Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak
Edorta Jimenezen bosgarren nobela argitaratu du Susak: Kilkerren hotsak. Espioi nobela da, eta aldi berean nobela historikoa eta inbestigaziozkoa. Uriarte espioia du protagonista, 36ko Gerran izan zituen aginduak eta lanak kontatzen dituena. Hari horietatik tiraka, dokumentu ezezagunak eta benetakoak ere agertuko ditu, adibidez: Alejandro Mallona alkate errepublikarraren fusilamenduari buruzkoak. Aurkezpena urriaren 9an (osteguna) izango da 11:30etan Donostiako Udal Liburutegian, eta arratsaldez 20:00etan Bilboko Likinianon. Bien bitartean, Kilkerren hotsak nobelako lehen zazpi kapituluak irakurgai dituzu.
Prosper Mériméek 200 urte
Duela bi mende, 1803ko irailaren 28an, jaio zen Parisen Prosper Mérimée idazlea. Erromantizismo garaian molde klasikoez idatzi zuen autore honen lanak ekarri izan dira euskarara: Mateo Falcone, Carmen, Colomba. Korsikan egindako bidaia baten ondoren egindako narrazio indartsua, 1955eko Egan aldizkarian argitaratu zuen Mateo Falcone euskaraz Nemesio Etxanizek; gerora Itxaropenako Kuliska Sortan emana antzerki lanekin batera. Mateo Falcone eta beste zenbait istorio izenburuaz, berriz, narrazio hau eta beste bi (Tamango eta Espainiako lapurrak) euskaratu zituen Koldo Izagirrek eta Elkar argitaletxearekin kaleratu 1995ean. Mateo Falconeren euskarazko bi bertsioak eta jatorrizkoa eskaintzen dizkizugu.
Liburu bat astero: Gauzurtz baten izenak asmatzen
Antzerki, zinema eta telebista munduan ezaguna, gidoiak ez ezik poesia ere idatzia eta argitaratua da Eneko Olasagasti. 1985ean kaleratu zuen Gauzurtz baten izenak asmatzen poema liburua, Susa argitaletxearekin. Hain zuzen, garai haietan Susa literatur aldizkariko lan taldean ziharduen Olasagastik. Hemen osorik irakur dezakezun liburuaren azala eta barneko irudiak Joxemi Zumalaberenak dira.
Artozkiko liburuak
Irakurtzen dugun bitartean herri bat eraisten ari dira Nafarroan. Artozkiko etxeak, bordak, plaza, frontoia, abadetxea eta eliza botatzen ari dira; eta horrekin batera bertan batutako kulturgile askoren lanak eta liburuak. Juan Luis Zabalak bertan utzitako liburuekin batera, irakurle batek utzitako Susako zenbait liburu eta Txalaparta argitaletxearen obra batu dira Artezki deituriko ekimenean.
Literatura eskola Larrabetzun
Bihotz Bakartien Klubak irakurlearen matxinada aldarrikatzeko Literatura eskola antolatu du urriaren 18an (larunbata) hasi eta ekainaren 12a (larunbata) bitarte. Eskolen ardura Iñigo Aranbarri idazlearena izango da, baina hilero gonbidatuak izango ditu: Jose Luis Otamendi, Mikel Elorza, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre eta Kirmen Uribe besteak beste.
Efemerideak
1895 urriak 2: Juan Jose Alkain Udarregi hil zen Usurbilen. 1878an paratutako Bertso berriak eskaintzen dizkizu euskaraz.net guneko Gorostian gorosti sailak.
1893 urriak 8: Luis Gonzalez jaio zen Ubidean. Erbestean poesia landu zuen idazlea. Buenos Airesen hil zen.
1928 urriak 8: Bitoriano Gandiaga jaio zen Mendatan. Berak errezitatuko poemak entzungo dituzu.
Agenda
Harkaitz Canok "Nabokov-en salabardoa" hitzaldia eskainiko du urriaren 7an (asteartea) 20:00etan Gasteizko Hikaateneoan. GEU Gasteiz euskara elkartea.
Hasier Etxeberriak Eulien bazka izango du mintzagai urriaren 8an (asteazkena) 19;30etan Algortako Itxasgane Kulturgunean. Irakurzaleen Txokoaren ikasturteko lehen ekitaldia izango da.
Juan Kruz Igerabide, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Ixiar Rozas eta Kirmen Uribe urriaren 8an (asteazkena) 19:30etan Franfurkteko liburu azokan izango dira "euskal literaturaren aurkezpen" ekitaldia eginez. Kirmen Uribek eta Ixiar Rozasek poemak irkaurriko dituzte.
Ana Urkizak "Bazterreko ahotsa" liburuan oinarrituta errezitala egingo du urriaren 10ean (ostirala) 19:30etan Zarauzko Olerti Etxean.
Jon Alonsok Camembert helburu liburuaren gainean berba egingo du urriaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Deustuko Bidarte Etxean. Antolatzaileak: Irakurlearen Txokoa, Berbaizu euskara elkartea.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.