Literatur Emailuak
2 zenbakia: 2002ko urtarrilaren 24an
Susa literatura argitaletxea

Kuliska Sortak 50 urte

1952ko urtarrilean, duela 50 urte, Kuliska Sorta bilduma abiatu zuen Itxaropena argitaletxeak Zarautzen, Patxi Unzurrunzaga editore zuela. Svensson-en "Noni eta Mani" nobela (Plazido Mujikak euskaratua) izan zen lehen zenbakia. Kuliska Sortak 77 zenbaki (55 liburu) eman zituen argitara 1973 bitartean, besteak beste: "Olerki berrizte" (Emeterio Arrese), "Ipuiak" (Jautarkol), "Joanak joan" (Jon Etxaide), "Euskalerriko ipuinak" (Anjel Irigarai), "Poli" (Agustin Anabitarte), "Pedro Mari Otañoren bertsoak", "Zirikadak" (Juan San Martin), Harri eta Herri (Gabriel Aresti), "Umeentzako kontuak" (Martin Ugalde), "Gauaz ibiltzen dana..." (Txomin Peillen), "Arantza artean" (Xabier Gereño), "Teatrogintza eta yakintza" (Antonio Maria Labaien, Kuliska Sortako azken zenbakia); eta zenbait berrargitalpen: Kresala (Txomin Agirre), Biotz begietan (Xabier Lizardi), Peru Abarka (Joan Antonio Mogel).
           Kuliska Sortak argitaratutako liburu guztien zerrenda ere kontsulta dezakezu.

Efemerideak

1928-urtarrilak 23: Antonio Zabala jaio zen Tolosan. Auspoa bilduma abiatu zuen 1961. urtean.

1869-urtarrilak 25: Fermin Irigarai "Larreko" jaio zen Auritzen.

1906-urtarrilak 26: Andima Ibiñagabeitia jaio zen Elantxoben. Susak 2000. urtean argitaratu zituen bere gutunak Erbestetik barne minez liburuan.

1982-urtarrilak 27: Nemesio Etxaniz Donostian hil zen. Bere poemak irakurtzeko eta entzuteko moduan dituzu: XX. Mendeko Poesia Kaierak

1766-urtarrilak 29: Manuel Larramendi hil zen Loiolan.

1891-urtarrilak 30: Jean Pierre Duvoisin hil zen Ziburun. Bere Laborantzako liburua (1858) osorik dago Euskal Testuen Gordailuan.

1929-urtarrilak 31: Ebaristo Bustintza "Kirikiño" hil zen Mañarian.

Agenda

Ramon Saizarbitoriaren hitzaldia izango da Bilboko Bidebarrieta liburutegian urtarrilaren 24an (osteguna), Bilbo Zaharra Forum-ari jarraipena emateko, euskarazko literatur sorkuntzaren ajeen gainean mintzatuko da. Antolatzailea: Bilbo Zaharra euskaltegia.

Jon Benitok Aingurak erreketan errezitala egingo du urtarrilaren 25ean (ostirala) Zarauzko Olerti Etxean (Nafarroa kalea, Sanz-Enea) arratsaldeko 19:30etan.

Laura Mintegiren "Sisifo maite minez" eta Unai Elorriagaren "SPrako tranbia" izango dituzte mintzagai urtarrilaren 29an (asteartea) Zizurkilgo Kultur Etxean. Beterriko Liburua literatur aipamenaren ekimen berri batean. Idazleak egongo ez diren arren, bi liburuak aztertuko dituzte irakurleek. Antolatzaileak: Beterriko Liburua eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuna.

Jose Luis Otamendiren Poema politikoak errezitala urtarrilaren 30ean (asteazkena) Bilboko Kalderapekoko Literatur Jazza emanaldian (20:00etan). Antolatzaileak: AEK Lizardi Euskaltegia eta Bilboko Alde Zaharreko Euskal Txokoa.

Jon Alonsorekin literatur solasaldia izango da urtarrilaren 31n (osteguna) Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean (20:00etan). Idazleak bere bi liburu berriez jardungo du: Euskal karma rapsodia eta "Agur, Darwin" saiakera.

Jose Luis Otamendiren 22 poema entzungai

Jose Luis Otamendiren poemak topatuko dituzu orain idazleak berak errezitatuak. Zainetan murrailak (1987), Poza eta gero (1990) eta Lur bat zure minari (1995) liburuetakoez gain, XX. Mendeko Poesia Kaieretan (2000) badira lehenago beste toki batzuetan publikatutako poemak ere. 22 dituzu orotara Otamendiren ahotsarekin.

Literatur Aldizkarien Gordailuan: Vladimir

armiarma.eus web gunean literatur aldizkari gehiago argitaratzen jarraitzen dugu. Aste honetan: Vladimir.

Hamazortzi aldizkari osorik irakur ditzakezu orain: Igela, Ustela, Pott, Oh! Euzkadi, Susa, Xaguxarra, Txistu y Tamboliñ, Kandela, Korrok, Ttu-ttua, Txortan, Porrot, Literatur Gazeta, Mazantini, Garziarena, Zantzoa , Garziarena Berria eta Vladimir.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: