Aingurak erreketan

Castillo Suarez

"Aingurak erreketan"
Jon Benito
Susa, 2001

   Hauxe da Durangoko Azokarako argitaratuko den poesia liburu bakarra, Jon Benitoren lehendabiziko lana alegia. Poesia gutxi argitaratzen da euskal literaturan eta argitaratzen den gehiena Susak egiten du. Argitaletxe honek berariazko poesia saila dauka poeta gazte (Harkaitz Cano, Urtzi Urrrutikoetxea, Igor Estankona, e. a.) zein konsagratuen (Gabriel Aresti, Joseba Sarrionandia...) lanak plazaratu dituena.

   Galderaz betea ("Nork lo egin nahi du erdizka egindako oheetan?") dago Aingurak erreketan, seguruena galderen erantzunak balitu ez lituzkeelako poemak idatziko. Bestalde, fikzioaren aldarrikapena egiten du, zeharka bada ere: "Batzuetan esaldirik tragikoenak maite ditugu / horregatik ari naiz gezurretan". Baina guztiaren gainetik ezinegona gailentzen da ("Samingarria da etxera itzuli eta / gutun zatiak aurkitzea") itsasoaren erreferentziaz beteriko lan honetan.

Guaixe, 2001-10

 



Ez dira batere arinak gazteen kezkak

Joxemari Carrere

"Aingurak erreketan"
Jon Benito
Susa, 2001

   Bere lehenengo poema-liburuaren aurkezpenean Jon Benito idazle zarauztarrak zioen poeta errealitatearen imitatzailea dela. Ez dakit zein idazleri entzun nion idazleak gizartea kanpotik begiratu behar duela eta ikusten duenaz gogoeta egin, ezin dela errealitatearen imitatzailea izan. Aitzitik, errealitate hori irudimenaren galbahetik iragaziz, gauzak omen diren bezala ez onartzera eramango gaitu eta, horrela, bizitzaz gogoeta egitera. Edo antzeko zerbait ulertu nahi izan nion nik. Bertold Brecht bera "urrunketa" efektoaz mintzatzen zitzaigun errealitatearen gainean hausnartzeko tresna gisa. Gizartean idazleak duen paperaz asko eztabaidatu izan da eta eztabaidatuko da, zalantzarik ez; izan ere, idazleak geure garunetara zuzenduko ditu bere lanak, geure barruan. zerbait asaldatu nahian edo geure irudimena, mugiarazteko gogoz. Han gertatuko da idazlanik xumeenean ere, gertatuko da lanik arinenean edo ustelenean. Hitz egin daiteke idazle komertzialez edo konpromiso soziala hartzen duten idazleez. Batzuk arbuiatzen ditugu zuzentasun literarioaren izenean eta besteak goraipatu justu kontrako arrazoiengatik, baina ezin dugu ukatu literatur lan bat pertsona baten buruan mamitzen dela beste norbaiten burura heltzeko asmoz, eta joan komunikazio horretan zerbait gertatuko dela.

   Aingurak erreketan olerki-liburuan Benito bere buruarekin mintzo da, parean hizketa laguna izango balu bezala. Bere buruari mintzo zaio, besteen buruei mintzatuz, eta elkarrizketa horretan bizitzaren kezka nagusiak azaleratzen ditu, kezka ia mitikoak. Maitasuna, harremanak, munduan kokalekua. Irakurleak kezka horien guztien konplizitatea bilatzen du; batzuetan zeharka, beste batzuetan zuzenean. Idazleak berak azaltzen zuen aurkezpenean poemarioaren atalek eboluzio bati erantzuten diotela. Ikusiko dugu atal bakoitzean bizitzaren gaineko gogoetek tratamendu ezberdina dutela, idazleak beraren kezkek olerkiekin batera eboluzionatuko balute bezala. Poemak, askotan, sentsazio abstraktuak transmitituko dizkigu. Beste batzuetan, berriz, zuzen-zuzenean ariko zaigu nortasunaren bilaketa horretan irakurlea partaide bilakatu asmoz.

   Nik gustura asko hartu ditut poema narratiboenak, non gertaera batetik abiatuz hausnarketarako bidea hartzen duen edo ezagutza grina erakutsi. Harrigarria egiten zait, halaber, sentimendu gordinetatik, barru elkar hizketa soiletik, nortasun aldarrikapen garbira pasatze hori. Aldaketa hauek askotan bata bestearen ondoan gertatzen dira eta honek deslekutze bat eragin dezake. Anabasa itxura hartzen zaio hasiera batean, baina agian hori kezken mundura joanda uler genezake, izan ere, kezkak ez datoz antolatuta. Bere bide propioa dute eta askotan. batak bestea ekarriko du. Tankera honetako egitura baten aurrean gaudela hartzen diot itxura.

   Dena dela, eskolako irakasle batek esaten zigun hartaz gogoratzen naiz poema liburu bat esku artean dudanean, alegia, poema bakoitza mundu bat dela eta ez duela balio poema liburu bat nobela bat bezala irakurtzea, hots, hasieratik bukaerara arte; aitzitik, saltoka edo irakurketa lineala jarraitu gabe, poemek gugan sortarazten dituzten sentimenduei jarraituz irakurri behar omen direla zioen gure irakasle hark, eta arrazoi zuen.

   Jon Benitoren lehenengo poema-liburu honetara hurbiltzen direnek egungo euskal poeta gazteen kezkak arinak ez direla eta, gainera, horiek azaltzeko modua batere sinplea ez dela ikusiko dute. Hizkuntza ezagutzen du Benitok, eta frogatzen du, baina batez ere, zera frogatzen du: poemak idaztea ez da ariketa arina. Edo behintzat hori sentitu dut nik.

Gara, 2001-11-10


Lasai eta tinko

Igor Estankona

"Aingurak erreketan"
Jon Benito
Susa, 2001

   Liburuaren aurkezpenean Jose Luis Otamendik oreka, heldutasun, bihotz, neurri eta gazte bezalako hitzak erabili zituen Jon Benitoren debutari buruz hitz egiterakoan. Etxean liburua irakurtzen ari nintzela hoiek guztiak etorri zitzaizkidan burura eta inbidia pixka bat eman zidan, onartu beharra daukat, liburuaren trinkotasunak. Gutxi gorabehera Jonen edadea geneukala poesian estreinatu ginenok ez genuen lortu hain liburu borobilik. Esku artetik hegan egiten duten ideiak harilkatzearen eta ideiok liburu baten zerbitzura jartzearen artean, badago, noski, aldea. Ez da egongo bada, loka dagoena eta egonkorra denaren artean dagoen desberdintasuna horretan datza eta! Idazkeran lortutako oreka alde batera utzita eta antzeko karga daramaten hitz-taldeak antolatzeko erraztasunaz aparte, irakurri ezik deskribatzeko zaila den zeozer dauka liburu honek. Halako itxura birfindu bat, ertzik gabea, eta amildegi leunen antzera bukatzen diren poemak.

   Gertaeraren erdian dagoen subjektuak hitz egiten digu batzutan, eta beste batzutan ikusle pasibo batek. Horrek liburuan azaltzen diren beldurrak eta pozak hobeto kokatzen laguntzen du. Estridentziarik ez egoteak hunkidura triste bat sortzen du gainera. Kontraesana diruditen alderdi hauek guztiak bere kabuz egiaztatzeko eskatuko nioke irakurle sinesgogorrari. Apaltasunetik eta duintasunetik idatzitako liburu oso konpletoa da zarauztarrarena, izakeraz ere uxua eta isila denaren eskaintza ederra.

   Urazpian tenkatuta dagoelarik korronteek dakartzaten berriak entzuten dituen aingura bezalatsu, gutako bakoitzaren kontra halabeharrez amiltzen den bizitzaz hitz egiten du idazleak, hain maisuki, non, berdinean, nahiago baitugu eskena deskribatua benetan bizitakoa baino. Poesian, imaginatutakoa, bizitakoa, sentitutakoa eta berauek deskribatzeko erabiltzen diren esaldien artean ez dago askotan harreman logikorik. Liburu honek hori esplotatzen duela uste dut: urruna dirudiena hurbildu eta inmediatoa urruntzeko asmoarekin jarritako ispiluak dira. Urrun dagoena gurea ere badela eta hurbilekoa denei dagokiela esateko modu bat izan daiteke. Itxurazko ausardiaren eta gehiegizko zuhurtziaren artean ba omen dago erdibide bat, baina zaila izaten da lortzea, poemak oso ondo kalibratu behar direlako. Gezurrezko konbinazioen artetik egiazkoa eta probetxuzkoa izango den zeozer sortzea da poesiaren helburua.

Deia, 2001-12-28


Aingurak eta galderak
Benitoren poema liburuan

Jon Kortazar

"Aingurak erreketan"
Jon Benito
Susa, 2001

   Vladimir Brigada aldizkarian zenbait poema argitaratu ondoren, Jon Benitok (Zarautz, 1981) bere lehen poema liburua argitaratu du, eta benetan errespetuz begiratu behar den sarrera egin du letren munduan.

   Aingurak erreketan deitzen da liburua. Baina aingurak iraunkortasuna adierazten badu ere, bidaia baten inguruan eraturiko liburua da hau, eta bere kritikorik onenak, Iñaki Gurrutxaga idazleak, esango lukeen moduan aingura tokiz kanpo dago, errekan dago, ez itsasoan, eta horregatik tokiz kanpo dago, aingura "ibiltaria" litzateke liburuan agertzen dena.

   Neurri horietan kontrakoz osaturiko eta beteriko liburua dugu hau. Jarraitzen du aingura izaten, baina ibaiaren —uraren— joan etorrian dator liburua. Iraunkorra dena —aingura— eta historia eta bizitza, berez aldakorrak direnak, uraren eta ibaiaren bidez ematen dira. Abangoardia historikoaren legeak jarraitzen dira, baina, neuretzat dut, aho-literaturak eskainitako irudiek sortzen dutela beste aldea, sinestesiaren jokoetan, izadiaren agerpenean. Modernitate ondorengoaren zenbait pasarte badira, adibidez nortasunarekˇn jolasten duen "Akats kronologikoa" hunkigarria, baina identitateak ere berea ematen du. Galderak eta zalantzak nagusitzen direla esango nuke, baina poemen bukaerako bertso bakar horietan zenbait ziurtasun ematen direla iruditzen zait.

   Oroimenak eta etorkizuna

   Oroimenak agintzen du zenbait pasartetan, baina etorkizunari buruzko larrialdiak ere bere pisua utzi du poemategian.

   Ibaiaren kronika poetikoa dugu hau. Eta hona hemen beste kontrajarpena. Kronika diodanean ez nuke kazetaritzaren kronika aipatu nahi. Bere sorreratik hasi eta itsasoratu ondoren bidaiaren joan-etorria adierazten du testuak. Baina poetikoa da, zatiz eta galderaz emana. Idazleak berak garrantzi handia eman die galderei. Poemategiaren atalak errepasatuko bagenitu, ibilbidemen pasarteak izango genituzke begien aurrean: Ezti usaina, Pagadi bat lanbropean, Sustraiak eta adarrak, Helmuga gabeko bidea, Harea Itsasertzean. Esango nuke poetaren ahotsa loditzen joan dela azken aldera. Errekurrentziak, esaldien errepikapen aldatuak, esaldien joko erritmikoak ahotsa eman die poemei.

   Zenbait sinbolo nagusitu egin dira testuan: zapatari eta zapata, bidaiaren zentzu nagusia, birikak ez itotzeko, galdera eta beldurra. Baina guztiaren gainetik izaten jarraitzeko borondatea dagoela esango nuke. Eta bizitzari harriduraz galdetzen dion begirada, tonua delarik poemategian nagusitzen den espresabiderik garrantzitsuena.

El País, 2002-02-04

 


www.susa-literatura.eus