|
Zenbaki hartako beste artikuluak
- Azala, editoriala eta erreportaia nagusia: "Espainia-Alemania: demokrazia 'antiterrorista'runtz?". Hauxe zen editorialaren hasiera: "Urriaren 13an bahitu zuten gerrari batzuek 86 lagunekin Mallorka-Francfort bidean zihoan Lufthansa etxearen Boeing 737 hegazkina. Gartzelan zeuden 13 lagun askatzea eskatzen zuten trukean. Berriketan ez zebiltzela adierazteko, Juergen Schumann pilotoa hil zuten urriaren 17an. Schmidt, Alemaniako buruzagia ere ez zegoen amore emateko, ordea. 'Txapela Berdeak' bidali zituen bahituak askatzera. Ondorioak ezagunak dira: hiru gerrari hilak eta bestea hilzorian eta jende mordoska zauriturik. Aldi berean beste hiru gerrarik bizia galdu zuten, nahiko modu sineskaitz eta sospetxagarrian, Stutgar-eko espetxean. Inperialismoaren aurkako borrokari harmatuek, aldiz, lehendik bahiturik zuten Schleyer industriala hil zuten, mendekuz. Agintea eskuetan dutenek lege antiterrotista batez eragotzi nahi lituzkete honelako gertaera gogor eta saminak. Gizartea gaitz honetatik sendatzeko indarraren legeari hoska ari dira, behin eta berriz. Espainiako gobernua ere lelo bera errepikatuz ari da".
- Xabier Larenarekin elkarrizketa, Basauriko espetxea utzi berritan. Izenburua: "Behingoz etxean".
- Elkarrizketa Xabier Amurizarekin. "75eko abuztuan sei urte t'erdiren ondoren libre utzi ninduten, eta hemen nabil oraindik kate markak borratu ezinik. Baina hamar kate marka hobeak dira katea bera baino". Politikaz, bertsolaritzaz eta literaturaz dihardu elkarrizketak. Euskara batuaren auziari buruz galdetuta, hona erantzuna: "Sokatira hori irabazita dago. Ez du merezi bueltarik ematerik".
- Iparragirre atzerritik itzuli zela 100 urte ospatu nahian, omenaldia egin zitzaion Urretxun. Kronika eta argazkiak. Baita Xabier Leteren artikulu bat ere: "Iparragirre artista euskalduna".
- "Edariari emandako emakumeak", Mariasun Landaren artikulua.
- Xabier Amurizak Xalbadorri eskainitako bertsoak:
"Begiak hertsiz arnasa irentsiz
hortz artean heriotza
sentimenaren mailarik maila
hondoratu dut bihotza
Badut zoko bat pultsu gabea
odolaren mintzo hutsa
han dago zutik lore horitan
tristuraren ereinotza
han ehortzirik zauzkat Xalbador
han datza zure abotsa".
|
Zeruko
Argia
758. zenbakia
1977-10-30
Baietz
astea gaizki bukatu
|