Aurkibidea








Presente abandonatuaren museoan

 

        Abertzale baino lehen play boy garenok ezin ba geure alderdi faszinantea erreprimitu. Claudia enamoratu zuen irrifar zinikoa ezpainetan berriro pegaturik Zeruko Argian sartu ginenean urduri sentitu genituen Elixabeten haragi goiherriar pekaminosoak. Pilar berriz, begiak zorion malkotan, gure lepo gaztigatuak besarkatu zituen.

        — Bueltatu behar ahal duzue?

        Hellow distante bat bota genien, halako efusioek ez baitigute onik egiten. Baina bihotzak bere lekua betetzen du abertzale baino lehen play boy den batengan ere. Ez gara luzatuko: baietz erantzun genien.

        Bueltatu bai, baina zertara jakin ez. Agian Althusser-ek kultura eta ideologiaren artean bereizteko omen dituen eragozpenei buruz deklamatzeko, edo Poulantzas-en gizarte modernoaren interpretazio althussiarraz iharduteko, edo Boliviako sukar hemorragikoaren patologiaz.

        Gauza horiei guztiei buruz eta edozein gauzaz lor baititeke azken hitza munduan diren Institute for Scientific Information apropos batetan, item egokia emanez eta dolare batzuren truke. Azken hitza ebakitzeko, pegatzeko eta artikulu «serio» bat egiteko.

        Baina halako lanei geure burua listotzat har dezaten, aparte, ez diegu probetxu handirik ikusten.

        Listoarena egin gabe ondratu jokatzea ez da erraz. Kale bazterretan eta tabernetan komentatzen diren gauzak, arazoak eta jarrerak eta traizioak paperean jartzea ez da bete erraz. Eta ikusi besterik ez dago zenbait idazleren amnesia halako gai «delikatuetan». Guk, adibidez, aste honetan zerbait izkribitu behar izan bagenu, San Martinen izpiritu demokratiko gaizki ulertuaz hitzegin gabe ezin etsiko genukeen. Juanitorekin sartzeak dakarrena, ba hori, edozein egunetan edozein kaletan topa dezakezula, eta inkomodoa egiten dela. Eta gai horri buruz egin den debate eskasak ere hori bera mostratzen du, besteak ere inkomodo sentituko liratekeela. Errenta txarrak. Gero, hitzegiteko moduarena. Hori ere ez da erraza. Gudariaren egunarekin gertatu zitzaiguna: omenaldi sentimental bat nahi izan zuena, irain desohoragarritzat hartu zenbaitek, Mama Inesen enkantoekin ere jolasten bazekitela jartzegatik, ea zertarako nahasten genituen putak eta trintxerak, eta errespeto faltarena. Ez ginoazen gu hari horretatik, ezker hispanoak eta bertako integrismoak pasa diguten gudari karkaren imajina ez genuela onhartzen esateko zen gure hizkera, nonbait, ez zen ziur asko egokiena.

        Ez egokiena, ez baitzen ulertu esan nahi genuena, eta gu ez gara zerbait entenditzen ez zaigunean gu oso listoak eta irakurlea oso tontoa dela pentsatzen dutenetakoak. Irakasle txarrak bere ezjakintasuna izkutatzeko erabiltzen dituen trukoen probetxazale ere ez gara. Ez gara gu baja bat hartzen den bakoitzean oso ezkerrean gaudelako eta baja emailea oso eskuinean dagoelako izango dela pentsatzen dutenetakoak. Herriak gure lanari bultzatzen ez dioenean beti ere herri alu honek proiekto guztiak hondatzen disfrutatzen duela konbentziturik geratzen direnetakoak ere ez. Proiektoak herriaren beharretara makurtzen diren, egin aurretik iritzirik eskatu zaion eta luma eskuan hartzerakoan geure koppromisoak betetzen ditugun ere ikuskizun baitira. Herriak irakurtzen ez badigu, ez da arrazoi faltaz seguruena, prensa mundialean gu bezain jende plomoa aurkitzea ez bailitzateke lan arina izango.

        Azertatzea ez da erraza, hala ere. Mahain gainean azkeneko baja. Igortzailea Zegamakoa. Inazio Atxukarro. Gutun bat, zerbait esateagatik agresiboa, eta Lizeoko mutilei egin genien elkar hizketaren errekortea. Administrazioko bulegoaren rnekanikan: fitxa bat gehiago atera, puskatu eta paperontzira. Guretzat: norbait gehiagorekin komunikatzeko posibilitatea haustearen kezka. Zer egin diogu guk Atxukarrori. Hain zuzen guk, eta ez sindikal edo politika orriak idazten dituztenek, ez, guk, hain zuzen. Euskara maldito bat, traketsa baina erreala, gu geu bezain erreala eta bizia, egian Atxukarrorena bezain bizia, etorkizuneko euskara agian bai agian ez paperean azaltzea, hori ez da barkagarri.

        Euskara horri Zeruko Argian leku bat eskaini izan ez bagenio ere, hor segituko zuen eskoletan eta kalean. Euskara hori problema baldin bada, gure ahuleziaren sintoma baldin bada, alferrik asko abestruzarena egitea.

 

 

        — Irratiko ipuin hoiek denak asmatzeko, nola moldatzen zara.

        — Bai, artzai zaharrei eta entzuten dizkiet ipuinak, eta gero neronek piska bat apaindu ere bai, asko gustatzen zait neronek asmatzea.

        — Gainontzerakoan, zertan egiten duzu lana.

        — Bestela denda ere badut eta hantxe beste batzutan hasten naiz hemen garbitzen eta berehala bizkarreko min bat... Ni margolaritzan aritua naiz Donostian, Ategorrietako txalet denak ezagutzen ditut nik. Iraola zen nere nagusia, haren alaba orain hemen dago irakasle.

        — Eta nola piztu zitzaizun gauza zaharreganako zaletasun hau.

        — Txiki txikitan. Ba ahal dakizue, Errezilen, Maria Doloresen ingurukoa. Baziren ba kobazulo batzuk, eh, eta beti kobazulotan sartu eta beti plater puskak eta katu hezurrak eta zikinkeria guztietan miatzen, orduan pitxiak esaten zitzaien, beti trastez beteta. Gero argizariarekin, elizara joan, ikusi, eta etxean egin. Ahaztu, berriz joan, eta berriz egin. Eskolan ikasterik ez genuen izan. Maria Doloresek nani ninduen eraman, izan nahi ninduen eraman Donostiara, botones bezala edo, eta orduan bota handi haiek izaten ziren, eta nik uste nuen botak lotzeko izango zela, eta azta... Botak lotzera, Donostiara...

        — Gauza zaharrak eta biltze honek ez ahal du, nolabait esateko herritasunarekiko eta etorkizunarekiko halako beldur bat adierazten. Joandako denbora gorde-nahia ez ote duzu.

        — Bai, eta beti daukat nik arantza, guk gauza asko puskatu, urratu, txikitu. Gauza onak baziren geure etxeetan.

        — Bain baina euskararen mundua, esaterako.

        — Baita, askok mi abuela esto y lo otro esaten dute, eta hainbeste maite duzu, eta harengandik eta zure amaren bularretik datorkizun euskara hori, hori zapaltzen ari zarete ze arraio; hemen neskak askok dakite, denak, esateko, denek jakin behar, eta askotan berriz «orain ere hola ahal zarete». Neskak hemen erdaraz asko gainera, eta mutilek ez, baina etortzen badira bi neska, denak erdarara. Atzo bertan oraindik esan nien, ikusten duzue, zuek ze txatxu galantak zareten, hor, sei mutil, tantai galantak, bo neskak etorri dira hor eta puñeta, orain euskara non duzue ba. Hurrengoan deskuidatzen bazare aditu beharko dituzue galantak. Baina denak hola eh, baita txikiak ere, baita. Gerora jazten dira eh, euskal izen bat nundik bilatuko gaur edo bihar haurra izan behar dute eta orduan hasten dira, euskal izena aurrena, gero euskara. Esaten diet nik, egon, egon, sartuko zarete oraindik zeuen sehaskan.

        Euskara, neri, nere iritziz ba, hemen adibidez, lehen mintzatzen zena orain ere mintzatu egiten da, oso erdarara emandako jendea zen hemen lehenago eta. Hemen trenbidea pasatzen da, eta hor goiko jendea joan edozein baserritara, eta erdaraz, nola gero! Ni baino hamar aldiz hobeto. Behin ere ez dut ikasi ondo baina. Errezilen, entendemos elkar aditu, justizia a mi fabor. Soldadu joan mutila, eta aldamenekoari: bueno, y tú de donde eres, Yo, de Errezil. Nik, dice que es de Regil. Sí, de nazimiento, y hazimiento besteak. Hazi ere han egin zela.

        — Uzkudunen herrikoa zara orduan. Euskaltzalean ahal zen.

        — Bera ez, bere ingurukoak bai. Gerra sortu zen eta, bere bila joan ziren eta atzeko leihotik salto eginda alde egin zuen eskubitarretara. Gero han azaldu zen ba, falanjez jantzita. Esaten dutenez, hor jiponketan ibili ere bai eta, orain, Errezilen bertan baditu mutilak libratuak nondik edo handik eta, esaten dutenak, «guri on egin zigun». Baina bestela asko galdu zuen. Dena galdu zuen. Sartu Donostian eta falanjez jantzita nola ibili zen, hecho un jefazo, hura bota behar da eta, benga.

        Hemengo batek Beasaingo bati esan ziona, hombre, no me conoces, ya te haré recordar, tal año, tal día, y tal hora, me llevasteis al padre. Ahora te das cuenta? Eta bestea Donostia zihola eta, bueno ya te llevaré en el coche, eta no, no, batere joan gabe etxera bueltatu. Makur makur egin eta etxera gizona. Jakina, bat baino gehiago eh, hemen bertan ere bai. Ez dela ederra izango eh? Lehen hau karlisten zera izan da baina orain ez eh. Gaztedia oso ezkerrera jotakoa dago hemen. Oso. Orain, saiatzen dira, bilerak eta ikastola eta festaldiak egin, mutil onak badaude.

        — Gazteekin ibiltzen ahal zara.

        — Asko asko ez.

        — Eta Azurmendirekin?

        — Joxe? Bueno, lagunak gara. Ez da asko ikusten hura hemen. Denak dira hola eh, ikaragarri azkarrak dira. Arrebak eta.

        — Hor, zure paper zaharren artean Rikardo Arregiren oroikarri bat ikusi dugu. Hura izan zen gazteria mugitzen eta hasi zena, sozialismoa, euskara batua eta holakoak.

        — Bai, ni gertatu naiz Arrasaten, han bertsolariak eta ez dakit zer ziren. Eta azkenean Rikardo Arregik hitzegin behar zuela. Ni nintzen aurkezle. Jendeak alde egin zuen esan nunean orain Rikardo Arregik hitzegin behar digu. Hasi zen ba, hizketa polita zuen harek, oso ederra, eta esan nion, pena ematen didazu adizu, atzera etorriko ote dira? Eta «ohitua nago», esan zidan, «ohitua nago, ez hestutu» gozo gozo. Hasi zen noizbait ere, eta aurreneko filako fraileek, «ez, ez, ez, iep Rikardo, ez, ez, ez,».

        — Hola, jendearen aurrean?

        — Jende aurrean bai, oso gutxi ginen baina. Neretzako ondo zihoan. Harek esaten zuen lehengo gauza zaharrak ondo zeudela, baina «horrekin bakarrik ez dugu ezer egiten». Holaxe hitzegin zuen gizonak. Txalotu genuen, baina fraileek ez, huraxe daukat gogoan. «Ez, ez, ez, gu ez gaude hor» zioten.

        — Eta euskararen batasuna, zer iruditzen zaizu, euskara batua.

        — Ni ez naiz kontrako. Nik zer dakit ba, zer den onena Euskal Herriarentzat hemendik hogei urtetara. Komunismoa ere bai, igual. Kanpai hots gehiegi adituak gara lehen ere. Zer esango dizuet ba. Beste euskara bat ikasiko dute. Nik ez dakit, orain, neri gustatuko litzaidake elizak segitzea. Euskarak ere bai, eta elizak ere bai, nahi nuke irautea. Orain, hain kolpean aldatu gara... Nik ez dakit, nahi duena dela ere, mutil batek gizon bezala jokatzen badu eta herria maite baldin badu, ba horrek ere zerbait esan nahi du. Gazteen artean kaxkar batzuk ibiliko dira tartean, dirua ondo jasotzen dutenak ere egongo dira. Gero orain datozen gazteak, txikiketak eta hau eta bestea dela eta oso giro berezian ari dira hazitzen. Biharko egunean ez da erreza izango hoiek aingeruen moduan edukitzea eh. Ez zait iruditzen.

Nahiz eta euskaldunok Euskal Kontseiluan jabe egonda ere, beltza izango litzateke hau. Lagun bati lehengoan esaten nion. Kasi kasi nahiago nuke galtzea.

        Oraingo komunista gu bezalaxe da ba. Gaur nori antzematen diozu. Orduan ordea ikusten bazintuzten elizara zinoazela harrika eman ere bai igual. Nik ez dakit zer zela eta, Trintxerpe oso gaiztoa zen garai hartan.

        Santujale izan gara euskaldunok gehiegi. Orain berriz beste aldera. Gainerontzean ere gu lehen bezain elizatarrak ez gaude. Hemen egiten ziren misio hani haiek. Nik aita Garmendia eta aita Agirretxe oso lagunak ditut eta esaten diet, konturatzen ahal zarete nolakoak egiten zenituzten gure herrian? «Han bakarrik ez motel». Hil kanpaiak jo danba, danba, tabernan zeudenak ere errosarioa errezatu behar zutela eta hantxe, benga. Zenbat eta sermoi danbarratekoak eta orduan eta hobeto, geu ere gustora egoten ginen eta. Baina lapurrik handienak, pekataririk handienak, aurreko puntan. Txiki guztiak izutu, beldurtu eta lorik ezin egin zutela utzi. Hemengo jefazoak eta hoiek denak han eh, lehen hileran. Adibidez, ontziak garbitzen eta ibiltzen den emakume batek kutxara etxera eraman ohostuta, eta ate txokoan utzi. Harek ez zeukan oker handirik, baina okerrenak ez ziren izuten. Infernu eta garrak eta eternidadeak berdin zitzaizkien haiei. Dotore jantzita lasai, eta atso pobreak eliz bazterrean negarrez.

        Baina orduan hartara eginak geunden. Bil bil eginda izuturik errezatzen. Hemen bazen jaun bat, Armendariz, misioak Indian hobeto zeudela ziona, eta hura ere konbertitzeko errezatzen. Militarrak bezalaxe zen hura. Halakoa ez da etorri, halakoa ere ez, baziren elemento hatzuk... Aita Laskibar eta Loiolan, ni nere ama kezkatuta ikusia nago eh, lehengo alargundua sei semerekin, etxean ogirik ez, eta jostuna nola zen jaietan bi orduko permisua zuen lan egiteko, bi ordu egin, eta utzi. A ze kezka! Eta beti zorretan. Meza utzi? To! Erniotik eta ekartzen genituen txanponak, dena zorrak pagatzeko. Aita ez zela zorrak ordaindu arte purgatoriotik aterako. Denak eman eta txanponik gabe gelditu. Latza daukat nik honekin eh. Zapatuak. Beti besteren zerbitzuan. Inor hiltzen bazen ama han. Zorrez beteta ahal zegoen? ama han. Gauen deitu eta dan-dan, halakoa hil da eta, baserrira joan piztu lastazoa, eta hara. Eta gu bitartean, hura tisiko hil zela eta, badakizue, gazteak beti du zerbaiten susmoa. Ama hotzak etorriko zen, baina guk ez genion ohean sartzen utziko nolanahi, petroleoz ugurtzi eta gero bai.

        Alarguna eta, diru bila ibili belar eta. Nik izpia daukat sartuta barruan, joango ez zaidana. Orduan bazen Santa Infancia izenekoa, eta harentzat mutiko guztiek ba pezeta. Guk berriz txakur handia. Besteak joan arte ate atzean lotsa lotsa eginda izkutatu, eta inor ez zegoenean, orduan.

        Aita hil gripealdi hartan, ate guztiak itxi, eta atezulotik ogia pasa eta gu bakar bakarrik etxean.

        Gero ni kantari polita nintzen, eta koruan. Apaizak zapladako bat ematen zionean aurrenekoari, beste hamalauen buruek elkarjotzen zuten. Ni bigarrena nintzen. Apaiz mozkor bat ere bagenuen, ene, liburu bat ere beteko nuke harekin.

        Baina oso sentikorra izaten da halako umea, eta ni halakoa sortu naiz. Esaten dena, hi, joan hadi eta ekar ezak hura, beti mendean, beti mendean, nozbait lehertzen da, eta apaiz harek egun batean porruztada bat egin, eta bai, hartu eta alde egin nuen, elizatik. Garai hura izateko asko egin nuen eh.

        Beti besteak baino gutxiago, beti mendean. Arreba bat hamabi urterekin neskame joan behar, jango bazen. Gure ama jostun joaten zen baserri batera, eta babarruna eta ematen ziguten. Batzutan talo asko izaten genuen. Baina esne gutxi. Esnea suelto genuenean talo falta. Gauza zorrotzak.

        — Aizu, zuk bizomodu gogorra ezagutu duzula gero, beti heriotzarekin bueltaka.

        — Beti heriotzaren inguruan. Kandela hartu eta hantxe, ohe azpian ere sartuko ginen gu, ez gintuen ezerk ere izutzen. Behin ehule zaharra hiltzeko zegoela eta han joan ginen apaizarekin komunio ematera. Ohean denbora zaraman eta gosetua ere bazegoen, ehulea. «Ondo pasa ahal da» galdetu zion apaizak, eta harek «apenas traba handirik bilatu duen».

        Ni ez nintzen gauza hoiekin berehala ikaratzen. Amaren antza nonbait. Gero bizarra moztu eta edonori egin diot, jantzi, garbitu eta denak, gaur ere egingo nituzke. Bazegoen emakume bat, beti kejatzen eta ibiltzen zena, Inazio, zuk ez dakizu gaitz hau zer den, gure etxeak egunen batean ikusi behar dituenak, askotan esaten zidana. Nik ez nion kasu handirik egiten. Egun batean, baratzan ari zirela, komonera zetorrela, eta hor urkatu du bere burua. Ni orduan kanpotik etorri berria eta adizu Inazio, halakoak bere burua hil omen du. Joan nintzen eta beste emakume batek eta biok guraizeak hartu eta behetik hasita raka raka erropak moztu, erantzi eta egin genizkion garbitasunak eta nik neure hamorrazioan, baina zer egin duzu, esaten nion. Bero zegoen oraindik.

        — Zer moduz konpontzen zarete herrian bestela.

        — Herrian ba abertzaleak ondo konpontzen gara. Igual zu burgesa zara esaten didate, eta nik bai, sehaskatik naiz ni burgesa, mirabe artean hazia. Hor ibiltzen gara, kartelak jartzen eta horrela, ojo hemen eh, hauen gainean ez jarri eh, kontu hor eh. Gu ez gara goizeko hiruretan eta hola jartzen ibiltzen eh, zer ajola dio.

        Gero jaialdi batzuk eta egiten dituzte, areto ona dago oso, saiatzen dira. Garai bateko karlistekin eta ez dago. Orain dela gutxi hil da amona zahar bat karlista hoietakoa, eta hil aurretik seme alabei «izan zaitezte eliztarrak eta karlistak» esaten zien. «Bai, bai, hala izango gara, joan zaitez zeure txapel gorriekin» besteek.

        — Zure ustez zein ditugu etsairik gogorrenak, euskaldunok.

        — Neretzat gaiztoenak orain ere, zakur zahar hoiek. Orain ere nola dabil gobernua. Zer da hau.

        Abertzaleen arteko batasuna nik posible ikusten dut, baina ez berehala. Ez berehala. Gerora ere zuzenduko ahal da. Nik uste dut gazteekin joan beharra dagoela, bestela arbola zaharra kitto gelditzen da, eta denok batuta joan beharko genuke baina zaila ikusten dut.

        Gero Felipe entzuten duzu hizketan eta, koño, mutur handi horrek asko balio du, esaten duzu. Eta Carrillo? Gizon gozoagorik ez da hori baino, telebistan ari denean. Denek oso ondo hitzegiten dute. Baina munizipalekin ere, zer gertatu da? Lau katuk agintzen ahal dute dena hemen?

        Lemoizekin eta etxegintzan eta zer astakeria ez dira egin ba. Dena pinuz josi dute. Ezkoriazako eliza ere ia estalian dago. Sasi artean itota daude baserri asko. Orain, gazte jendea hasi da berriz ere arduratzen, eta pagoa aldatzen ere bai, eta urra ere bai. Lan handia dago, baina nik uste dut oraindik ere apainduko dela Euskal Herria. Gainera, erreko dieten horrekin, beldur dira jende asko.

        Bai pixka bat. Barcelonako aberatsek ere nolako beldurrarekin bizi diren irakurri berria dut. Haiek ere ez direla oso gozo bizi. Tarradellas gehiegi miaztu zuten Madrilen eh. Irundik sartu orduko Madrila ikusten zuen hark. Lekuz aldatzen eta bizi belar dutela. Nik nahiago dut etxe zaharrean lo egin, katuen marruak adituz.

        — Zuk uste ahal duzu nagusiek eta langileek, elkar hartuta , hau aldatzea posible denik.

        — Nik ez dakit ba, hori izango litzateke ona. Iberdueroko txikiketa hoiek zenbat milioi kostatu dute: Ehunka. Hemen bazen emakume zahar bat aberatsa, beti berdin zebilena: «Caja de Ahorros-en ez da dirurik eduki behar, Iberdueron, Iberdueron, han dago kutxa, han». Gaur biziko balitz negarra egingo luke beldurrarekin baina. Urteak badira, baina harek bazekien. Bakailoa jateko gauza ere ez zen, zen zuhurrarekin. Bueno, gaur bakailoa lujua da, egia esan.

        — Zertan hasi zinen lanean, zure lehen ogibidea zein izan zen.

        — Nik lehen hileko saria zerraldoak josten irabazi nuen, oihala erasten. Gustora. Arotzari laguntzen, hiletetan laguntzen. Bikarioa zorrotzegia zen, baina ia egunero berarekin bazkaltzen nuen. Ura ekarri, mahaia zerbitu.

        Oxta ezagutu nuen aita. Jostun sartuko ote nintzen Donostiako sastreriaren batetan ere ibili nintzen, baina hain garai txarra zen. Margolaritzan hasi nintzen, zikin karraio eta. Baina Ategorrietako biletako neskameek eta maite ninduten. Ikusten ninduten mutiko lotsati bat edo, nahiko gizarajo.

        — Aizu, zu mutil zahar gelditu zara.

        — Bai, mutilzahar geratzeko hobe nago ni.

        — Zer ba?

        — Erabat banatuta nago eta.

        Gero gosetearen garai hartan Mendiola baserrian bizi nintzen ni, Pasaiko portu gainean. Isilka gauean zekor bat jo eta hil. Kupel handi handi batetan sartu, puskatuta, zintzilik. Joaten ziren soldaduak eta dandan kupelean jo, eta nola bazterrik ez zuen jotzen hutsa zegoelakoan martxa.

        Gerra bukatuta gero, Bidebietako tiruan, ranga, han botatzen zituzten gizonak. Ikusia nago ni, pinudi artean izkutatuta, sei igual. Joaten zen jesuita, eta batzuek retxazatu egiten zuten. Lehengoak ez zidan onik egin, baina gero ohitu egin ginen. «Gora Euzkadi!» batzuek, «Viva el comunismo!» bestek, eta ra, bertan bota eta alde. Sei edo zortzi zirenean, zerbait oihukatzen zuten,

baina bi zirenean zen tristea, tiroa jo baino lehen hilda zeuden haiek. Gero jendea enteratu zen, eta katalejoekin joaten hasi zen. Ohartu egin ziren, eta behin soldaduek gu ikusi eta bertan hilko gintuztela. Gu lanean ari ginen. Hura zen! Guda bukatuta gero asko erori ziren.

        Orduan rekisa egiten zuten, hirin pixka bai bazenuen ere kendu. Patatarik ere ez. Patatak eta txerri puskak eta izkutuan jan behar izaten genituen. Donostiako Bergara kalean, bar Izagirren.

        Zerria hiltzen hasi gara, kakoa sartu, han ginen morroi zaharra, amona, bere baldearekin eta mundu guztia, han erortzen da amona hankaz go, zerriak ihes egin. Etxean bueltaka hasi zen, ez genuela harrapatuko. Oraintxe galdu gara! Azkenean ikuluan sartu zen nolabait, eta hil genuen. Ikulutik gora izaten ziren ba eskailerak, eta hantxe maila bat gehiago egin, hutsa. Hura izaten zen gazi-kutxa. Gero Azkoitiko neska bat, mitinetan eta hitzegiten zuena, han genuen gordeta.

        Cervera ere ikusten genuen, itsasoan urruti. Behin hari begira geundela, ainguratu da, pixka bat behera egin eta gure artean, «hori hondatzera dihoa» . Halako batean, hango haize hotsa. Gu hankaz gora eta su handi bat ikusi. Astigarraga aldean lehertu zen. Behi guztiak marruka, eta haurra aldatzen ari zela, lurrera erori zitzaion andreari. Gero, Donostian Usandizaga kalean etxe bat osorik ere bota zuen.

        Guk ere ikusi genuen nola zeuden faxistak Victoria Eugenian. Eta han zegoen, San Pedroko bikarioa. Han harrapatu eta eraman zuten Trintxerpera. Han emakumeak ere ikaragarri gaiztoak ziren, eta poteak eta botatzen zizkioten. «Hay que matar a ese cabrón». Jo eta hiru gizon bota zituen lurrera. Halako aitona zen, handia. Uzteko, joango zela hura behar zen tokira. Hala, CNT-ko aurrera eraman zuten. «Bueno, qué hacemos con este?» eta «pues matarlo», eta ra. Gero furgonetan sartu eta hankak arrastaka zituela San Pedrora eraman zuten, eta han elizan zintzilika jarri behar zutela.

        Gero Carrasco, Loiolako komandantea errenditu zenean hil egin zuten, eta han ikusi nuen Polloen, mahai batean, bere uniformea eta guzti. Jende asko joan zen ikustera eta emakumezkoak ere bai asko, eta izugarriak esaten zizkioten.

        Gero naparrak sartu ziren, eta haiei ere nahiko sagardo eta hau eta beste eman behar izaten zitzaien. Ategorrietan bazen Porras, tabernari bat, oso gizon zera zen, errepublikanoa izatea bestetik ez zuen harek, eta

hura ere hartu eta eraman zuten, eta lanera ginoazela bidean bilatu genuen.

        Soldaduzka tokatu zitzaidan, eta nola ama alarguna nuen, ba Burgosen egin nuen soldaduzka guztia. Katalana genuen kapitaina, eta ez non eta ez han, ni nundik ondo kolokatuko ibiltzen zen. Izan nuen nik adur on bat, ezin kejatu gintezke. Komunean edo azaltzen bazen «viva la república» denoi ilea moztu. Nik behin hartu eta dena buru buru buru dibujatu, eta azpian «concurso de melones y sandías» jarri nuen. Denoi formatu erazi eta ea nork egin zuen hura. Isilik gorde behar. Gero katedralaren jira guztia fulana etxez berta zegoen, hura zen España católica. Behin militar batek, hantxe hil zuen neska hoietako bat, butaketatik eszenariora tiro egin da, kabaret batean.

        Burua soil soil egin da, han edukitzen gintuzten patioan cara al sol kantatzen elurretan. Gu tripak jaten. Baina beste batzuk badakizue non ziren, konzentrazio kanpotan, ederrak hartuz.

        — Gero Donostia utzi egin zenuen.

        — Gero nere kontura hasi nintzen lanean. Bergaran bazkaltzen genuen, jende asko joaten zen bertara, Eibartik eta hola. Etxekoandrea sukaldearen martiria zen, martiri bat. Bazuen alaba subnormal bat, eta behin batean amak guretzat prestatutako kazuela lurrera bota. Emakumearen hestuasuna! Zer egingo dut nik orain? Zer esango diet klienteei? Zaude lasai emakumea, esan nion. Lurrean barrena zegoen bakailao guztia bildu, berriz berotu eta hantxe jan genuen. Inor ere ez zen kejatu.

        Zegaman euria Euskadi Nuklearraren aurkako pankartak desmargotzen ari, eta gogoan Atxukarroren museoko barrokotasun nostalgikoa. Tabernan, tortillaren aurrean, gure aurkako arrazoiak, insinuazioz behintzat, noiz azalduko esperoan irauten dugu. Ingurukoei agurrak, norbaitek autoirratian entzun du haren azken saioa, guardiazibilak, mozkorrak, eta zerriarena. Gure larunbatarenak egin du oraingoan ere. Museoko Charlot bana eta Aralarko lau postal eskaintzen dizkigu oroigarritzat.

        — Badakizue ba, nahi duzuen arte.

        Eta biok badakigu bestea ere Atxukarrok gure kontra zer ote zuen ari dela pentsatzen.

        — Ene bada, zer pentsatuko du Zeruko Argiako zuzendaritzak, kartan jarri nizkionak irakurrita, orain ni argazki eta guzti bertan?

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
778. zenbakia
1978-03-19

  Zenbaki hartako
beste artikuluak