Balendiñe Albizu
Halako gorputz sendo ederraren aurrean makurtuko balira bezala, belaun nekatuek ozta-ozta eusten zioten. Memoria kapritxoso zebilkion jada, 84 urteko artxibotik zerizkion izen eta gertakariak mihinera ekartzeko garaian, eta hala ere, lenterik gabe, poemaren bati heldu eta irakurtzen hasten zenean, ahots harentzat txiki gertatzen zen egongela, eta etxe osoa betetzen zuen, eta gainezka egiten zuen leihoetako zirrikituetatik Zumaiako kalera. Etxeko sarreran, hura ere toki gehiagoren beharrean bezala, Julio Beobidek egurrean zizelatutako bustoa: beso gihartsu eta bular beteko emakumezko liraina, gaztetasunez lehertzeko zorian, hogeita pare bat urte zituela eskultoreak ikusi zuen modura.
"Baratzuri eta tipula artean" onduak omen ziren bere poemak, baina Balendiñeren ahotsean deklamatzeko eginak ziruditen. Modulazioan, bi tonu nagusi: bata epikoa, bihotza erdibitzen zioten bi aberriei buruz jardutean; eta intimoa bestea, maitasuna den poliedroaren gazi-gozoak aletzean. Apur bat antigoaleko estilora errezitatzen zuen, gaztaroan batzokiko antzerki taldearekin zapaldu zituen eszenategietako oihartzunarekin, eta Venezuelako oihanetik hala nola hedatzen zen Euzkadi Irratiko ahots erresistenteen tankeran. Gernikako sarraskia bertatik ikusteak bultzatu zuen lehen poema idaztera Gernika sutan, eta beste su klase batek, bizitzarekiko atxekimenduak, elikatu zion sentipenak paperean adierazteko grina.
Erbestera senarra eta artean urtebete ez zuen semea eraman zituen; ekipajean, gerrak irentsitako bi anaien samina, gaztaro hautsia eta ondobidean erosoa izan behar zuen etorkizuna birrinduta. Horregatik, ia bi hilabeteko itsas bidaia zailaren ondoren, Caracasera iritsi eta, milaren artean, irudi bat itsatsi zitzaion buruan: ogi otartxo bat mahai baten gainean. Xumetasun horretan aurkitu zuen Venezuelak eskaintzen zien ongietorriaren seinalea.
Pilotaleku eta guzti hornitu zuen senarrarekin batera irekitako lehen ostatua, Zumaia, aberkideentzat toki atsegina izan zedin. Hura gertatu zen Caracaseko lehen Euskal Etxe ofiziosoa. Gerora, hurrengo belaunaldiko iheslariak hartu zituen etxean, eta paperak egiten lagundu, haiekin ideietan desadostasunak izan arren.
Artearekin oso gaztetan egin zuen topo, hamalau urterekin hartu baitzuen modelo gisa Julio Beobide eskultoreak. Aurrena egin zion tailan buruan zapia zuela irudikatu zuen, baserritarren estilora, artistak bilatzen zuen euskal ereduari erantzunez. Kresalan, Beobideren tailerrean, "beste dimentsio bat" zabaldu zitzaion garaiko arau eta ohitura estuetan ito nahi ez zuen neskari. Gehiagotan ere hautsiko zuen inguruko itxikeria, kosta ahala kosta, lehen senarrarengandik banandu eta bigarrena hartu zuenean bezala.
Bere aurrerakoitasunaren froga ozena Larraitz, Akelarre biurtu ote? poeman utzi zuen. 1971ean Larraitzen Ez Dok Amairu-ren inguruan antolatu zen gau jaialdi erraldoiak hautsak harrotu zituen Euskal Herrian, moralaren zaindari guztien eskandalurako. Balendiñek, bere adinkide guztiengandik nabarmenduz, aldarrikatu egiten du ospakizun hori, zentzu mitologikoan bilduz gazteen bilkura. Hirurogei urteren bueltan zebilen poema idatzi eta handik urte batzuetara Arestiren omenezko Agiriak liburuan argitaratu zenean.
Etxea eta alaba Goiz Eder izenez bataiatzen dituena baikor eta apasionatua izan behar derrigor. Ziur aski Caribeko argiak eta beroak lagunduko zioten izaera eta jarrera hori lantzen, baina erbesteak eragotzi zion herritarren artean ezagun izatea. Bere poemak Venezuelako exilioko aldizkarietan barreiaturik daude, Euzko Gaztedi, Sabindarra eta Irrintzin besteak beste. Euskal Herrian bi liburu argitaratu zizkioten: Nere olerki txorta Itxaropena argitaldariak 1972an (Sabin Irizarren hitzaurrez) eta Olerkiak Aita Santi Onaindiak 1984an.
Irailaren 18an 88 urte bete eta bi egunera hil da Balendiñe Albizu. Hain zuzen ere Zumaiatik itsasoz ihesi irten zela 66 urte betetzeko bezperan. Udazkena zuen urte-sasoirik gogokoena, Venezuelako udaberri etengabetik itun eta ekaitzez betea irudikatu baldin bazuen ere noizbait.
Elixabete Garmendia
2002ko irailaren 25ean
© Elixabete Garmendia