Literatur Emailuak
95 zenbakia: 2003ko azaroaren 6an
Susa literatura argitaletxea

ixteko ordua
(2003ko iraila)

Harkaitz Cano

 

OFF.- (Ilunpetik) Nire izekoren argazkiak ikustean ni nolakoa izango naizen oroitzen dut. Txelo batek birikak urratzen dizkidanean erretzeari utzi nion eguna oroitzen dut. Txirbila usaintzen dudan bakoitzean haurtzaroa gogoratzen dut. Aspaldi markatu ez nuen telefono baten marrazkia markatzen dudanean maitalearen ohea gogoratzen dut. Ametsak, esnatu berritan bakarrik oroitzen ditut. Gero, zerbait lausoa bakarrik geratzen da. Eta gorputzak, kafe baten eskea egiten dit.

Eszenatokia argitzen da. ADINEKO AGURE BAT eserita dago terraza bateko aulkian: kafe kikara huts bat du bere aurreko mahaian. Era berean, naipe bat, zigarro pakete bat eta txiskeroa, haiekin jolasean dabil. Inguruan mahai batzuk eta aulki tolesgarri gehiago. Eguneko lanak bukatuta, ZERBITZARIA taberna itxi eta terrazako aulkiak jasotzen ari da. Denak tolestu dituelarik, AGUREA eserita dagoen aulki huraxe bakarrik falta zaio jasotzeko. Erratza pasatzeari ekiten dio, AGUREAk indirekta harrapatuko duelakoan... Ez alferrik. Pazientzia galtzen hasita, erlojuari begira hasten da ZERBITZARIA..

ZERBITZARIA.- Ixtera goaz.

AGUREA.- (prezipitatuki, hatz erakuslea katiluaren giderreko zulotik sartzen du, hari tinko eutsiz)

ZERBITZARIA.- Ixtera goaz, jauna...

AGUREA.- Barkatu?

ZERBITZARIA.- Ixtera goazela. Ia gauerdia da.

AGUREA.- Zauriak?

ZERBITZARIA.
- Nola?

AGUREA.- Zer itxi behar duzue? Zauriak?

ZERBITZARIA.- (pazientzia galtzen hasita) Hara jauna... Eguna luze joaten da hemen, batera eta bestera... Sentitzen dut, baina aulki hori jaso beharrean nago...

AGUREA.- (bata bestearen gainean pilatutako aulki tolestuei begira, patxadaz) Badakizu zer bururatzen zaidan aulki horiek pilatuta ikustean? Zenbat jende dagoen orain zutik, eserita egon besterik ez zuenean...

ZERBITZARIA AGUREAren kafe kikara jasotzen saiatzen da. Honek ordea, kikarari sendo heltzen dio, defentsiban, indarrez...

AGUREA.- Oraindik ez dut amaitu.

ZERBITZARIA.- Nola ez duzula amaitu? Tantarik ere ez zaizu geratzen! Ezagutzen ditut zu bezalakoak: goizean goizetik etorri, kafea edan, eta zuen mahaira inguratzen naizen bakoitzean katiluari heltzen diozue kondar berdina behin eta berriro zurrupatuz, tantaz tanta... Kikara hori da tabernan segitzeko geratzen zaizuen justifikazio bakarra...

AGUREA.- Tabernan eta munduan.

ZERBITZARIA.- Utzi katilu hori, mesedez.

AGUREA.- Ez da katilua bakarrik. Aulki hau gustatzen zait.

ZERBITZARIA.- Ba bihar goizeko hamarretan bueltatu. Hortxe aurkituko dituzu: katilu bera eta aulki bera...

AGUREA.- Bihar goizean beranduegi izango da agian.

ZERBITZARIA.- Hara, jauna: nekatzen ari naiz. Utzi katilua eta hanka hemendik, arren eskatzen dizut.

AGUREA.- Gauero ixten dituzue kafetegiak. Hau bera, gauero ixten duzue. Baina zauriek irekita jarraitzen dute.

ZERBITZARIA.- Ze... Ze... Ze... Arraio? Zertaz ari zara, hara... Gauerdia da eta...

AGUREA.- Zu ez zara gogoratzen, ezta?

ZERBITZARIA.- Zertaz gogoratu behar nuke?

AGUREA.- Iraganaz...

ZERBITZARIA.- Ze iragan?

AGUREA.- Marfilezko letaginak kentzen dizkietenetik, Tanzaniako zenbait elefante familiak letagin bakarrarekin edo letaginik gabe jaiotzeko joera daukate. Bazenekien?

ZERBITZARIA.- Ez. Eta, egia esan, ez dut ulertzen ze zerikusi daukan horrek zuk aulki horretan eserita jarraitzearekin...

AGUREA.- (autosufiziente) Genetikaz hitz egiten du jendeak, baina erratuta dabiltza: memoria da genetika nahieran lantzen duena; elefanteek mina zuten memorian, sufrimendua, eta sufrimendu hori beren oinordekoek ez pairatzeko, genetikari agindua eman diote marfila haien fisonomiatik ezabatzeko. Horratx.

ZERBITZARIA.- Oso polita. National Geographic-en atal baterako...

AGUREA.- Zuk ezin duzu jakin, gazteegia zara...

ZERBITZARIA.- Letaginekin jaio nintzen ni, hori ziur dakit... (erakutsiz) Hara...

AGUREA.- Ghanako zenbait eskualdetan, hilkutxak benetako eskulturak dira: hildakoaren lanbidearekin zerikusia duten irudien eran lantzen dituzte zerraldoak... Hildakoa ehiztaria bazen, Winchester eskopeta baten formako zerraldoa egiten diote, adibidez...

ZERBITZARIA.- (erretxinduta) Eta pelmak, nola lurperatzen dituzte pelmak? Ahuspez, behingoz isildu daitezen?

AGUREA.- Zinismo maluta bat nabaritzen dut zure tonuan...

ZERBITZARIA.- Maluta bat bakarrik? Hara... Ikusten dut mundua ikusitako gizona zarela. Ulertzen ez dudana da zerk lotzen zaituen ditxosozko aulki horretara. Zergatik ez didazu behingoz aulkia jasotzen uzten?

AGUREA.- Benetan ez zara gogoratzen?

ZERBITZARIA.- Zertaz baina!

AGUREA.- (katilutik hatz erakuslea atera eta erakutsiz) Hatz batean hari bat lotzea zeneukan. Hartara gogoratuko zinen.

ZERBITZARIA.- Zer... Zertaz ari zara?

AGUREA.- Hari bat lotzen duzu hatz erakuslean eta hari horrek zerbait gogorarazten dizu. Ez da ezer berria: inkek ere erabiltzen zuten sistema hori; lepokoetan korapiloak egiten zituzten, korapilo mordoa soketan, braille antzeko zerbait, sokazko idunekoetan egindako korapiloak irakurtzen zituzten gero. Lepoaren inguruan zuten iduneko horretako korapiloak ziren euren herriaren memoria, ez zuten liburutegien premiarik. Nor bere lepo inguruan zuten herriaren historia idatzita...

ZERBITZARIA.- Urkabilurra jarriko nizuke nik zuri lepoaren inguruan, horixe! Urkatzeko soka!

AGUREA.- (irribarre) Ez zabiltza guztiz erratuta: hatzean jarritako sokaren antzekoa da suizidak lepo inguruan lotzen duena ere. Edo kontrakoa: kasu honetan, gogoratzeko baino, zama bat gainetik kendu ezin duelako lotzen du suizidak memoriaren haria lepora...

ZERBITZARIA.- Jode! Hau ere niri tokatu behar... Psikiatrikoa itxiko dizute gizona... Eta nik hau itxi behar dut...

AGUREA.- Itxi ba kafetegia. Itxi hermetikoki. Goitik behera, zulorik utzi gabe. Begiak itxiz gero ixten diren pertsianen zarata entzun dezaket nik ere. Banan-banan hirian ixten diren metalezko pertsiana guztien zarata... Eta zarata hori nire zauriaren gainean jartzen saiatzen naiz, mentalki bada ere, pertsiana horiek itxi eta nire zauria ere itxi daitekeela imajinatzen ahalegintzen naiz, nire kontzentrazio zelaia...

ZERBITZARIA.- (etenez) Ia. Orain esango didazu Auschwitzen izan zinela...

AGUREA.- Mukizu horrek! Lepoa jokatuko nuke ez dakizula Auschwitz nola idazten den ere! Gaur egun ere bizi da Auschwitz. Baina dosi homeopatikoetan ematen digute. Horregatik ez gara enteratzen.

ZERBITZARIA.- Nik ez daukat zertan horretaz gogoratu. Beste belaunaldi batekoa naiz.

AGUREA.- Abiaduraren belaunaldikoa esan nahi duzu?

ZERBITZARIA.- Deitu nahi duzun bezala...

AGUREA.- Ba ni lazodun gizona naiz. Bakero bat. Bang, bang! Alde egindako zaldien gainera laxoa bota eta lepotik heltzen diet ihes egindako oroitzapenei, gogoratu beharreko gauzei. Zer iruditzen?

ZERBITZARIA.- Nik ez dut ezer gogoratzen. Ez dut ezer gogoratu nahi.

AGUREA.- Zabiltza kontuz: bazen norbait dena ahaztu behar zuela erabaki ondoren, dena ahaztu behar zuela erabaki zuela ahaztu eta derrepente, dena gogoratzen hasi zena...

ZERBITZARIA.- Ulertzen dut. Tipo gogorra zara. Kontsekuente usteko horietako bat, ezta?

AGUREA.- Niri ez zait Ciorani bezala gertatuko, ez horixe: bizitza guztia suizidatu behar zuela esaten, eta zahartzean, alzheimerrak harrapatu zuen...

ZERBITZARIA.- Alzeheimerrak?

AGUREA.- Idazten ez dakizun beste hitz bat, hatxe bihurria duena hor nonbait, ezta? Cioran, Cioran! Koittadua! Bizitza guztia bere buruaz beste egin behar zuela esaten igaro eta gero ahaztu egin zitzaion, Alzheimerraren erruz... Zahardadearen zahardadez hil zen, ustelduta...

ZERBITZARIA.- Ironia latza.

AGUREA.- Disko gogorraren ezabatze mingarria, esango nuke nik.

ZERBITZARIA.- Ahazten duenak ez du sufritzen. Bere ingurukoek bai, ordea.

AGUREA.- Amuak behar dira, gogoratzeko.

ZERBITZARIA.- Ni ez naiz bixigu bat.

AGUREA.- Ez: zakur bat zara. Zakur galanta.

ZERBITZARIA.- "Ongi etorriak berriz ere, animalien mundura..."

AGUREA.- Zakur bat zara, gustatu edo ez. Eta memoria ere halaxe da, zakur inozoa: egur puska bat botatzen diozu eta hura ez, beste edozer ekartzen dizu bueltan.

ZERBITZARIA.- Eta zer nahi duzu nik egitea? Zer nahi duzu egitea? Tren geltokien izenak, tren ordutegiak buruz ikasi eta poemak bailiran bata bestearen atzetik errezitatzea? E? Hori nahi al duzu?

AGUREA.- Zerbait egin beharko duzu zure ondorengoen letaginengatik...

ZERBITZARIA.- Hara, agudo jaikitzen ez bazara, ni izango naiz hortzak apurtuko dizkizuna...

AGUREA.- Badakizu? Zomorro gogaikarria zara. Eta hori gustatu egiten zait. Zomorro gogaikarriek badute memoria minimo bat, beti leku berera itzultzeko behintzat...

ZERBITZARIA.- Ai dios!!!

AGUREA.-...gure etxeko sotoan, adibidez, leku berean egiten du beti armiarmak sarea: ezetz asmatu non?

ZERBITZARIA.- Auskalo...

ZERBITZARIA.- Nire bizikletaren eserlekuaren azpian. Behin eta berriro garbitu arren, hurrengo goizean, hutsik egin gabe, ttak, hor da berriz ere sarea. Ez dakit zergatik gustatzen zaion hainbeste leku hori, baina gehiago ez garbitzea erabaki dut. Bere baserriko teilatupean zeuden armiarma sare ugariak kendu eta teilatua behera etorri zitzaion nire herritar bati, badakizu? Armiarmaren memoria da bere sarea, eta bere sareak, memoriak, eusten dio teilatuari.

ZERBITZARIA.- Zer esan nahi duzu horrekin?

AGUREA.- Historia ez dagoela gogoratzerik armiarma baten ziztadan ez bada...

ZERBITZARIA.- Itxi egin behar dugu, jauna...

AGUREA.- Zer, zauria?

ZERBITZARIA.- Benetan haserretuko naiz...

AGUREA.- Hara: gure amak, gaixotu zenean, irekita uzten zituen armairu guztiak, ate guztiak, baina ez nolanahi irekita, ez: laurogeita hamar graduko angeluan beti, enbarazu gehien egiteko eran... Gu denok sukaldean sartu, armairuaren ertzarekin kolpea hartu eta burua irekitzea nahi zuela ematen zuen... Ez dakit, baina zerbait gogorarazteko egiten zuela uste dut... Adi egoteko eta zerbait gogorarazteko bere era izango zen...

ZERBITZARIA.- (sarkastiko) Armairu haiek irekitzea etorkizunean ireki ahalko ez zuen bere zerraldoa aurrerapenarekin irekitzeko era bat zen, agian...

AGUREA.- Ikusten? Jartzen zarenean, zuk ere badakizu pentsatzen. Metafora ederra atera zaizu.

ZERBITZARIA.- Utikan! Itxi egin behar dut jauna...

AGUREA.- Irtenbide bakarra bururatzen zait...

ZERBITZARIA.- Zein?

AGUREA.- Ni altxatzea nahi baduzu, zuk geratu beharko duzu aulkian.

ZERBITZARIA.- Ezta pentsatu ere: familia zain daukat, afaltzen eman behar diet...

AGUREA.- Ni alde egiteko era bakarra hori da ba, tamalez.

ZERBITZARIA.- Ongi da, ongi da! Zuk irabazi duzu: eseriko naiz. Pozik? Orain alde egin dezakezu nahi baduzu... Ale, alde, ospa... Ni geratuko naiz...

AGUREA altxatu eta ZERBITZARIA. esertzen da bere lekuan... AGUREAK eszenatokia uzten du. ZERBITZARIA. pentsakor dago. Mahai gainean AGUREAK utzitako gauzei begiratzen die, jakinminez: tabako paketea, txiskeroa, naipe zahar bat... Gero, kontu handiz, katiluko giderrean hatz erakuslea sartu eta katiluari eusten dio, pistola baten gatiloari bezala. Transformatu egiten da keinu horren ondoren. Katilua hartu eta pistolaren destaina keinua egiten du.

ZERBITZARIA.- (katiluarekin tiro eginez) Bang! Bang!

AGUREA agertzen da berriro, baina oraingoan, ZERBITZARIA. bezala jantzita dator, eta erratzaz hornituta...

AGUREA.- Mesedez... Ixtera goaz.

ZERBITZARIA.- Zer itxi? Zauriak?

Beltzera.


95. Literatur Emailura itzuli