«Escritor vasco» ezin izan
euskal idazlea

 

Jon Urrujulegi

 

      Rafael Guerra Garridok artikulu polemiko bat idatzi zuen EGINen. «Sobre el escritor vasco» titulatu zuen. Rafael Guerra kexu da bera euskal idazletzat ez dutelako hartzen eta bera bezalako idazleentzat irain bat dela dio, irain demagogiko hutsa.

      Gizon serioaren tonua erabiliz, erdaraz frase dotoreak eginez, egundoko xinplekeriak esaten ditu Rafaelek bere artikuluan. Berak dioenez, «euskal» idazle izateko, aski omen da «hemengoa» izatea eta gero zeinahi hizkuntzaz zernahi idaztea. Hau bai dela iraingarria euskal idazle kontsideratzen direnentzat. Edo behar luke behintzat izan. Euskal idazle izateko, arrazoi bejetatiboari indar gehiago ematen dio euskeraz baliatzeari baino, esentziari baino. Esentziari baino gehiago begiratzen dio formari eta jakina, sustantziarik gabeko definizio bejetatibo bat atera du, bere sonbreroarentzat egokia baina inguruko txapelentzat iraingarria. Beste nolabait esateko, artasoro batetan legokeen meloia, ez litzateke meloia, artoa baizik, artasoroaren barruan desarroilatu delako.

      Euskalduna izateko, aski omen da plusbalioa Euskal Herrian uztea. Hona hemen berriz ere «bejetatibotasuna» tartean. Eta definizio hau ez bazen aski argia joan den ekaina arte, ekaina honetatik aurrera definizio definitiboa litzateke, alegia, dudatan ez jartzekoa. Eta gero, gainera, harritu egiten da definizio hau gizarteko sektore batzuek irentsi ezin dugulako. Historian zehar, noiztik JOKATU DA naziotasun baten izatea hauteskunde jeneraletan? Nolanahikoak izanik ere behin batezko hauteskunde hauk? Gezurra dirudi «Nadal» bezalako saria irabazi duen idazle batek honelako ñoñokeriak esatea. Idazleak engaiatua (konprometitua) izan behar omen du, baina ez du izan behar engainatua eta are guttiago engainazalea.

      Rafael Guerrak dioenez, hizkuntza literarioa inork ez omen du hautatzen edo aukeratzen, beti ere hizkuntza literarioa amaren hizkuntza izaten omen da eta. Afirmazio hau gaur oraindik Euskal Herrian botatzea, borondate txarra demostratzea da benetan. Gaur orain zenbat milaka dira amaren hizkuntza euskera izan arren, gero kultur hizkuntza edo eta hizkuntza literarioa frantsesa nahiz gaztelenia izatera behartuak? Zer gertatu zaigu guri? Geure amari gaude entzunak, eskolan (nolabait esateko) artaziak edo guraizeak gaztelaniaz «tijeras» esaten zela ikasi zuen egunean, etxera joan eta lehenengo gauza, hauxe esan omen zion gure amona zenari: «ama, ama, guraizeak, eh, «tijeras» esaten da erdaraz. Gaur ikasi det eskolan (?)». Hau al da hizkuntza literarioa, eskolakoa, amaren hizkuntzari korresponditzea? Eta zenbat haur aurkitu ote gara, eskolara berandu iristearen justifikazioa maixuari («?» berriz ere) era honetara eman behar izan zion umearen antzera: —Por qué vienes tan tarde? —Señor maestro, txorie visto, harrie tirado, hankan pegado, sasian trabado, buscando buscando, denbora pasado. Hau guztia anekdotikoa dela esan eta badakit ironiazko irribarre isekari batekin, superatutzat erraz eman daitekeela. Guk ordea, gehiago esango genuke, anekdotikoa zorionez guretzat dela eta Rafael Guerra bezalako askorentzat, dirudienez, formatiboa eta edukatiboa datekeela. Hemen dago auziaren tristea. Euskalduna nor den definitzerakoan, gure Historia osoaren abstrakzioa egiten du Rafaelek eta azken ekaineko hauteskundeetan BAKARRIK oinarritzen da.

      Euskal idazlea, guretzat, euskaraz idazten duena dateke bakarrik. Erdaraz idazten euskalduna izan daiteke (Euskal Herriaren alde konprometitua esan nahi dugu) baina sekula ez euskal idazle. Asko izan dira beren euskalduntasuna erdaraz adierazi ez ezik, Euskal Herriari guztiz entregatu zaizkionak. Baina gauza bat da euskal semea izatea eta beste bat euskal idazlea. Eta Rafael Guerraz ari garelarik, ez da bakarrik bere «euskal idazletasuna» dudetan jartzen duguna, baizik eta baita bere euskaltasuna bera ere.

 

Zeruko Argia, 1978-02-05

 

 

 

© Jon Urrujulegi

 

 

"Escritor vasco / Euskal idazlea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus