Literatur Emailuak
zenbaki berezia: 2002ko martxoan
Susa literatura argitaletxea

 

Duela 70 urteko eztabaida literarioa

Emeterio Verdes-Atxirikaren irarkolan (Bilbon) argitaratu ziren Lauaxetaren Bide barrijak eta Xabier Lizardiren Biotz begietan poema liburuak: lehena 1931ko abenduan, bigarrena 1932ko apirilean; eta bi argitalpenen arteko hilabeteetan polemika bizia izan zen, "Euzkadi" eta "Argia" agerkarietan batik bat.

Lauaxetaren Bide barrijak inprimatzen ari zirelarik, Orixek artikulu bat argitaratu zuen 1931ko azaroaren 29an: "Al escribir estas lineas no ha terminado de editarse el libro en cuestión (...) Las poesías todas las he obtenido ansioso en las máquinas"; eta artikulu horri jarraipena eman zion abenduaren 8an; nahiz eta Orixek idatzi "ha revelado muy buenas facultades", bi artikuluetako iruzkinak ez ziren oso gartsuak izan. Liburua kaleratu zelarik, Lizardik idatzi zuen ondoren, abenduaren 17an eta 30ean, laudoriozko hitzez, baina honela ere bai: "¨Consigue Lauaxeta sus propósitos?... Sí, frecuentemente. Pero es éste tan osado que, a veces, no consigue el alto fruto". Segidan etorri ziren iritziak gordintzen joan ziren, besteak beste: Jautarkolek: "No desearía que el autor se aficionase demasiado a la poesía meramente intelectual a que parece haberse lanzado (...) Como ensayos literarios están bien y no carecen de valor artístico" (1932-01-07); Barrensorok: "Biotz-garrasietan zurbil eta aul jokatzen duelakoan gaude (...) gaurko euzkal olerkarien morka eder batek (ala nai duelarik) beren burua ixtura estuetan loturik ego-motz dabiltzalakuan nago" (1932-01-14); Larrekok: "Delako bide berrietatik barna ibiliz, euskarak egiten du bide, aspaldiko nire ustea, ustela izanen da. Uste bainuen euskaraz banekiala; ­ene biozminaren andia, euskar-lan berri oriek ezin ongi aditu ditudalako!" (1932-01-17).

Giro mikaztuan, Lauaxetak idatzi zuen: "Euzko-idazlien arte, eztabaida asko sortu dauz liburu batek. Euzkera barrija egiten dabiltzala idazle batzuk. Egija ete? (...) Gaizki baguazi, atzera eginen dogu. Asmo bat artuba naz. Agertuko? Olerkijetan sekulan geyago egin ez. Euzkerea galduteko ixan ezkero oraingoen lanok, egin ez, eta kitu" (1932-01-17). Polemikak jarraitu zuen otsailean eta martxoan, eta Lizardik defentsa lanari ekin behar izan zion "Bide berriak? Bide guztiak?" artikuluarekin (1932-02-09). Baina Lizardiri ere erantzun zioten, eta orduan Orixek hartu zuen makila: "La crítica menuda" (1932-02-23).

Eztabaida giro hartan argitaratu zen 1932ko apirilean Xabier Lizardiren Biotz begietan. Liburua inprimatu orduko, bizkor asko idatzi zuen Orixek "Lo clásico y lo moderno" Lizardiren poetikaren gorazarrez (1932-04-26). Gero Lauaxetak: "Emen daukat esku-artian idazti barri bat. Euzkerazkua dau bere mamiña. Olerkijetan egaiz-egin dau Lizardi'tar Jabier'en altzotik. Idazki txikija, baña ondo osatuba (...) Neuk be lenago olerkari ixan nayak senti nebazan, gaur ez, eta argi esango dot: Lizardi dogu buruzagi. Kiderik eztau ixan, diño Orixek, nekez duke garaitzailerik (...) Biotz-begietan idaztija izkuntzaren mugarri bikaña dogu. Askoren zoztor-bide, beste ainbaten atsegin-gai. Eta egiliari zorijon-egitteko seme. Semerik borobillena, xaloena eta ederrena egin dauskulako. ­Txapela erantzita agur, olerkari gurena!" (1932-05-11). Handik aurrerako iruzkin guztiak izan ziren lorez beteak: Zubimendik, Jautarkolek, Aitzolek, Artetxek eta abar.

Artikuluok osorik Koldo Izagirrek eta Iñigo Aranbarrik atondutako "Gerraurreko literatur kritika" liburuan irakur ditzakezu (Labayru, 1996).