Errealitatearen arbola

XX. Mendeko Poesia Kaieren lehen argitaldia aurkezteko
Koldo Izagirrek eman zuen hitzaldia (2000-06-30)

Lirikaren helburua espresio perfeta lortzea da, horregatik ezagutzen ditugu beti testu bera idazten eta berridazten bizi osoa ematen duten poetak: tornuan daukaten pieza behin eta berriz leuntzen ari diren aprendizak dira, lima eskuan. Baiki, mekanikak, geometriak ere, horixe baitu helburu: espresio perfeta.

                  Zein ote da espresio perfeta
                  galdetzen diozu zure buruari
                  orri isilaren iseka zuriari
                  itzuri nahiz.
                  Inguruko gauzei oharturik, haiei galdetzen diezu lehenik
                  mahaineko liburu sortari, boligrafo etzanei,
                  hormako argazki histuei, egutegi zekenari
                  oroimenaren oihartzunak edo liburuen hitzak bezain isilik
                  ez baitute fitsik erantzuten.
                  Hastiatua, leihora hurbiltzen zara
                  eta handik, urrunera, haitz bat ikusten duzu
                  eta haren gibelean eguzkia
                  astiro ezkutatzen, prezisio suharrez.
                  Zu hari begira, eguzkia nola ezkutatzen den
                  begira dagoen gizaseme bat zara
                  eta zure aurretik egon diren guztiak orobat
                  baina zein da horren espresio perfeta
                  temaz galdetzen diozu kristalean erratuz
                  urrats kexuan dabilen euli katiguari
                  horren hegan nahiak ere hitz bat besterik ez baitu
                  baina hitz hori...
                  hitz hori zenbat aldiz ez ote duzu entseatu
                  zein luzaz ez ote duzu zelatu, nerabeak amodioa
                                                                                   bezain lehiaz
                  zein gostarik inoiz erdietsi ere ez ote duzu loriazko
                                                                                         une batzuetan
                  hatxeman ezineko hitz hori
                  zure gogoko hitz bakarra.
                  Herriaren azken erribaletako mugan
                  haizeak zuhaitzak biluzten dihardu
                  pasio pausatuzko errito zaharrean fagoak
                  ezkiak, zumarrak, platanoak fereka inbisiblez biluzten.
                  Amoros isil hoientzat ere espresio perfetik
                  ez dea? ...
                  Karrikan, mutiko bi ostikoka lotzen dira, karraxika
                  ama enoatuak jauzian etorri eta zartakoz bereizten dituzten arte.
                  Urrutirago
                  neska mutil bi, adin florian, eskutik oratuta isilik doazi.
                  Beharbada espresio perfetik ez dago —egiten duzu—
                  forma eternorik ez agian irudiaren irudiarentzat.
                  Eta salbabide duina da.
                  Arratsak gauaren jaka beltza jazten du,
                  hainbeste tarratada distiratsu dituena.
                  Orduan zuk leihoa kitatu, orri biluzia kajoian sartu
                  eta tabernara bidean
                  espresio perfeta gauzak berak dira
                  aitortzen diozu zure ezgaitasunari.

Luis Berrizbeitiaren arabera ordea, espresio perfeta gauzak berak omen dira... Ados baldin bagaude behintzat, poesia geometria dela aterako dugu. Ba ote? Ez dut nik hala uste: geometriaren bat izatez gerotan, poetak erakusten dizkigun gauzen geometria genuke poesia. Berrizbeitiak, esaterako, halako introspekzio bat egiten du gure kulturan non esan litekeen historia egiten duela, gure literaturan izan ez genituen poemak ber-sortzen dituela (Oihenart despeditzen du, Pariserat doalarik), eta bidenabar jaso eta duindu egiten duela aurreko tradizio guztia, batez ere molde zaharreko egiturez baliatzen delarik. Ez ezazuela pentsa, alabaina, apokrifotasun jokotan edo pastixak antolatuz laketzen denik. Bere poesia erreferentziaz betea dago, baina ikuspuntu gaurkoa eta modernoa du, behakoa beti du kritikoa. Ernetasun handian idazten du, aldiro ageri dituen kezkak dira jardun poetikoaren nolakoa eta idazletzaren zertarakoa. Horrek behartu egiten du, alde batetik, tradizioaren jarraitzaile hutsa ez izatera, eta bestetik, perfekzioaren etengabeko bilaketa batera. Hitzaren Euklide bat bezala, bai.

                  Lizar bat itsasoaren erdian ernetzen da
                  Eta mila bestiariotan lehertzen bitsaren arima

                  Negar egiten dut zure oinetara
                  Malutetan lokarturiko hegazti tristeengatik
                  Zilarrezko esnea edanen duten hodeietara
                  
                  Ez naiz argi mintzatzen, eta badakit:
                  Itsaso bat lizarraren erdian ernetzen da

Poesiak badu bere zailtasuna, geometriak planoaren azpia ere jakin behar duen gisan azaldu nahi baitu ilargiaren ostea; are gehiago, poesia ezagupide modu berezia da. Den mendreneko ahalegina eskatzen eta bide laburrena eskaintzen duen gure egungo literatura prosaikotu honetan ez da harritzekoa "poesia hermetikoa" izeneko lelopean kokatu izana kritikoek Iñigo Aranbarriren lehen bi liburuak. Bere poesia ulergaitza zela, alegia ("Ez naiz argi mintzatzen"). Aranbarrirenean mitologia desberdinez elikatzen da sinboloa, aipu kulturalak anitzak dira, arte desberdinekiko erreferentzia ugari dakar, esangura berriz aberasten ditu hitzak... Honek guztiak testuaren indar konnotatiboa areagotzen du eta, beraz, irakurle adoretsua eskatzen. Zailtasun hori, erran gabe doa, poetaren beraren hautu kontziente baten ondorioa da, ("Ez naiz argi mintzatzen, eta badakit").

Zenbait eskultoreren bilakaerak erakutsi ohi duen gordekoak argitaratzearen antzekoa izan da Iñigo Aranbarrik liburuz liburu poesian egin duen ibilbidea: espazio itxi baten zabaltzea. Trinkotik harrora egin du, esaldi laburbildutik lerro luzeko perpausa lasaietara eraman gaitu, eta formulazio gotorretan eskaintzen zizkigun mezu kriptikoak poema ia-narratiboetara ekarri dizkigu. Dekodifikatze bat egin du, ariketa psikoanalitiko batean bezala obsesioak espazio ilunetatik argira atereaz. Ez, alabaina, konfesionalismo errazean. Irudiek ez dute indarra galdu, eta poemaren egitura lirika problematiko batek sortzen du, "Leiho irekiak" izenekoan bezala:

                  Inoiz ulertuko ez dudan zerbait esan zenidan:
                  Erantzuna berarekin zeraman galdera,
                  Ekaitz aurreko karriketan izaten den usaina.
                  Minari eta denborari buruzko zer edo zer erantzun nahi izan nizun
                  Baina belaunetaraino nuen orbelpean hondoratu nintzen
                         —Egin daiteke amets hiri honetan?—
                  
                  Garaipen txikien egunetan laztandu gogo gaituen ardo horrek beste nahi nuen bakardadea
                  Itzali egiten den argia, ixten den atea
                  
                  Esadazu amets egin daitekeela hiri honetan

Luzien Etxezaharretak zorrotz idatzi duen moduan, Itxaro Bordaren tristura etsipen sortzailea da, liburuz liburu frogatu digun bezala. Tristetasun hau, noski, ez da poetika negarti baterako estakurua edo bizitzarekiko akidura literarioa. Bordak bere gain hartzen ditu emetasunaren kontzientzia eta Euskal Herri alienatu batenganako hastio kritikoa. Honenbestez, poemek isurtzen duten goibeltasuna konformismoa inarrosteko modu berezi bat baino ez da.

Gas malko-eragileen artean egiten du maitearen galde, eta betiereko lelo erretorikoa izan zitekeena egunerokotasun gordinean kokatzen baldin badigu eztitasunak eta bortizkeriak elkar elikatzen duten plastizitate dramatiko batean, ber gisaz gaitu "gure kaleko" topiko zatekeen horretatik ateratzen oihu ez-ofizial horren urduriaz, bere baitakoa soilik den garrasiaren aldarriaz. Bi plano hauen kontrasteak —eta soseguz ezin uztartuak— sortzen dute poesia honen durduzatzeko ahalmena, bakardadea eta urruntasuna nagusi ageri dituen urraduran:

                  Haize zirimola azkarrek inarrosten dute
                  oreka nekez zaintzen duenaren bihotzaren
                  zola, zolaren zola, urrats durduzatuegiak
                  marrumaz hantu biribilketa eroan biderkatuz.
                  eta inor, inor, inor ez dago aldamenean
                  
                  holtz hegietan zutik bermatzen laguntzeko!
                  garaizegi lehortu diren aurtengo hostailak,
                  nahar eiharrak eta belar zimelak nora nahi
                  eraman ditzake haize zirimola haserretuak.
                  zu eta ni hosto inutil horien parekoak gara
                  errorik gabeko izen-deitura sarraskituak,
                  borondate eta gerorako amets beti ukatuak.
                  eta haizeak hegatz xumeak bulkatzen dituen
                  gauetan, beldur gaitzak bereganatzen gaitu.
                  
                  gure egunerokotasuna oldarraren, doluaren
                  eta segurtasun ezaren erresuma larraitza da,
                  haizea jabaltzean hargatik, euria hasten den
                  unean badakigu bake aroak iraun ez dezakeela,
                  beldurrezko zirimolak bihotzean dabiltzalako
                  inguru trinkoen inseguritatearen indartzeko.

Esperantzaz —eta baita xalotasunez ere— beteriko garai batean (1978an) argitaratu zuen bere kasa Bernardo Atxagak liburu txiki, eder, eszeptiko eta ironiko bat, Etiopia. Gure kulturaren establishmenak jaramon handirik egin ez bazion ere, eragin berezia ukan behar zuen obra hark, esan bailiteke gure egungo poesian dabilen joeren aniztasuna eta noranahiko asmoa, ahalegin pertsonal hari zor zaizkiola.

Poesia sozialari bezala poesia existentzialari uko eginez eta sentimentalismoari bezala baikortasunari bizkar emanda, jardun poetikoari berari buruzko jarrera berri bat zekarren Etiopiak: poeta ez da mintzo lehen pertsonan, sentimenduak gorde edo intelektualizatu egiten ditu inozotasuna ekiditearren; inguruarekiko behakoa urruna du, ez ordea insolidarioa, maite ditu baztertuak eta derrotatuak; "dena esana balego bezalako" zuhurtzia hotzak ez darama isiltasunera, baizik eta egunkarietako, liburuetako eta filmeetako erreferentziak ekartzera ingurua deskribatu eta ulertzeko collagearen teknikaz, gure oroimen kolektiboa aberastu eta osatzeko. Liburu hartan, mendeetako gai eta paisaia tradizionalak behingoz utzita gure literaturak konkistatu nahi zuen "kalea" edo "hiria" baino, mundua da oparitzen zaiguna. Poetaren gelak mundu osoa hartzen du, ludiko lau bazterrak ditu kokagune, eta geografia ideal horretan mundua baldin bada kokagune osoa, erreferente teknikoa ere mundu guztiko literatura eta paraliteratura da, bere aipu, dialogo eta pertsonaiekin Atxagaren tradizio bihurtzen dena, eta horrenbestez gurea.

Etiopiak abanguardia ekarri zuen, transgresioa, irudiaren nagusia, marginalitatearen edertasuna... Poeta gazteagoen aldarri eta eredu izan zen aldi berean, belaunaldi berriek behar zuten modernotasun literarioa. Etiopia eta haren area Arestiren harriari kontrajarri izan zaio. Ez dut esanen interpretazio zilegizkoa ez denik, baina harria bera area-ale aunitzez sortzen baita, azken finean zentrorik ez dagoela digu adierazten harriaren hondartzeak. Eta horixe izan zen modernotasun berriaren ekarririk eraginkorrena: zentroak pluralak direla.

                  Hutsalak my love zure zetazko galtzerdi distiratsuak,
                  Hutsala fita doratuko zigarro horren fantasia;
                  Oroimena edo zu ke beldurtia,
                  Eta hauskorrak halaber maitasuna eta armiarmaren etxea,
                  Kartoizko teilatu azpitan babestutako ametsak.
                  Berokietan soilik iraun dezaketen Inoiz Beti edo Bihotza
                  Bezalako hitzek, edo expresaren abistua gauean galduz;
                  Eta zure begirada, my love, sagar jelatua,
                  espaloi horietatik zakur deslaien haginetan.  
                  Baina etzazula antsiarik egin.
                  Abriguaren botoia bezain nimiñoa naiz esanez,
                  Gezur ttipiak asma ditzakegun bitartean:
                  Gizonkillo bat ( esate baterako )
                  mozkor taberna berde batean
                  Zuretzat bakarrik pianoa my love jotzen,
                  Hatzamarretatik ahate basatiak sortzen zaizkiola,
                  Zure izena ebakitzen duen bakoitzean;
                  Zuhaitzak, esate baterako, zoratu egin dira bart,
                  Hodeiak beldurtzeraino haziz;
                  Esate baterako eguzkia
                  Gizon biluzia bezala gure etxean sartzen
                  Tximeleta kargamentuarekin;
                  Eta bota dezakegu baita ere txanpon bat makinan,
                  Only you entzunez txorakeria batzuk esateko;
                  Edo bestela my love, nahi izanez gero,
                  Hertsi itzazu begiak,
                  Eta pentsa Bonny and Clyde garela eta zu soineko gorriz;
                  Irlaren batetara joanen ginateke, bestalde,
                  Inon irlarik balego;
                  Edo herri honetako proiektuetan murgilduko
                  Utopia ausartenak ere hain zikoitzak ez balira hemen

Arantxa Urretabizkaiak aitortua du langintza lotsagarri bat balitz moduan idatzi zituela bere lehen poemak, ezkutuan, inori deus esan edo erakutsi gabe, "poesia egitea" emeei –edo ez aski arrei- dagokien ahultasuna balitz bezala. Baina, zorionez, gizonen artean gizonezkoago azaldu behar zuen emakume gazte hark oso bestelako jarreraz idazten zituen poemak, defentsa artifizialik gabe, bere sena libre eta laxo isuriz. Naturaltasun zail hori da Urretabizkaiaren poesiaren balore nagusienetako bat. Hala berean ditu ezaugarri, irudi literarioen ekonomia handiz, hizkera zuzen eta gozo baten bidez hartzen duen indar ebokatiboa eta ahapaldi klasikorik gabeko periodo luzeko errepikatuetan lortzen duen musikaltasuna.

Bakardadea, haurtzaroko munduaren nostalgia, alabaren aitarekiko harreman konplexuak, eta idazterakoan euskaldunok hain herabe izan omen garen maitasunaren esperantza dira gure poetak bere bi poema liburuetan landu dituen gai nagusiak, beti ere emetasun minduko gandu mehe baina ez ahul batek osatuak.

                  Zer egin dezaket
                  udako arratsalde gorri batean
                  eguzkiak nere leihoari beldurra badio
                  eta zu ez bazaude?
                  udak ustekabean
                  neguaren erdian harrapatzen banau
                  derrepentean hostoak isiltzen badira
                  lau kanpai hots entzuten diren bitartean
                  hiru tanta lehor
                  eta epel bat
                  haize hilaren gainetik
                  nora jo dezaket
                  kalean topatuko ez bazaitut
                  gauzak nahiko gaizki ez doazen bitartean
                  tanta epel eskas bat
                  atsoen pauso azkarrak berotzeko
                  nola jakingo dut arbolak bizirik ote dauden
                  soinurik egiten ez badute
                  sirenen hotsa itzaltzeko.
                  gauza ez badira
                  nork esango dit zer gertatzen zaidan
                  lehenengo malkoa oraindik sortu ez denean
                  zeinen eskuak astinduko ditu
                  betazaletan
                  ezkutatu diren kanpaiak
                  non babestuko naiz
                  zure besoak urruti badaude
                  nondik sortuko da elektrizidadea
                  udak baimenik ematen ez badu
                  hiru kanpai ergel
                  eta laugarren bat
                  zeinen arnasak berpiztuko ditu adarrak
                  ni ere uda bihurtu naizenean
                  zer egin dezaket
                  udako usainak sortzen duen izerdi motelak bereganatzen banau
                  malko behar zuten urak
                  abuztuak itotzen baditu
                  nork aseguratuko dit
                  ez dudala sekula santan
                  trapuzko lorez egindako sonbrerorik eramango
                  lau kanpai asper
                  eta bigun bat
                  zer egingo dut

Konturatu zarete naturaren erreferentzia —zuhaitzarena, partikularzki— errepikatu egiten dela, nolabait ere, irakurri dizkizuedan poema zatietan: Berrizbeitiak haizearen fereka inbisiblea ikusten du fago, ezki, zumar, platanoetan; Aranbarrik errekaldetik itsasora ekarri du lizarra, edo itsasoa lizarraren bihotzera; Bordak zu eta ni hosto inutilen parekoak garela diosku, Prevert-en oihartzunez; Urretabizkaiak ezin du jakin arbolak bizirik dauden ere, zu baten aiduru malenkoniatsuan dagoelarik...

Idazlea prozesu batean kokatua dagoen sujetoa da. Eta hori horrela delako izan liteke testu bat esangura anitzekoa, eta are interpretazio kontrajarriak ere onartzen dituena. Eta, zer esanik ez, horregatik doa poeta bere ikuspuntua aldatuz (geometria osatzen du), ondorioz bere estiloa ere aldatzen duela: nork esango zukeen 1978 hartan, Atxagak honelakoak idatziko zituela?

                  Geldiro haziko zara, mara mara,
                  sagarrondo xume, zipriztin, ttotto;
                  doi doi gizenduz sagarrondo ttipi
                  hogei urtez gero egonen zara potolo.

Harrigarria egiten da, baina ez hainbeste. Gai konkretua hartu duela kantagai, eta naturakoa izatea. Omenaldi eder bat, noski, hainbeste eman digun arbola xumeari. Eta sagarrondoaren azpian, siestan axolagabe edo arnas hatzeko gelditua Bonny dago, edo Clyde; alegia, gardenago: trikua, poetak faunatik mitora ekarri duen beste marjinatu hunkigarri hori. Ziklo berri bat hasi da, baina lehen hazia hogei urte lehenagoko poema polimorfo haietan zegoen.

Txepetxak behiala bertsolariaren kantua erakarri baldin bazuen ere, naturako gauza ikusgarriek —zuhaitz tantaiek— hartu izan dute gure kantagintza, "Arboletan den ederrena da / oihan beltzean pagoa"... Ez bakarrik kantagintza, baita prosa ere: "makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti hezearen antzera zimel..."

Pagoa... ederra eta lodia. Baina balore —barkatu, Joxe— balio positibo hau bestelakotu egiten da, kontestatu egiten du poetak. Espresio perfeta, anitza delako.

                  Pagoa geldi dago
                  bidearen ertzean
                  ezin du konprenitu
                  nire presa bidean
                  bide gora noala...
                  —izerdi bizkarrean—
                  zergatik hain urduri
                  zerbaiten ehizean?

                  Kantsazio pozoia
                  baitarama zainean
                  izanaren miztoak
                  sartuta egonean
                  bizitza neke ahulen
                  pentsaketa luzean
                  ezin du konprenitu
                  nire presa bidean
                  
                  Bihotza ihartu zaio
                  gogoeta luzean
                  gogoa zaio ihartu
                  pentsamendu lanean.
                  Nire anaia delarik
                  ezaren ilunean
                  ezin du konprenitu
                  nire presa bidean

                  Udazken bustiaren
                  arratsalde morean
                  fedea erantzi dio
                  Lanbrok oharkabean
                  sentimen busti tristez
                  elkar besarkatzean.
                  Ezin du konprenitu
                  nire presa bidean

                  Goroldioz jantziriko
                  zauritutako bizkarrean
                  asperkunde giroa
                  hosto berdeen airean.
                  Betiko loaldia
                  nola gura lukean...!
                  Ezin du konprenitu
                  nire presa bidean

Azurmendiren poesiaren protagonista lehen pertsonan mintzo den ni bakarti hori da, egia establezituen aurka eta, ondorioz, Jainkoaren aurka ere matxinatua. Urrun gelditu da denboran hain hurbil zegoen Jainko asetzaile hura (hirurogeita batekoa da poema). Jainkozko beteak okitua ageri da poeta, problematizatu egiten du Goikoa. Ez ordea kezka teologiko gisa. Kontu eske ari zaiona sakramentuari gainez egindako Camus-en gizona da. Horixe izan nahi luke poetak, gizon bat, besterik gabe. Azurmendiren poesiak Jainkoari berari oldartzen zaio, ez Jainkoaren irudi bati edo manipulazio bati. Ez du gizona salbatu nahi, gizon izatearen kondena pairatu baizik. Horrek, orduan, berez zekarren gizarte kontzientzia. Existenzialismo soziala hemen ageri da Arestik ikur bilakatu baino lehen.

Azurmendik "poetikaren" ardura gabe sortzen du itxuraz, egunkari pertsonal antzeko batean, eta agian horregatik dute bere poema libreek halako indarra. Izan ere, dena ez baita geometria euklidianoa, burdinak badu edertasunik txatarrean ere. Geometriak, poliedroaren aldeak baino anitzagoak dira: pagoaren egona oso bestela ulertu zuen Nemesio Etxanizek.

                  Alboko pagadian
                  pago zaar bi;
                  besoak emanak dituzte
                  alkarri;
                  giroak narama
                  aruntz sarri.

                  Pagondoan apatx eginik,
                  buruak iluna dario;
                  inguruan aize epelak
                  lurrunean dakar erio.

                  Armiarma andrea alborago,
                  arilketan dabil;
                  euli ta xomorroak nai.
                  Argia txoratil,
                  begietan dabilkit ozka;
                  aizea, isil.

                  Pago besoak, eguzki aterpe,
                  oroiketari eman diote;
                  joan mendeak gaztearoa
                  il zuten. Biar... zer ote?

                  Alaxe elizpean oi dira
                  agure zaarrak kontu kontari,
                  beranduko astegun meza
                  entzun ondoren marmari.

                  Gerri lodi, zuztar zaintsu,
                  lur bati lotuak beti,
                  basoko praile bakarti,
                  pago zaar biak beren bakarra
                  aipatzen dute negarti.

                  Baina beerago, lagun bat
                  badute bakarrago
                  alargun basoan.
                  Pago bakarrak
                  ez du lagunik ondoan,
                  ta kontu zarrak itotzen
                  zaizkio kolkoan.

                  ***

                  Lainoak lore bustiak
                  dakarzkidate.
                  Jaiki naiz pago ondotik,
                  gogoan neke.
                  Beti da munduan
                  norbait triste;
                  auzoan besteren bat
                  tristeago daite.

Bakardadea, tristura.... gai errepikatuak dira Etxanizenean: "Ilunaldi" du titulua, hain zuzen, poema honek. Nemesio Etxanizen literaturak euskaltzaleen esker ona eta literaturzaleen begiramenezko isiltasuna jaso izan du urteetan. Bigarren mailako poeta zatekeen, eta berak ere onartua zeukala dirudi: bertsolari senak, punturako erraztasunaz, bete-lanera darama zenbaitetan. Arnas handiz hasitako poema batzuk, arrunkeriaz amaitzen ditu. Bere obra poetikoa, oro har, irregularra da, gora-behera handikoa. Baina han-hemenka ageri dituen aitorpen biluziengatik eta hasperen etsiengatik, merezia du Nemesio Etxanizek poeta handien ereinotza. Berak esana zuen "bihotzak agindu erara" ondu zituela poemak. Egia da tresneria handirik gabeko poeta dugula, baina halako gardentasunaz mintzo zaigu non lirika sentimental bat osatzen baitu nahiaren eta ezinaren, grinaren eta lotsaren arteko pultsuan. Pako Sudupek ongi atzemana duen bezala, maitasun galduaren poeta dugu Nemesio Etxaniz, eta bere malkoak, inozoaren muga arriskutsu horretan baldin badago ere, hunkitu egiten gaitu, frustrazioa molde dotorean ematen dakielako.

                  Zuhaitz handian ikustean  
                  zerutik hurbil-hurbila
                  den  azken muskila,
                  jauzten zait bihotza:
                  ez nindake mintza...

                  Orga-bidean ikustean  
                  zerurat hain luzatua
                  den  patar burua,
                  jauzten zait bihotza:
                  ez nindake mintza...

                  Zeru gainean ikustean  
                  haizeak han eremana
                  den  hedoi arina,
                  jauzten zait bihotza:
                  ez nindake mintza...

Kontenplazioa dugu hemen nagusi, eta zuhaitz baten ikusteak darama poeta beste ikustate batzuetara, sentimenduen mundu adierazgaitzera. Iratzederrek Beloken beneditarra sartzea erabaki zuenean halako gertakari historiko xume bat zen gertatu, bertan baitzegoen Aita Lertxundi musikaria kantika liburua osatu nahi eta ezinik. Orduan agertu zitzaion behar zuen letragilea, otoitza euskaraz ederren egiten zekien olerkaria. Horixe da, batez ere, Iratzederren poesia: otoitza kantuan. Apezteko gogoa eta euskaltzale izateko gogoa, biak batean piztu zitzaizkion, eta bere obra ere binomio etenezin horri zor zaio, fedea eta euskaltasuna bat ditu ezin banatuzko karrean. Iratzederrek esan ohi, Etxenizen modura, berak ez duela literatura egiten, bihotzean dituenak erran besterik ez. Baina bihotzekoa usadioak landutako molde nobleetan ematen du, hizkera gozo, irudi gutxiko eta hunkitze ahalmen handiko poemetan, espiritu minbera baten dotoreziaz, kantuan edo isilean esateko.  

                  ADIO
                  Euskalerriak dario.
                  
                  Igesi
                  zenbat gauz eder doazi,
                  Ezaren
                  illobi beltzera zuzen,
                  egundo
                  geiago ez biurtzeko,
                  sekula
                  il bear ez lutekela...
                  
                  Antziña!:
                  —gure iñular sorgiña,
                  iraun-arazi eziña...—
                  bazuaz
                  zure printzak itzalduaz...
                  
                  Zergatik
                  ez edan zure argitik,
                  bizi gaitezen lengotik?
                  Zergatik
                  ez ibilli zure eskutik
                  bein-beti,
                  eten ez dedin leiñargi?...
                  
                  Adio
                  Euskalerriak dario,
                  Zugana
                  luzatuz bere yorana.
                  Bai, arren,
                  utzi Adio esaten.
                  Adio!
                  Adio bai sekulako!
                  
                  Mendien apaingarri
                  ok ziran zugaitzak:
                  lizar, pago ta intxaur,
                  gaztain ta aritzak.
                  Sartu ziran beingoan
                  piñu beltz arrotzak.
                  Arrezkero mendiak
                  erderaz zebiltzak.
                  
                  Intxaurraren zura zan
                  oiak egiteko:
                  lizarrarena, berriz,
                  katedraletako.
                  Piñuena, ordea,
                  esan zertarako?
                  —Baitipat, ildakoen
                  zerraldotarako...
                  Aritz, lizar, pagoak:
                  agur sekulako!

Joxe Azurmendiren arabera, gai bakar batek eragin zuen Mitxelenaren poesia: Euskal Herriaren agonia, sentimendu tragikoa bere egin duen espiritu minberaren eskutik. Hor gauzatzen da Mitxelenaren poesiaren tentsioa, fedearen eta fatalismoaren arteko tira-biran: oinazea, penitentzia, gurutzea, kalbarioa... Kristoren pasioan oinarritutako iruditeria eta kontzeptuak darabiltza bere herriaren egoera adierazteko (gerraondoan idazten du), baina herri horrek ez du hil nahi, erromes doa salbazioaren bila, horixe baitu esperantza bakarra, Semearen hildura Amak eztituko du. Azurmendiren beraren hitzetan esatearren, "Euskal Herriaren interpretazio teologiko-liturgiko bat" egiten du Salbatore Mitxelenak.

Poema asko egin dira arbola irudi hartuta: gogora dezagun Manex Erdozaintziren Gure etxegibeleko haritza, edo Jokin Zaitegiren Erbestean Aritza edo Lizardiren Zugaitz Etzana, garaikide zuen Amado Carballo poeta galegoaren Os piñeiros mortos oroitarazten didana beti... Baina orain Otañoren Amerikako Panpetan ekarri behar dut hona, bertako ombú zuhaitza eta etxeko atariko intxaurrondoa alderatzen dituenean:

                  Nere lagunik maitatuena,
                  ombú laztana, zu zera,
                  argatik nator zure kolkora
                  ni malkoak isurtzera,
                  iduriturik naramazula
                  atariko intxaurpera...
                  Beti izango zaitut goguan,
                  baña joan nahi det ostera
                  euskal lurreko arbolpe artan
                  nere ezurrak uztera.

Mitxelenak bezala, galduaren nostalgia ageri du Otañok, herriminaren poemarik biribilena bezala konsideratu izan den horretan. Orixek ere gure arbola klasiko bat, pagoa, Amerikako arbola batekin alderatu zuen, amate esaten zaionarekin. Eta nahita edo oharkabean (poeten memoriak oso bide bihurriak erabiltzen baititu deus ez ahazteko), Otañorenaren antitesia proposatzen digu:

                  Gogoan daukat aur nintzaneko
                  Musulungo pagopea,
                  izerditurik arrixku baitzan
                  itzal artan esertzea;
                  baiña sargori zegoneako
                  goxoa bai oatzea!
                  Goxoagorik arki dut emen
                  Amateren gerizpea.

                  Euli urdin bat erdian egan
                  dabil, ala geldi dago?
                  Zeru garbian Kondor bat ixil
                  egalontzitik gorago.
                  Emengo bero zakarrenetan
                  aroaz âzturik nago;
                  atsegin honek sarrerazten nau
                  nere baitan barrenago.

                  Ez dut entzuten txio-txiorik,
                  aizerik, erle soiñurik;
                  bidez nekatu gabe bainago,
                  ezta nere pilpirarik.
                  Zer entzuten dut adi nagola?
                  Nere arnasa bakarrik.
                  Inon bai al da pake artzeko
                  bakarrago dan gelarik?

                  Bil-bil egin naiz neronengan
                  auspean sua bezala,
                  pizturik nagon, itzali naizan,
                  neronek ez dakidala.
                  Ortik aurrera au dakit soillik:
                  griña batek naramala...
                  Pago arena baiño obe zait
                  amate onen itzala!

Exiliora jo zuenean Orixek hirurogeita gehiago urte zituen eta obra zabal bat, heldutasunean zegoen idazlea zen. Uste izan zitekeenaz oso bestela ordea, ezin emankorragoa gertatuko zitzaion bere ingurunetik lekutze hori. Urruntzeak liberatu egin zuen idazlea, eta gutxik uste zuten malgutasunean landu zuen obra berri bat: bere poesia gailena, ene iduriko. Poeta zurruna zirudiena hunkitua eta zirraragarri azalduko zaigu batean, ironiko zorrotza bestean, liriko minbera hurrengoan. Beti erakutsi zuen ahalmen deskriptibo harrigarriari, sinboloak aukeratzeko sena gaineratzen dio, eta adierazkortasuna bete-lanik gabeko bertso trinkotan garatzen du, irakurraldi bakoitzean zuku berria kentzen zaion hizkeran. Gaiaren aldetik, Barne-Muinetan liburuan landua zuen mistikara itzuli zen nagusiki, baina ez poesia kontzeptual hotzean. Orixek kontestu batean egiten du arnas, garrantzi berezia ematen dio inguru fisikoari, gorputz baten jabe da. Lehen pertsona konkretu batean mintzo zaigu beti. Giharra duen mistika da berea.

Poeta, lurrik ezean, bere baitan biltzen da, edonongo zuhaitz baten pean, are gehiago, gurea ez den gerizpean. Erbesteratuen artean hain zabaldua zegoen herrimina alboratuz, poesia bortitz bat sortzen du, bulko handikoa, irudimen librekoa, ez inondik ere negartia. Zuhaitz mexikar baten itzalpera biltzen da eta ez du Otañoren atariko intxaurrondoa amets. Honenbestez, euskal poeta nonahikoa egiten da, nitasun berri bat deskubritzen du, eta ez dio ardura bakarrik baldin badago ere munduan, barnea duelako mundu. Gu etnografiko bat kantatu behar izatetik ni intimo bat kantatzera eginiko ibilaldi mingarrian, Orixek euskal literatura modernoa abiatzen du, edo hobe esan, euskal literaturaren modernotasuna: lurralderik ez daukan kulturan hizkuntza da babesleku bakarra, eta norberarenak dira kantagai (bere arnasa entzuten du). Barka ezazue berbakondo zatar hauek esatea: Orixerena deserrotze ontologiko bat da. Galduaren jabe da, edo zehatzago esatearren, jabego galduaren jabe, galdujabe. Eta horretan finkatzen da, nik uste, gure literatura modernoa. Hara nondik, uste ez genuela, hari bat datorren Orixegandik Sarrionandiaganaino. Baina honetaz, plazer bazduzue, beste batean.

Eskerrik asko, poetok: arbolaren espresio perfeta bilatuz bere sustrai, enbor, muskil, adar, hosto eta gerizpean, errealitatearen arbola deskubritzera eraman gaituzue bere bere zatarrean, bere ederrean eta gure bakardadean.

Koldo Izagirre

 

40 poetak

40 kaierak
4 hitzaldi
audioa