Escritores vascos eta euskal idazleak (I)

 

Xabier Kintana

 

      Raul Guerra Garridok orrialde hauetan argitaratu zuen artikulua irakurri nuenean, berehalaxe sutu nintzen.

      Guerra Garridok bere lantza «Los escritores vascos que se expresan en castellano» direlakoen alde apurtzen du. Eta hori erdaraz diot, neronek «beren burua gaztelaniaz soilki adierazten duten euskal idazleak» delako esaldiari euskaraz zentzurik aurkitzen ez diodalako, agian ttikitandik ttontto xamarra izanki.

      Berak dioen bezala «kultura bat exklusiboki hizkuntzazkoa ez bada» ere, eta nik ere hola uste dut, gutienez onhartu beharko ditu [sic] kultura guztien oinarria hizkuntza dela. Zimenduak (hizkuntza) ez da etxe osoa (kultura), baina hura gabe berau ez dagoke.

      Problema, funtsean, Guerra Garridok «escritores vascos»tzat ulertzen duena eta besteok «euskal idazle»tzat jotzen dugunaren artean datza. Erroz kontzepzio ezberdinak, euskalduna ez den bati argitzeko zail xamarrak gainera. Eta gauza kuriosoa bezain sintomatikoa da, maiseatzen ari gareneko artikulu honen ondoan datorrenak —politikaz eta beste hitzez bada ere— gauza bera esatea. «Euskal(dun)» kontzeptu nazional eta kontzientziatuaren ordez eta kontra, kontzepzio geografiko eta akzidentalistaren alde egitea, alegia.

      Baina euskaldun eta vasco ez direla gauza bera argi dago. Zer adierazi nahi da vasco hitzaz? «Euskalduna»k atxekimendu etniko eta formal argi bat adierazten du. Vasco hemen jaioa omen da. Bego, baina baditugu berton jaiotako asko, intelektualtzakoak izan arren, inguratzen dituen Herriaz Sumatraz baino gehiago arduratzen ez direnak. Hizkuntza jatorra ikasteko gogorik ez dutenekin hasita.

      Euskal Herriaz idaztea edozein hizkuntzaz egin daiteke, frantsesez ere bai, eta Pierre Loti, kasu, ez du orain arte inork euskal idazle gisa aldarrikatu. Propaganda ideologikoa alde batera utzita, ez du gaiak idazlearen euskalduntasuna frogatzen. Egia da zientzi arloan ere, literatur euskararik ezaz edo, tradizioa izan dugula geure gauzak erdaraz tratatzeko, baina zenbaitzuk, euskara berez aberatsa eta edozertarako gai dela onhartuz, haren aldeko lana erdaraz ere egin daitekeela ex cathedra aipatu arren, ene ustez, higidura bezala, euskararen gaitasuna erakusteko modurik jatorrena hura erabiltzea da. Holaxe uste du, bestalde, azken belaunaldiak.

      Raúl Guerrak, eskubide osoaz, noski, 15-juneko eguna mugarri historikotzat jarri du «vasco»tasuna erabakitzeko, orduan geure boza libreki agertzeko era ukan ez genuen guztioi, batera, mesprezio nabaria eginez. Horrela, berarentzat «vasco» Euskal Herrian bere lanerako indarra uzten duen guztia baldin bada, niretzat , eta zentzua duen edozeinentzat, ez da horrela. Plusbalioa uztea ez da aski. Nahia ere behar da. Alemanian lanean ari diren italiar edo turkoak ez dira horrexegatik aleman. Ez ditzagun, demagogia erraza eginez, gauzak nahas, otoi! Ez legoke gaizki, bestetik, hemen jaio edota «lan» egiten dutenen artean, azken urteotako gure «agintariak» eta meritu oneko funtzionari aski ezagunak gogoratzea.

      Euskal idazle izateko euskaraz idaztea eskatzea, Raúl Guerraren ustez, gehiegikeria da, onartezinezko muga eta oztopoa. Eta harrigarria da, mundu osoan, hain zuzen, idazlearen naziotasuna beti hizkuntzaren arauera neurtzen delako.

      Politikazko eta erlijiozko aukera posible eta diskutigarri guztien gainetik nazional komunitatearekiko atxikimendua dago, hizkuntzak ezin hobeki erakutsia berau. Ezker zein eskuinean izan, bere hizkuntza darabilenak bere herriarekiko loturak gordetzen ditu. Nazioari egin dakiokeen ukorik biribilena, ordea, haren hizkuntza nazionala baztertzea da. Horrela, posible da, noski, Unamunok bezala, erdaraz euskararen kontra idaztea. Euskararen kontra euskaraz idatzi duen euskaldunik, aldiz, nik ez dezagut. Absurdua litzateke bestalde. Arrazoi horregatik, kultura baten literatur adierazleak kultura hori sorterazi duen herriaren hizkuntza propioaz neurtzen dira.

      Gogoan dut Kubako poeta baten bertsoa, «guajira guantanamera»ren soinuaz bere bertsoak, Kubaz, ingelesez egin zituenari zuzendua: «Tú, que tu lengua olvidaste, responde tú, y en lengua extraña masticas el güel y el yu, ¿Cómo vivir puedes mudo? Responde tú».

      Gabriel Arestik beste kasu bat kondatzen du bere obretan: Juan Larra bilbotarra, inork euskal ez erdal idazletzat jotzen ez duena, eta arrazoiaz, bere burua hobeki adierazteko frantsesez idazten zuelako. Joan den mendeko espainol idazle batek, J.M. Blanco Crespok (Blanco-White bestizenez), idatzitzako Mysterious night hamalaurkun famatua eta Letters from Spain ez dira inoiz espainol antologietan azaltzen, Fray Luis de Granadak portugesez idatzitako obrak agertzen ez diren arrazoi berberengatik. Bai ordea idatzi zituzteneko antologietan. Fernán Caballero alemanak gaztelaniaz idatzi zituen obrak, aldiz, espainolak dira, eta ez aleman.

      Kasu gehiago kondatzen segituko al dugu?

 

Egin, 1978-01-17

 

 

© Xabier Kintana

 

 

"Escritor vasco / Euskal idazlea" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus