Kendu nion buztan bat, ipini nion beste bat
Izenburu horixe zekarren orain 25 urteko San Joan egunez kaleratu zen Zeruko Argia aldizkariko (835. zkia.) Oh Euzkadi sailak, eta, hara mende laurden geroago gauzak zertan diren, estatutuaz eta estatutuaren inguruko jarrera politikoez ziharduten Izagirrek eta Saizarbitoriak. Horretaz gain, asteko gonbidatua Mikel Hiribarren izan zen.
Iratzederren Fededunen arbasoa
1920an Donibane Lohizunen jaioa, heldutasunezko poema liburua dugu Fededunen arbasoa, Xabier Iratzederrek 1977ko uztailean Irrisko Sortan karrikaratua. Egile oparoa, gure lirikan erreferentzia nahitaezkoa, azken 50 urteetan poesia idazten, besteak beste, aritu da Iratzeder. 1940ean Ezkila etxearekin kaleratu zuen lehena, Zakalar, eta geroztik dozenatik gora dira argitaratutako poema liburuak; idatzi ditu, bestalde, hainbat antzerki lan eta kronika. Poesia eta otoitzaren uztarketan jardundakoa, Fededunen arbasoa 8 ataletan idatzitako antzezlan modukoa da, poesian osatua, Abrahamen bizitzako pasarte biblikoak beneditar donibandarraren ahotsean birkontatuak azaltzen dizkiguna
Sua gure poesian
Ariketa txiki bat egin dugu basquepoetry.eus guneko bilatzailean; San Juan eguna dela eta, sua idatzi dugu. 33 poema irakurtzeko aukera eman digu bilatzaileak. Haika mutil poemarekin hasi (XVIII- XIX mendeetako poema anonimoa) eta Jon Benitok 2001. urtean plazaratu Hautu txikiak bidea egiten du bitarteko poemak agertuko zaizkizu.
Efemerideak
1894 ekainak 24: Bedita Larrakoetxea jaio zen Zeanurin. William Shakespeare euskarara ekartzean lan handia egin zuen.
1937 ekainak 25: Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zuten Gasteizen.
1879 ekainak 27: Martin Uriarte jaio zen Zeanurin.
1854 ekainak 29: Bizenta Mogel hil zen Abanton.
1914 ekainak 30: Xabier Peña jaio zen Tolosan.
1979 ekainak 30: Jon Oñatibia hil zen Oiartzunen.
1998 ekainak 30: Yon Etxaide hil zen Donostian.
Agenda
Koldo Izagirrek Grenwichekoa ez da meridiano bakarra hitzaldia eskainiko du ekainaren 24an (osteguna) 18:00etan Bilboko ELAren egoitzan.
Edu Zelaietak Mugaldekoak errezitaldia egingo du ekainaren 25ean (ostirala) 21:00etan Larrabetzuko gaztetxean.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.