Euskal idazleak direla eta

 

      Hilabetez honantz, eztabaida luze baten lekuko izan gara gure herriko prentsan. Eztabaidaren gaia, gure literatura eta euskal idazleak. Ez, ez da egunero azaltzen den gai bat eta norbaitek pentsa dezake: «Beste zereginik ez duten lau zororen betiko leloa». Ez da horrelakorik: ezabaidak izan du bere mamia eta hor azaldu diren eritzi batzuekin, guk, euskal komunistak ditugunak konfrontatzea beharrezko deritzaigu.

      Urtarrilaren 8ko EGINen Raúl Guerra Garrido idazlearen lan bat ageri zen. Guerra Garrido, Madrilen jaio eta Donostian bizi den erdarazko nobelista bat dugu.

      Funtsean, Gerra Garridok ziona zera zen: Euskal herrian erdaraz izkribatzen duten idazleak diskriminatuak eta marjinatuak daudela, euskal literaturgintzan ez zaiela jaramonik egiten eta hori ez dela bidezkoa besteak bezain euskaldun baitira, beren plusbalioa lur hauetan uzten dutelako.

      Erantzunak ugariak izan dira. Martin Ugaldek eta Elias Amezagak, DEIAn; Koldo Izagirre esta Ramon Saizarbitoriak ZERUKO ARGIAn, Xabier Kintanak EGINen... Ikuspegi ezberdinetatik gaia mihaztu dute. Bakoitzak zer dion aipatzea burutu ezineko lana izango litzateke. Esan diren gauza batzuk aipatzea izango dugu gure lana, horretaz.

      Kintanaren artikuloan, hain zuzen, bada poliki aztertu beharreko sentenzia ugari. Adibidez: «Horregatik, diktaduraren ondoan —eta haren garaian ere— euskararen aldeko ekintza neketsuei lagundu beharrean, haien kontra «cultura vasca» delakoa erdaraz ere posible dela jo eta ke saiatu eta horretan irautea, zapaltzailetzat hartzekoa ez baldin bada, gutienez zapaltzaileei joko egitea dela bistan dago enetzat».

      Tipo honetako arrazoiak —nirekin ez dagoena, nire etsaia— nonbait entzuna egiten zait, eta Kintana, gure kulturak eta hizkuntzak berez dituen baino etsai gehiago aurkitzen ote dabilen galdatzen diot nire buruari. Euskal kulturaz zer entenditzen duen Kintanak ez dakigu, nahiz euskal literatura euskaraz eginiko literatura dela zehatz aitortu. Eta honetan, gu ere nahiko ados gatoz Kintanarekin, gauza bat —hori bai— garbi ipiniaz: gure herrian euskaldunak (euskaradunak) eta ez euskaldunak (euskara ez dutenak) bagara: eta denok gara HERRIA denok dugu kultararako eskubidea eta denok dugu literaturarako eskubidea. Gure literaturak, haienak baina makulu eta laguntza gehiago beharko ditu eizaldi luze zulo horretatik ateratzeko. Baina bi gauza diferente dira gure kulturari, hizkuntzari eta literaturari laguntzea eta besteena ankapean pasatzen saiatzea.

      «Guk —dio Kintanak beste pundu batetan— euskera eta erdara dakigula, euskaraz idazteko aukera egin dugu, korronte ofizial eta ongi ilusiaren kontra joanez. Besteak, besterik ez dakitelako, hau da, ikasi nahi ez dutelako, erdaraz egitera beharturik daude, beren aukera bortxatu hori, eta hori da barkaezinena, ereduzkoa eta txalogarria bailitzan agertu nahirik». Erdaraz idazten dutenak: euskaraz «ikasi nahi ez dutelako» ari direla esatea, egia ote? Niretzat ez kasu batzuetan behintzat.

      «Eta Herrian duten marginazioaz, herriak egiten diena baldin bada —ez baitigute esanen komunikabide ofizialetatik dutenik— beraiek pentsa bezate zergaitik den. Ez legoke gaizki, beharbada, herriari berari, eta beronen mintzairaz hobe, galdetzea. Baliteke Herriak etorkizunari begira aukeratu duen bidea eta beraiena berbera ez izatea». Pasarte honetatik, Ramiro Pinillak eta Gabriel Celayak Alfonso Pasok eta C. J. Celak haina laguntza ofizial izan dutela eta gure herriak euskaraz bakarrik idaztea eta irakurtzea erabaki duela konkluituko bagenu, ez dakit X. Kintanaten pentsamendua zuzen interpretatuko nukean, baina errealitatea ankaz gota jartzen arituko nintzaketela zihur nago.

      Lerro hauek irakurriaz gero, irakurleren batek pentsa dezake, Kintanaren artikuloa astakeriaz betea dela eta Guerra Garrido laudatzen ari naizela. Oso oker dabil horrelakorik pentsatzen duena, zeren astakeria hutsa da ehundaka urtez zapaldua egon den hizkuntza bat (euskara) eta hogei estatuetan ofiziala den hizkuntza bat (gaztelania) maila berdinean jartzea eta biei laguntza berdina ematea. Eta arren, Guerra jauna, ez esan diskriminatuak zaudetela, euskal idazleak baino diskriminatuagoak zaretela, hori ez baita egia. Bestela edonori galde ezaiozu.

      Honetan jarriak gaudenez gero, aipagarria da K. Izagirre eta R. Saizarbitoriak ZERUKO ARGIAn diotena eta, nahiz haien artikuloaren zenbait pundu ere kritikagarri izan, konklusioen orduan Kintanarenak baina zuzenagoak direla derizkiot: «Bitartean errespeto bat gaztelania, oraindik gure hizkuntza zanpatzailea dela ahaztuz, intenzio literarioen espresiobide posible bezala ikusi nahi dugunoi, deseuskaldunduen eta euskalduntzeko posibilitaterik eman ez zaienen espresiobidea, guretako batzuen hizkuntza halegia».

      Hor dabilela hari zuzena derizkiot. Guerra Garridok diona ez deritzat egokia, euskal eta erdal literaturaren artean bereizitasun handIak baidaude eta ezin ditzakegu maila berdinean ipini (laguntzen kuestioan adibidez) ez baikara berdintasun batetatik abiatzen. Baina ezta ere ez da bidezkoa. Kintanak proposatzen digun estrainamendu kulturala, gure herriko errealitatea ahaztu eta hainbat urtez eska ohi dugun berdintasuna eta demokrazia pikotara bidaltzea baita.

      Euskal kultura zabaltzea, euskara herri osora zabaltzea, zentzu osoko herri bat izatea, makila eta bortxaren bidez lortuko ez dugun meta izango da.

 

Zer-Egin, n.° 26 — 1978

 

 

 

"Escritor vasco / Euskal idazlea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus