Hel
niri, teatroa!
Lo nago, iratzar nazazu.
Ilunbeetan galduta nago; gida nazazu, kandela baterantz bederen.
Alfertuta nago, lotsaraz nazazu.
Nekatuta nago, jaikiaraz nazazu.
Ezaxola nago, inarros nazazu.
Ezaxola jarraitzen dut, astindu nazazu.
Kezkatuta nago, eman adorea.
Ezjakina naiz, irakats iezadazu.
Munstroa naiz, egin nazazu gizalegezko.
Handinahia naiz, akabatu nazazu barre algaraka.
Zinikoa naiz, ekar nazazu nire neurrira.
Ergela naiz, eralda nazazu.
Zitala naiz, zigor nazazu.
Menperatzailea naiz eta krudela, borrokatu nire aurka.
Pedantea naiz, barre egin nire lepotik.
Arrunta naiz, jaso nazazu.
Mutua naiz, deslotu nire mihia.
Ez dut gehiago amesten; gogorarazi zein naizen inozo eta ergel.
Ahaztu egin dut; zapart egin beza memoriak nire aurpegian.
Zaharmindua sentitzen naiz, jalgi dadila nigan den umea.
Astuna naiz, emadazu musika.
Triste nago, hel niri poza.
Gorra naiz: marru egin dezala oinazeak ekaitzaren gisa.
Asaldatuta nago, zuhurtasuna nire baitan dadila altxa.
Ahula naiz, errotu dadila adiskidetasuna.
Itsu nago, batu argi guztien indarra.
Itsuskeriak zanpatzen nau, erakarri dena gainditzen duen
edertasuna.
Gorrotoak hartu nau bere altzoan, leher bitez maitasunaren indar
guztiak.
Ariane
Mnouchkine
euskaratzailea: Harkaitz
Cano
|