Harrobikoa
Aingeru Epaltza
"Skyroom"
Ramuntxo Etxeberri
Elkar, 2004
Berriki irakurri diot idazle eta aldi berean kritiko bati mesfidantza sorrarazten diotela liburu perfektuek. Ramuntxo Etxeberriren "Skyroom" nobela ez da inondik ere perfektua. Akatsak ageri zaizkio aide formalean zein kontzeptualean, idazkeran nahzi narrazioaren egituran. Sobera ezagun du hasi berria. Lerratuegia da melodramara. Proposamen onargarriak eta onartezinak bereizten dituen marra ikusezinera arriskutsuki hurbiltzen da behin edo behin. Eta hala ere, zapore gozoa uzten du.gogotik irakurtzen da, gehiago nahaia pizten du. Ez gara kontraesanean ari.
Mende bakarrean, Bidasoaz haratako hiru probintziak arrago eta erdigune izatetik basaburua izatera pasatu dira euskal letren panoraman. Gure prosaren tradizio oparoenaren azken hatsaren tragedia tikia antzezten ikusi dugu, kasik oharkabean. Bi milako honetan, Mendigatxaren itzala —hondarraren hondar— ikusi uste izan diegu Itxaro Bordari, Anton Lukuri edo Ur Apalategiri. Gazteluma literatur sorkuntzarako bekak erakutsi du, ordea, harrobi zaharra ez dela oraino agortua. Eneko Bidegain kazetaria izan zen lehena fikzio lan batekin plazaratzen. Haren ondotik etorri da Ramuntxo Etxeberri irakasle donibandar-azkaindarra.
Gizon itxuraz dibortziatua eta haren alaba Asia aldera abiatu dira. Hilzorian dagoen aita eta aitatxiren bizian izan den itzalgune bat argitzea dute xede. Delako agurea pilotaria izan zen, here gaztetan, Honk Kong, Macao eta, bereziki, Manilako frontoietan. Iragana inarrostean, espero ez dituzten egoerak eta pertsonak aurkituko dituzte, bisitatzen dituzten lekuetan. Horra nobelaren mamia. Baina "Skyroom" gauza anitz da aldi berean: bidai liburu ederra, thriller gorabeheratsua, eguneroko xarmanta eta —bukaeran— nobela psikologiko nahasgarria. Baita gazteendako abentura nobela ere, tarteka. Izan ere, badirudi egileak halako irakurle bat izan duela gogoan liburua idazterakoan: bere kostaldeko ikastolakume ohiak.
Ez gaitezen tronpa, hala ere. Hau ez da gazte-literatura, literatura gaztea baizik. Hangoa ez ezik, hemengoa ere bai. Liburuko protagonista nagusiak bezala bere euskaltzaletasuna Juan Carlos Perezen (edo hura bezalako baten) betaurreko beltzetan deskubritu duen jendearentzat egina, euskal munduaren kutrekeriarako isuriak noizbait nekarazi edo uxarazi duen jendearentzat, euskaldunak "besteak bezain ustelak" edo "besteak bezain otsoak" garela onartzeko harakiririk behar ez duen jendearentzat... Halakoak ez dira bakarrik lapurtar kostalde urbanizatuan (Manila bezain herrialde exotikoa, bertzalde, zenbaitentzat), Euskal Herri/Hiri osoan baizik.
Zerbaiten hasieran ote gara? Goizegi da oraino hain baikor izateko, baina euskal literaturak —Ipar nahiz Hego— etorkizunik izanen badu, nolako ezaugarriak izan beharko lituzkeen zantzu bat baino gehiago aurki daiteke "Skyroom" liburu honetan: literatura hiritarra, ikonoklasta, genero eta estilo nahastailea, topikoetatik abiatuta ere topikoen desegitea bilatzen duena, paisaia berrien bilatzailea, hizkeraz mestizoa, umorea osagai garrantzitsutzat hartuko duena, nagusiki erdaraz funtzionatzen duen errealitate baten berri emailea, gure zokoaz gain munduaz mintzatuko dena edo, are gehiago, munduaz mintzatu ezina egiaztatzen duena.
Horregatik guztiagatik, kontuan hartzekoa da Etxeberriren lana. Guk bide baten lehen urratsa nahi genuke "Skyroom" hau. Egileak horretarako sena eta ezagutza aski baditu, nik uste.
Nabarra, 2005-09