Literatur Emailuak
2003ko martxoaren 27an
Susa literatura argitaletxea

 

Nazioarteko Antzerki Eguna

Behin eta berriz egiten dugu galdera: antzerkia gure garaiko zerbait ote da oraindik? Bi mila urtez munduaren ispilu izan da antzerkia, bertan gizakiek daukaten lekuaz mintzatu da. Tragediak bizitza zoriaren menpe erakutsi du; eta komediak ere bai sarri askotan. Gizakia akastuna izan da. Zorigaiztoko akatsak egin ditu, zirkunstantzien aurka lehiatu da, boterezalea eta ahula izan da, maltzurra eta inozoa, oharkabean zoriontsua eta Jainkoaz gaixoa.

Orain entzuten dudanez, ohiko antzerki tresnekin, ohiko dramaturgiarekin ez ei dago gure bizitza azaltzerik. Ondorioz ezin omen liteke istoriorik kontatu. Euren ordez, beste testu mota batzuk, elkarrizketarik ez, ezpada adierazpenak. Dramarik ez. Gizaki mota berri bat ageri zaigu bizitzako horizontean: gogo eta helburuen arabera klonatu eta genetikoki manipulatzen diren izakiak. Gizaki berri eta akatsgabe horrek, inoiz horrelakorik balego, ez luke antzerkiaren beharrik, guk ezagutzen dugun eran. Jorratzen dituen gatazkak ulertezinak litzaizkioke. Baina ez dakigu zein den etorkizuna. Uste dut eman zaigun indar eta talentu guztiz -nork, ez dakigu - saiatu behar dugula defendatzen gure orain gaizto, eder eta akastuna, gure amets zentzugabeak eta gure ahalegin alferrak, iragan ezezagunaren aurka. Asko dira gure bitartekoak: antzerkia arte likitsa da, horretan datza bere bizi-indarra. Ardura barik darabil parean topatzen duen guztia. Etengabe hausten ditu bere printzipioak. Zeharretik bada ere, begiratzen die garaiko modei, jakina, beste medioen irudiez baliatzen da, astiro mintzo da batzutan, bizkor bestetan, totelka inoiz, edo mutu; nabarmena eta hutsala da, istorioak saihestu eta suntsitzen ditu eta aitzitik, kontatu egiten ditu. Antzerkia atzera biziberrituko den uste osoa daukat, gizakiek elkarri nolakoak diren eta nolakoak ez diren eta nolakoak izan beharko luketen erakutsi eta adierazteko beharra daukaten artean. Bai, gora antzerkia! Antzerkia gizateriaren aurkikuntza handietakoa da, gurpila aurkikuntza bezain handia, suaz jabetzea bezainbat.

Tankred Dorst
Euskaratzailea: Urtzi Urrutikoetxea

64. Literatur Emailura itzuli