Literatur Emailuak
36 zenbakia: 2002ko irailaren 19an
Susa literatura argitaletxea

Manifaren ondoren, baietz astea gaizki bukatu

Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek sinatu zuten 1977ko irailaren 18ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua: Orain ere esango dute; Telesforo Monzonen hitz batzuekin hasi zuten: «"O estamos todos locos, o las consecuencias de lo que ha ocurrido el jueves en Donostia van a ser positivas" zioen Monzonek trajediaren biharamunean. Ados gaude jelkide zaharrarekin». Irailaren 8ko Donostiako manifestazioan istiluak izan ziren; Zeruko Argia aldizkariaren azala "Oportunitate galdua" izenburuarekin kaleratu zen (editoriala eta erreportaia). Kontrazalean: Uztapideren argazkia eta eskuizkribua. Barruan, besteak beste: Joseba Sarrionandiaren kronika Zinemaldiaz: "Festibal postfrankista".

Datorren astekoa: "Esan beharrik ez dago", Ramon Saizarbitoriarena.

Jean Genet: Lau orduz Xatilan

Jean Genet Beiruten zegoen 1982ko irailaren 15ean (duela 20 urte) armada israeldarra sartu zelarik: "Au petit matin, les chars israéliens étaient dans Beyrouth-ouest. Les regardant venir, je vis donc le premier char et les autres, quand ils passèrent près de l'ambassade de France". Biharamunean hasita, hiru egunez, irailaren 16-17-18an gertatu ziren Libanoko Sabra eta Xatilako sarraskiak: 3.000 gorpu palestinar. Jean Genet Xatilara joan zen irailaren 19an, eta lau orduz egon zen izugarrikeria ikusten. Haren kronika idatzi zuen Revue d'études palestiniennes-en: "Quatre heures à Chatila", Mikel Antzak euskaratua: Lau orduz Xatilan (Susa, 1991); osorik irakur dezakezu hemen. Ondoren, palestinarrek liburu handi bat egin zezan eskatu zioten Jean Geneti; 1983ko abuztuan idazten hasi zen "Le Captif amoureux", 1986an argitaratu zena (Genet hil eta bost astera).

Irakurketa lagungarriak: Xatilatik Juanma Sarasola kazetariak sakailatze haren inguruko erreportaia eta testigantzak eman berri ditu Euskaldunon Egunkarian; Bestalde, osorik duzu sarean Imanol Murua Uriaren Palestina zauritua kronika liburua (Susa, 1998).

Hegats prosa zientifikoaz

Hegats aldizkariaren 30. zenbakia aurkeztu zuen Euskal Idazleen Elkarteak irailaren 11n Bilbon. Atal berri bi izango ditu Hegatsek hemendik aurrera: txosten monografikoa eta elkarrizketa bat. Salbador Garmendiari egin dio elkarrizketa Maite Gonzalez Esnalek; eta prosa zientifikoari buruzkoa da monografikoa, Eibarko iazko jardunaldietako bost hitzaldiz, idazle hauek sinatuak: Inaki Irazabalbeitia, Joxerra Etxebarria, J. Felix Tobar, Kepa Altonaga, eta elkarrekin Marian Iriarte, Jose M. Elortza eta Jesus M. Ugalde. Literatur bideak atalean ageri dira: Ibon Sarasolak euskaratutako Ausias Marchen Zazpi poema eta Josu Jimenez Maiaren Semearen hatsa narrazioa. Iruzkinetan Tere Irastortzak idatzi du Mikel Zabalaren Euskaldunak matxino (Matxinadak ulertzeko gida) liburuaz.

Efemerideak

1919 irailak 19: Bitoriano Iraola hil zen Donostian.

1772 irailak 21: Patrizio Meagher hil zen Italian.

1777 irailak 21: Mateo Zabala jaio zen Bilbon.

1842 irailak 21: Jean P. Camoussarry hil zen Ziburun. Euskal Testu Klasikoen Gordailuan, Baionako euskal museoan aurkitutako eskuizkribuko bertsoak irakurriko dituzu

1942 irailak 22: Rikardo Arregi jaio zen Andoainen.

Agenda

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitaldia eskainiko du Azpeitian irailaren 22an (igandea) 19:00etan udaletxeko arkupetan.

Ana Urkizak "Bazterreko ahotsa" poema liburua aurkeztuko du urriaren 2an (asteazkena) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Aurkezlea: Harkaitz Cano. Argitaldaria: Elkar.

Josu Landak Odolbildua aurkeztuko du Getxoko Irakurzalearen Txokoan urriaren 2an (astezkean) 19:30etan Algortako Karitate kaleko 1an.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: