Hamlet, William Shakespeare

 

Laugarren atala

 

 

 

LEHENBIZIKO AGERRALDIA

 

ERREGE, ERREGINA, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira.

 

ERREGE: Horrenbeste zinkurinek, horrenbeste hasperen barnak zerbait esan nahi dute. Azal iezadazu, jakin behar dut eta. Non duzu semea?

ERREGINA: Utzi gaitzazue bakarrean lipar batez. (ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irteten dira). Ai, ene jauna, nik ikusi dudana gaur!

ERREGE: Zer, Gerturde? Nola dugu Hamlet?

ERREGINA: Ero-ero eginda, itsasoa eta haizea norgehiagoka ari direnean bezalaxe. Bere bidegabeko oldarraz, estalki ostean zerbait higitzen zela aditurik, ezpata atera, «Sagu bat, sagu bat!» oihu egin eta, ostenik zegoen agure ona hiltzen du, bere zoramenduan.

ERREGE: Hori egite gorria! Beste horrenbeste gertatuko zitzaidan niri hantxe egon ezkero. Bere askatasuna galbidetsua da guztientzat, zeuretzat, niretzat, edozeinentzat. Ene!, nola zuritu dezakegu egin odoltsu hau? Niri ezarriko didate, gazte zoro hori uzkaldu, mugatu eta gizartetik aldendu ez dudalako, zabarkeriaz. Baina nire oniritzia hain handia zen eta bide egokiena ez nuen ikusi; eri lotsagarri bat izanik, hura estaltzeko, bere erdi-muinaz elikatzen denaren antzera. Nora joana da?

ERREGINA: Hil duen gorputza baztertzera; honetan bere erasuna, mea zakar baten barrenean urre apur bat bezala, garbi agertzen da; eginagatik negar dagi. [50]

ERREGE: Goazen, Gerturde! Eguzkiak mendien tontorra ukitzeneko, ontziratuko dut Hamlet. Haren egintza gaiztoa zuritu eta garbitzeko, berriz gure aginpide eta artezi guztia erabili beharko dugu.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira berriz).

 

          Adiskideak, zoazte biok, beste batzu lagun dituzuela. Hamletek bere erokerian, Poloni hil eta narrasean atera du bere amaren gelatik. Zoazte haren bila; eztiki hitz egiozue eta gorpua otoigura eramazue. Lastertu zaitezte, arren. (ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irteten dira). Goazen, Gerturde, gure adiskide gurbilenei dei egin eta, gure asmoen eta ordu txarrean gertatu denaren berri emango diegu. Horrela, su-hagak artezkarrera bezain zuzen, lurbiraren bazterretik bazterrera bere zartada pozoitsua egozten duen irainaren zurrumurruak, huts dagike gure izenari buruz, haize zauritu ezina jotzen duela soilik. Oi, goazen hemendik! Kezkaz eta ikaraz beterik dut bihotza. (Irteten dira).

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko beste orzategi bat.

 

HAMLET sartzen da.

 

HAMLET: Ongi gordea. [51]

ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN (barrenean): Hamlet, jauna!

HAMLET: Ixo, zer da hots hori? Nork deitzen dio Hamlet-i? Oi, badatoz.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira)

 

ROSENCRANTZ: Jauna, zer egin duzu gorputz hilaz?

HAMLET: Ahaide zaion hautsaz nahastu egin dut.

ROSENCRANTZ: Esaiguzu non dagon, bertatik atera eta otoigura daramagun.

HAMLET: Ez uste hori.

ROSENCRANTZ: Zer?

HAMLET: Zuen aholkua hartzea eta ez neurea. Gainera, oragun bat niri galdeka etortzea! Nolako ihardetsia eman behar luke errege-seme batek?

ROSENCRANTZ: Oraguntzat hartzen al nauzu, jauna?

HAMLET: Bai jauna; erregeren eskerrak, haren sariak eta aginpideak edoskitzen dituena. Horrelako jauregikoek, ordea, azkenean dagiote beren morrontza onena erregeari. Honek tximuak bezala, bere matrailezur bazterrean gordetzen ditu. Eta edoski duzuena behar duenean, zuek lauskitu eta, hara berriz ere, oragunak lehorrik.

ROSENCRANTZ: Ez dizut ulertzen, jauna.

HAMLET: Horretaz pozten naiz; belarri zozoan, hizketa maltzurra lotan.

ROSENCRANTZ: Jauna, gorputza non dagon esan eta gurekin erregegana behar duzu.

HAMLET: Gorputza erregerekin dago, errege, ordea, ez dago gorputzarekin [52]. Errege gauza bat da...

GUILDENSTERN: Gauza bat, jauna?

HAMLET: ...hutsezkoa. Hargana nazazue. «Ezkuta zaitez, azeria; guztiak zure atzetik».

 

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko beste egoitza bat.

 

ERREGE bere jarraigoarekin sartzen da.

 

ERREGE: Hura etortzeko eta gorpua bilatzeko agindu dut. Bai dela galbidetsua gizon hori lokabe ibiltzea! Eta, hala ere, ez dugu on legearen gogorra ari ezartzea. Buruaz, ez-baina begiaz abazten duen lagunabar zentzugabeak maite du, eta horrelakoetan, iraintzailearen zigorkada aintzat hartzen da, iraina, ordea, inoiz ez. Guztia gurbilki eta leunki eramateko, itsumustuko joanaldi honek eztabaida luze baten ondorea irudi behar du. Eri etsia, osabide etsiaz sendatzen da ala inolaz ez. (ROSENCRANTZ sartzen da). Zer berri? Zer gertatu da?

ROSENCRANTZ: Jauna ezin idaroki diogu gorpua non jarri duen.

ERREGE: Bera non da, ordea?

ROSENCRANTZ: Atean, jauna; zainpean zuen aginduen begira.

ERREGE: Nigana ezazue.

ROSENCRANTZ: Guildenstern, sarrarazi ezazu erregegaia.

 

HAMLET eta GUILDENSTERN sartzen dira.

 

ERREGE: Hots, Hamlet, non da Poloni?

HAMLET: Afaritan.

ERREGE: Afaritan! Non?

HAMLET: Ez jaten duen hartan, jana den lekuan baizik. Har politikoen halako batzarra ari da orain harekin. Jangaietan harra dugu nagusi bakarra [53]. Gu gizentzeko beste abere guztiak guritzen ditugu eta gure buruak gizentzen harrak guritzeko. Errege lodia eta eskale gerrena ez dituzu mahai baterako jaki bat eta bi jatontzi baizik. Horixe duzu azkena.

ERREGE: Ene, ene!

HAMLET: Gizon batek, errege batetik jan duen harraz arrantzatu dezake; eta gero, har hartzaz elikatu zen arraina jan.

ERREGE: Eta zer esan nahi duzu horrekin?

HAMLET: Ezer ez, zuri erakutsi baizik nola errege batek egin lezaken bidaldi ederra noharroin baten hesteetan barna.

ERREGE: Non da Poloni?

HAMLET: Zeruan. Bidali hara haren bila. Zure geznariak aurkitzen ez badu, zoaz zeu, hura bilatzera beste lekura [54]. Egia esateko, ordea, hilabete honetan jarrugitzen baldin ez baduzu gorapeko zurubia igotzean hartuko duzu haren usaina.

ERREGE: (Jarraigoko batzuei) Zoazte haraxe haren bila.

HAMLET: Igurikiko du, noski, bitartean.

 

Jarraigokoak irterzen dira

 

ERREGE: Hamlet, gertari hau dela eta —egin duzuna mingarri bezain maitagarri zaidan zeure biziarren— urrutira behar duzu lasterrenik. Abia zaitez, beraz. Ontzia gerturik duzu, haizea aldeko, lagunak begira eta guztia England herrirantz egiteko prest.

HAMLET: England herrirantz?

ERREGE: Bai, Hamlet.

HAMLET: Ederki.

ERREGE: Horixe esango zenuke, nire asmoa bazenezagu.

HAMLET: Badakusat hura dakusan kerubin bat. Baina aurrera. England herrira! Agur, ama maitea.

ERREGE: Eta zure aita maitatzailea, Hamlet?

HAMLET: Nire ama. Aita eta ama senar-emazte dira; senarra eta emaztea haragi bat; beraz, nire ama. Hots, Englandera!

 

(HAMLET irteten da)

 

ERREGE: Zarraizkiote hurbildik. Ekiozue laster ontzira dadin. Ez luzatu. Gau honetan bertan atera behar du hemendik. Abia zaitezte! Egitekoari buruzko guztia egina eta zildaikatua dago. Lastertu zaitezte, arren.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN ilkitzen dira)

 

          Eta zu, England herri, nire adiskidetasuna aintzat baduzu, —eta nire indar handiak adierazi diezazuke balio duena, Danimarkako ezpatak egin zizun orbaina gorri eta bizirik baitago oraindik eta zeure beldurrak gure menpeko egiten zaituen ezkero—, ez hartu motzean gure erabaki goiena; honi dagozkion idazkiek argi adierazten dute Hamlet berehalaxe hil behar duzula. Egizu, England herri, hark, sukar-mina bezala, nire odola erretzen baitu eta zuk sendatu behar nauzu. Egina dela dakidan arte, nire zoria dena dela, ez da niretzat atseginik izango.

 

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Danimarkako ordoki bat.

 

FORTINBRAS, BURUZAGI bat eta GUDARIAK sartzen dira.

 

FORTINBRAS: Zoaz, buruzagi. Eramazu nire agurra Danimarkako erregeari. Esaiozu Fortinbrasek apalik daskaiola haren jaurerrian barna agindutako igaro bidea. Badazaguzu ikustokia. Errege jaunak hitz egin nahi badit, nerau noakioke haren aginduak hartzera. Esaiozu horrelaxe.

BURUZAGI: Egingo dut, jauna.

FORTINBRAS: Aurrera, urrats-urrats. (FORTINBRAS eta GUDARIAK irteten dira).

 

(HAMLET, ROSENCRANTZ, GUILDENSTERN eta beste batzuk sartzen dira).

 

HAMLET: Jaun maitea, norena da gudaroste hori?

BURUZAGI: Norvegiarena, jauna.

HAMLET: Eta nora jotzen du, arren?

BURUZAGI: Poloniako tokiren batera.

HAMLET: Nor du buru?

BURUZAGI: Fortinbras, Norvegiako erregearen iloba.

HAMLET: Eta Poloniako bihotzera doa ala haren mugalderen batera?

BURUZAGI: Egia garbi esateko, bere izena beste onurarik ez duen lur zati txiki bat irabaztera goaz. Bost dukatetan, bostetan ere, ez nuke nik akuran hartuko. Eta ez lemaioke hobari handiagorik Norvegiari edo Poloniari baldin salduko balute.

HAMLET: Poloniarrek ez dute aldeztuko, beraz.

BURUZAGI: Bai. Badaukate gudariz hornitua.

HAMLET: Bi mila bizik eta hogei mila dukatek ez dute hutsezko auzi hau erabakiko. Aberastasun eta bake gehiegizko handigura da hori, barnean lehertzen dena, ertuna zergatik hiltzen den azaletik agertzeke. Anitz esker, zaldun hori.

BURUZAGI: Jainkoak lagun dagizula, jauna. (Ilkitzen da)

ROSENCRANTZ: Nahi al duzu bide egin, jauna?

HAMLET: Zoazte aurretik. Laster zuenganatuko naiz. (Hamlet ez, guztiak ilkitzen dira). Edozein gertari, nire aurkako aitorra eta nire apen nagiarekiko zirika dut? Zer litzake gizona bere bizitzako on handiena eta ariketa nagusia loa eta jana baizik ez balira? Ihizi bat, besterik ez. Jakina, iragazaldia eta etorkizunerantz ikartu dezaken gogo honen zabalez jantzi gaitun Hark, ez zigun adimen jainkotar hau eman, gure baitan erabiltzerik gabez, herdoil zedin. Baina, nahiz oroitez ergela dela, nahiz ondoreak zehatzegi hausnartzeko kezka koldarren bat —eta hausnartze honetan hiru laurden ditugu oilokeria eta laurden bat soilik zuhurtza—, ez dakit zer dela eta oraindik bizi naizen esateko: «Egin behar dut hori», hura bururatzeko bultzagaia eta nahimena eta indarra eta bideak ditudan ezkero. Lurra bezain agiriko erakusburuek aholkatzen didate ere. Horra hor, gudaroste zenbatsu eta kementsu hori, burutzat erregegai gazte eta samur bat daukana; horren gogoak, handinahi bikainez beterik, iseka dagio ondore ikusi-ezinari eta hilkizun eta aldakorra dena, adurrak, heriotzak eta gaitzurreak al dezaketen guztiari jartzen du, arrautza kusku batengatik. Izan ere, handi izatea, ez datza iziogarri handi gabe ez higitzean, izen ona galtzorian dagonean, huskeria batean liskar-bidea handiki aurkitzean baizik. Zer ari naiz, bada, aita hilarazia eta ama orbandua eduki eta, nire gogamen eta odolerako ziriok gora-behera, guztia lo egiten uzten dudan hau? Anartean badakusat, nire ahalkerako, nahikeria hutsez eta ospe-gosez beren hilobietara, oheak bailiran, laster dagiten hogei mila gizonon heriotzurrena, burrukatzeko lekurik ezta hilak ehortzeko ere hezurtegi nahikoa ez zaien lur zatitxo batengatik, gudukan ari direla. Oi!, oraingotik nire bulkoak odolezkoak izan bitez ala ezdeusak!

 

 

 

BOSGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko gela bat.

 

ERREGINA, ORATI eta ZALDUN bat sartzen dira.

 

ERREGINA: Ez dut harekin mintzatu nahi.

ZALDUNA: Isituki ari da; burutik joana ematen du. Errukigarria da noski.

ERREGINA: Zer nahi du?

ZALDUNA: Bere aita aipatzen du sarri. Gizartea azpikeriaz josia dagola dio; eta edozein huskeriagatik adiaka, bular-joka eta ostikoka ari da suminki. Erdizka baizik adirazpenik ez duten ezbaiko gauzak darausaz; bere mintzoera hutsezkoa da. Baina, bere zentzugabekeriak berak, oldeztun jartzen ditu entzuleak. Hauek asmaketan ari dira, beren gogamenei hitzak egokitzen dituztela, bere keinu, burbuinoka eta eskuketek adierazi liezaiokete edonori, badagoela zerbait, ezbaikoa izan arren, adierazpen okerrei leku ematen diena.

ORATI: On izango litzake hari mintzatzea, gogo gaiztoetan susmo galbidetsuak erein ditzake eta.

ERREGINA: Sarrarazi ezazu. (ZALDUNA ilkitzen da) (Berekiko). Nire gogo ertunak —hobenaren egiazko izaera horrelakoa baita—, edozein zizki-mizki, helkaitz handiren baten aurretikotzat hartzen du. Erruak, gibel-beldur antzegabez hain beterik dago eta, bere burua galdu beldurrez, galdu egiten du.

 

(ZALDUN sartzen da berriz OPELE-kin)

 

OPELE: Non dago Danimarkako erregina ederra?

ERREGINA: Zer duzu, Opele?

OPELE (kantuz):

                    Ene maitale kutuna,

                    nola ezagun zaitzaket?

                    —Kapela biribil, makila

                    eta sandalien bidez.

ERREGINA: Oi, ene maitea, zer dela eta eresi hori?

OPELE: Zer diozu? Ez, aizu, mesedez (kantuz):

                    Hil eta joan zaigu, andrea,

                    hil eta joan egin zaigu;

                    burukotzat belarra eta

                    oinetara harri bat du.

          Oi, oi!

ERREGINA: Baina, Opele...

OPELE: Aizu, arren (kantuz):

                    Mendi-elurra bezain zuri

                    bere hil-jantzia duzu.

 

(ERREGE sartzen da)

 

ERREGINA: Ondikotz, begira, jauna!

OPELE (abesten du):

                    Eta hilobira eraman zuten,

                    lorez hura apainduta,

                    haren maitalearen negarraz

                    bustitzen zituztela...

ERREGE: Nola zaude, andere polit hori?

OPELE: Ederki. Jainkoak lagun dagizula. Hontza, okin [55] baten alaba omen zen. Jauna, badakigu garena, ez ordea, izan gaitezkeena. Jainkoa bego zure mahaitara.

ERREGE: Bere aitari buruzko erokeriak.

OPELE: Arren, hitz bat ere ez honetaz. Galde baldin badagizue, ordea, esazu hau (abesten du):

                    —Bihar, Deun Balendin [56]

                    jai-egunean,

                    hemendik natorke

                    goiz-urratzean.

                    Zure leiho ondoan

                    neskatxa nauzu

                    zure Balendine

                    egin nazazun.

                    Orduan hark jaiki eta

                    arinki jantziz,

                    atea zabaltzen

                    dio neskari.

                    Eta hau gelan sartuta

                    neskatxa zelarik,

                    irteten danean

                    ez da orlakorik.

ERREGE: Opele polit hori!

OPELE: Zin-zinez, hitz nabarrik gabe, atzen emango dut (abesten du):

                    —Josu eta Maitakuntza deunarren!

                    ai ene eta ni, hau lotsa!

                    —Abagune eduki ezkero, mutilek

                    oro egiten dute berbera.

                    —Egipen doilorra da, alafede!

                    neskak erantzun zuen— ohean ni

                    eratzan baino lehen, ezkontzeko

                    hitza eman baitzenidan benazki.

          Orduan mutilak:

                    —Eta horixe egingo nuen, ala Jainkoa

                    ohera ez bazintzaizkit etorri.

ERREGE: Noizdanik dago horrela?

OPELE: Guztia ongi joango delakoan nago. Egonarria izan behar dugu. Negar egin behar dut, ordea, han, lur hotzean ipiniko dutela gogoratuta. Nire nebak jakingo du, eta honela zuen aholku onagatik esker dagizuet. Hots, nire gurdia! Gau on, andreok gau on, andre maiteok; gau on, gau on. (Ilkitzen da).

ERREGE: Zarraizkiote hurbildik; ongi zain ezazue, arren. (ORATI irteten da). Oi, oinaze barnekor batetiko edena dugu hau, bere aitaren heriotzatik datorkio guztia. Ene Gerturde, Gerturde, dordoak datozenean, ez datoz bakoizka, barrandari antzo, taldeka baizik. Aurrenik, bere aita hilarazia, gero zure seme joana, beraren zuzenbidezko atzerraldiaren egilea; herria zalapartan eta Poloni onaren heriotzaz esan-mesaka. Hasiberri bezala ari izan naiz hura itzalgaizka ehortzarazi eta. Opele gaisoa beretik irtena, bere sen argia galdua, eta hori gabe irudi edo abere hutsak besterik ez gara. Buruenik, eta horiek oro bezainbatekoa dena, haren neba Frantziatik isilpean etorria dugu, bere harriduraz elikatu, hodeiez inguratua, eta bere aitaren heriotzari buruzko esames izurritsuez bere belarriak kutsutzeko iskinak badauzkana; eta honetan hitz egin beharrak, gairik ezean, ez du, belarriz belarri, gu salatzeko kezkarik izango. Oi, ene Gerturde maitea, guzti honek, metraila zartada bat iduri, batean hamaika heriotza ematen dizkit.

 

(Iskanbila barruan)

 

ERREGINA: Ene, zer abarrots da hori?

ERREGE: Non dira nire Suizetarrak? Atea zain dezatela!

 

(Beste zaldun bat sartzen da)

 

          Zer duzue hor?

ZALDUNA: Zure burua jaregizu, jauna, Itsasoak, bere ertzak gainditzen dituelarik, ez du hondartza irensten oldar gehiagoz, zure gudariak ihes eragiten dituen matxinada baten buru den Laerte gazteak baino. Lagunabarrek jauntzat hartzen dute, eta gizartea jaio berria bailitzan, edozein jabetzaren sendesle eta eusle diren antzinatea eta ohitura ahaztu eta ez jakin eginaz, oihu dagite: «Hauta dezagun gerok! Laerte dukegu errege!» Txapelek, eskuek eta mingainek aldarrikatzen dute hodeietaraino: «Laerte dukegu errege! Gora Laerte!»

ERREGINA: Bai pozik zaunka dagitela okerreko lorratzean! Galduan zabiltzate, Danetar zakur txarrok!

 

(Abarrotsa barruan)

 

ERREGE: Ateak hautsi dituzte.

 

(LAERTE sartzen da iskiludun eta danetarrak berekin)

 

LAERTE: Non dago errege hori? Zaudete lekorean, jaunak.

DANETARRAK: Ez! sar gaitezen.

LAERTE: Utz nazazue, arren.

DANETARRAK: Ongi bada, ongi bada.

 

(Ate ostera baztertzen dira)

 

LAERTE: Anitz esker. Zaindu atea. Errege zital hori, emadazu nire aita!

ERREGINA: Nare zaitez, Laerte maitea.

LAERTE: Odol tanta bat narerik baldin banu, berak nire burua sasikumetzat agertu, nire aitari adarduna deitu, eta nire ama donearen bekoki garbi eta aratzean urdangaren xakia irarri egingo luke.

ERREGE: Laerte, zer dela eta bihurritza honen larri hau? Uztazu, Gerturde. Ez izan beldur niri buruz. Bada Jainko bat, hesi baten antzera, erregeak babesten dituena; saldukeriak bere egingaia erdikusi baizik ez dagike; ezin du, ordea, hura bururatu. Esadazu, Laerte, zergatik zaude horren sumindurik? Uztazu, Gerturde. Mintza, gizona.

LAERTE: Non da nire aita?

ERREGE: Hil da.

ERREGINA: Ez, ordea, haren eskuz.

ERREGE: Utziozu nahi hainbat galdetzen.

LAERTE: Nola hil zen? Berriketa gutxi jo niri. Deabruari menpetasuna eta zin-esanak! Su-lezera zuzentasuna eta errukia! Aup dagiot infernuari! Ez dit axolarik bizi honek ez eta besteak ere, datorrena datorrela. Nire aitaren heriotza osoro apendu nahi dut bakarrik.

ERREGE: Eta nork eragotzi diezazuke?

LAERTE: Nire nahimenak, ez gizadi osoak. Eta nire eginbideei buruz, badakiket haiek erabiltzen gutxirekin urrutira joateko.

ERREGE: Laerte zintzoa, zure aita maitearen heriotzazko egia zehatz jakin nahi baduzu, idatzita ote dago zure asperkundean, bai adiskidea, bai etsaia, nahiz irabazlea nahiz galtzailea, erabat hondatzea?

LAERTE: Haren etsaiak besterik ez.

ERREGE: Ezagun nahi al dituzu, beraz?

LAERTE: Haren egiazko adiskideei besoak zabalduko dizkiet honelaxe: eta bere bizia ematen duen utxorigorri [57] ona iduri, nire odolaz elikatuko ditut.

ERREGE: Seme on eta zaldun zintzoa legez ari zara oraingoan. Zure aitaren heriotzarekiko errugabe naizela eta hargatik lor handia dudala, egun argia begietan bezain zuzenik barrenduko zaizu gogoan.

DANETARRAK (barruan): Utziozue sartzen.

LAERTE: Zer duzue hor? Zer zarata da hori?

 

(OPELE sartzen da berriz)

 

          Lehor iezadazu burumuina, sukar horrek! Iraungi ezazue ene begion argia, malko zazpitan gaziok! Ala Jainkoa! zure erotasuna larrutik ordainduko da aztakin-orratza gure aldera makurtu arte. Oi, orrila-lore, neskato kutun, arreba maitetsu, Opele ezti hori! Ene Jainkoa, neskatila samur baten adimena, agure baten bizitza bezain hauskorra izan al daiteke? Izaerak, maitasun gaietan bikain izanik, beraren emaitza ederren bat igortzen du maite duenarengana.

OPELE (kantuz):

                    Hilkutxan eraman zuten

                    aurpegia agirian.

                    Laralai, laralai, lalai,

                    laralai, laralai, lai;

                    eta haren hilobi gainean

                    negar asko isuri zen.

          Agur, nire usakumea.

LAERTE: Zure senean egon eta aspertzera eragingo baninduzu, ez nindukezu horrenbesteraino higiaraziko.

OPELE (kantuz):

                    Abestu bean, bean,

                    dei egiozue bean.

          Ba; datorrela harira lelo hori. Etxezain zitalak ostu zuen bere jabearen alaba.

LAERTE: Ezerez hori, hitzaldi bat baino gehiago da.

OPELE: Hemen duzu izkaroa gomutarako. Harren, oroi zaitez, maitea. Eta hemen dituzu xagu-belarriak, gogamenetarako.

LAERTE: Ikasgai bat erotasunean; gogomenak eta oroiak elkar hartuak.

OPELE: Hemen dituzu ezamilo eta laufrakak [58]. Hemen bortusaia zuretzat, baita niretzat ere; esker-belarra dei diezaiokegu igandeetan. Oi, zuk, ordea, zure bortusaia [59] bestela eraman behar duzu. Hor duzu idibegi [60] bat. Gogotik nemazkizuke zenbait sagubelar [61], baina guztiak zimeldu zitzaizkidan nire aita hil zenean. Azken ona egin omen zuen. (Abestuz):

                    Nire Robin zintzoa

                    nire poz guztia data.

LAERTE: Gogarteak eta larriak, oinazeak eta infernua bera, eztiz eta edertasunez janzten ditu.

OPELE (abestuz):

                    Eta ez da berriz itzuliko?

                    eta ez da itzuliko ostera?

                    Ez, ez hilik datzalako;

                    zure hilobira zoaz,

                    hura ez da itzuliko eta.


                    Bizarra zuen elurra antzo,

                    eta sapinezko ilea,

                    joana da, joana da alferrik

                    ari gara adiaka.


                    Haren gogoaz Jainkoa

                    erruki dadila!

          eta gogo kistar guztiez. Horrelaxe daskaiot Jainkoari. Bera zuekin bego. (Ilkitzen da).

LAERTE: Ba dakusazu hau, ene Jainkoa?

ERREGE: Laerte, utz nazazu zure garbaikide izaten; bestela eskubide bat ukatuko zenidake. Zoaz berehalaxe eta hauta itzazu zure adiskide gurbilenen artean nahi dituzunak eta haiek, bioi entzun eta erabakiko dute. Zuzen nahiz zeharka, erruden aurkitzen banaute, nire jaurerria, nire buruntza, nire bizia eta ditudanak oro damazkizuket, zuzenbidezko ordaintzat. Bestela, egonarri apur bat izan ezazu, arren, eta biok zure gogoarekin batera honi behar zaion ordaintza emateko ariko gara.

LAERTE: Hala biz. Bere hilkerak, bere ehortzeta isilak, gorpu gainean ez gudakinik, ez ezpatarik, ez ikurdirik ez zeukala, elizkari nagusi eta erazko ahokirik gabe, zerutik lurrera garrasika ari zait gertatua zorrozki aztertu dezadan.

ERREGE: Honela egin behar duzu. Eta iraina non, aizkora haraxe erori bedi. Zatoz nirekin, arren. (Ilkitzen dira).

 

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko beste egoitza bat.

 

ORATI eta MORROI bat sartzen dira.

 

ORATI: Nortzuk ote dira nirekin mintzatu nahi duten horiek?

MORROI: Itsasgizonak, jauna. Zuretzako idazkiak dituztela diote.

ORATI: Sar daitezela. (MORROIA ilkitzen da) Ez dakit zein lurraldetik hartu dezakedan berririk, Hamlet jaunagandik izan ezik.

 

ITSAS-GIZONAK sartzen dira.

 

LEHENBIZIKO ITSASGIZONA: Jainkoak lagun dagizula, jauna.

ORATI: Baita zuri ere.

BIGARREN ITSASGIZONA: Egingo du, jauna, bere nahia hori bada. Ona hemen zuretzako eskutitz bat; England herrirako zen mezudunarena duzu, zure izena Orati bada, esan didatenez.

ORATI (irakurtzen): «Orati, hau irakurri baikoz, erregeagana itzazu lagun horiek; harentzako idazkiak dituzte eta. Itsasoko bigarren eguna gabe, gudarako oso ongi horniturik itsaslapur bat hasi zitzaigun jarraika. Haizoihalez motelegi ginela ikuski, ezin bestez bihotza hartu genuen, eta ontzien elkar jotzean etsaienera nintzen. Une berean, gure ontzitik askatu ziren ni bakarrik haien atxilo gelditu nintzelarik. Bihotz oneko ebasleak izan dira niretzat, zegitena ongi bazekiten ere, ordain ona eman behar baitiet. Erregeren eskura itzazu bidaltzen dizkiodan idazkiak eta zatoz nigana, heriotzari ihes bazenegio bezain arinik. Mintzul utziko zaituzten hitzak egingo dizkizut belarrira; eta halaz ere, arinegiak izango dira gaiaren garrantzirako. Lagun on hauek ekarriko zaituzte naizen lekura. Rosencrantz eta Guildenstern, Englanderako bidean jarraitzen dira; badut asko zuri jaulkitzeko haiei buruz. Agur Zurea dakizuna. Hamlet».

          Goazen, nik bidatuko zaituztet, idazki horiek eskura ditzazuen eta ahalik lasterren ibili, eman zizkizuenagana naroazuen. (Irteten dira).

 

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko beste gela bat.

 

ERREGE eta LAERTE sartzen dira

 

ERREGE: Orain zure barneak nire zuribidea onartu eta zure bihotzak adiskidetzat hartu behar nau. Aditu baituzu, belarri zoliz, zure aita zintzoa hil zuena, nire biziaren bila zebilela.

LAERTE: Badirudi horrela. Baina, esadazu, zergatik ez zenuen zuzenbidea egin, egipen horren larri eta gaizkinari buruz, zure segurantzak, zure gurbiltasunak, gauza guztiak, hartara sendoro bultzatu behar zintuztenez?

ERREGE: Bi gauza berezigatik, zuretzat ahulegiak, beharbada, niretzat, ordea, oso sendoak direnak. Erregina, haren ama, hura begiratzeko baizik ez da bizi, eta neurekiko, —nahiz dela nire indarra, nahiz nire zorigaitza— erregina nire bizi eta gogoari hain elkarturik dago eta, izarra bere bidean baizik ezin dabilkeen bezala, ni ere ezin nenbilke hura gabe. Agiriko ebazkuntzara ez jotzeko dudan beste zioa, herriak harenganako duen maitasun handia da. Haren hutsak oro bere maitazarrez urtatu eta, egurra harri bihurtzen duen iturri hura [62] iduri, haren oin-bilurrak donetuko bailituzke. Horrela, nire geziak, haize hain gogorrerako etenkorregiak, jomugara beharrean, nire arranbelara itzuliko lirateke.

LAERTE: Nik, ordea, aita zindoa galdu eta, —zenari gorespenak badagokie—, haren betegintzarrez gizaldi guzti honetan garaia zeraman arreba bikain bat etsiak harturik daukat. Baina nire asperraldia etorriko da.

ERREGE: Ez galdu loa horrengatik. Ez uste gaitzurreak nire bizarrari dar-dar eragiten dionean hori jolastzat hartzerainoko gai belaxkazkoa naizenik. Laster dakikezu gehiago. Zure aita maite nuen, bai eta neure burua maite dut ere eta honek, nik uste, adieraziko dizu...

 

(GEZNARI bat sartzen da)

 

          Zer duzu? Zer da berri?

GEZNARI: Hamletengandiko idazkiak, jauna. Hau zeuretzat; hau erreginarentzat.

ERREGE: Hamletengandikoak! Nork ekarri ditu?

GEZNARI: Itsasgizon batzuek, jauna, diotenez. Nik ez ditut ikusi. Kauldi-k eman dizkit, ekarri zituenarengandik hartu eta.

ERREGE: Entzun behar duzu, Laerte. Joan zaitezke: (GEZNARIA ilkitzen da) (Irakurtzen) «Jaun goi eta ahaltsu hori; jakizu larrugorri zure jaurerriratu nautela. Bihar zure errege-begien aurrean agertzeko baia daskaizuket eta orduan, hartarako zure onespena harturik, nire bat-bateko itzulpen bakanaren gorabeherak azalduko dizkizut. HAMLET».

          Zer esan nahi du honek? Beste gainerako guztiak ere itzuli ote dira? Ala gezurren bat da eta ez dago horrelakorik?

LAERTE: Idazkera al dazaguzu?

ERREGE: Hamletena da. «Larrugorri». Eta hemen idazkipe honetan «Bakarrik» dio. Azaldu al dezaidazuke hau?

LAERTE: Zurriburri hutsa naiz, jauna. Baina datorrela. Nire bihotz unatua suspertzen da, bizi naizelako usteaz, hari sudurrera emateko: «Hauxe egin duk».

ERREGE: Hori horrela bada, Laerte, —baina nola ote liteke hori? Nola bestela? Nahi duzu nik zu zuzentzea?

LAERTE: Baiki, jauna, baldin onezkoak egitera behartzen ez banauzu.

ERREGE: Onezkoak zure buruarekin. Baldin bere bidea galdu eta hari ekiteko gogorik gabe orain itzuli bada, dagoneko buruan ondurik daukadan sare batera joanaraziko dut eta hartan erori beharra da. Haren heriotza dela karia, ez da ahapaldi-hotsik nabarituko eta haren amak berak ukatuko du maltzurkeria, hura ustekabetzat harturik.

LAERTE: Zure agindu pean nauzu, jauna, eta are gogotikago, ni egiletzat hartuko baninduzu.

ERREGE: Harira dator hori. Zure joanalditik asko mintzatu da zutaz, eta hori Hamleten aurrean nagusi omen zaren trebetasun bat dela eta ez dela. Zure tasun guztiek elkartuta ez zuten harengan ernarazi, nire iritziz azken mailakoa den horrek adina bekaitz.

LAERTE: Zein antze da hori, jauna?

ERREGE: Gaztetasunaren kapela-begizta huts bat; beharrezkoa, ordea. Gazteei janzten dituzten apain zirtzil eta arinak ez baitagozkie txarkiago, osasun eta benetasuna damazkieten larruak eta soingainekoak adin handikoei baino. Orain bi hilabete direla, Normandiako zaldun bat izan zen hemen. Ongi ezagunak ditut nik frantziarrak haien aurka gudan ibili eta. Zaldizko trebeak dira. Harako zaldun hura, ordea, harrigarria zen honetan; zaltokian tinkatu eta ikustekoak eragiten zizkion zaldiari, abere azkarrarekin bat egin eta haren izakide zela iruditzeraino. Itzul-murgilka eta halakoetan, amestu nezaken guztia, zegienaren azpitik gelditzen zen; hainbesteraino gainditu zuen nire gogamena.

LAERTE: Eta normandiarra al zen?

ERREGE: Normandiaarra.

LAERTE: Lamond zen hori, lepoa egin nezake.

ERREGE: Berbera.

LAERTE: Ongi ezaguna dut. Izan ere, bere herri guztiko pitxi eta edergailua da.

ERREGE: Zutzaz mintzatu zen, eta ezpataketaren artezi eta ekintzan, gerrenaz bereziki, duzun trebetasun osoa hainbeste goraipatu eta esan ere zuen, ikusgarri bat izango litzakeela, zuri aurka egiteko inor badago. Bere herriko ezpataketariek, berak zin zegin, ez zeukaten oldarrik, ez zainbiderik, ez begirik zure aurka ari zirenean. Zaldunaren esanak hainbesteraino edendu zuen bekaitzez Hamlet eta ez zen zure itzultze lasterra opatzez eta eskatzez aspatzen, zurekin ezpatan aritzeko. Honetatik bidea hartuz...

LAERTE: Zein bide, jauna?

ERREGE: Laerte, maite al zenuen aita ala oinaze baten irudi hutsa zara, aurpegi bihotz gabeko bat?

LAERTE: Zer dela eta galde hori?

ERREGE: Ez dut uste, inola ere, aita maite ez zenuenik, alabaina, maitasuna aldiaz sortzen dela badakit, eta aldiak arragoaldietan haren sua eta txinparta eztitzen dituela badakusat ere. Maitasunaren garrean berean, hura itzaliko duen muku edo geldo mota bat bizi da. Ezer ez da betirauneko ontasunean dagonik, ontasuna, bada, larregi gehituz, beraren, gainditzeaz hiltzen da. Egin nahi genukeena, nahi dugun une hartantxe egin beharko genuke, «nahi» horrek aldatu eta aurkitzen dituen mingain, esku eta gorabehera bezainbeste urritze eta luzapen hartzen dituelako, eta orden «behar» hori, arintzeaz min ematen duen hasperen hondagin [63] bat bezalakoa da. Baina, zauriaren min-minean uki dezagun. Hamlet itzuli da. Zer egingo zenuke aitaren semetzat zure burua erakusteko egipenetan ez hitzetan?

LAERTE: Elizan hari lepoa moztu.

ERREGE: Inongo lekuk, deunenak ere, ez luke egiaz, heriotzagilea gerizpetu beharko. Apenak ez du mugarik eduki behar. Baina, Laerte, maitea, nere esana egizu; zure gelan sartuta zaude. Hamlet-ek heldu eta, zure itzultzearen berri izango du. Nik bidaliko diot zure trebetasuna goraipatu eta prantziarrak eman zizun aipua berrituko duena; azkenik, biok aurrez aurre jarri eta bata eta bestearen alde ixpixoa egingo dugu. Entzinkor, guztiz zindo eta malmuzkeriarik gabekoa izanik, ez ditu berak ezpatak aztertuko, eta horrela, errazki edo amorru pixka batekin, iskilu zorrotz bat hauta dezakezu eta, jokada trebe batez, zure aitaren heriotza ordainaraziko diozu.

LAERTE: Horrelaxe egingo dut eta horretarako nire ezpata zitalkatuko ere, sasi-osalari bati erosi nion gantzurrin batez. Honetan busti aiztoak odola atera ezkero, inongo txaplatak, bikainenak ere, nahiz eta ilargi azpian indarra duten belar guztiez atondua izan, ezin gaizka dezake heriotzatik haren harramazka huts bat hartu duena; halakoxe heriozkoa da. Kutsatuko dut nire ezpata-muturra eden hartaz, hura harramazkatze hutsaz hil dezan.

ERREGE: Hausnar dezagun hau geldiroago. Hazta ditzagun gure asmorako egoki diren muga eta bideak. Hark huts balegi, eta, gure antzegabez, gure eginkizuna agertuko balitz, hobe genuke hari ekin ez izana. Asmo honek, beraz, beste bat eduki behar du ordaintzat, hartarako litzatekena lehenbizikoak huts egin ezkero. Geldi! Dakusagun. Ixpixo handi bat egingo dugu bion esku-egokitasuna dela eta ez dela. Banago horretan! Eragitearekin bero eta egarri izango zaretenean —eta horretarako zure erasoak gogorrenik egiten ahalegindu behar duzu—, edatera eskatuko duenekoxe, edontzi bat gertu izango diot eta hartatik zurrupatzeaz beste gabe, halabeharrez zure ezpatakada iratsuari ihes badagio ere, gure asmoa beteko da. Baina, ixo! Zer zurrumurru da hori? (ERREGINA sartzen da). Zer da, bada, erregina maitea?

ERREGINA: Helkaitz bat beti dabil beste baten orpoz orpo, hain ondozka datoz. Zure arreba ito da, Laerte.

LAERTE: Ito! Oi, non?

ERREGINA: Lats baten ertzean makurturik, badago sahats [64] bat bere orri zurixkak leiarrezko uhinetan irudikatzen dituena. Aratu zen Opele, irribelarrezko, asunezko, burupilezko eta gure artzain lasaiek izen zakar batez ezagunak, baina gure neska garbiek hil-behatzak [65] deitutako lore luze, gorri horietzazko txortaz apaindua. Adarretan gora zihoala, haietan bere basalorezko buruntza eskegiteko, kima saltzaile bat zarratatu eta, bere larre-apainekin batera, lats negartian erori zen. Bere janzkiek, baranoan zabaldu eta, naiade bat iduri, ur gainean eduki zuten oldar batez. Anartean antzinako eresi atalak abesten ari zen, beraren zorigaitza ez dazaguna bezala edo uretan bizitzeko jaioa den izaki baten antzera. Hori, ordea, ezin luzatu; jantziek beren edariaz astun egin eta zorigaiztokoa narreztu zuten haren soinu gozoetatik heriotza lohitsu batera.

LAERTE: Ai ene! Itoa da, beraz?

ERREGINA: Itoa, itoa.

LAERTE: Ez negarrik; nahikoa ur duzu-eta, Opele gaixo hori. Ohitura dugu hau halaz ere; izaerak bere legeari men dagio, nahiz eta lotsak nahi duena esan. Negar hau atertu dadinean, ez da nigan emakume zantzurik geldituko. Agur, jauna. Baditut suzko hitzak, laster gartuko liratekeenak, ahulkeria honek itzaliko ez balitu: (Irteten da).

ERREGE: Garraizkion, Gerturde. Lanak izan ditut haren sumina gozatzeko! Ezbehar honek berriz haizatuko ote duen beldur naiz. Garraizkion, bada. (Irteten dira).

 

 

 

50. Erreginak gezur dio bere semea zuritzeko. Badakigu Hamletek ez duela egin horrelako damu-negarrik.

51. Poloniren gorpuaz mintzo da Hamlet.

52. Adigaitzak ditugu hitz horiek. Hamlet bere buruarekin mintzo da; hortik datorkigu iluntasuna.

53. «Jan-gaietan harra dugu nagusi bakarra» («Your is your only emperor for diet») badugu hemen euskarara bihurtzeko ezina zaigun hitz-joko bat. Sbekespearek, Wormseko dieta ospetsua ukitzen du. Batzar horretan (1521. urtean) eta Karla Vgana (emperor) mahaiburu zela, Luter agertu zen bere targoa zuritzeko.

54. «Beste lekura». Su-lezea.

55. England herriko ipuin zahar batek dionez, okin baten alabak ogia ukatu zion Jesuri eta honek hontza bihurtu zuen haren txarkeria galentzeko.

56. «Balendin Gurena», (Otsailaren 14.a) neska-mutilek elkarri maitasuna agertzeko eguna da. Antzineko ohitura zen hori lurralde askotan eta oraindik bizi da England herrian.

57. Utxorigorri. Antzineko sinestea zen hutsorigorriak (pelikanoak) bularra mokoaz urratu eta bere kumeak beraren odolaz elikatzen dituela.

58. Ezamilo (hinojo) eta laufrakak (aguileñas). Ezkontza-saldukeriaren irudia.

59. Bortusaia (boskoitz: ruda), garbaia adeirazten du.

60. Idibegi (margarita); aizunkeria eta gezurraren irudia.

61. Sagubelarrak zintzotasuna adierazten du.

62. «Egurra harri bihurtzen duen iturri hura». Latsun edo kare-iturburuak ukitzen ditu. Zura uretan bustitzean, kararri egiten dela uste izanik.

63. «Asperen ondagin». Shakespeareren aldian, hasperenek bihotzari odola kendu eta bizia laburtu egiten dutelako ustea zuten.

64. Saratsa, zorigaiztoko maitaleen zuhaitza da.

65. «Hil-behatzak». Honetatik eta lehen ikusi ditugun Opeleren zenbait esakuntzatik, honen zorakerian maitasun-grina (manía erótica) badagoela ikusi diteke.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Antzez-lagunak / Lehenbiziko atala / Bigarren atala / Hirugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Hitzaurrea / Antzerkiaren haria / Hiztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus