Aukeraren maukera, azkenian... okerra

 

Maria Dolores Agirre

 

Aguirre-tar Maria Dolores'ek idatzitako bakarrizketa.

 

Azpeitiko NEKAZARI ELKARTEAK eraturako txapelketan, lenengo saria irabazi zuan 1949'go Lotazila'ren 21an Tomas Deun Jaietan.

 

        Iruditegiak gela-nagusia arkeztatzen da. Batetik bestera bertako etxekoandrea dabil. Berrogeienbat urte ta ondo jantzitakoa. Orrela dio:

 

        —Ene! Auxen da atarramentua ta buru austia! Ez da gure etxian giro oraingo aldiyan. Neskame berriya bear da, ezin iñun arkitu alako... egokirik. Egokirik...! Izan egin bear! Bai al dago ba! Ara! Tajuzko bat azaltzen danerako, amaika itxuragabeko ikusi bear dituzu. Ta txantxetan galdetu onelako bati.

        —Zuk... zertan dakizu? Azkar asko erantzungo dizu:

        —Nik... danian...

        —Ara, danian ez dakit jakingo duten... baña... apaintzen... orretantxe dira mutillak. Danak beren «permanente» ta guzti. Euriya ba'da, «plexiglazko» zira oyetakua. Aizia ba'dabil... burukua. Bear bada bere amari etzioten utziko jator, jator, buruko ta guzti ibiltzen da... lotsatu egingo ziran... eta orain berak... besteak okozpean lotutako burukua daramakitela... ta... «baita nik ere». Entzungo zuten bein edo bein esaera zar au «gorostian gorosti ta Donosti'an Donosti» ta an ziatzik beren bizitza osoan Parix'en bizi baldin ba-lira bezelaxe. Eskuetako azkazalak, gorrituta; gutxiena uste duzunian, baita oñetakuak ere. Orrelako parregarrikeririk! Ezpain, betondo, «topolino» eta gañontzekuak utzi ditzadan alde batera, nere onetik ateratzen naute-ta.

        Lan askotxo sortzen zaigu etxean da... bear ba... neskamea. Senarra sendagillea izaki ta, atea irikitzea dala... aurrak dirala... ta abar, badago zer egiña.

        Astian bi edo iru neska azaltzen zaizkigu ta... bata baño bestia areagoa. «Bomba atomikak» buru austia ematen duala... gendia izututa daukala... neskame aukeran jarriko nituzke...

Gero... etxekoakin... nork burutu! Otordura biltzen diran bakoitzian, zirika.

(Batek) —Oraindik ez aldegu aukeratu?

(Bestiak) —Ez ta aukeratuko ere. Atzo etorri zan ille-arro ura etzan ba oso itxura gabia baña (kiñu egiñaz).

(Irugarrenak) —Oraindik ez da jayo, gure etxekoandrea aseko duanik.

        Azkenerako asarre-azten didate ta erantzuten diet.

        —Jayo... ez da jayoko ere... oraingo itxuraz. Gure ama zana gaxuak oraingo neskame jendia ikusiko baldin balu, berriro il egingo litzake.

        Ala ere, noizian bein, banen baneko batzuek badira. Ezkondu nintzanetik orain arte izan deguna, bat. Amabost urte bete dizkigu Pia'k etxian, A...MA...BOST... Alajaña! Ura zan mirabea, ura! Nere erritarra bera. Berez bear... Villabona'koa! Jayoterrira, nere ama ikustera juan nintzan batian, begiya bota nion, da, baita asmatu ere. Gazte gaztea etorri zitzaigun! Eskuetan zekarren euritakoa bera baño ere, melarragoa, baña bai nexka zintzo ta yayua. Oitzi'ak eman zizkion lanak ezik. «Txori bakoitzari, eder bere kabiya»... Baña, maitekiro maitekiro artu genuen alabatzat bezela, berari «garo usayak» aldegin etzion... eta danok pake ederrean bizi izan giñan. Gure aurrak uraxe izan zuten ama bigarrena. Orain moja juan zaigu ta... arreizkero dabilzkigu ixtilluak!

        Nik danak berdiñak ziralakuan, artu det lenengo azaldu zitzaiguna ta Jangoiko maitia! Zer zan ura! Lotsagabia, alperra, lagia... (eskuakin arrapatzeko imintziyua egiñaz). Etxia zearo ustu etzigunian... pozik. Ez giñan asarre bialdu genuenian!

        Erri txikietako apaizak jakiten dutela neskatxa zintzoen berri ta... «Erdoizta'ra» juaten danari arren baño arren, bat azkar biali zeigula, esan genion eta egun gutxi barru, emen datorkigu beste neskame berriya. Gure Praiska Antoni!... Tuntun xamarra zirudin baña... onenian itxuraz contrakua izango zala ta... egin degu tratua. Gajua! Beñere baserritik atera gabia. Arentzat danak ziran arri-garri. Itxasua ikusi zuanian, ura bildurra! Radiyua entzun zuanian zer esanik ez... eta urrutizkiñez deitzen zuten bakoitzean, gure etxian, izaten ziran ixtilluak. Artu itzegiteko tresna eskuetan, belar-ondoan jarri bear zuana abuan jarri ta noizko adierazi ezer... Orraatik ere, noizbaitian erakutsi diogu erabiltzen, eta itzegiten ari zan batian, dana asarretuta onela dio:

        — Neregatik jardun diteke txintxarriya. Nik ez det geyago urrutizkiñik eskuetan artuko!

        —Zer gertatzen da ba Praxka-Antoni?

        —Zereko zea... Illea artzeko asmoa bateon batek «Vive alli la dotorre?» esan dit. Baita nik azkar asko ixildu-erazi ere. Zer uste ote du. Ala esan diot. «Zer dotorre ta dotore ondo gero». Emen Gaztelumendi sendagillea bizi da, ta kras! eten diot eta kito.

        —Baña emakumia, ez al dakizu ba sendagileari batzuek «Doctor» deitzen ditela?

        —Ez, ez nekien. Meikua esaten zayola bai, baña «dotore» ez. Ori, ez izena izango da. Dana dala, ez det nik berriz tresna ori eskuetan artuko, ez da berariz ere, ta ori esanaz an juan zan lasai asko gure Praxka-Antoni sukalderanz.

        Ari da gure neskatxa pixkanaka pixkanaka zerbait ikasten. Biotz onaren jabe da ta orixe da aski. Ala ere noizean bein ateraldi izugarriyak baditu.

        Erañeun bazkaldarrak genituen eta esan nion: Aizazu. Bixigua maira ekarri aurretik, fuentean jartzen dezunean, belar-ondo ta abuan, perrejii prexkua jarri bear diozu.

        Bazebillen gure neskatxa aruntz eta onuntz jana ekartzen eta bixiguari txanda etorri zitzaionean or dator gure Praxka-Antoni bere abuan eta belarrietan perrejil mordoxkak zituala.

        Maikoak ura ala ikusi zutenean, asten dira algaraz, asarretzen da gure neska, artzen du pardela... ta ura bazijuala bere jayotetxera, etzala Donosti arentzat egin eta abar. Orraatik ere danon artean gelditu-azi genuen eta ala dio:

        —Ez naiz ni geyago maira azalduko. Ez du iñork nere bizkar parrerik egingo. Arki bezate jana maira nork eraman.

        Onetxek ederki adarra jo digu eta bere bostetik ez du iñork aterako. Gauzak poliki ikasten ari zan garayan, daña ondatu gaitu. Orren ederki eramaten zuan maira baso esnia, beatz aundiya barrura sartu gabe, etorri berriyan egiten zuan bezela. Orain etzan gelditzen... txonta zirudilla ao-zabalik... eta ala ere ori jan-gela eraman-azteko iri paria bearko da.

        Auxen da lana! Bigarren neskame bear gera, lenguari laguntzeko.

        Job donea, patxara aundiko gizona izan omen zan! Galduko zitzayon oraingo neskameakin bizi izan bear baldin balu. Nork burutu! Ez dira txarrak bat bere onetik atera-azteko alajaña!

        Oraintxen asper asper eginda nago. Gogaituta naukate. Baserrietatik datozenakin, gaitzerdi, baña erri aundi usaya duten oyekin, nork burutu... Astian egun bat, aske bear dutela... Urtean amabost oporketak bear dituztela... ta gañera berari ondo deritzaienean... Zortzi egunetik bein pelukerira juten uzteko... Noiz-nai, agin-ateratzalliarengana... Ara! Rotxill'en diruak ez dira berriz aski, oyen soldata osatzeko. Antxiñan, oneko alaba baten dotia omen zan «Eunduko bat eta mandua». Orain... neskamea mantentzeko ez dezu naikoa. Ez beintzat gaur goizean gure etxera azaldu zaigun onentzat. Ez orixe! Baña neuk ere beltza bota diot.

        Etxera sartu orduko, ia egun onik emateko astirik gabe, ekiten dio:

        — Emengo etxeko andrearekin itzegin nai nuke.

        — Ba, aurrean daukazu. Neroni naiz.

        Eta lotsagabe lotsagabe, burutik oñetara begiratuaz, itzetik ortzera ala dio:

        — Emen etxekoandreak ala nagusiyak agintzen du? (Onetxek atera dizkigu eltzetik babak. Beste orrenbeste oraindik ez degu entzun).

        — Emen... nagusiya da nagusi ta etxekoandrea etxekoandre, baña neskamearekikoak... nik agintzen ditut. (Zer uste ote du onek!). Aizu, jana maniatzen bai al dakizu?

        — Kuziñan bai al dakizu... kuziñan bai al dakizu... Etxekoandre danen leloa... ta zertarako ta... bi xerra puntta prejitzeko. Bai, bai, gaurko otorduak egiteko ez daukagu bildurrik, jana ekarri ezkero ugari. Etxe onetan ez da aurrik izango noski?

        — Aurrak... bai... ta zoragarriyak gañera.

        — Ara! eta zenbat?

        — Bost.

        — Bost...! Orra bertan Fraisoro... Amaika aldiz Herodes gogoratu aziko dute! Errazionamentukua ala bestelako ogiya jaten da? Otorduetan ardua ere izango degu noski... Akeita ala malte erabiltzen dute? Ni beti kafe ona artzen oitua nago! A! gure amak egin oi zuan kafia! Baña ez baldin badaukazute, berdin berdin zayo arrautza paria... egunekoak izan ezkero etzayo ajolik... Eta oyek orrela dirala... Zer ordutan jeikitzen dira etxe onetan? Noiz izaten da gosariya?

        — Zortzi ta erdietan.

        — Goiztxo... Garai orretarako azalduko ez banintz, nere zai egon gabe, gosaldu...

        Ondo jayuak geundeke orrelako neskame batekin. Aren galdetu bearra! Nere erriko Bikariyuak, txarteletakuan baño ere galdera geyago, alajaña...! Ari zan ixildu gabe: bateko bere lo-gela ikusi bear zula, besteko neskame-laguna nolakua ote zan... eta bat batean ala dio:

        — Bertan geldituko naizela deritzot.  Ez dirudi etxe «aldrebesa» Ikusi egingo det beintzat egun batzuetan...

        Ixil une bat arrapatu nionean, diot: Nik ere galderatxo bat egin nai nizuke bada.

        — Bai, bai. Nai duen guziya. Galdetu beza.

        — Ara ba, bat bakarra... Bioliña jotzen bai al dakizu?

        — Bi.. o...li...ña... jo... tzen... ez... ez...

        — Bada, bioliña jotzen ez dakin neskamerik degu ba biar...

        — Zer... ba... (ia negarrez) Baña bioiliña jotzen... Zertarako...?

        — Orratx... zu ainbeste izutu zaitun aur pilla ura dana... negarrez astian... ixildu azitzeko... Eta iakin zazu bein betiko: «Gutxi itzegin, nai ez bada utsegin».

 

        Emen aurrean zauzkatedan etxekoandre maiteok... Gaur edo biyar neskame berri bear bazerate, gure Jangoikoa'k, Pia edo Praxka-Antoni bezelakotxia eratuko al dizuete ba... ta nere etxerako ere, zuen artean egoki-egoki bat arkituko baldin bazenidate, pozik asko artuko nuke...

 

Egan, 1950, 2. zkia, 27-31. orr.

 

 

"Maria Dolores Agirre" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus