Literatur Emailuak

 

 

Andima Ibinagabeitiaren
deituraren grafiaz

 

        Nola idatzi behar dira euskaldunen deiturak? Bada, etsi dezagun: galdera horrek ez dauka, gaur egun, erantzun errazik. Erran nahi baita, ez dago formula matematikoren moduko bat aplikatuta (2 + 2 = 4 tipokoak, hots, Ch = Tx, eta abar) kasu guztietan soluzio egoki batera iristerik. Zeren kasu desberdinak agertzen zaizkigu. Kasuak eta kasuak. Esan beharko ote dugu ez dagoela inolako irizpiderik, eta kasu bakoitza bere aldetik konpondu behar dela, batzuetan hola eta bestetan hala?

        Eta bai, esan dezagun garbi, herritar bakoitzak izan beharko luke bere izena eta deiturak hautatzeko eskubide osoa, beraien grafia barne, Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, gertatzen den bezala, nahiz eta hori, ezaguna denez, Frantzian edo Espainian ez den azken mendeotan gertatu. Legez.

        Baina, nahikunde hori inoiz gauzatuko balitz ere, eta ez dirudi bide horretan gabiltzanik, baldintzarik liberalenetan jokatuta ere, zer egin bere izena eta deitura hautatzeko aukera espliziturik izan ez zutenekin? Ez al genuke nolabaiteko irizpide batzuk ezarri behar, adibidez, literaturaren historiako liburuetan aipatzen diren idazleen izenak idazteko? Zein irizpide?

        Etsi dezagun honetan ere. Ez da erraza. Kixoteren mendeurrena ospatzera goazela, espainolen artean, mundu osoan esango nuke, inor gutxi gogoratu da esateaz, dakigunagatik, Cervantesek ez zuela egundo ere bere deitura grafia horrekin idatzi: arrunki Ceruantes edo Cerbantes erabili zuen (hots, «v»-ren ordez «u» edo «b») eta, inoiz edo beste, Çerbantes (ahoskatu ere, ziur aski, «s» moduko batekin ahoskatuko zuen arrunki). Badirudi, hala ere, munduan inori ez zaiola bururatu On Kixoteren aitaren deitura bere jatorrizko grafiara ekartzea, hots, XVIII. mendeko ortografia-erreformaren aurreko moldeetara. Izan ere, sasoi hartan gaztelaniaren grafia ez zen gaur egun bezain finkoa eta, gainera, Cervantesek ez zuen inoiz bere deituraren grafia modu zehatz batean idazteko aparteko grinarik erakutsi. Eta, ororen buru, bera hil ondoko une zehazgabe batetik aurrera, historiako liburuetan eta mota guztietako aipamenetan Cervantes agertzen delako, mendez mende, horretara guztiok ohitu garelarik. Eta kitto.

        Eta horra galdera: berdin jokatu beharko ote genuke euskaldunok Andima Ibinagabeitiari dagokionez? Bai eta ez. Gaur egun badakigu Andimak beti idatzi zuela Ibinagabeitia (hots, «n»-z) eta beste batzuk izan zirela bere deitura Ibiñagabeitia (hots, «ñ»-z) idazten hasi zirenak. Kurioski, bigarrenek izan dute arrakasta eta Andimaren beraren hautua lurperatua geratu da oraintxe arte. Baina, hil ondoren ia berrogei urte pasatu ondoren bere artikulu batean aurkitu dugularik katramila horren azalpena, zer egin behar dugu guk?

        Hirugarrenez diogu erantzuna ez dela erraza, ezta ere automatikoa. Letra baten gora-behera horretan, arrazoi sendoak daude bi aldeetatik. Geuk «n»-z idaztea, hots, azken urteotako ohitura zuzentzea erabaki badugu, ez da izan soilik Andimaren beraren borondatea errespetatzeagatik, baizik eta gure uste apalean Onomastikari dagokionez euskararen batasun prozesua une honetan oraingoz definizio-fase batean dagoelako. Alegia, Cervantes ez bezala, Ibiñagabetia oraingoz ez da guztiz fosildu, oraingoz posible da Andimaren ohitura eta hautua errespetatzea. Oraingoz posible zaigu Ibinagabeitia idazten ohitzea. Hemendik beste berrogei urtera, demagun, guztiz anakronikoa izango zen mota horretako aldaketa bat planteatzea, euskara batuaren dinamikak de facto hainbat grafia finkatuko dituelako. Zorionez.

        Zeren, ororen buru, euskararen beraren etorkizuna da jokoan dagoena. Irakur bedi arretaz Andimaren iritzia bere deituraren grafiaz. Garbi dio nahiago duela bere betiko ohiturari eutsi eta «n»-z idatzi, baina bigarren mailako kontua dela hori euskarak dituen premien aldean. Argi eta garbi.

        Bada, irizpideak ematea erraza ez bada ere, badago bat eztabaidaezina: euskara batuaren prozesua. Horren arabera finkatuko da, datozen urtetan, euskaldunen deituren grafia. Gaurko erabaki txiki hau bide horretan doa. Etorriko dira gehiago. Euskaldun ororen esku dago prozesu horretan inplikatzea.

 

Pruden Gartzia

Azkue Bibliotekaren zuzendaria

Euskaltzaindia

 

 

  Batasunaren baranoan, Andima Ibinagabeitia
170. Literatur Emailura itzuli