|
Zenbaki hartako beste artikuluak
- "Homosexual eta beste zorokoratuak", azaleko gaia. Honela zioen editorialak: "Hala eta guztiz beti izango dira problemak, beste edozein giza-joeretan bezala. Eta beti izango dira izaeraz homosesualak direnak. Guregandik desberdinak baldin badira ere sesu-joeraz, gizon-emakume normaltzat hartu behar ditugu. Eta beren joeraren arabera beren sesualitatea jator bizitzen lagundu behar diegu. Homosesualen zapaltzaile izan nahi ez baldin badugu gizartea pentsaeraz eta legemoldez aldatu beharra daukagu. Baztertu eta zokoratu guztientzat gizartean leku egin beharra daukagu gizon guztien berdintasunean oinarritzen den sozialismoan sinesten baldin badugu".
- Azaleko gaiarekin lotuta ere, "Zokoratuak plazara" erreportaia. Bertan, EHGAMeko kide batzuekin elkarrizketa dago. "Gay hotsa" aldizkariaren 0. zenbakia dakar, 1977ko azarokoa. Bi argazkietan ageri diren gizonezkoek begiak estalita dituzte.
- Jon Urrujulegiren artikuluak, "Arana Goiri'tar Sabin" izenekoak, "Egin" egunkaria kritikatzen du Aranaren heriotzaren 74. urteurrenean ez zuelako deus aipatu.
- Parlamentariek aurreautonomia sinatu dutela eta, Elixabete Garmendiaren erreportaia: "eskubide nazionalei adar jotzea dela ikus daiteke; hala ere, gure parlamentari jaunek onhartu egin dute. Zergatik?".
- Mark Etxegarai ETAko militante historikoarekin elkarrizketa.
- Ibon Sarasolak sail berri bat iragartzen du, "Euskal jardunak" izeneko artikulu txikian: "Bi urte dira dagonekoz euskal hiztegi bat moldatzen ari naizela. Lehen zirriborroaren aurreneko bi zatiak, A, B, D, E, F eta G letretako hitzekin, euskaltzainen eskuetara heldu dira jadanik. Baina alde batetik, zirriborro hori ezin heldu da bere lanean euskara erabiltzen duten guztiengana. Bestetik, hitz bakoitzaren inguruan ditudan zalantzen, hartu behar ditudan erabakien eta egin ditudan aukeraketen arrazoiak ezin ditut, argi dagoenez, hiztegian bertan adierazi. Horregatik, onuragarria iruditu zait ZERUKO ARGIAren horrietan artikulu labur batzu idazteari ekitea. Artikulu horien bidez, euskal hiztegigintzako hainbat arazoz dudan eritzia azaltzea nahi nuke, nire lanak nahitaez behar duen kritikak bide zabalagoak eta aukera egokiagoak izan ditzan".
- J.J. Bakedanoren "Bost" filmari buruzko artikulua idatzi zuen Jon Sendagortak. Film interesgarri bat dela dio, Sistiagaren teknika berberarekin zeluloidean bertan pintaturikoa. Bakedanoren aurreko beste film bat, "Bi" izenekoa ere aipatzen du: "Filma oso konplikatua da, zati bat margo zuri eta beltzetan eta bestea koloretan egina da. Marcel Duchamp pintore eta intelektual zenari omenaldi bezala planteatzen da. Oinenaldi hau hedatzeko egileak beste pintore eta argazkilari bat hartzen du iturburu bezala: Man Ray. Man Ray delako honek filma surrealista edo esperimental bat egin zuen eta euskaraz jarri zion izena: EMAK BAKEA; hau da bigarren gorasarrearen arrazoia".
|
Zeruko
Argia
763. zenbakia
1977-12-04
Baietz
astea gaizki bukatu
|