikulu interaktibo honetako lehen jolasa proposatuko:
LEHEN JOLASA: LIBURU-EHIZA
Liburua ia oharkabean igaro zen, antologietan ez da ageri bat edo bestean egileak hala eskatuta, Kerejeta ez da inongo poeta zerrendatan azaltzen, erabat aldenduta omen dago literaturaren munduxk(et)atik. Irakurle, proposatzen dizugu Maria Jose Kerejetaren liburua lortzen saia zaitezen. Bi aukerako jolasa duzu:
a) liburudendaz liburudendako erromesaldiari ekin: Euskal Herriko hiriburuetan bada gutxienez bana arakatu beharrekoa, baita bizpahiru ere askotan... Kultur turismoa, bakixu.
edo
b) zuzenean jo, bestela, aurrezki-kutxetako-literatur-lehiaketetako-sobranteak-daudeneko-soto-ilun-ezkutuetara.
Liburu misteriotsua
Esan bezala, misterio asko ditu gordean hirurogeita bat orrialdeko liburuxka azal beltzeko honek, baina isil-oihal horiek publikoki eta irakurleari bilaketaren xarmarik gabe uztea, krimen bikoitza litzateke gutxienik. Aurreneko atalak inpresio hori eman badu ere, espitx-parrafadarrik luzatzeko asmorik ez dugu. Jolas eta igarkizun bildumatxoa proposatuko diogu irakurle pazientari, eta jakinminduari, eta non-zer-berri-ari; eta poesia-zaleari, eta jolas-zaleari, eta igarkizun-zaleari...
(Ez dugu hemen artikulu-edo honen interaktibotasuna teorikoki oinarritzen edo zuritzen hasteko ez lekurik ez asmorik: Cortazar-en "irakurle ar/eme" edo gero zuzendu zuen bezala "irakurle aktibo/pasibo"-arena, edo hainbaten "irakurle konplizea" nahikoa ez balira, literatura jolasa ere badela adierazi eta ihardun zuten guztiak alde genituzke, behinik-behin.)
LEHEN IGARKIZUNA. AURKIBIDE AURKIEZINA
Liburuak, berez, ez dakar aurkibiderik eta, horrenbestez, atal banaketarekin poetak egin jolasa erdi-izkutuan geratzen da; ez dakigu nork erabakiko zuen egileak edo editoreak liburuari bilabiderik ez jartzea (poema guztien izenburuena ez bazen, atal nagusiena behintzat). Izatekotan, honakoa behar luke (parentesien artekoa geuk ezabatu dugu, horrexetan baitatza jolasa: testu-ingurutik ezabatutako horiek igartzea):
I. Sarrera labur gisa (...)
II. Ezezagun baten kuadernoa
I. Bigarren sarrera (...)
Irakurleari jostetatxo honen giltzarrirako bidea leuntzearren, esan dezadan bertatik bertara erotismoak leku handia duela komentagai dugun liburuan (baliteke hau guztia soil-soilik kritikariaren buru beroari egotzi beharrekoa izatea, eta egilearen gogoan halakorik sekulan egon ez izana, baina liburua argitara eta gero, gauza jakina denez, irakurlearena ere bada, eta kritikoa horixe baino ez da: irakurle).
BIGARREN JOLASA: ARE ZAILAGO: PLAQUETTE-EHIZA
Ezezagun baten kuadernoa omen da Marijose Kerejetaren "lehen sortze-lana literaturaren munduan"; hiztegigintzan, klasikoen edizioan eta itzulgintzan ibili zaigu euskal filologo gaztea baina, nik dakidala behintzat, ez du sormen ahalegin berririk argitaratu. Bada, hala ere, plaquette bat, liburu honetako zenbait poema, eta poetak berak egin beste horrenbeste gaztelerazko itzulpen dakartzana, José Antonio Vitoriaren zenbait poemarekin batera. Bila ezazue, maiteok. ISBN-a kontsultatu bada liburu-dendarik zerbitzu hori eskaintzen duenik (guk Donostiako Hontzakoa erabili izan dugu), edo bestela liburutegi on-on baten artxiboa arakatu, edo lagun ondo informatuei galdetu, edo egileari berari deitu: ze, azken finean, hogeita hamar baino gehiago izango al gara, ba, irakurle maitea, honaino heldutakook?
BIGARREN IGARKIZUNA
a) Liburuak eskaintza bat dakar: "J. A. Vitoria-ri".
b) Bada poeta euskal herritar bat Jose Antonio Vitoria izena duena.
c) Haren poema liburu batek Casi solos du izena. Hango atal bat oso lotuta dago Kerejetaren liburuaren izenburuarekin, gazteleraz, jakina.
x) Bila ezazu, laztana.
Esperientziaren poetika: ego mentior
Nire iritzian eta ez dut uste horretan bakarra naizenik poema liburuak berezko balio handia du eta euskal poesiaren bilakaeran giltzarri ttipi jotzeko modukoa da, dudarik gabe.
HIRUGARREN JOLASA: TESTUAK ETA EGILEAK
Ondoren, liburuak euskal poesiari egindako ekarpenekin lotutako bost testu emango dira, eta beste horrenbeste egileren izenak: batzuk eta besteak lotzea da kontua, jakina.
Testuak
a) Poeta ez da jada saiatzen irakurleari trabak jartzen, ezpada komunikazioa errazten eta atsegin egiten. Nahiago du irakurlea testura ingura dadin, poema uler dezan eta, bai azalpenaren argitasunagatik, eraiketa borobilagatik zein zehaztasun handiz zaindutako oinarri formalarengatik, poema goza dezan.
b) ...poema arrazionala, komunikatzailea (are asmo kolokialekoa ere), egitura tradiziozkoa, eta esperientziaren poesiak hain berea duen doinu esperientzi elegiakoa...
c) Testuak irakur daitezke egunkari intimo baten laginen gisan barnean, gainera, eta tarteka, autobiografia zatikazko bat, zati batean erreala, zati batean fikziozkoa, dirudienez, edo bestela pertsonaia anitzen bakarrizketa autonomo labur pila baten gisan, nor bere bizitzarekin, nork bere aukera morala duela.
d) Gogoan izan hik liburu honetan beste inon ez haizela... ...Gogoan izan ni banaizela liburu hau badelako, geure buruaz beste egin dezakedala, orri bat apurtuta.
e) Esperientziaren poesia-k" ez dakar, hala ere, poesia autobiografikoa". Poema "norbaitek egoera jakin batean eta une jakin batean esandako zerbait" dugu. Nork esaten duen, nori, non, noiz eta zergatik, kanpo-simulazioak baino ez dira, gehigarriak, giza-atxekimenduen literatur antzezkizunari egiantzekotasun jitea ematearren.
f) Poesia Ni-aren (edo ni-kien) fantasmei aurre egiteko modu gisara. Emozioa, bigilantzia moeta askoren bitartez babesturiko esentzia, hain da baliotsua. Poetak bere buruaren kontra defendatzen du poesia: intentsitate mami horrek ez du jasan behar unean-uneko grinarik, ukitu gaberik umotu eta horra emaitza: emozio partigarria, eta ez norberaren poz penen bilduma hitsa.
g) Si poesim recte consideremus
quae nihil aliud est quam fictio
rhetorica in musica composita.
egileak
1) Pere Gimferrer
2) Luis Antonio de Villena
3) Julia Barella
4) Luis Garcia Montero
5) Jose Luis Garcia Martin
6) Fernando Pessoa
7) Dante
AZKEN JOLAS IGARKIZUNA: HITZIK GABEKOA
"ibiltariak ez dio gehiago
orma-laztantzeari utzi nahi
zeinaren ondoan esan eta esan bat dezake
behin eta berriro,
berandu da"
M.J. Kerejeta
("Denboraren iraganari buruzko gogoeta", 59. orr)
Agurra
Misterioak misterio, horra horraino, eta kitto. Soluzioak, bilaketa eta gerorako, ispilu baten bidez ikus ditzakezu hurren orrialdean.
JOLAS-IGARKIZUNEN SOLUZIOAK
Lehen jolasa: liburu-ehiza
Bidaia on. Ondo saiatu. On egin.
Lehen igarkizuna: aurkibide aurkiezina:
I. Sarrera labur gisa (aurretik)
II. Ezezagun baten kuadernoa
I. Bigarren sarrera (atzetik)
Bigarren jolasa: are zailago: plaquette ehiza
Beste noizbait beharbada.
Beste nonbait beharbada.
Bigarren igarkizuna: izenburu-ibilbidea
"Cuaderno de desconocido" du izena.
Hirugarren jolasa: testuak eta egileak
a) 3) Julia Barella
b) 2) Luis Antonio de Villena
c) 1) Pere Gimferrer
d) 4) Luis Garcia Montero
e) 5) Jose Luis Garcia Martin
f) 6) Fernando Pessoa
g) 8) Dante
Azken jolas igarkizuna: hitzik gabekoa
Soluzio-berbarik gabekoa.
Hegats, 1995-11