Aurkibidea | ||
Gaizki sekula bukatu ez zen
Joxan Elosegi
Norberak historian bizi izaniko uneak erabakigarriak izan direlako ustea ez da askotan historia diogun objektiboa berreraikitzeko baliabide egokiena izaten, uste horren oinarri subjektiboak arras sendoak eta guztiz zintzoak izan daitezkeen arren. Gogoan dauzkat, nola ez, neure gaztetako urte haiek, frankismoaren bukaera eta frankismo ondoaren hasiera, askok baino hurbilagotik bizi izan nituen beharbada orduko gertaera eta pasadizo garrantzitsu batzuk, baina neke zait, neronek espero baino askoz nekeago, orduko bizipenen inguruko hainbat eta hainbat oroitzapen ordenuan azaltzea. Saiatuko naiz, nolanahi ere, egun bezala garai hartako Zeruko Argiaren irakurle anonimoa nintzen aldetik, gaizki bukatzeko arriskuan ziren aste horien inguruan zerbait esaten. Baietz astea gaizki bukatu. Ez dakit, egia esan, zergatik aukeratu zuten sailaren idazleek izenburu hori, baina inortxo ere ez gintuen harritu, areago: egia puska aitortzen genien hitz haiei. Ez zen orduan Murphy delako horren legerik horrenbeste aipatzen, kristautasunean eta marxismoan heziak baginen ere, ez zitzaion determinismoari horrenbesteko hegorik eskaintzen, ez zen frustrazioa horren erraz onesten... baina, igandeko partida guztiak galtzen dituen taldearen antzera, bagenekien denok susmo horiek zoritxarrez egiazkoak zirela, bagenekien eskuartean geneuzkan proiektu handiak ezdeusean gertatzeko arriskuan zeudela. Urte bihurriak haiek, 1977, 1978... Trantsizio urteak deitzen diete batzuek... Francoren ondoko urteak ziren, bai, baina trantsizioa baino "aggiornamento" garaia izan zen hura: sistema politikoa eguneratu beharra ikusi zuten frankistek, eta itxura handian bideratu zituzten erreforma batzuk. Orduan esaten zen moduan, zera nahi zuten betiko frankistek: guztia aldatu, guztiak bere horretan iraun zezan. Eta etorri ziren, aspaldiko partez, lehen hauteskunde "libreak", 1977ko ekainean. Indartsu azaldu ziren sozialistak, jeltzaleak, UCDko frankistak, eta zatiturik ezker abertzalea. Ezker eta eskuin, nagusi ageri ziren erreformaren aldeko indar politikoak, ofizialki abiatu zen "trantsizioa", eta autonomiaren aurreko instituzioak hasi ziren aipatzen. Euskal Herrian oso bizia zen frankismoarekiko erabateko hausturaren aldeko sentimendu politikoa, preso politikoen amnistiaren aldeko eta frankisten autoamnistiaren aurkako borroka luzea eta, une batzuetan, oso latza izan zen, eta inoiz baino indartsuago ageri zen ETA. Giro politiko hartan hasi ziren Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Bernardo Atxaga eta Ibon Sarasola Zeruko Argian idazten. Luxua benetan. Nori berea errespetatuz, orri haien elkarlan izaera ez zutela apurtuko agindu zuten egileek. Irakurleok luze gabe ohartuko ginen bezala, Saizarbitoriak eta Izagirrek eutsi zioten sailari: Donostiatik aparte bizi ziren orduan beste biak eta, gainera, garbi dago lehenengo bien egiteko moduetatik urrun xamar zegoela haien lan-ikuspegia. Geroak erakutsi du Sarasolaren zuhurtzia akademizistak eta Atxagaren literatura unibertsoak ez diotela egunorokotasunari gaizki bukatzeko arriskuan zen asteak oratuko zion adarretik heldu nahi izan. Politika ez horrenbeste erabiltzeko gomendioa adibide bat da egin bide zien halako batean Sarasolak. Ez dut oso gogoan orduko Zeruko Argia. Han azalduko ziren Mikel Atxagaren prediku-editorialak, oso une hartako jende "zintzoaren" gustukoak, orrialde haietan ibiliko zen Amatiño... Hasier Etxeberriak egindako elkarrizketa-liburuan aipatzen du Sarrionandiak Zeruko Argian ezagutu zuen jendea ez zela batere zerutarra. Nik ere ez dut uste. Garbi dago Zeruko Argiakoek nahiko utziak zituztela ordurako zeruko gaiak eta, berena izanagatik, kaputxinoek astekariaren aurrean ez zutela axola handirik erakusten. Euskaltzale askoren halako "refugium pecatorum" bilakatua zen ordurako astekaria, baina bekatuan irauteko xedean biltzen ziren euskaltzaleak haren orrialdeetara eta ez, kristauak bezala, haren hatzaparretatik begiratzeko, euskara baitzen euskaltzaleen bekatua. Bekatua, grina gaiztoa, joera berezia, salbuespena... Mila modu daudeke herri zapaldu baten mintzo zapaldua adierazteko. Giro politiko nahasia aipatzen du hainbatek. Bego. Baina giroaren aldamenean "nahasia" da, hain zuzen ere, gauzak aldatu nahi dituen edonork espero dezakeen gutxieneko izenlaguna. Mingarria zen euskaldunok bizi eta jasan arazi ziguten egoera hura, mingarriak dira egun ere egoera hark gogora dakarzkigun oroitzapenak, are mingarriagoak funtsean lehengo berean diraugula ikusita. "Euskadiren" izenean lehenetsi zen erdara eta baztertu euskara, euskal herritar erdaldunak gehiengoa zirelako, euskal eskolarik sekula izan ez genuelako, euskaldun gehienak analfabeto petoak ginelako, gauzak azkarregi egin nahi genituelako... Jasanezina zen euskararen inguruan esaten, entzuten, idazten, irakurtzen ziren gauza gehienak, jasanezina zen euskal gaien gainean hedatu zen paternalismoa... Egoera hartan sortu ziren Deia eta Egin egunkariak, euskara egiazko informaziotik kanpo uzten zuen "elebitasun" bitxi baten eskutik. Bazterrean utzi zuten herri euskalduna, eta adin nagusi izateko oraindik asko falta zitzaigula ere esan ziguten. Baina hor zegoen Zeruko Argia, bekatarien biltoki. Egoera haren garratzak bultzatuko zituen Izagirre eta Saizarbitoria asteak bukaera onik agian ez zuela izango deliberatzera. Baina idazle handi haien luma erneari esker, ahogozo bilakatu zitzaigun mikaztasun hura. Zeinen handia izan daitekeen literatura. Luma zorrotzaren eskutik ironia, zentzu ideologiko modernoaren eskutik gaurkotasuna, gogo ernearen eskutik testigantza, lan saiatuaren eskutik berritasuna... Ezaugarri hauen bitartez, prentsa-molde libre baten bidean abiatu zen lehen aldikoz, esan nezake, baina ez naiz ausartzen euskal kazetagintza, ordura arte barnatuak ez zituen eremuak ukituz, elkarrizketetan ausardia eta, aldi berean, estilo-maisutasuna erakutsiz, garaiko pertsonaiei hurbilagotik helduz eta zegokien ordaina emanez. Testu eder hauen bizigarri ageri ziren Juanba Berasategiren marrazki eta lan grafiko trebeak, iradokizunez beteak, esanguratsuak, idatziaren bizkorgarri, irudiaren aldarrikari. Irudiaren eta hitzaren arteen arteko uztartze interesgarrienetako bat dugu hau, inolaz ere, euskal kazetagintzaren historian. Gorabehera ttiki batzuk ere izan zituzten lan haiek sailak egin zuen urte eskasean, baina hutsak ziren akats xume haiek guztiak, haren zain egoten ginen irakurle guztiok aiherrean, astea ongi bukatu nahian hain zuzen ere. Baina denek ez zuten saila onez hartu. Bistan da. Beste mundu batekin, ordurako karrikatik eta baserritik, esango nuke kanpo zegoen ideologia eta bizimodu zahar batekin loturik ulertzen zuten euskara, eta etena bultzatu zuten astekariaren harpidedunen artean, baja emanez eta emanaraziz. Epizentroan, interes politiko ilunak, argitara atera ez ziren aldetik, eta zikinak, garbiak ez ziren aldetik. Zeruko Argiaren aurkako kanpaina ez zen Baietz astea gaizki bukatu sailarengatik hasi, baina hondatze kanpainaren argudio bilakatu zuen ez gutxik. Ez dakit zehatz-mehatz zergatik utzi zioten Izagirrek eta Saizarbitoriak sailari. Nekea? Ulertzekoa. Elkarrekin aritzeko borondate eza? Ez dut uste. Bukatu egin zen noizbait, baina ez gaizki. Une erabakigarria izan zen inolaz ere, azkenean gaizki sekula bukatu ez zen aste hura. Aste erabakigarria, bai, euskal kazetaritzaren historian.
2002-08-29
|
|