Galop infernal
Onoko bertso-sail onek bi zati ditu. Lenengoan aditzera ematen danez, Iñauteri batzuetarako paratua da. Ta, bigarrengoan esaten danez, Iñauteri oietarako dantza-tokia ta abar prestatzen asi ziranean, kontrarioren bat edo beste izan zuten Bilintx eta bere lagunak; bañan ala ere ondo antolatu zituzten gauzak.
Bertso auek, argitaratutako paper batetik ditugu. Paper ori, Peñaflorida kondearen liburutegian-edo omen zegoan, eta gure eskuetaraño Donosti'ko Juan Arbelaitz ta Tolosa'ko Juan Jose Beloki jaunen bitartez etorri zan.
Len adierazi bezela, moldiztegiak, Jaunari eskerrak eta gure mesedetarako, urtea ipintzeko buruzbidea izan zuan: 1852. Guk ezagutzen ditugunetan, auek izango dira Bilintxen bertsorik zarrenak. Ogei ta bat urte zituan orduan; ondo gazterik asi zan, beraz, bertsogintzan.
Bertsoen azpian, egillearen firma: Vilinch. Ortik dakigu bertso auen aita nor dan. Izengoiti ori nundik datorren, iñork ere ez daki gaur. Paper onetan azaltzen da, guk uste, lenengo aldiz. Bitatik bat izango da: bere aurrekoengandik zetorkiona edo oso gazterik berari erantsia.
Antonio Zavala
Lagunkida fraternal'eko galaiak beren damari
1 Emakume maiteak, dantzara gurekin etortzen zeratenak borondatiakin, esan biaizutegu dezazuten jakin: dantzak bukatzen dira gaur gabekoakin.
2 Zuben dantzetan zegon gure alegriya, aitortzen dizutegu klaroan egiya; orain utzi biarrak zuben konpañiya, biotzeratzen digu tristura aundiya.
3 Pena ori degula biotzen betian, zubengandik biagu egon apartian, ez eunki osuan, ez ogei urtian, baizik eta Pazkuak etorri artian.
4 Itxoron biar degun denbora motzian, pena franko izango da gure biyotzian; baña sartuko gera berriro pozian, gure naieko egun oiek etortzian.
5 Betoz ordu onian, datozenerako dantzako sala degu egoki parako; soñu politik ere etzaigu faltako, guziya ondo egin naiko degulako.
6 Orra, maite politak, klaro eman parte ez degula dantzarik gaizuma juan arte; lenengua noiz degun jakiñian zaute, faltatu gabetanik etorri zaitezte.
|
Ziririkuak
1 Langilleen dantzetan izaten geranak, bost arratsetan pruebak dauzkagu emanak, gure kontra izketan aritu diranak, txit askoz engañatu dirala dianak.
2 Aiek guregatikan esan zutena da: «Barulloa sortzeko kuadrilla ona da!!! Neskatxa onradurik baldin juaten bada, lotsatuta kanpora irten biarra da.»
3 Baita ere gauza onik gurekin ez dala, jaungoiko Bako'k bere mendian gauzkala; ezagun da inbiriyak prejitzen zauztela, etzenduten gezurrik sortuko bestela.
4 Eta segitu zuten lenago bezala, esanaz guziz gauza seguruba zala adornatutzen gure dantzetako sala dama onradurikan izango etzala.
5 Oraindik deskontentu esan zutenakin, deskantsatu ziraden añaditubakin: «Alakorik batian biar degu jakin etxeratu zirala txandarme banakin.»
6 Dantzarako tokirik ote zegon nonbait, galdezka Donostiya'n asi giñan zenbait; uraxen topatzea kostatu zan zerbait, galarazi nayian bazebillen norbait.
7 Noiz ere bait topatu genduben tokiya: aduana zarreko zertegi aundiya; dudan gaude illa dan ero dan biziya, eskubetatik itzul egin zigun iya.
8 Nai baluteke ere orain defenditu, lengo itzak lazuan arrapatzen ditu; gure dantzak pakian dira despeditu, aiek esantakorik ez da suzeditu.
9 Orain gelditzen gera guziz ditxosuak, irten geradelako bitoriosuak; guk bezela esango du Donosti osuak: Bost gezur sortzen ditu inbiriosuak!!!
10 Gure dantzara damak polit onradubak etorritzen dirade guztiz apaindubak, adornaturik ondo gorputz ta burubak, mantxarikan gabeko birjiña purubak.
11 Gure dantzetan juan da guziya konpleto, damak serbitu dira iñon baña obeto; izandu diyotegu milla errespeto, berak kontentu daude, badakigu zierto.
12 Izan degu soñuba dantzatzeko diña, bai eta damak ere bana eta biña; guziya izan da txit ederki egiña, bosti eman diyote sabeleko miña.
[1852] |