Ederra da grafia. Letra solteak, bananduak, leku bila lekutuak. Artista eskua. Molde desberdinak handiena eta txipiena. Eta ohar bat: Idatzi nahi neuan, bana Puertotik ezin zuan kartetan euskal berbarik idatzi, eta utzi egin nian.

        Puerto de Santa María da Puerto. Euskaldunontzat, kartzela. Ezin zen euskarazko hitzik idatzi. Alegia, ezin zela ezein hitzik idatzi euskaraz. Ezta maite zaitut bat, edo laister arte bat, edo agur bat, edo besarkada bat gaztelaniazko gutun oso batean. Ezta jendetasunezko formula bezala ere. Debekatua intimitatea. Euskara beti baita klabea, giltza. Mezu zifratua. Kartzelariak ezin antzemana. Ederra da gure hizkuntza. Ederragoa preso baten ahoan. Onartezina.

 

                debekaturik dago euskaraz

                gutunik idaztea

 

                lehengo zuzendaria elbarria zelako

                eta gorroto gintuelako zela uste genuen

 

                orain gobernu sozialista eta zuzendari

                berria heldu arren berdin debekua

 

                zentsoreek euskara ulertzen

                ez dutelako dela diote

 

                zuk gaztelania ez ulertzea ez da posible

 

        Utzi egin zuen. Nahiago izan zuen ez komunikatu giltza onartuan egitez gerotan. Holakoak dira presoaren ateak. Biluz dezaten utzi bere burua erantzi baino lehen. jateari utzi ez hiltzearren.

Betiko Ezezagunak helarazi zidan gutuna 85eko ekainean. Poema hauek zekartzan ondoan. Euskaraz. Presoak traslado bat profitatu zuen, senitarteko arazoak zirela eta emana, materialea ateratzeko.

        Traslado batek anu arina behar du, preso baten puskak ere sobera dira behinbehineko traslado baterako. Beharrezkoena hartu behar zen bakarrik. Utziezinekoen artean, isolamendian itzulitako poema galegook.

        Ederra da grafia. Erregularra, ausaz lasaitasun une batean idatzia. Esaldi bakar bat etzana, idatzirikoa irakurritakoan gaineratua edo: heuk irakurtzeko bidaltzen deuzkiat. Irakurri nituen, eta bilduma hartan bazegoen nik ezagutzen ez nuen poemarik frango. Erran nahi baita presoak bazuela, morroilope, poesia galegoaren handik harateko ezagutza. Lanak izan ditugu zenbait original eskuratzearren.

        Ez da egia kartzelan edozertarako duela astia batek. Ez dezala uler irakurleak poema galegoak lortu, irakurri, itzultzea, denbora emateko gimnasia ariketa denik. Behar arriskutsu eta beharrezkoa da, presoari bizirauteko elikadura oinarrizkoa baitzaio poesia. Poesiak lagundu egiten du libre izaten.

 

                ez da guardasolik gartzelan sekula egon

 

                ez dago hemen ez aurre ez atzerik

                hormek markatu distantzia bakarrik

                gorantz begira daiteke lainorik denentz

                urdina da beti ezer ezaren margoa

 

                inoiz itsaso egiteraino hustu du ekaitzak

                eta orduan poema naufragoak idatzi ditut

 

        Hala hartu nituen, naufrago baten gutuna bezala. Giltza debekatuak. Beste poetak idatzirik aurkitu zituen poema bereak bailiran. Morroilopetik heldu zitzaizkigun. Noblea bidaia. Sei urteren ondoren, omenaldi aunitza bezala eskaintzen ditugu, Letra Galegoen... Eguna dela eta, hitz debekatu ederren gutun harek errematatzen zuen besarkada fuerte bat zabalduz. Hala amaitu ohi dute kondenatuen gutunek. Bizia emanez.

 

Koldo Izagirre