—1894 Donibane Garazi—

 

Madalen Larralde

 

Joanes Oxalde

 

Airea: Haur prodiguarena, edo Agotana.

 

                            1

Azken mendean Frantzian bazen asko dolore,

Eztitugu utzi behar zonbeit aiphatu gabe,

Gaxtaginak egin ziren erresumaren jabe,

Jainkoaren beldurrikan ez baitzuten batere.

 

                            2

Orduan lotsaturik egotu zen mundua,

Ikhusirik galdu zela arrunt sendimendua,

Kasatu ere baitzuten erlisione saindua,

Jainkoaren orde zute adoratzen debrua.

 

                            3

Hainitz aphez Frantziatik terroreak kasatu,

Bertze zenbait aldiz ziren laburzki sumetitu,

Elizak zerratu eta hontasunak beretu,

Ebastea harrendako ez ahal zen bekhatu.

 

                            4

Lotsatuak jarri ziren orduan bazterretan,

Espainiarat jendea gaiten zen igandetan,

Madalen ere gerthatzen asko aldiz heietan,

Khartsuena, garbiena hura zuten denetan.

 

                            5

Alegrantzian bazohan, goiz goizean etxetik,

Lehenago pasatzen zen bere laster bidetik,

Gizon bat jalgi zitzaion thupustan oihanetik,

Ez baitzen han akabatu egin zuen deus gutik.

 

                            6

Lehen hitza erran zion, "un zabiltza neskatxa?

Etxetik heldu zarea edo norat zohaza?"

Erreposta eman nahi, nehondik ezin mintza

Izitua hautua baratu zaion hatsa.

 

                            7

"Zertako juaiten zira hola Espainiara?

Ala han kobesaturik orai ethortzen zara?"

Berriz ere jin zitzaion zainetako ikhara,

"Zuk erran duzuna, jauna, egiazki hala da".

 

                            8

Hura nola mintzatu zen han zen aintzindaria,

Bethidanik ageri da gizon bihotz eria,

"Niri baizik ez zazula, othoi, erran egia,

Nahi baduzu luzatu, haurra, zure bizia".

 

                            9

"Egiaren erraitera batere ez naiz lotsa,

Bizia galdurik ere arima badut ontsa

Hola irabaziko dut martyr koro airosa,

Eternitate guziko zeruetan egoitza."

 

                            10

Orduan ereman zuten preso Donibanera,

Soldadoek presentatu gazteluko athera,

Pinet krudela ethorri haur haren jujatzera,

Kondenatu izan zuen lephoaren moztera.

 

                            11

Madalenek ikhusirik jiten azken orena,

Goraki khantatu zuen: "Save, Mater Regina,"

Erran nahi baitu horrek: "Agur, oi erregina",

Zure baithan utziko dut garbi dudan arima.

 

                            12

Betbetan jautsi zitzaion tresna izigarria!

Aise trenkatu baitzion haren lepho guria!

Populua suspiretan ikharan zen jarria,

Harendako errezatuz: "Pater, Ave Maria..."

 

                            13

Han zen, han zen akabatu Madalena Larralde,

Jainkoak bidali zion bere arimaz galde,

Bera nahi baitzen izan biktima haren jabe,

Ez baitzaukan deskantsurik aingeru hura gabe.

 

                            14

Oi, zer etsenplu ederra munduan guzientzat,

Bai eta oroz gainetik bekhatorosentzat,

Khantu hok eman ditugu orhoitzapen horentzat,

Ordainez othoitz egizu Madelana guretzat.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus