Intxaur azal baten barruan

 

Puerto de Santa María-tik

 

                Geuk eramananen dugu aro hits hauen pisua,

                bihotzak adierazten diguna esanen dugu...

                                                         W. Shakespeare

 

 

HAMLET: Ene adiskide on berdingabeok! Zer moduz Gildenstern? Kaixo Rosenkrantz! Mutil azkarrok, zer moduz zaudete?

ROSENKRANTZ: Lurreko guti gora-beherako pertsonen antzera.

GILDENSTERN: Zoriontsu, zoriontsuegi. Ez gaude Fortunaren kaperako lore sortan.

HAMLET: Ez bere oinetakoen zolan?

ROSENKRANTZ: Ez, jauna.

HAMLET: Orduan, bere gerritik hurbil zaudete, bere mesedeen erdian alegia.

GILDENSTERN: Bere nahierakoak bait gara!

HAMLET: Fortunaren zoko sekretuen nahierakoak? Oh! Egia, emegaldu bat da. Zer berri dakarzue?

ROSENKRANTZ: Batere ez, jauna, mundua zintzoa bihurtzen ari dela bakarrik.

HAMLET: Halan bada, hurbiltzen ari da Judizio Handiaren eguna; baina seguru albiste hori ez dela egia. Zehazkiago galdetzeko, ene adiskideok, zer egin diozue Fortunari gartzela honetara ekar zaitzaten?

GILDENSTERN: Gartzela honetara, jauna?

HAMLET: Gartzela bat da Danimarka.

ROSENKRANTZ: Orduan, mundua bera ere gartzela bat da.

HAMLET: Bai, gartzela erraldoi bat, zelda, kalabozo eta zigor gelaz betea. Eta Danimarka da zelda gaitzenetariko bat.

ROSENKRANTZ: Ez gara eritzi berekoak, jauna.

HAMLET: Orduan, zuentzat ez da gartzela izanen. Ezer ere ez da ona ez gaitza, gogoak halakoa egiten ez badu. Niretzat gartzela bat da.

ROSENKRANTZ: Alta, zure asmoak soberazkoak direlako iruditzen zaizu hau gartzela. Tipiegia da zure gogoarentzat.

HAMLET: Ene! Intxaur azal baten barruan ere espazio amaigabeen erregetzat nengoke, amets goibel hauek ez banitu.

 

* * *

 

William Shakespeare irakurtzen ari ez bazina gau lasaitasun berdina sendituko zenukeen galdetzen diozu zeure buruari. Leihoa zabalik duzu, baina ez dira ilunbeak sartzen. Ilunbeetako biztanleetarik haizea bakarrik sartzen zaizu, boladaka, eta laket zaizu ohe gainean etzanik egotea, ezer igurikatu gabe eta amets goibelik gabe. Une honetan intxaur azal baten barruan ere gustora egon zaitezkeela iruditzen zaizu, zeldan zauden artean, oihan beltzean bazeunde bezala, atsegina norbere baitan dagoelako. Baina zer ari zara esaten, zer dakizu zuk zer den atsegina...

        Oinaze gogorrak izan dituzu azken lau egunetan. Lehendabizi bidaia, Carabancheleko hirugarren galeriatik Puerto de Sarta Maria berri honetara, La Mancha eta Ardalucia lauetan zehar, hamabi orduz kaiola furgoitan, labe sargoriaren azpian. Gero, bultzakadaka sarrarazi eta, kisu eta pintura hautsez beteriko zeldetan, ate biren barruan, bi egunez isolaturik. Gaur patioa ezagutu eta lagunak besarkatu, armada bentzutu bat bezala. Zeldara itzuli orduko eskuartean duzun liburua eman dizu adiskide batek, eta ez duzu besterik.

        Erropa, aldatu gabe, izerdi galbahe bat izan da lau egunotan, eta erantzi egiten zara biluzik geratzeko. Eta, ohe gainean biluzik etzanik, lasaitasuna senditzen duzu liburuxka bakar hori irakurriaz. Baina, berriro ere, oin hotsak entzuten dituzu galerian, eta burdin hotsak. Zure atea da zabaltzen ari direna.

        —Póngase usted de pie al fondo de la celda, o es que no sabe cómo!

        Ohetik jaiki eta zutik imintzen zara, biluzik, leihoaren azpian. Zeuri begira dituzu zenbait funtzionari barrukaldeko atea ireki gabe.

        —¡Dígame su nombre, su nombre!

        Izena esaten diozu, eta hiru aldiz esan behar diozu entelega dezan. Gaur bederatzi aldiz zutitu behar izan duzu zelda bazterrean, orain bezala. Ez da biluztasunagatik, funtzionari horiei obeditzeagatik ere ez, baina umilazio sakon bat senditzen duzu, hainbeste oinaze egunetako umilazioaren karga, eta ezin duzu gehiago.

        Bat-batean, ohe gainean esertzen zara, laborari nekatu bat bezala, errebelatuaren antzera ezik.

        —¡Qué pasa! O sea, ¿que usted desobedece? O sea, ¿que no quiere usted permanecer en pie?

        Iadanik zutitzeaz aspertu zarela eta halan umilatzeko animalia bat ez zarela erantzuten diezu. Hasarre aldentzen dira, eta itzuliko ote diren zalantzan geratzen zara, itzuliko ote diren eta zertara. Ateen burdin hotsak, oinenak ere urruntzen...

        Uda gaueko haizea hartzen duzu arrasan leihora hurbilduaz, gartzelaren harresiko zentinelen guardia aldaketa, eta gero berriro ere isilik dena. Pentsatzen duzu, noizean behin gauak bere biztanleekin egiten duela amodioa eta gero bere magalean loak hartu arte laztantzen dituela.

 

* * *

 

HAMLET: Izan ala ez izan, hona hemen arazoa. Zer da gogoarentzat handiagoa: Fortuna harroaren kolpe eta geziak sofritzea, ala zorigaitz andanaren aurka armak hartu eta aurrera egitea? Hil... lo, ez areago. Amets batez bihotzaren etsipenei eta haragiaren herentzia osotzen duten mila gatazka naturalei amaiera ematen diegula pentsatu. Hona hemen zintzoki desiratu daitekeen hitz bat. Hil... lo... lo... amets egin agian. Bai, hara hemen oztopoa. Bizitzaren zirimolatik irten ondoren, heriotzeko ametsean iraungo duten ametsak zeintzu ote diren pentsatzeak etenerazten digu gogoeten haria. Hau da zorigaitzari hainbesteko luzantza ematen dion gogoeta. Zeren, nork gaindi ditzake denboraren laido eta nahigabeak, menderatzailearen irainak, harroaren hantutasuna, amodio desiratuaren kexuak, boterearen lotsagabekeriak, eta merezimenduek gizaseme dohakabeengandik hartzen dituzten mesprezuak, norberak laban soil batez atsedena hatzeman dezakeenean? Nork eraman nahi lituzke zama hain eskergak, bizitza gartsu baten astunaren azpian kexatu eta izerditu, ez balitz heriotzaren ondoren —bere mugak bidaiariek berzeharkatu ezin ditzaketeneko lurralde ezezagun horietan— zerbait delakoaren beldurragatik? Gure nahierak nahasi, eta sofritzen ditugun zorigaitzak beste batzu ez sofritzeagatik sofriarazten dizkigu beldurrak. Halan, doilor bilakatzen gaitu gure gogoak; eta halan, erabakiaren arrazoina eritu egiten da pentsamenduaren nabardura zurbilen azpian, eta eginbide handi eta nagusiak, honegatik, okertu eta desegiten dira... Baina, isilik! Ofelia ederra.

 

* * *

 

Berriro aditzen dituzu oin hotsak. Saldoka datoz, eta ez zaizu seinale ona ireditzen. Orain ere, biluzik zaude ohe gainean, burdinezko atea zabaltzen ari direnean.

        —¡Recoja todas sus cosas. Va usted a celdas de castigo!

        Ez zenuen halakorik espero. Galtzak eta alkondara jantzi, eta zapatila zaharrok. Zer eramanen duzu? Maindirea, liburua, ez duzu besterik.

        Liburua ere eraman behar duzu, Hamlet hori. Maindirearekin besapean hartu eta bazoaz barruko atea irekitzen dizutenean. Sei edo zazpi funtzionari dituzu zain, eta bultzaka agintzen dizute norantz abiatu behar duzun. Funtzionari batek gidatzen zaitu, eskaileretan behera lehenengo, burdinezko hamaika atetan zehar gero, eta bultzatu egiten zaitu noizean behin.

        —¡Ande más deprisa!

        Gorrotoa senditzen duzu. Ezin duzu arinago ibili, zapatiletarik bat hautsirik daramazulako, eta behatzak okertu behar dituzu urrats bakoitzean oinetakoa irten ez dakizun.

        —Más deprisa, coño, ¿tienes miedo?

        Zerbait esateko duzu ezpainetan, zapatila hautsirik daramazula esateko gogoa duzu, edo ea zaunka dakien galdetu nahi zenioke, baina finean isilik geratzen zara. Bibote ergel horrek asto zaharra baizina bultzatzen zaitu eskaileretan gora ere. Polizia armatu bat duzu goraxeago zain. Ez bat bakarrik, ugari daude goian.

        —¡Aquí traigo a esta polilla!

        Irri egiten dute bik. Zigor zelden pasiloan barrurantz bultzatzen zaituzte. Oso aurrean, ate bat zabalik eta, han, funtzionari eta polizia bi daude. Iristerakoan, zeldara sartu orduko, kolpe bat jotzen dizute, biraoka.

        Ate hots handiz hertsi eta itzaltzen dute argia, eta ilunbetan geratzen zara, non ez dakizula. Begiak ilunera egokitzen zaizkizunean, zelda hori ere beste zelden antzerakoa iruditzen zaizu. Ohe gainean zabaltzen dituzu maindireak eta etzan egiten zara.

        Une luze batzutan begiak iluntasunera egokitu ondoren inor gehiago ekarri badute hurbil dagokeela otutzen zaizu eta leihora agertzen zara. Emeki dei egiten duzu, bi aldiz, baina ez duzu erantzunik aditzen. Gauak baretasunez populatu du dena, leihoen barrukaldeetan ezer ernerik utzi gabe, eta teilatu gainean zohardia, hain izarreztaturik eta hain bare ezen suntsidurarik sekula ezagutu ez duela bait dirudizu. Ilargi betearen argitango katu beltzaren islada oroitzen duzu, haurtzaroko irudi ahantzezin bat bezala.

 

* * *

 

—Ez diagok inor?

        —Hi, zer moduz Martin?

        —Nor haiz hi?

        —Xabi, Xabier nauk.

        —Noiz ekarri haute?

        —Duela ordu erdiren bat.

        —Eh, Martin, zein leihotan hago?

        —Hemen.

        —Hemen hagoela badiakiat, baina zein aldetan...

        —Argia duen leihoa ikusten duk? Neure aurrean diagok.

        —Argia? Nik ere aurrean diat baina bi leiho harantzago eskuinetara, beraz, nire alde berean hago bi leihoko distantziara.

        —Zenbat giaudek?

        —Ez diakiat. Nor gehiago diagok?

        —Koldo.

        —Koldo, nafarra?

        —Bai, ni ere hemen niagok.

        —Eta ni, Mikel, eta ene aurreko zeldan Josemari.

        —Zergatik sartu haute?

        —Zutitu ez naizelako edo.

        —Bada, ni, biluztu ez naizelako. Birritan biluztu nauk goizean, eta ezetz esan diat gauean.

        —Ja, ja... Hain eder hago ala?

        —Sei inguru giaudek.

        —Zenbat zigor zelda diagok bada?

        —Bihar enteratuko gaituk.

        —Noiz arte ukanen gaituztek hemen?

        —Hogeiren bat egun bai, gutienez.

        —Hainbeste?

        —Horrenbeste eta gehiago ere...

        —Izugarria duk hau, txo, hil behar gintuztela uste nian zeldatik irtetzerakoan.

        —Carabanchel palazioa zela guretzat eta hemen gartzela zer den ezagutuko dugula esan zidak funzionario batek niri, bultzakada batekin batera. Ia erori nauk.

        —Eh! Isilik, berriro diatozak.

 

* * *

 

Akidura eta tristura senditzen duzu, ea oraingoan nor dakarten zain. Akidura, tristura eta gorrotoa senditzen duzu. Mindurik duzu gorputza eta, gainbizitzeko baino ez balitz ere, burrukan segitzeko beharraz pentsatzen duzu. Istiluetan ez sartzeko, amonak hainbeste aldiz esandako hura, farregarria egiten zaizu orain. Aurrekoak erori direneko zulora ez sartu zangoa, esaten zizun, eta zuk, amona eta atsotitzak maite arren, zeurea egin, zangoa aurreko guziak erori direneko zulora sartu alegia; non zauden baleki. Eta, hala ere, burrukan segitzeko eta gainbizitzeko beharra...

        Hemen egonik, hemen ez bazeunde non zeundekeen asmatzeko desira duzu. Esate baterako, Bilbotik zure herrirako azken trenean iritsi zara; geltokiko ilunbeetan zoaz andenean barrena; gero Ezkurdi, ezkurdia zenean, Urmael eta lorategi denean baino ederrago zena; Andramariko elizpea, aterbe ederra aterbeetan, harri eta zurezko habe handiena, Durangoren bihotza; Goienkalen gora, non tabernen babesari amore eman gabe iragaitea zaila den; iragaiten bazara, Santanako enparantza, harlauza batzu altzaturik, eta zubian esertzen zara uretara begiratuaz, ur lohietara non barroteak isladatzen diren. Burdinezko barroteak, zeren hemen zaude oraindik.

        Zigor zeldetako iluntasunetik, zer gertatuko zaizuen aurrezagutu nahirik, botere zaharraren oinetakoak harrizko pasiloetan datozela aditzen duzu, hots ala oihartzun zer den berezi ezinik. Ofeliari zer gertatu ote zaion, galdera iragaiten zaizu une batez burutik nor ekarri ote duten argiko zeldara. Itzali egiten da, bat-batean, argia eta urruntzen entzuten dituzu oin eta giltza hotsak.

 

* * *

 

—Nor etorri duk orain?

        —Hi! Nor haiz?

        —Fernan nauk, Zornotzakoa.

        —Nor? Algortakoa hor?

        —Fernan, Zornotzakoa.

        —Ah, bai. Zer egiten duk hemen?

        —Egin? Eltxoak harrapatu. Besterik zer nahi duk egitea!

        —Kaixo, Josemari.

        —Zergatik ekarri haute?

        —Arratsaldean funtzionari bati zakurrak ez garela esan zioat, horregatik dela uste diat, baina lo nengoen zeldan, ekarriko nindutenik ez nian uste eta.

        —Zuen moduloan ere istiluak daude?

        —Ez, istiluak ez. Zuenean bai?

        —Ez zutitzearren, ez biluztearren eta holakoakaitik istilu batzu egon dituk gaur.

        —Bihar goizean gu falta garela ohartzean mogituko dituk.

        —Ea, bada, gu ezin gaituk zortzi metro kubikotan baino gehiago mogitu eta.

        —Zer edo zer eginez gero, guziak hona ekarri...

        —Baina ez diagok lekurik hemen denontzat.

        —Zer moduz dabil Pello?

        —Ondo, elkarrekin ibili gaituk arratsaldean.

        —Zeldak ezagutu nahian egongo duk honez gero...

        —Ezagutuko dizkik, bai, nahi gabe ere.

        —Eh! Goizean, eguna argitzean, leihora denok, ea zer berririk dagoen.

        —Bai, ea zerbait egiten dugun.

        —Amets onak izan.

        —Amets onak? Nik ihes egiten diat beti, ametsetan, eta beti harrapatzen niautek askatasuna ukitu orduko.

 

* * *

 

Ilunetan, ohean etzana, leihora beha zaude eta ortzearen puska izarreztatu bat soilik ikusten duzu barroteen artetik. Uda gauetako ametserako eginiko gau bare eta epela; gogoetarako ere egina, logabean, eta oroitzapenerako. Hamabi urte edo zenituenean Burgos hirian hauzi handi bat omen zegoen, orduan, zuk kristalezko esne botila bat dendan erosi eta etxerantz zeneraman; ikara giroa, giro iluna, kalean urrats arinak eta isiltasun hauskor bat, zu anaia tipiarentzako esne botila besoan ebaturik etxeruntz itzultzen; bat batean hotsak, oihuak, eztandak, gorputz ezezagun eta izutuak korrika zihoazten zure albotik, zure gainetik, denak animalia kolpatuen antzera korrika, neskato bat labandu eta erori espaloian, eta gainera gehiago, bultzatu zinduzten eta zu ere erori, eta lurrean barreiatu ziren kristal puskak eta esnea, lokatzez nahasiaz, gero, gizon grisak heuren argi eta fusilez so egin eta, kalerik kale ezkutatuaz itzuli zinen etxera, dendatik hain urrun ez zegoen etxera, izuturik, gurasoak ere urduri zure bila irten behar ziren uneetan.

        Uneak eta, urteak iragan eta hamazazpi urte zenituen gizarte iraultzaren esperantzaz burrukatzen zinetenean. Euskal alfabetazioa, langile burrukak, literatura, herri mogimendu zabal bat diktadura suntsitzeko eta, diktadura bakarrik ez, estatu kapitalista, eta bizimodua bera ere; ezen idealistak bait zineten, iraultzako haurrok. 1975 urtean eta hiri handi batetan, esate baterako, manifestazioa kalean aurrera zihoan, bi edo hiru mila, askatasunaren alde oihuka; hari tentsoak guzien begiradak eta, bat batean, eztandak, oihuen isilunea, eta berriro oihuak polizia esperoan zegoeneko lekura arte; han boterearen zaindariak jeep eta autobusetatik jetsi eta, kaskoak iminiaz, ofizialen aginduetara elkartzen ziren; beldurrez, harrotasunez eta gorrotoz beterik zihoan manifestazioaren geldiune eta isilune baten ondoren, are errimeago altzatzen zen garrasia; argi biratzaile urdinen dizdirez eretsi zituzten biserak, armak segurtatu, ezkutak altzatu eta, aginduarekin, bortizki eraso zuten gizon grisek; beldurra, harrotasuna, gorrotoa eta ihesa, eta ihesean erori eta kolpatuak, lurrean kolpatuak, langileak, mutil gazteak, neskato ilegorriak, agure erren bat; espaloian etzaten zen gorputz bat alkondara ferde odolduaz. Eta odol hori betirako itsatsi zitzaien harriei, ezen oraindik ere kale ezkinok odoldurik oroitzen bait dituzu. Orduan, begiradak hari tentsoak eta hautsiak, berriro biltzea, goazen halako karrikatara, han barrikadak eta suak, eta sirena urdinak biraka, eta dardara, eta izerdia, arineketan, eta kolpean mina, eta harrixka jaurtiaren poza.

        Gero, frankismoak demokrazia erditu behar omen zuela eta heurak aldatu ziren zuek baino gehiago, baina Euskal Herria odolustutzen segitu, eta adiskideak gartzelara, zein herbestera, zein lurrera zerraldo erori; 1978 urte hartan. Agintzen duenak agintzen duela baina errebelatzen ez dena esklabo geratuko dela, zeure teoria sozial pertsonalaren erresumentzat harturik, burruka armatua hautatuz, asko zineten askatasunaren esperoan geratu gabe bere bila abiaturiko bihotz esklaboak...

 

* * *

 

ERREGE: Zer moduz Hamlet; ene iloba hori?

HAMLET: Ederto jauna. Aireaz elikatzen naiz, kamalahoia bezala. Esperantzaz loditzen naiz. Ez duzu zuk, jauna, halako kapoirik gizendu ahal izango.

ERREGE: Erantzun hoiekin ez dut zerikusirik, hitz horiek ez dira nireak.

HAMLET: Ez eta nireak ere iadanik.

 

* * *

 

—Xabier, lo hago?

        —Ez, hemen niagok, egunon.

        —Eta Martin? Hi, Martin!

        —Zer gertatzen duk? Aspaldidanik niagok itzarririk.

        —Zertan ari haiz...

        —Liburu bat irakurtzen, duela ordu laurden esnatu nauk eta.

        —Zelan egin duk lo?

        —Ederto, enborren antzera.

        —Bada, nik ezin izan diat begirik hertsi.

        —Egunon, Koldo.

        —Egunon, ea gaur zer gertatzen den.

        —Gartzela hau suntsitu arte ez diagu zereginik.

        —Ni ere guzi hau zelan hautsi edo erre egondu nauk pentsatzen, baina ormigoia duk guzia.

        —Hemen ez irauteagatik zainak ere zabalduko nizkikek.

        —Zainak? Bai, hamaika aldiz ere.

        —Eta zelan moztu? Hemen ez diagok ezer.

        —Leihoko kristela apurtuta...

        —Baina zertarako. Hobe duk itxarotea.

        —Zeri itxaron, berehala burrukatzen ez badugu zelan egingo dugu burruka geroan!

        —Abuztuan bakantzetan diagok mundu guzia, ez dik inork gure egoera ezagutzen eta ez gaitik inork lagunduko. Hobe duk urrira arte itxaron eta orduan gose greba bat egitea.

        —Urrira orduko hil gaituk, ostia!

        —Ate hotsak dituk hemekaldean.

        —Isilik...

 

* * *

 

Herbestea, gartzela edo heriotza; finean hiru fataotarik bat izaren duela zihur daki burrukan ari denak, eta gartzela luze bat suertatu zitzaizula ohartu zinen zeure burua, erdi lo oraindik, armaz eta oihuz inguraturik aurkitzean. Denborak ez du ezer ezabatzen, arrastatu egiten du guzia orainera, eta oroimenak azaltzen du edozein une egokitan, edo nahi gabeko edozein unetan. Esaterako, oinazea oroitzeko une guziak desegokiak direla pentsatzen duzu: kolpeak; kolpeak, eta nortzu zineten komandoan galdera, te vamos a matar hijo de perra, kolpeak, itolarria, eta mina, eso no, los nombres, los nombres, kolpeak, eta ekintzak, eta armak non zenituzten gordeak, ¿que no sabes nada?, konortearen galera, eta kolpeak, arnasaren hartu ezina, eta kolpeak, pues a los que no saben nada los matamos, armak non zeuden gordeak, gainerakoen izenak, eta kolpeak, barrabilak mindurik, eta odola, nork hil zituen beren hiru lagun haiek, o me dices que los mataste tú o te mato, eta kolpeak, gorputza bete eta lehertu arte, eta areago ere, gorputza oinaze osin izugarri bat bilakatu arte, eta areago, como no espabilas vamos a enseñarte unas técnicas de tortura para que luego las denuncies si sales vivo maricón, eta kirofanoak, gerri hautsia, oin zolak erre, bularra erre, a la última con la que te hayas acostado también le voy a quemar los pezones, bizar erauzia, barrabil hautsiak, kolpeak, eta bainera, ito arte, eta ito egiten zinen ia, non zeuden ihes eginiko zure adiskideak, eta kolpeak, non zeuden esateko ala hilgo zintuztela, dinos a dónde te irías tú si te hubieras escapado, lejos, si vuelves a decir que lejos, te lleno de plomo la cabeza, azazkaletako mina, kolpeak buruan, barrabiletako mina, burua uretan, eta berriro kolpeak, «trae tantum que a éste le ha pasado el talgo por encima», arnasa berregin ezinik, eta berregin orduko kolpeak, auto ebatsi hura zertarako zen galdetzen zizuten, metraileta biak non erabili zenituzten, zuek zinetela harrobiko goma ostu zutenak, eta biluzik zeunden zu, errerik eta odoleztaturik, belauniko eta oinazetan haien aurrean, eta kolpeak, «aquí tienes el teléfono, llámale a Txomin ahora y explícale cómo te encuentras cabrón», eta gainerako armak non zeuden galdetzen zizuten errebolberraren tanborra biratu eta kainoia zure bekokirantza zuzenduaz, gatilua sakatuz, klik, eta kolpeak oinaze izugarri batetan, euria aintzirako uretara bezala...

 

* * *

 

—Josemari, Zornotzako festak dituk egunotan!

        —Baina gu iaz bezala, hemen.

        —Eta noiz arte?

        —Neuk esango diat, onenean urte bete egingo diagu, txarrenean hemeretzi.

        —Orduan ere izanen dituk hamazortzi urteko neskatilak, ez?

        —Baina gu ez gaituk hogeita bi urteko izango.

        —Gorputza, hala ere, xahutu gabe ukanen diagu.

        —Zera xahutu gabe...

        —Irakurtzeko baduk ezer?

        —Liburu bat bakarrak, Hamlet, bigarren aldiz ari nauk irakurtzen. Aldean dudan erropa eta liburu hau, mundu honetan ditudan tesoro bakarrak.

        —Bada, nik ezin izan nian ezer ekarri, baina gustora irakurriko nikek William Faulkner-en nobela luze bat.

        —Ez dik inork irratirik?

        —Ez, kendu egin zidatean atzo irrati tipia, eta seguruasko ez diagu luzaroan inongo albisterik izango.

        —Hi, Koldo, begiratu duk zer koloretakoa irtetzen den ura lababotik?

 

* * *

 

HAMLET: (Komedianteei) Oi, xaramelak! Utzi egidazue bat. (Gildenstern-i) Eta orain, gure artean, esaidazu zergatik zelatatzen nauzun haizea kendu nahirik bezala, lazo batetan harrapatu nahirik bezala.

GILDENSTERN: Oi, printze maitea! Ene iharduera ausartegia bada, ene zurekiko maitasuna traketsa delako da.

HAMLET: Ez dut hori ongi entelegatzen. Xaramela hau jo nahi duzu?

GILDENSTERN: Ez dakit jotzen, jauna.

HAMLET: Mesedez.

GILDENSTERN: Benetan, ez dakit.

HAMLET: Arren.

GILDENSTERN: Jauna, ez dut jotzeko modua ezagutzen.

HAMLET: Gezurra esatea bezain erraza da xaramela jotzea. Hatzak zulo hauetan imini, aidea eman ezpain artetik zirrikitu honetara, eta tresna honek musikarik xarmangarriena sortuko du. Begira, hauk dira erregistroak.

GILDENSTERN: Bai, baina ez dakit melodiarik moldatzen. Ez dut trebetasunik.

HAMLET: Bada, begira zein zorigaitzeko kreatura bilakatu nauzun! Ene erregistroak ezagutuko bazenitu bezala hartu nauzu, ene sekretorik sakonenak ere ostu nahi dizkidazu, ene diapasoiaren notarik ozenetatik finenetaraino ikertu nahi nauzu, eta organo honetan hainbeste musika egon arren ere, zuk, ezin duzu mintza arazi. Halafedea! Xaramela bat baino aisagoa naizela jotzeko uste duzu? Har nazazu maiteen duzun tresna banintz bezala eta, edozelan erabili arren ere, seguru ez duzula enegandik soinurik aterako.

 

* * *

 

Goizeko hamarrak inguruan irakurri duzu Gildenstern xaramelari soinurik atera gabe geratzen deneko zatia. Geroxeago, William Shakespeare-ren garaiko Inglaterran grilete moeta batzu «the bilboes» izendatzen zirela enteratu zara, eta irri egiten duzu. Dinemarka, Bilbo zein Puerto de Santa Maria, guzietan berdina gartzelaren zera, oinazearen zera, eta Bilbok bezala beste edozein hirik eman ziezaiokeen izena grileteari. Jeremy Benthan izeneko gizarte erreformadore ingles batek XVIII. mendean argiro azaldu zuen gartzelaren zer guzia: presoa fisikoki eta psikikoki suntsitu egin behar dela, gero, ezabatu ondoren hezitzekorik geratzen bada gizarte arauetan hezitzeko; zigorrak hauk izan daitezke: hitz itsusiak esaten ahaztu ez duenari ahotapaki bat ezartzen zaio, burrukazalea eroak lotzeko erabili ohi den alkondaraz menderatzen da, lanik egin ez duena elikadura ezaz zigortzen da, eta halan, bakoitzari dagokion zigorra ezartzen zaio; edo, bestelan, zelda isolatu bateko bakardadera sartu daiteke presoa, han egun eta ilabete luzetan, bere burua xahutu dezan arte, egindakoaz damutu dadin arte, gizarte arau arrunten ildora itzuli arte. Halan, bada, presoaren baitan aldiberean bizi diren erdi bietatik, gaiztoa eta ona, lehena ezabatu eta bigarrena hezi eginen dela diote Jeremy Benthan eta Enrique Galavis guziek, orain gogoan dituzun sofrimenduaren erresumako gobernadoreek. Oraindik ez, ez zaitu ormigoiak bentzutu, ez duzu oraindik gogoaren urratsa zihurtasunaren eta normalitatearen babesean imini, hitzarmenik ukatu gabe altza zaitezke zutik.

        Gure mintzaira, gogoan dukezuna adierazteko, amaren ditian mihia buztitzen duen haurrarena bezain laburra da; «Sará piú corta mia favella...» idatzi zuen Dante Alighierik Paradisua ezin deskribatuaz; baina Infernua da gurea, eta oinazea diot Infernua diodanean, «...a tale unfold, shose lightest word would harrow up thy soul; freeze thy young blood; make thy two eyes, like stars, start from their sphere» idatzi zuen William Shakespearek; halabaina, gurea bezain laburrak dira gainerako mintzairak ere gorputz soil batek sofritzen duena beste gorputz lasai eseri batzuri adierazteko. Ezintasunak egiten du, beraz, zure narrazio hau zilegi.

 

* * *

 

—Nor heldu duk?

        —Eh, nortzu diaudek hemen!

        —Atzodanik giaudek. Zer moduz, Tomas?

        —Gaizki, denok zigor zeldetara ekarriko gaituztela dirudik.

        —Gehiago datozela?

        —Behean ere zeldetan hertsirik giaudek.

        —Han hertsi beharko dizkitek, hemen danok ez gaituk kabitzen eta.

        —Hi, Koldo, ezagutu duk gartzela hain izugarririk?

        —Nik ez behintzat, hau Herrera de la Mancha bera baino gaizkiago diagok, ene ustez.

        —Tradizioa ere badik gartzela honek, aspaldiko denboretatik.

        —Honek ez, Puerto de Santa Maria zaharrak...

        —Bai, zaharrak, baina gehitu eginen ziok fama berri honek, funtsean berbera direlako. Hango funtzionari eta arau berberak dituk hemengoak.

        —Atzo, gartzela zaharretik ekarritako preso batekin mintzatu ninduan une batez eta duela ilabete batzu bere zeldan errerik hil zen mutikoaren istorioa beste era batez azaldu zidak. Gauean funzionarioek «bisita» egin omen ziotean mutikoari, kolpatzeko alegia, eta hil egin zitzaiean eta, orduan, sua eman omen ziotean zelda guziari, heriotza istripu edo suizidiotzat gera dadin.

        —Eta Alemania Federaleko eredua hartu omen ditek berri hau eraikitzeko. Begira zer gertatu zen Ulrika Mainhof, Andreas Baader eta guzienean...

        —Hilketa izan den ala suizidioa, hori ez duk sekula ezagutuko.

        —Ez duk hori gauza, berdin duk bata zein bestea, honelako egoera batetan, presoari suizidioaz beste irtenbiderik ez uztea labana bularrean sakatzea bezain krimena duk. Lege desberdintasunok asmatzen dizkitek beren zerak iluntzeko.

        —Zer ordu duk?

        —Ordubatak.

        —Ordubatak? Zer ordubatak...

        —Han, goizeko hamaikak. Bat bi ikusi ditiat eta...

        —Horditurik ala, Xabier?

        —Horditurik ez, denbora arintzea nahi nuke nik, eta nik ere.

 

* * *

 

ERREGINA: Zorigaitz bakoitza bere aurrekoen orpoak zapalduz doa, hain segidan gertatzen diren. Ito egin da zure arreba, Laertes.

LAERTES: Ito! Oi, non?

ERREGINA: Erreka baten bazterrean makurturik sahats bat dago, bere hostadi zilarreztatua uhain gardenetan isladatuaz. Hara abiatu zen, urrebotoizko eta asunezko txirikorda bitxiz hornitua; bazeramazkien, baita ere, gure artzain isilak izen gordinez izendatu arren gure dontzeila garbiek defuntu atzamar izenez ezagutzen dituzten lore horietarik. Han zuhaitzean gora zihoan, bere basa koroa goian eskegitzeka, arrama zital bat erauzi zenean, eta erreka erostarira erori zen, bere hornidura latz eta guzi. Bere inguruan zabaldu ziren erropak eta, itsasneska bailitzan, urgainean sostengatu zen une labur batez; eta doinu zaharren zatiak kantatzen zituen, bere zorigaitzaz ohartu gabe bezala, edo naturak uretan bertan bizitzeko sortu balu bezala. Baina ez zitekeen hori luzatu, eta bustiaren astuntasunaz kargaturiko janzkiek heriotze istingatsura arrastatu zuten neskatila gaisoa, bere kantu gozoen artean.

LAERTES: Ai ene! Beraz, itorik hil da!

ERREGINA: Itorik, itorik.

LAERTES: Ez dezagun negarrik egin, ur sobera bait duzu zuk, Ofelia gaisoa. (Negarrez) Hala ere, ez da ohitura bat baizik. Naturak bere usantzak atxikitzen ditu, lotsari amore eman gabe. Negar hau amaitzerakoan, ez da nigan emakume arrastorik geratuko. Adio! Sugarrezkoak dira ene hitzak, ahuldade honek itzaliko ez balitu suak hartuko lituzkeenak!

 

* * *

 

Zaratots iadanik ezagunak entzuten dituzu, funtzionarien oinetako eta giltzak hurbiltzen ari direla. Zelda hurbil bat irekitzen dute lehendabizi, eta geroxeago zeurera agertzen dira bi. Izena galdetzen dizute, izen abizenak esaten dizkiozu, baina letraz letra errepikatu behar duzu. Euskal izenak luzeak eta arraroak direlako hasarratzen dira, edo euskaldunak direlako soilik. Atea hertsi orduko, ea noiz arte egon behar duzuen hemen galdetzen duzu, eta berehala iharduten dizu bietarik batek:

        —¡Hay quien no sale!

        Ohizko hotsak, berriro, beste zeldaren batzu irekitzen, eta urruntzen. Bakardadea eta isiltasuna bakarrik geratu zaizkizu adiskidetzat. Gainerako lagun posibleak diren legezkoak direla, hobe biokin geratzea. Leihotik so egiten duzu eta, gauean bezala, ortzearen zati labur bat baino ez da ikusten, argi urdin eta garbia. Eguzkiak aurreko hormara igortzen ditu errainuak, eta liztor batzu ari dira hegatsez. Behean, ez urrun, andaluziar kexu ahotsez abesten ari da presoren bat:

                Veinticinco calabozos

                tiene la cárcel de Utrera

                veinticinco llevo andados

                el más oscuro me queda.

        Tristea da, zure zeldatik ezin da nork kantatzen duen ikusi, baina tristea da kantua. Amona galtza zaharrei adebakiak jazten, kalatxoriak baporeen gainean biraka, haurtxo bat zuhaitzetik erortzen diren orriak lurrera orduko harrapatzen, zetazko papera baino masaila bigunagoan duela urteak emaniko mosu bat. Aspaldikoa oroitzen duzu, zeren iadanik debekaturik duzue guzia, mosuak batez ere. Mila kilometro eta harresi izugarri batzu, burdinetik kristaleraino, ezinaren harresiak dituzue mosuaren aurka eta zuek arriskuan imini duzuen normalitate sozialaren alde.

        Ez zaude, beraz, Fortunaren kapelako loresortan, turisten mapetan markaturik ez dagoen leku batetan baizik. Zeudeneko lekutik, Olw ibaiaren gaineko gertaera oroituaz, ihes egin asko pentsatzen dituzu, lurpetik, aidetik, ate nagusitik zuzendaria baizina disfrazaturik, alferrik. Zure ezinezko ihesa, ezin mogiturik erditzen duen sagarroiarena bezala, zuen burrukan mingarria, oinazetan erditzen duen sagarroiarena bezala, ezertarako ote diren pentsatzen duzu.

        Agian, bai. Sagarroiñoa erdiminez sortuko den bezala, noizbait, argi urratzearekin askatasun haizeño epel bat helduko da, Euskal Herriko larrosa eta polbora artetik intxaur azala hautsi eta zuen bihotzak kareziatzera.

 

 

Puerto de Santa María-tik

1983

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus