Gernika aldizkariaren ideia 1943ko udan sortu zen, Gernikan egindako bilera batean. Bi urte geroago, apirilaren 26an, Gernikako bonbaketaren zortzigarren urteurrenean elkartea eratu zuten eta urrian kaleratu Gernika aldizkariaren lehen zenbakia, Donibane Lohizunen. Aldizkariak 25 zenbaki eman zituen, idazle ezagun askoren lanez: Orixe, Xabier Iratzeder, Federiko Krutwig, Jon Mirande, Andima Ibiñagabeitia, Pierre Lafitte, Jokin Zaitegi, Julene Azpeitia, Ixaka Lopez Mendizabal, Errose Bustintza, Luis Villasante, Joxe Migel Barandiaran, Isidoro Fagoaga, Dominique Dufau, Etienne Salaberri, Txomin Peillen, Oxobi, Marc Legasse, Mixel Etxeberri, Miguel Astiz, René Lafon, Sebero Altube, Justo Garate, Juan Thalamas, Norbert Tauer, Antonio Maria Labaien, Jon Bilbao, Jon Etxaide...
Santi Onaindiak sortutako aldizkaria da Olerti, Karmel aldizkariaren gehigarri. Osorik poesiari eskainia, 1959an argitaratu zen lehen zenbakia, Zornotzako Larrean. 1969ra bitartean 28 zenbaki argitaratu zituen, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu zuen arte. Makina bat arazo eduki zituen Santi Onaindiak Zentsura eta Gobernuarekin, besteak beste intsumiso agertzen zelako hauen aurrean: "ziur nekian baimenik ez eustala Gobernuak emongo, eta Suplemento Poético de Karmel jarri neutson kaparra sartu gurarik", kontatzen zuen berak. Bigarren aro bat izan zuen aldizkariak, 1980tik 1995ra bitartean, beste 10 alerekin.
Zintzhilik aldizkaria 1985-86 ikasturtean jaio zen Gasteizko Filologia eta Geografi-Historia fakultatean. Zintzhilik aldizkariak 10 zenbaki izan zituen.
Idatz & Mintz Labayru ikastegiak kaleratutako literatur aldizkaria da.1981eko abenduaren 3an aurkeztu zen Bilbon. Gaurdaino 27 aldizkari eman ditu argitara, horietatik bost zenbaki bikoiztunak, 32 zenbaki beraz, 2001eko urrira bitartean. Mikel Zarateren "Idatz eta Mintz" izeneko alegia bat lehen zenbakiko lehen testua, bide batez aldizkariari deitura eman ziona. Literatur Aldizkarien Gordailuan ez dago Idatz & Mintz aldizkariko artikulu digitalizaturik, soilik aurkibideak daude.
Efemerideak
1981-martxoak 9: Telesforo Monzon hil zen Donibane Lohizunen. Irakurgai duzu Monzonen prosari buruzko hitzaldi baten kronika Euskaldunon Egunkarian.
1933-martxoak 12: Joxe Mari Agirre Xabier Lizardi hil zen Tolosan, igande arratsalde batez, 15:30etan.Liburu hauek guztiak irakurgai daude Euskal idazle klasikoen gordailuan: Biotz-begietan (1932), Laino eta izar (1932), Bi aizpak (1932), Umezurtz olerkiak (1934), Itz-lauz (1934) eta Ezkondu ezin zitekeen mutilla (1953). XX. Mendeko Poesia Kaieretan Lizardiren poemak entzun eta irakurtzeko moduan daude.
Agenda
Mikel Tabernak Txokolatezko dinamita liburuari buruz berba egingo du martxoaren 6an (asteazkena) 19:30etan Getxoko Irakurzalearen Txokoan (Itsasgane, Karitate kalea 1) Antolatzailea: Getxoko Bizarra Lepoan Euskara Elkartea.
Jose Luis Otamendi eta I¤igo Aranbarrik, Bide Ertzean talderarekin batera, Ibiltarixanak ikuskizuna eskainiko dute Azpeitian martxoaren 8an (ostirala) 21:00etan.Tokia: Aitonenako hitzaldi aretoa. Antolatzailea: Uztarria Kultur Koordinadora.
"Diapoesia: ikusteko poemak eta entzuteko irudiak" Azpeitiko hiru gazteren eskutik (Igor Aranbarri, Aitor Bengoetxea Ondarru eta Kepa Urbieta) martxoaren 9an (larunbata) 19:30etan Azpeitiko Orkatz elkartean.
Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egingo du Lekeitioko Jubilatuen Egoitzan martxoaren 9an (larunbata) 19:00etan. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri.