MiRANDEREN POEMAK FAKSiMiLEAN

 

        Oraindik ere 24 poema horien faksimila ikustean Miranderen poesiari buruz tesia egiteko asmotan eta hango eta hemengo bazterrak arakatzen eman nituen garai haiek ekartzen dizkit gogora. Baina batez ere, Txomin Peillenek, Frantzisko Miangolarra Venezuela aldetik Donostiara itzulia zela esan zidanean, 1980 inguru aldera, ohikoa ez dudan ausardiaz, telefono-liburuan detektibe afizionatuarena egiten hasi, Miangolarra non bizi zen jakin, telefonoz deitu, eta eskuizkribuaren fotokopia bat inolako arazorik gabe eman zidan garaiak.

        Poeta miretsiaren paperen atzetik irrika gehiegiz bazterrak arakatzen nenbilela, Henry Jamesen «Aspernen paperak» ospetsuko protagonista sentitzen nintzen, baina hura baino suerte hobekoa, inolako preziorik ordaindu beharrik gabe eskuratu bainituen azkenean paper preziatu haiek. Eta Parisera Miranderen arrebari bisita bat egiteko gogoa ere jarri zitzaidan, baina han, seguru aski, paper gehiago lortzeko bidea Aspernena baino korapilatsuagoa eta hura bezain alferra izango zela etsirik, alde batera utzi nuen ideia, eta poema horien —eta hortik kanpoko ahal ziren guztien— bilduma egin eta argitalpen txukun samar bat egiteaz pentsatu nuen berdintzea euskaldunok Miranderekin genuen zorra. Hala ere, banekien horrek ezin zuela konpondu bere garaian argitaratu ez izanak Miranderengan izango zuen eragin ezkorra, baina balioko zuen omenaldi gisako bat egiteko behintzat, eta baita euskaldun heterodoxoentzat gozabide egoki bat eskura jartzeko ere.

        Hori egin nuen garai hartan Elkar argitaletxearentzat, eta laguntzaile, ziztatzaile eta akuilatzaile eskuzabal izan nituen Txomin Peillen eta Patri Urkizu adiskidea. Eta Ene Jainko-eidol Zaharra. Lur! izenburuaz argitaratu zen liburua prestatzean —nik argitaratzen nuen lehenbizikoa baitzen— ezin nuen neure gogamenetik kendu zer-nolako irrikaz egongo zen Jon Mirande bera —artean 30 urte bete gabeko poeta— garai ilun haietan liburua moldezko letretara pasatzeko Andima Ibiñagabeitiari eskuizkribua bidali zion garaian, 1953 inguruan alegia.

        Orain, Koldo Izagirre aspaldiko lagunari eman nion kopia haren kopia, Susaren XX. Mendeko Poesia Kaieretarako Jon Miranderen poema hautatuen bilduma prestatzen ari zela jakin nuenean, nik orduan baino irizpide zuhurragoz egingo zuela hautapen eta testu-finkatze lana. Eta horren guztiaren bueltan dator ni plaza honetara agertzea, inolako merezimendu berezirik gabe, makinaz idatzitako paper itsusiok (?), eskuz egileak berak egindako zuzenketa eta guzti nola iritsi diren argitzeko.

        Eta bedi hau dena A.M.M.G.

 

Xabier Olarra

2002-10-04

 

 

"Jon Mirande - 24 poema" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus