Antologia guztiak dira, berez, injustuak: hautaketa direnez, proposatzen zaiguna ez da bilduma posibleetatik bat baino, eta antologatu gabe uzten dena, berriz, hautatzailearen arabera bakarrik izaten da "baztergarri". Hala gertatzen da beti, bai egileak aukeratzean, bai egilearen beraren lanak bereiztean.

      Injustizia zoragarri baten egile dator Koldo Izagirre: hogeigarren mendeko poesiaren antologia (posible bat) ekarri digu, Susa argitaletxeak 40 liburutan argitaratu duena. Berrogei liburuotan beste hainbeste poetaren lana dugu, gerraurreko klasikoak bezala mende amaierako joera eta estilo aniztasuna jaso duen bilduman, denak ere antologatzailearen sarrera argigarri banarekin.

      Gure literaturaren aurrerapauso guztiak poesiak markatu ditu XX. mendean. Orixe, Lizardi, Mirande, Aresti gabe, esaterako, ezin liteke konprenitu gure historia. Baina funtsezko autore askoren obra, tamalez, ez dago eskuragarri. Eta poesia jenero ez-komertziala omen delako aitzakian, poeta berriagoen lanek ere, ez dute lortzen merezi luketen oihartzuna. Poeten gorazarre izan nahi luke bilduma honek, eta irakurlearen zerbitzu.

      Beharrezko injustizia bat egin dugula uste dugu.

 

40 poetak

40 kaierak
4 hitzaldi
audioa