Literatur Emailuak
2005ko martxoaren 27an
Susa literatura argitaletxea

Sud-Ouestaren argia

 

Roland Barthes

L'Humanité, 1977

(Incidents-en bildua. Éditions du Seuil, 1987)

euskaratzailea: Koldo Izagirre

 

        Egun, uztailak 17, eguraldi zoragarria egiten du. Aulkian jarrita, haurrek egiten duten bezala begia kliskatuz, lorategiko margarita bat ikusten dut aitzineko larrean, bideaz haraindian, proportzio guztiak iraulita, talotuta.

        Ibai geldo baten gisan doa bide hau; noizetik noizerat motozikletaren batek edo traktoreren batek iragaten duela (hauek dira, orain, kanpainako zarata jatorrak, txorien kantua bezain poetikoak azken finean: bakanak izaki, naturaren isiltasuna sorrarazten dute eta giza-jardun baten ezaugarri diskretua ezartzen diote), herriko auzo urrun oso bat ureztatzera doa bidea. Herri honek, xumea bada ere, bai baititu bere auzo deserdikoak. Herria, Frantzian, ez ote dugu beti eremu kontradiktorioa? Mugatua, zentratua, biziki urrun iristen da alabaina; nireak, arras klasikoa, ez dauka plaza, eliza, okindegia, botika eta bi janari-denda besterik (bi self-service esan behar nuke egun); baina baditu, giza-geografiaren azaleko legeak apurtzen dituen kapritxoa edo, bi ilemoztaile eta bi mediku ere. Frantzia, orekaren erresuma? Esan dezagun hobeki —eta bizitza nazionalaren maila guztietan: proportzio konplexuen erresuma.

        Gisa berean, nire Sud-Ouesta luzagarria da, ikusi nahi ditudan mailaren arabera zentzuz aldatzen diren irudi horien antzera. Horrela, subjektiboki, hiru Sud-Ouest ezagutzen ditut nik.

        Lehenengoa, hagitz zabala (Frantziaren laurdena), elkartasun sentimendu tematsu bat da, bere burua oharkabean erakusten didana (urrun bainago osorik bisitatua edukitzetik): eremu horretarik datorren berri orok pertsonalki nau hunkitzen. Pentsatzen jarrita, uste dut Sud-Ouest handi horren batasuna hizkuntza dela niretako: ez dialektoa (ez dut ezein Oc hizkuntza ezagutzen); baina doinua, zeren eta, dudarik gabe, Sud-Ouesteko doinuak zehaztu baitzituen nire lehen haurtzaroko intonazio ereduak. Doinu kaskoin hau (adierarik zabalenean) bereiz da beste doinu meridionaletik; hark, egungo Frantzian, badu zer edo zer garailetik: folklore zinematografiko (Raimu, Fernandel), publizitario (olioak, zitroinak) eta turistiko oso bat dauka lagun; Sud-Ouesteko doinuak (astunagoa menturaz, ez hain kantaria) ez dauzka modernotasun agiriok; ez dauka, apaintzeko, rugbymenen elkarrizketak besterik. Nik neuk ere ez daukat doinurik; hala ere geratu zait «meridionaltasun bat» haurtzarotik, nik «socializme» esaten dut, eta ez «socialissme» (nork daki, ez ote diren bi sozialismo?).

        Nire bigarren Sud-Ouesta ez da eskualde bat; marra bat da, bizi dudan nondik norako bat. Paristik autoan natorrelarik (milatan egin dut bidaia hau), iragaten dut Angulema eta zeinu batek ohartarazten dit ataria pasa dudala eta haurtzaroko etxean sartzen naizela; pinudi bat bazterrean, palmondo bat etxe baten baratzean, lurraldeari aurpegi baten higitze ahalmena ematen dion hodeien goratasun hori. Sud-Ouesteko argi handia hasten da orduan, noblea eta xehea aldi berean; inoiz ez grisa, inoiz ez behekoa (ezta eguzkiak argitzen ez duenean ere), espazio-argi bat da, gauzei eragiten dien koloreek (beste Midian bezala) hainbeste definitzen ez dutena, nola lurrari ematen dion kalitate bereziki habitagarriak. Ez dut adierazteko beste modurik aurkitzen: argitasunezko argia da. Ikusi egin behar da (esaten ahal nuke: entzun egin behar da, hain da musikala), herrialde honetako aro nagusia den larrazkenez, argi hau; likido, distiratsu, urragarri, urteko azken argi ederra baita, gauza bakoitza bere berezian izarniatuz (Sud-Ouesta mikroklimen erresuma da) arrunkeria ororengandik babesten du, multzokeria ororengandik, turismo errazari desegoki bihurtzen dio eta bere sakoneko aristokrazia du erakusten (ez da klase kontua, baina nortasunarena). Halako laudoriotan mintzo naizela, eskrupulu batek hartzen nau noski: ez dea inoiz momentu zekenik, Sud-Ouesteko eguraldi honetan? Baiki, baina niretako, ez dira euri edo eraso uneak (ugariak haatik); ezta zerua grisa ageri den uneak ere; argiaren gorabeherek, hemen, ene iduriko, ez dute inolako spleenik eragiten; ez dute «arima» hunkitzen, gorputza bakarrik, hezetasunez malgortu, edo klorofilaz horditu, edo Pirinioak guztiz hurbil eta bortitz egiten dituen Espainiako haizeak makaldu, akitu: sentimendu anbiguoa, zeinean nekeak baduen finean zoragarrizko zerbait, durduzatua dena nire gorputza den guztietan (eta ez nire behakoa) gertatu ohi bezala.

        Nire hirugarren Sud-Ouesta murritzagoa da oraino: haurtzaroa eta nerabe garaiko oporrak pasa nituen hiria da, urtero itzultzen naizen herria da, bata eta bestea lotzen dituen bidea da, hirian zigarretak edo papera erosteko edo lagunen bat geltokian hartzeko hainbat aldiz egina. Bide zenbaiten aukera daukat; bat, luzeena, barnealdetik doa Biarnoaz eta Euskal Herriaz mestizaturiko paisaia zeharkatuz; beste bat, mendibide zoragarria, Aturri erakusten duten muino ttipien gailurretarik doa; ibaiaz beste aldean zuhaitz lerro jarraia ikusten dut, urrunez ilun: Landetako pinuak dira; hirugarren bide bat, guztiz berria (aurten egin dute), Aturrirekin batera doa ezkerreko bazterretik: batere interesik ez du, joan-jinaren arina ez bada, eta aldizka, ikusmira batean, ibaia, hagitz zabala, klub nautiko bateko bela zurien zipriztinez. Baina nik nahiago dudan bidea eta ardura nahitarat plazer hartzeko erabiltzen dudana, Aturriren eskuineko bazterrik doana da; zirgalarien bide zaharra da, baserriz eta etxe ederrez tartekatua. Dudarik gabe, bere jatorragatik dut maite, Sud-Ouestak berekin duen noblezia eta familiartasun nahaste horregatik; esaten ahal da, beste bazterreko aurkaria ez bezala, zinezko bidea dela oraino, ez komunikazio modu funtzional bat, baizik eta esperientzia konplexua den zerbait, bertan hartzen dutela leku, aldi berean, etengabeko ikusgarritasunak (Aturri ibai ederra da guztiz, ezezaguna) eta antzinako jardun baten oroitzapenak, ibiltzearenak, oinez goazela bestelako proportzioak hartzen dituen paisaiaren jabetze geldo eta erritmiko baten antzeko horrek; hasieran esan dudan hartara gatoz ostera, eta funtsean lurralde honek karta postalen inmobilitate tinkoa lur joarazteko daukan ahalmena da: ez sobera saiatu fotografiatzen: jakiteko, maitatzeko, jin eta egon egin behar da, leku, aro, sasoi, argien uhinetan oro ibili ahal izan gaitezen.

        Esanen didazue: egiten duen eguraldia baino ez duzu aipu, zirrara estetiko subjektibo hutsak, nolabait. Eta gizakiak, harremanak, industriak, saltegiak, arazoak? Egoiliarra besterik ez bazara ere, ez duzu horretarik deus ere atzeman? Ni neure gisara sartzen naiz errealitatearen eskualde horietan, neure gorputzarekin alegia; eta gorputza haurtzaroa dut, historiak egin duen bezalakoa. Historia horrek eman dit gaztaro probintziano, meridional, burgesa. Niretzako, hiru osagarriok berdinak dira: burgesia probintzia da niretzako, eta probintzia Baiona da; baserria (nire haurtzarokoa) Baionaren barnelurrak dira beti ere, ibilaldi, bisita eta ipuinen multzoa. Horrela, oroimena sortzen den garaian, ez dut «errealitate handi» horietaz deus hartu eragiten zidaten sentimena besterik: usainak, nekeak, ahotsak, ibiliak, argiak, errealitateaz nolabait ere irresponsablea den oro, eta gerora joandako denboraren oroitzapena sortzea beste zentzurik ez daukan hori (oso bestelakoa izan zen nire haurtzaro paristarra: zailtasun materialez betea, pobretasunaren abstrakzio zurruna eduki zuen, hala esan baliteke, eta, garai hartako Parisez ez daukat batere «zirrararik»). Oroimena nigan islatzen den moduan mintzo baldin banaiz Sud-Ouest honetaz, Joubert-en formula sinesten dudalako da: «Ez gara mintzo behar sentitzen dugun gisan, oroitzen dugun gisan baizik.»

        Huskeria hauek, bada, jakintza soziologikoa eta analisia politikoa arduratzen diren eremu handi horretako sarrera-ateen antzekoak ditut. Aturri eta Errobi artean, Baiona Ttipia esaten zaion auzo zahar honen usaina baino garrantzi handiagokorik ez dago, adibidez, nire oroimenean: merkataritza ttipiaren objektu guztiak nahasten ziren han lurrin imitagaitza sortzeko: Euskaldun zaharrek egindako espartinen soka, txokolatea, olio espainola, botiga ilun eta karrika estuen itxura ezkutua, udal bibliotekako liburuen paper higatua, (nahiz eta auzo honek oraino gorde duen garai hartako xarma poxi bat) merkataritza galdu baten formula kimikoak bezala funtzionatzen du honek guztiak edo, zehatzago, suntsipen horren formula bezala funtzionatzen du gaur egun. Usaimenetik, kontsumo mota baten aldaketa bera da atzematen dudana: espartinak (zolak kautxuz zatarki indartuak) ez dira haboro eskuz eginak, txokolatea eta olioa hiritik landa erosten dira, saltegi handi batean. Fini lurrinak, hiriko kutsaduraren azkartzeak, paradoxaz, etxeko usainak kasatuko balitu bezala, «garbitasuna» kutsaduraren formula gaiztotua balitz bezala.

        Beste indukzio bat: Baionako burges familia mordoska ezagutu nituen haurtzaroan (garai hartako Baionak bazeukan zerbait Balzac-ena oso): beren ohitura, usadio, solas, bizimoldeak. Burgesia liberal hau okitua zen aurreiritziz, ez kapitalez: bazen distortsio gisako bat klase honen ideologiaren (biziki erreakzionarioa) eta bere estatus ekonomikoaren (zenbaiten tragikoa) artean. Distortsio hau ez da inoiz kontuan hartu izan ikerketa soziologikoan edo politikoan, irazki handi batek bezala funtzionatzen baitu, dialektika sozialaren «ñabardurak» zuloetarik isuriz. Izan ere, ñabardura hauek —edo Historiaren paradoxa hauek— formulatzeko gai ez nintzen arren, nabaritu egiten nituen: nik «irakurri» egiten nuen Sud-Ouesta, argitik paisaiara, Espainiako haizeak nagitutako egunaren astunetik diskurtso sozial eta probintziano batera doan testuan zehar ibiltzen nintzen orduan. Zeren, lurralde bat «irakurtzea» gorputzaren eta oroimenaren legeetan, gorputzaren oroimenaren arabera atzematea baita lehenik. Uste dut jakitearen eta ikertzearen atari hau dagoela esleitua idazleari: atzarritik gehiago jakitunetik baino, jakitatearen beraren arrakalei atzar. Horregatik da haurtzaroa herri bat ongien ezagutzeko daukagun errepidea. Funtsean, haurtzarotik ez bada ez dago Herririk.


166. Literatur Emailura itzuli