Ekin argitaletxea
Andres Irujo Ollo 1941ean Buenos Airesera iritsi zelarik, Argentinan Eusko Jaurlaritzako ordezkari Ramon Aldasorori azaldu zion argitaletxe bat sortzeko premia. Honek, Ixaka Lopez Mendizabalekin harremanetan jartzeko agindu zion, eta horrelaxe jarri zen abian Ekin argitaletxea, Ixakaren etxeko helbidea zuela hasieran: Belgrano hiribidea 1141 (lehen hiru urtetan). Ondoren Peru kaleko 175 zenbakira aldatu ziren (lau urtez), eta azkenean Laurak Bat elkartearen egoitzara igaro, Belgrano hiribideko 1144ra. Ekin argitaletxearen bildumen artean lau hauek izan ziren garrantzitsuenak: Biblioteca de Cultura Vasca (lehen liburua 1942ko otsailaren 11n: Arturo Campionen "El genio de Nabarra"ren berrargitalpena), Otras Publicaciones (lehen alea 1944an: Jose Antonio Agirreren "De Gurenica a Nueva York pasando por Berlin"), Aberri ta Azkatasuna (lehen alea 1954an: Ixaka Lopez Mendizabalen "Gramatica vasca abreviada"), eta Euskal Idazkiak; azken bilduma honetan kaleratu ziren: Shakespeareren "Hamlet" Bingen Ametzagak euskaratua, Joxe Eizagirreren "Joanixio" eleberria, Juan Irazustaren "Ekaitzpean" eta "Bizia garratza da" eleberriak, Santi Onaindiaren "Parnaso colombiano en euzkera" eta "Gure Urretxindorra", Telesforo Monzonen "Urrundik" poema liburuaren berrargitalpena. Ekin argitaletxea abiarazteko funtsezkoa izan zen azpiegitura, Sebastian Amorrorturi zor zaiona. Amorrortuk Euzko Izarra inprimategia sortu zuen Bilbon, baina porrot egin ostean Argentinara joan zen 1910ean; eta han eraiki zuen herrialdeko inprimategirik modernoenetarik bat. "Zuek ekarri niri originalak" esan zien Amorrortuk Ekin argitaletxekoei, "nik zuzenduko ditut eta nik zainduko ditut frogak; gainerakoaz ez zaitezte kezkatu ere egin!". |
47. Literatur Emailura itzuli